Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 maiatza 2018 12:31
  • Miguel Machalski analista ospetsuak gidoiak idazteari buruzko lantegia emango du Euskadiko hiriburuan

Gasteiz bertako ikus-entzunezko industria eta Arabako lurraldeak filmaketen agertoki gisa dituen aukerak promozionatzen ari da Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren barruko Marché du Film azokan. Film Office Film Basque Country markaren babespean joan da hitzordu horretara, eta jaialdira joaten diren euskal profesionalak bezala, Basque Audiovisual ekimenak bertan jarri duen standaz baliatuko da.

Izan ere, Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren barruko Marché du Film ikus-entzunezkoen azoka urteko hitzordu garrantzitsuena da zinemaren industriarentzat. Maiatzaren 8tik 17ra bitartean, munduko osoko profesionalak bilduko dira, haien artean sareak eta topaketak sustatzeko xedez.

Film Office maiatzaren 14ra arte egongo da ekitaldian, Gasteiz eta Araba era guztietako ekoizpenak egiteko agertoki gisa kokatu eta ezagutarazteko; lurraldean filmatzeak dituen abantailen berri emango dute, bertako industriaren azken lanak promozionatuko, eta estatuko zein nazioarteko ekoiztetxeekin sareak eta topaketa profesionalak lotzen lagunduko.

“Ikus-entzunezkoen alorreko merkatu garrantzitsuenean gaude, Euskadiko gainerako “film comission” edo komisioekin batera egon ere, ahaleginak batuz eta sinergia handiak sortuz. Azkenaldian, euskal ekoizpen batzuk arrakasta komertzial handia izaten ari dira, eta arrakasta horren zati bat elkarrekin lan egiteko dugun ahalmenari zor zaio, gure sorkuntza-industrietan dagoen talentu handiari lagundu eta kanpoan erakusteko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Gidoiak idazteko lantegi profesionala, Gasteizen

Bestetik, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak film luze eta dokumentalen proiektuen gidoiak idazteari buruzko lantegi bat antolatu du Gasteizen; Miguel Machalski gidoi-analista ospetsuak emango du, uztailaren 2tik 4ra bitartean. Euskadin egoitza duten gidoigileei eta gidoigile/zuzendari/ekoizle taldeei zuzendutako lantegia da, baldin eta film luze baten proiektua garatzen ari baitira.

Machalskik estudio handien eta zuzendari gailenen gidoiak gainbegiratu ditu: Clint Eastwood (MillionDollarBaby), Alejandro Amenabar (Mar adentro), Nagisa Oshima (Taboo), David Cronenberg (Spider), Sydney Pollack (La intérprete) eta Ingmar Bergman (Saraband). Bera arduratuko da parte hartzen duten proiektuak hautatzeaz. Maiatzaren 30ean amaituko da lantegian garatu daitezkeen proiektuak aurkezteko epea.

Hautatutako proiektuak aztertzeko aholkularitza pertsonalizatuez gain, gidoien idazkuntzari buruzko maisu eskola izango da uztailaren 2an, zinema industriako profesionalentzat.

Lantegiari buruzko informazio gehiago: info@europacreativaeuskadi.eu

 

 

Share