Prentsa Oharren banner

(Audioz gaurkotua) Gasteizek jardunaldi berezia egingo du larunbatean, Mugikortasunaren Europako Astea ospatzeko

 

San Antonio kalean egingo da jarduera, azkenaldian egindako hirigintza-jarduketei esker eskuratu duen pertsonentzako espazio publikoaren izaera berria azpimarratuz

 Garraio publikoa eta hirian garatutako mugikortasun-proiektuak aldarrikatzeko eta hiria antolatzeko modu berria (superetxadiak) ezagutarazteko eguna izango da

 

Amaia Barredoren adierazpenak

Urtero bezala, irailaren 16tik 22ra bitartean egi ohi den Mugikortasunaren Europako Astea ospatzeko prestatzen ari da Gasteiz. Aurtengoan, osasun egoera dela eta, programa egun bakarrera mugatu da; larunbatean, irailak 19, izango da, San Antonio kalean, 11:00etatik 14:00etara. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok azaldu ditu xehetasunak.

Duela gutxi zenbait hirigintza-jarduketa burutu dira San Antonio kalean, oso izaera ezberdina eman diotenak. Horien bidez, “eguzki kalea” bihurtu da, hau da, pertsonen erabilera lehenesten den kalea, egonaldia, gozamena eta harremanak ibilgailu pribatuen gainetik jarrita. Araba Jeneralaren kalearen eta Florida kalearen parean eguzkiloreak margotu dira lurrean, oinezkoen babes eta segurtasunaren sinbolo gisa, eta horrexegatik aukeratu da jardunaldiaren agertoki izateko. 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta TUVISAk sustatzen dute jarduera. Hainbat informazio eta zabalkunde gune jarriko dira, elkarren artean bereizita, oinezkoen igarobide segurua  bermatu eta jendetzak saihesteko.

 

Iraganeko eta etorkizuneko hiria

 Batetik, atzera begiratu eta duela 20 urte Gasteizko garraio publikoa nolakoa zen ikusteko aukera izango da, “Egingo zenuke denboran atzera?” jardueraren beste edizio baten bidez oraingo egoerarekin alderatuz. Mugikortasunaren Astearen barruan hainbatetan egin da ekintza hori, eta aurten TUVISA izango da protagonista. Horren bitartez, azken hamarkadetan mugikortasun iraunkorraren alorrean Gasteizen izandako aurrerapenez jabetzeko aukera dute herritarrek.

Aurrerapen horren adibiderik onena BEA-autobus elektriko adimentsuaren ibilgailua dugu, zeinarekin duela hilabete batzuk probak egiten hasi baitziren 2021ean instalatzeari begira. Ibilgailua erakusgai jarriko da aipatutako espazioan, nahi duen orok bisitatu ahal izan dezan, eta zuzenean ezagutu garraiobide berriak Gasteizko garraio publikoaren sareari ekarriko dizkion ezberdintasunak eta abantailak.

Trafikoaren antolakuntza berria 

Beste espazio batean superetxadiei buruzko informazioa emango da, Gasteizek mugikortasun iraunkorraren alorrean duen proiektu handietako bat. Gasteizko Udalak urteak daramatza eredu hori lantzen, hiriko espazioak eraldatuz eta superetxadiak sortuz trafikoa eta espazio publikoa antolatzeko estrategia gisa, beti ere pertsonei lehentasuna ematearren. Informaziogune horretan kontzeptua argituko da, haren abantailak azalduko, horiek osatzen dituzten kale motak bereiziko, eta oraingo egoeraren berri emango. Era berean, “eguzki” kaleak ezagutaraziko dira. Hain zuzen ere, San Antonio kalea da horien eredu: gaur egun umeak arriskurik gabe jolastu daitezke bertan, galtzada osotik ibil daiteke, eta ostalaritzako aretoek terrazak jarri dituzte lehen ibilgailu pribatuek hartzen zuten lekuan.

 

Bizikleta elektrikoak herritarrek eskura 

Beste karpa batean, IGIk mugikortasun iraunkorraren alorrean kudeatu eta bultzatzen dituen programa nagusiak ezagutarazi eta sustatuko ditu, hala nola lanera joateko bizikleta elektrikoen mailegua, edo ibilgailu motordunen ordez karga-bizikleten erabilera sustatzeko kanpaina. Gainera, bi bizikleta elektriko eramango dira, herritarrek probatu ditzaten eta hartara hiri-garraiobide hori ezagut dezaten.

IGI garatzen ari den mugikortasun-proiektu europarrak ezagutzeko aukera izango da, halaber:

 

Europako Batzordeak sustatzen du Mugikortasunaren Europako Astea, eta 2020ko edizioan “Emisiorik gabeko mugikortasun baten alde” aukeratu du gaitzat. Europako Itun Berdean jasotako asmo handiko helburua aipatzen du lemak: 2050erako ikatz emisiorik ez izatea.

Share

BEAren obrak direla eta, itxi egingo dira, aldi batez, Rafael Alberti kalea eta Don Bela Kondearen kalea lotzen dituen Euskal Herria Bulebarreko oinezko eta ziklistentzako pasabidea

 

Datorren astelehenetik, abuztua 24, pasabide alternatiboa erabili beharko da, urte bukaera arte

 

Rafael Alberti eta Don Bela Kondearen kaleak lotzen dituen Euskal Herria Bulebarreko oinezkoentzako eta ziklistentzako pasabidea aldi baterako itxiko da abuztuaren 24tik (astelehena) aurrera, Gasteizko Autobus Geltokiaren parean egiten ari dien Autobus Elektriko Iraunkorraren urbanizazio-obrak direla eta. Don Bela Kondearen kalearekin Tranbiaren “Euskal Herria Bulebarra” geralekuaren parean lotzen den Autobus Geltokiaren hegalaldearen ondoan dagoen pasabidearen bidez egingo da ibilbide alternatiboa, mapan adierazten denez.

2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da gutxi gorabehera aldi baterako ixte hori. Autobus Elektriko Iraunkorraren obren ondoriozko eragin hori eta beste hainbat zehatz-mehatz jarraitu ahalko dira bei.eus webgunearen bidez.

MAPA PDF-n

 

Share

BEAren proiektua aldatu egin da, hobekuntzak sartzeko

BEAren proiektua hobetu egin da. Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak proiektuaren aldaketa bat onetsi du gaur goizean, eta horrek 2 milioi euroko inbertsioa izango du, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-esparruaren barruan. Besteak beste, lanak burutzeko epea 2021eko udara arte luzatuko da, duela hilabete batzuk iragarri zenaren arabera.

Zenbait premiari erantzungo die kontratuaren aldaketak. Batetik, hilabete hauetan sortu diren egoerak zuzendu behar dira, esaterako, proiektuan aurreikusi ez ziren eragindako zerbitzuak; bestetik, proiektua Gasteizko Mugikortasun Planaren balioespen berri bati egokitu behar zaio, baita udal araudiei ere, eta gauzatzen ari diren beste azpiegitura batzuei, hala nola tranbia eta eragindako zerbitzuen lanak.

Hona hemen kontratua aldarazi duten arrazoi nagusiak:

– Esmaltazioen biribilgunean hirugarren erreia gehitzea ingurunean trafikoa arintzeko; Gasteizko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenaren barruan mugikortasun azterketa egin ondoren beharrezkotzat jo zen hori.

– Proiektua aldatzea Pablo Neruda eta Leandro Viana kaleen inguruan ospitalerako sarbide berriak egokitzeko.

– Euskal Herria bulebarrean trazatua aldatzea.

– Trazatuaren zenbait gunetan norabideak aldatzea.

– Esmaltazioen biribilgunearen inguruan Iberdrolaren sarea aldatzea.

– Mendizorrotzeko zuntz optikoko sarea aldatzea.

– Hobekuntzak eragindako zerbitzuetan: kutxatilak, telekomunikazio-sareak…

– Diseinu irizpideak aldatzea eta araudietara egokitzea argiteria sareari eta argiztatu beharreko lekuei dagokienez.

– AMVISAren hornikuntza-sareak aldatzea BEAren trazatuko geltokiekiko interferentzietan.

– Eraginak ureztatze-sarean.

– AMVISAren obrekiko interferentziak Zumakadi ibilbidearen eta Florida kalearen inguruan.

– Interferentziak Salbururako tranbiaren obrekin.

– Karga eta egokitze sistemak eta autobusak moldatu eta hobetzea, TUVISAk emandako irizpideen arabera.

– Zoladura hobetzea trazatuan.

 

Horretaz gain, COVID-19ak sortutako egoera hartu da aintzat. Izan ere, lanak aldi batez gelditu behar izan ziren, eta ohiz kanpoko lan-ordutegiak eta babes-sistemak ezarri behar izan dira. Materialen hornikuntzan ere atzerapenak izan dira.

 

 

 

 

 

Share

TUVISAk banku txartelez, contactless teknologiaz eta telefono mugikorrez ordaintzeko aukera emango du 2021. urtearen hasieratik

Udal sozietateak lehiaketa egingo du tarifak azkarrago eta errazago ordaintzea ahalbidetuko duen software sistema abian jarri eta mantentzea esleitzeko.

 

TUVISAk enpresa hobetzen jarraitzen du, eta flota zein zerbitzuak modernizatzen. Izan ere, udal sozietateak banku txartelez, contactless teknologiaz eta telefono mugikorrez ordaintzeko aukera emango du 2021. urtearen hasieratik. Administrazio Kontseiluak tarifak azkarrago eta errazago ordaintzea ahalbidetuko duen software sistema eta haren mantentzea kontratatzeko lehiaketa onetsi du gaur goizean. Metodo hauek seguruagoak dira koronabirusagatik pairatu den osasun krisia bezalako egoeretarako.

Kontakturik gabeko ordainketak flota osoan funtzionatuko du, autobus elektriko adimentsuaren (BEA) salmenta-makina automatikoetan eta TUVISAk kudeatutako aparkalekuetan.

Sistemak ordainketa-pasabide bat izango du, kontakturik gabeko kreditu-txartelez eta zordunketa-txartelez zein aplikazio mugikorrez ordainketa seguruak egitea ahalbidetuko duena. Tarifen ordainketa modernizatzeko bidean, iaz txartelak balioztatzeko makinak instalatzeko lehiaketa egin zuen TUVISAk. 2020ko azarorako instalatuko dituzte makinak flotaren autobus guztietan.

 

15 markesina berri

Gainera, TUVISAk 15 markesina eramango ditu 3, 5, 7, 9 eta 10 lineetako geltokietara. Hauetara zehazki:

 

Share

TUVISAk Mendizorrotzean dituen geltokiak aldatzea eta oinezkoentzako ibilbide berria Esmaltazioetan, BEAren lanak direla eta

Urte hasieran, L2A eta L2B lineen geltokiak metro batzuk aldatu ziren lekuz, espaloi berean, eta orain lehengo lekuan jarriko dira berriro

Oroimenezko Zentroaren lanek 5, 6, 7 eta 10 lineei eragingo diete: ordezko ibilbide batetik joan beharko dute, eta ez dira geldituko ez Prado kalean ez Olagibel kaleko 20.ean

 

BEA-autobus elektriko adimentsuaren lanek aurrera jarraitzen dute, eta aldaketak egin beharra ekarri dute hiriko hainbat lekutako geltokietan zein oinezkoen ibilbideetan. Salbatierrabide kalean, esate baterako, L2 lineak Mendizorrotza parean dituen geltokiak lehengo lekura itzuliko dira astelehenean, ekainak 15. Joan den urtarrilean, L2A eta L2B lineak kiroldegiaren parean dituen geltokiak lekuz aldatu ziren lan horiek direla eta, baina orain lehengo lekura itzuliko dira aldi baterako. Inguruak obretan jarraitzen duenez, oinezkoentzako ibilbide bat zedarritu da hara irits daitezen, Mendizorrotzeko kiroldegiko sarreratik eta Lasarteko atetik sartu ahal izateko.

Hona emen sarbideen eskema:

Ekainaren 15ean, halaber, beste aldaketa bat egingo da Esmaltazioen inguruan. Biribilgune horretan oinezkoentzako ibilbide segurua egokituko da. Beraz, handik doazenek oinezkoen mugikortasuna errazteko diseinatu den ibilbidetik igaro beharko dute. Bestetik, lanak direla kausa ezingo da Heraclio Fournier eta Iturritxu kaleen arteko zebra-bidea erabili Olarizu hiribiderantz joateko. Oinezkoek Zumakadi ibilbiderantz joan beharko dute biribilgunearen mutur batetik bestera eroso eta seguru gurutzatzea ziurtatzeko markatu den bide batetik.

Hona hemen xehetasunak:

Oroimenezko Zentroaren ingurunea

Horretaz gain, Oroimenezko Zentroaren inguruko zenbait kale asfaltatu behar dira, eta horrek TUVISAri eragingo dio. Zehazki,  5, 6, 7 eta 10 lineak ordezko ibilbide batetik joango dira. Horren eraginez, Prado kaleko eta Olagibel kaleko 20.eko geltokietan ez da zerbitzurik izango ekainaren 15etik 20ra arte.

 

 

 

Share

Urtaranen Gobernuak Ariznabarreko 101 lekuko aparkaleku berriaren lizitazioa martxan jarri du  

 

Autobus elektriko adimentsuaren sistema ezartzeak berekin ekarriko duen leku-galera konpentsatuko du azpiegitura horrek

Aparkaleku berria eraikiko du Udalak Ariznabarra auzoan, autobus elektriko adimentsuaren sistema berria ezartzeak berekin ekarriko duen leku-galera konpentsatzeko. Hain zuzen ere, 3.000 metro koadro inguruko aparkalekua diseinatu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak, 101 ibilgailu hartzeko lekua izango duena. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean azaldu duenez, Udal gobernuak lizitaziora ateratzea adostu du gaur goizean Gobernu Batzarran. Obraren aurrekontua 348.577,47 eurokoa da, eta urte erdiko gauzatze-aldia izango da obrak egiteko, adjudikatzen direnetik.

Fontetxako Gazteluaren kalearen, Kexaako Gazteluaren kalearen eta Arluzeako Gazteluaren kalearen arteko ekipamendu-lursailean egokituko da aparkalekua, Ariznabarreko adinekoentzako egoitzaren ondoan. Gaur egun erabiltzen ez den 3.000 metro koadro inguruko espazio bat da.

101 aparkaleku izango ditu azpiegitura berriak, horietatik hiru mugikortasun urriko pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuentzat, eta beste lau ibilgailu elektrikoak kargatzeko —hasieran aldez aurreko instalazioa bakarrik utziko da eginda, aurrerago hirian zerbitzu hori zabaltzen duen enpresak kargatzeko zutoinak jartzerik izan dezan—. Era berean, sei leku izango dira motorrentzat. Gainera, Kexaako Gazteluaren kaleko lineako aparkalekuak bateriako izatera igaroko dira, merkataritza-establezimenduaren parean. Neurri horren bitartez, aparteko beste zortzi leku gehiago lortuko dira.

Aparkalekuaren sarrera nahiz irteera Kexaako Gazteluaren kaletik izango dira, 5 metroko zabalerako pasabide banarekin. Horrez gain, aparkalekuaren perimetroan eta barruko tarteetan lore-eremuak jarriko dira, baita zuhaitzak landatu ere.

Plaza erregularrak 4,75 metro luze eta 2,40 metro zabal izango dira, indarrean dagoen araudiaren arabera. Mugikortasun murriztua dutenentzat direnak, berriz, 5 metro luze izango dira, eta 3,7 metro zabal, eta aparkalekuko oinezkoentzako sarbideetatik gertu egongo dira.

Enpresa adjudikaziodunak egin beharreko lanak, funtsean, hauek izango dira: hondeaketa, betelana, zolatzea eta pintatzea. Saneamendu-sarea eta argiteria hobetzeko ere aprobetxatuko da esku-hartzea, eta tantakako ureztapen-sistema jarriko. 

Garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handikoa da BEA zeinen helburua baita hiriko auzo guztiak hobeto konektatu eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua, puntako teknologia erabiliko duten 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta  hiriko leku garrantzitsuak lotzen ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. 10 kilometroko ibilbidean, 24 geltoki berri izango dira noranzko bakoitzean, gaur egungo geltoki konbentzionalen leku berberetan.

Irailaren 2an hasi ziren BEAren obrak, hiriko lau lekutan aldi berean, eta epeak betetzen ari dira. Hainbat erakundek parte hartzen dute BEAren proiektuan: Gasteizko Udalak finantzaketaren % 17,5 emango du, Arabako Foru Aldundiak beste % 17,5, eta Eusko Jaurlaritzak % 65. Inbertsioa 40 milioi eurotik gorakoa izango da.

Autobus elektriko adimentsuari esker, urtean 1.520 tona CO2 emisio murriztuko da, egungo gasolio-ibilgailuen ordez batere emisiorik gabeko autobus erabat elektrikoak erabilita.

 

Share

Sinatu da erakundeen arteko hitzarmena BEAren kargatze-unitate funtzionala eraikitzeko

Lanek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, eta Udalak milioi bat jarriko du

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak  proiekturako lehiaketa udan abiaraztea aurreikusten du

Kargarako guneak 16.000 metro koadro hartuko ditu, eta markesinak, lantegia, aldagelak, bulegoak eta biltegia izango ditu

 

Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia elkarlanean arituko dira BEAren kargatze-unitate funtzionala eraikitzeko. Kargatze geldoko sistema horrek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatzen du. Bai Udalak bai Aldundiak kopuru horren % 17 jarriko dute, hau da, 1.032.924,70 euro erakunde bakoitzak; Eusko Jaurlaritzak, berriz, % 65 jarriko du, hots, 3.836.577,48 euro. Joan den maiatzaren 14an sinatu zuten hiru erakundeek proiektua garatzeko behar den hitzarmena. Gasteizko Udalak 600.000 euro ordainduko ditu 2020ko aurrekontuaren kargura, eta 432.947,70 euro, 2021eko kontuen kargura. Obra-zuzendaritzaren kostua 302.500,00 eurokoa izango da, BEZ-a barne.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok gaur goizean azaldu duenez, “dagoeneko badugu erakundeen arteko hitzarmenik BEAren kargatze-unitate funtzionala finantzatu eta eraikitzeko“; bestetik, lanak Eskualde Garapenerako Europako Funtsen (FEDER) bitartez finantzatzea eskatzeko konpromisoa hartu du Udalak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak  proiekturako lehiaketa udan abiaraztea aurreikusten du.

2018ko maiatzaren 10ean sinatu zen “Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmena, Gasteiz hirian BEA ezartzeko sinatutakoaren osagarria” izeneko dokumentua. Hitzarmenaren xedea hiri-garraio publikoan elektrifikazioa ezartzeko jarduketa osagarriak sustatzea zen, hiria BEA sistemaz hornitzeko. Besteak beste, BEA sistemaren kargatze geldoko sistema hartuko duten kotxetegien eraikuntza proiektua idaztea.

BEArako eta hiriko autobus flotarako kotxetegien eta tailerren eraikuntza faseka egingo da, bere garaian iragarri zen bezala. Lehenengo fasean autobus adimendunaren kargatze-unitate funtzionalerako beharrezkoak diren instalazioak egingo dira.

Gaur egun udal haztegiak dauden Udalaren jabetzako lursail batean jarriko dira kotxetegi berriak, zeinak 52.000 m2 baititu. Horietatik, 16.000 m2 BEAren kargatze-unitate funtzionalerako izango dira, autobus elektriko adimendunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den azpiegitura barne. Instalazioek 13 autobus elektrikoetarako aparkaleku plazak eta dagozkien markesinak, tailer mekanikoa, unitateak garbitzeko tokiak, aldagelak, perimetro-itxitura eta urbanizazioa izango dituzte.

Ondorengo fase batean, Gasteizko Udalak Tuvisako kotxetegiak, lantegiak eta eraikin administratibo berria eraikiko ditu lursail berean. Instalazioek bulegoak eta aldagelak izango dituzte, bi solairutan banatuta; orotara 1.878 m2 hartuko dituzte. Horrez gain, 1.213 m2-ko biltegia eta 2.884 m2-ko tailerra izango dituzte, BEAren mantentze-lanetarako eremuak aparte daudelarik. Garbiketarako eremuak berberak izango dira autobus guztientzat, eta 1.858 m2 hartuko dituzte. Nasen gune estaliak 110 autobus hartu ahalko ditu guztira, eta etorkizunean flota osoa elektrifikatuko dela kontuan hartuta, 10.029 m2-ko markesina bat izango du; panel fotovoltaikoak instalatuko dira horretan, ahalik eta energia-eraginkortasun handiena lortzeko.

Oinezkoentzako eta bezeroentzako arretarako sarbidea Juan Crisostomo de Arriaga kaletik egingo da, eta autobusak Zadorra hiribidetik sartuko dira, autobusen zirkulazioa hurbilen dauden etxebizitzetatik urruntzearren. Azpiegitura horren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17.895.628 eurokoa da, eta egikaritze-epea, 9 hilabetekoa. Gaur egun jendaurreko erakustaldiaren fasean dago kotxetegiak eraikitzeko proiektua.

 

 

Share

Datorren astetik aurrera, trafikorako errei berriak Salbatierrabiden

Behin betiko bideak izango dira, eta Mendizorrotzeko aparkalekuaren zati batetik joango dira, orain arte ibilgailuentzat ziren erreiak BEAk soilik erabiltzeko utziko baitira.

 

BEA (autobus elektriko adimentsua) ezartzeko lanak aurrera doaz Gasteizko hainbat lekutan. Maiatzaren 18ko astean beste mugarri batera iritsiko dira, Salbatierrabiden. Izan ere, aipatutako kalean ibilgailuen trafikorako errei berriak irekiko dira datozen egunetan. Behin betiko bideak izango dira. Hemendik aurrera, Cervantes ibilbidearen eta Mendizorrotzeko kiroldegiaren arteko zirkulazioa Mendizorrotzeko aparkalekuaren barrualdera sartuko da zati batean, bi noranzkoetan, metro batzuk aurrerago ohiko bidera itzultzeko.

Hartara, Salbatierrabiden Mendizorrotza parean orain arte zirkulaziorako ziren erreiak BEAren erabilera esklusiborako utziko dira behin betiko, eta gainerako ibilgailuak ondoko errei berrietatik joango dira.

Garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handikoa da BEA; helburuak ditu hiriko auzo guztiak hobeto konektatzea, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua, puntako teknologia darabilten 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta hiriko leku garrantzitsuak lotuko ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. Sistema berriak benetako iraultza ekarriko du Gasteizko garraio publikora. Lineak 10 kilometroko luzera izango du, eta 24 geltoki berri lotuko ditu noranzko bakoitzean, gaur egun geltoki konbentzionalak dituzten lekuetan egingo direnak.

Iazko irailaren 2an hasi ziren BEAren obrak, hiriko zenbait lekutan aldi berean. Gaur egun, leku hauetan ari dira lanean langileak: Esmaltazioak, Mendizorrotza, Zumakadi (Hegoalde gizarte-etxearen parean), Boulevarda, Jacinto Benavente eta AUH. Hainbat erakundek parte hartzen dute BEAren proiektuan: Gasteizko Udalak finantzaketaren % 17,5 emango du, Arabako Foru Aldundiak beste % 17,5, eta Eusko Jaurlaritzak % 65. Inbertsioa 40 milioi eurotik gorakoa izango da.

 

Jarraian zehazten da aldaketa:

 

 

Share