Prentsa Oharren banner

Udalak abian jarri du “Bularreko kume bati lagundu” programa, aldi baterako etxean katakumeak hartu eta zaintzeko

Gasteizko Udalaren Osasun Publikoaren Zerbitzuak abian jarri du “Bularreko kume bati lagundu” programa, zeinaren xedea baita Animaliak Babesteko Zentroan jasotzen diren bularreko katakumeak zaintzen laguntzeko aukera ematea herritarrei. Zehazki, laguntza eskatzen da bularreko katuak hainbat astez etxe partikularretan hartu, eta janaria eta zaintzak emateko, hartara haien sozializazio prozesua sustatzeko, eta etorkizunean adoptatuak uizan daitezen prestatzeko.

“Bularreko kume bati lagundu” programak bigarren aukera bat eman nahi die oraindik beren kabuz moldatzeko gai ez diren bularreko katutxo umezurtzei, etorkizunerako aukera bat emanez, aurrerago behin betiko adoptatu ahal izan daitezen. “Helburu nagusia herritarren laguntzarekin ahalik eta bularreko katu gehien aurrera ateratzea da. Kumeak dira onuradun nagusiak, baina besterik ere bada; izan ere, haurrak animaliak babestearen garrantziaz sentsibilizatzeko aukera ematen die familiei ekimenak”, esan du Kirol eta Osasun alorretako zinegotzi Livia Lópezek.

Parte hartzen duten familia eta partikularrek kumearekin edo kumeekin batera, horiek zaintzeko behar den material guztia jasoko dute: kutxa/garraioa, esne-hautsa, biberoia eta tetinak. Boluntarioek 3-4 ordutik behin elikatu beharko dituzte katakumeak, esne maternizatu espezifiko batekin. Hartualdi bakoitzaren ondoren, pixa eta kaka egiteko estimulatu beharko dira, sabelaldean eta uzki- eta gernu-eremuetan masaje leunak eginez. Gainera, ingurune garbi eta beroan eduki behar dira.

Harrera-familian 2-5 aste inguru emango dituzte, esnearen elikaduraren eta elikadura solidoaren arteko igarobidea gertatu arte (2 hilabete inguru). Katakumeak elikatzeko eta zaintzeko jarraibideei buruzko informazioa ere jasoko dute zaindariek. Kontsultak egin edo zalantzak argitu ahal izango dituzu telefonoz eta posta elektronikoz, animaliaren bilakaera zuzena delako lasaitasun osoa izan dezazun.

Irailaren amaiera arte eman daiteke izena “Bularreko kume bati lagundu” programan parte hartzeko, Internet bidez edo 010 telefonora deituta.

Bularreko kumeei laguntzeko programaren helburua da etxe harreragileen poltsa indartzea, animalia horiekin eta beste batzuekin lanean ari baitira, harrera-premiak areagotu daitezkeen egoerei erantzuteko, batez ere kumeen jaiotza-aldian.

INFORMAZIO GEHIAGO: “Bularreko kume bati lagundu” programa

 

Share