Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 otsaila 2019 14:33

 

 

 

 

 

 

 

 

Martxoaren 1etik (ostirala) aurrera, TAO telefono mugikorraren bidez ordaindu ahal izango dute Gasteizko 3.300tik gorako aparkaleku arautuen erabiltzaileek. Jada ez dute parkimetrora joan beharko, eta gainera aukera izango dute euren ibilgailua benetan aparkatuta egon den denbora bakarrik ordaintzeko.

Egun horretan, Udalak Telpark aplikazioa abian jarriko du —iOS zein Android sistema eragileetarako—; horren bidez, TAO gailu mugikorretatik ordaindu ahal izango da, txanponik erabili gabe eta ohiko tiketa erosi beharrik gabe.

Aplikazioak abantaila ugari eskainiko ditu parkimetroan ordaintzeko oraingo sistemaren aldean —hark, dena den, erabilgarri jarraituko du—. Hala, adibidez, edozein unetan luzatu ahal izango da aparkatzeko denbora, eta edozein unetan autoa atera, TAO benetan erabili den denbora besterik ordaindu gabe. Doako 15 minutuak erabiltzekotan, baina, parkimetroan ohiko tiketa hartu beharko dute erabiltzaileek.

Aplikazioak aukera emango du, halaber, ibilgailu baten baino gehiagoren aparkamendua kudeatzeko, eta alarmen bidez abisatuko du aparkatzeko denbora amaitzear dagoenean. Salaketak mugikorraren bidez baliogabetzeko eta mugikorraren GPS-geolokalizazioaren bidez ibilgailua non dagoen jakiteko aukera ere emango du.

Carlos Zapatero Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotziak azaldu duenez, “TAO mugikorraren bidez ordaintzeko aukera eskaintzean, aurrerapauso handia emango dugu Gasteizko mugikortasunerako zein hiri adimentsu bilakatzeko helbururako. Sistema honekin, erraztu egingo dugu aparkatze arautuaren kudeaketa, erabiltzaileentzat zein udal-administrazioarentzat berarentzat erosoago eta efizienteagoa den sistema baten bidez”.

Telpark aplikazioaren aurkezpenean parte hartu du Zapaterok; horren arduradunek nabarmendu dute sistema “aparkatze arautuaren kudeaketarako plus bat dela, eta, aldi berean, gasteiztarrentzako aurrezteko aukera eta abantaila. Herritarrentzako lortu dugun hobekuntza honek, txiki iruditu balezake ere, garapen teknologiko konplexua du atzean, eta helburua du, batetik, zerbitzuen kalitatea hobetzea eta, bestetik, kontsumoa optimizatzea, aplikazioaren erabilera erraz, eroso eta seguruaren bidez”.

Aplikazioa abian jarri dela zabaltzeko eta nola funtzionatzen duen ezagutarazteko, zabalkunde-kanpaina hasi da gaur, eta kalean izango da ikusgai datozen egunotan. Asteburura arte karpa bat egongo da Urrezko Zeledonen plazan, erabiltzaileak informatzeko.

Gizarte-etxeetako, autobus-geltokiko, Antso Jakitunaren kaleko eta TUVISAko autobusetako pantailetan ere emango da abian jarriko den zerbitzu honen berri. Gainera, ordaintzeko sistema berria iragartzeko eskuorriak egongo dira Udalaren bulegoetan.

Erregistroa

 Aplikazioa erabili nahi dutenek erregistratu egin beharko dute. Telpark aplikazioan bertan egin ahal izango dute —dohainik eskura daiteke Google Play eta Apple-ren App Store plataformetan— edo aplikazioaren webgunean (www.telpark.com). Eta handik aurrera erabili ahal izango dute, era intuitiboz eta erosoz. Ordainketak seguruak izango dira, eta ConexFlow atebidearen bidez egingo dira.

Gasteizen ez ezik, Espainiako eta Portugaleko 95 hiritan baino gehiagotan erabili ahal izango da aplikazioa (Madril, Donostia, Bilbo, Valentzia, Oporto, Faro, Portimão…), aparkalekuetan eta aparkatze arautuko plazetan. Renferen Madrilgo aldiri-geltokietako eta aireportuetako aparkalekuetan ere ordaintzeko balio du Telparkek.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 urtarrila 2019 13:58

2018an, Udaltzaingoak erregistratutako delituen kopurua % 5 jaitsi zen 2017. urtekoen aldean. Zehazki, 6.351 salaketa tramitatu ziren Agirrelandan iaz; 2017an, berriz, 6.692 izan ziren.

Udaltzaingoak jasotako delinkuentzia-datuen lehen azterketa batean, gizarte alarma berezia sortzen duten delituak nabarmen murriztu direla ikus daiteke: sexu abusu eta erasoak (-% 54), merkataritza eta ostalaritza establezimenduetako lapurretak (-% 16), bizikleta ebasketak (-% 15), etxebizitzetako lapurretak (-% 12), eta genero eta etxeko indarkeria (-% 7).

“Datuak positiboak dira. Hiri segurua izaten jarraitzen dugula baieztatzen dute, eta delituen kontra gure agenteak zein poliziaburuak egiten ari diren lana ona dela berresten. Era berean, gobernuaren kudeaketaren isla dira, zerbitzuak indartu, zerbitzu berriak sortu eta agente gehiagoz hornitzeko apustua egin baitu, eta horren erakusgarri dira deitu ditugun bi LEPetatik sortutako 60 agente berriak”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Delitu motak

Delitu motaren arabera, sexu abusu eta erasoak % 54 jaitsi ziren 2018an: 16 kasu izan ziren, eta 2017an, 35.

Ondarearen kontrako delituen artean nabarmendu behar da % 16 jaitsi direla merkataritza eta ostalaritza establezimenduetako lapurretak. Izan  ere, 2018an 70 establezimendutan sartu ziren lapurrak, eta 2017an, aldiz, 83tan. Enpresetako lapurretei dagokienez, Udaltzaingoak 17 salaketa jaso zituen, 2017an baino 5 gutxiago.

Etxebizitzetan indarrez egindako lapurretak % 12 jaitsi ziren: 135 izan ziren guztira; 2017an, berriz, 153. Beste leku itxi batzuetan (trastelekuak, ganbarak, lonjak, etab.) egindako erasoei dagokienez, ordea, 13 salaketa gehiago jarri ziren, 171 guztira.

Ebasketa eta iruzur delituak ere % 6 jaitsi ziren 2018an (288 salaketa guztira), baita ibilgailu motordunen lapurretak ere (Udaltzaingoak 31 kasu zenbatu zituen). Ibilgailuen barruko lapurretak, ostera, 2017an (263) baino 64 gehiago izan ziren.

Bizikleten ebasketetan beheranzko joerak jarraitzen du: 883 kasu zenbatu ziren 2017ko 978 kasuen aldean, hau da, % 15 gutxiago.

Azkenik, 2018an genero-indarkeriarekin eta etxeko indarkeriarekin lotutako 297 salaketa izan ziren; 2017an 319 salaketa izan ziren, beraz, % 7 murriztu da kopurua. Zehazki, Udaltzaingoak genero-indarkeriako 216 kasu erregistratu zituen (2017an 234 izan ziren), eta etxeko indarkeriako 81 (2017an, 85).

Delitu horiei eta beste batzuei aurre egiteko Udaltzaingoak egindako ikerketen ondorioz 249 pertsona atxilotu zituzten, eta 1.408 ikertu.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 abendua 2018 11:58

Herritarren Segurtasunaren Sailak eta Araba Classic Clubak hitzarmen bat sinatuko dute, elkartea Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen hiru ibilgailu historiko zaindu eta mantentzeaz arduratu dadin: bi kamioi eta auto bat, denen artean 195 urte batzen dutenak.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsitakoaren arabera, ibilgailuak Araba Classic Clubaren lokaletara eramango dituzte, han baldintza ezin hobeetan zaindu ditzaten, hala Udalak nola elkarteak ekitaldietan erakutsi edo erabiltzeko prest.

Ibilgailu hauek sartu dira hitzarmenean:

  • Udaltzaingoaren autoa,  Austin Princess VI-13103, 1963an matrikulatua.
  • Suhiltzaileen kamioia, Magirus VI-811, 1927 aldera matrikulatua.
  • Suhiltzaileen eskailera-kamioia, Magirus Deutz VI-25536, 1969 aldera matrikulatua.

Ibilgailu horiek Udaltzaingoak eta SISZk Agirrelandan dituzten instalazioetan daude gordeta, baina bertan erabili gabe egoteak hondatzea ekar dezake. “Uste dugu hobe dela lekuz aldatzea zaintzeko. Guk ibilgailuen titularitatea izaten jarraituko dugu, baina Araba Classic Cluba arduratuko da baldintza onenetan zaintzeaz, merezi duten ikusgarritasuna emanez eta balio historikoari eutsiz”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 uztaila 2018 11:41

 

Neurria arrakastatsua izan zen iaz, eta beira, latak eta objektu arriskutsuak sartzea eragotziko da

Andre Maria Zuriaren jaietan segurtasuna zaintzeko Udaltzaingoak Ertzaintzarekin koordinaturik —aurreko astean sinatutako hitzarmenari jarraituz— prestatu duen antolaketa berezia iazkoaren antzekoa izango da.

Udalak diseinatu duen plangintza osoaren barruko lehen une garrantzitsua Zeledonen jaitsiera izango da; izan ere, beirazko botilak eta ontziak sartzea debekatu da bigarren urtez jarraian, bai eta bertaratuentzat arriskutsu izan daitezkeen objektuak ere; aurten, gainera, perimetroan latak sartzea debekatuko da.

Debekua betearazteko, Andre Maria Zuriaren eta Espainia plazetako sarbideak kontrolatzeko 10 gune jarriko dira, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteek eta garbiketa monitoreek zainduta. Zehazki, leku hauetan jarriko dira kontrolak:

  • Hedegile, Zapatari, Errementari eta Diputazio kaleen eta San Roke kantoiaren arteko bidegurutzeak.
  • Prado eta Becerro de Bengoa kaleen arteko bidegurutzea.
  • Loma Jeneralaren plazarako sarbideak Legebiltzarretik.
  • Dato kalerako sarbidea Alaba Jeneralaren kaletik.
  • Olagibel kalearen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko bidegurutzea.
  • Posta kalerako sarbidea Urrezko Zeledonen plazatik.
  • San Frantzisko aldapako sarbidea.

Ildo horretatik, abuztuaren 4ko 15.00etatik udal segizioa bezperetara joaten bukatu arte, eta abuztuaren 23.00etatik Zeledonen igoera amaitu arte, debekatu egiten zaio eremu mugatuan dauden taberna, kafetegi eta establezimendu publiko orori kanpora atera daitezkeen beirazko botila, edalontzi edo ontzietan zerbitzatzea edariak, eta plastikozko ontziak (erabilera bakarrekoak edo birziklagarriak) baliatu beharko dituzte.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok herritarrei eskatu die “lehenago joateko, plazara arintasunez sartu ahal izateko eta kontroletan jendea pilatu ez dadin”.Eta, jakina  —azpimarratu du— dei egiten diet debekuak betetzen laguntzera, plazara beirarik eraman ez dezaten eta beste alternatiba batzuk erabil ditzaten, badira eta Zeledonen jaitsieraren une magikoaz segurtasunez eta ebakidura eta istripurik gabe gozatzeko beste aukera batzuk, iaz egiaztatu zen bezala”.

Beiraz gain, debekatuta egongo da Zeledonen jaitsieran honelako elementuak sartzea: erosketa orgak; objektu gogor, zorrotz, puntazorrotz edo arriskutsuak; makilak; makuluak, eta abar, hau da, zuzenean edo zeharka pertsonentzat lesio-arriskua dutenak edo jende-oldeak zein ondasunetan kalteak sor ditzaketen mugimendu jendetsuak eragin ditzaketenak.

Bestetik, osasun arreta  emateko 7 gune jarriko dira, herritarrei berehala lagundu ahal izateko. Toki hauetan egongo dira:

  • Espainia plaza; bertan ospitale-denda jarriko da.
  • Mateo Benigno Moraza kalea.
  • Legebiltzarra/Loma Jenerala.
  • Katedral Berria.
  • San Migeleko eskailerak (desfibriladorea).
  • Posta kalea -Andre Maria Zuriaren plaza (desfibriladorea).
  • Errementari kalea-Andre Maria Zuriaren plaza (desfibriladorea).

Jai eremuetan segurtasuna handitzeko, zenbait inguru oinezkoentzako bihurtuko dira, ohi bezala: Mendizabaleko feria-lekua, txosnak, erdialdea, Olagibel kalea eta Independentzia kalea.

Lapurretak

Jaietan ohikoa da lapur txikiak ibiltzea, jendetza baliatuz diru-zorroak eta mugikorrak lapurtu nahian. Hori dela eta, “Udaltzaingoak zein Ertzaintzak ahaleginak egingo dituzte herritarrak prebentzio neurriez informatzeko, eta bide publikoan presentzia areagotuko dute, delitu arin horien egileak antzeman, identifikatu eta atxilotzeko”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok.

Indarkeria matxista

Bestetik, indarkeria matxistaren kasuetan poliziaren erantzuna azkarragoa, eraginkorragoa eta sendoagoa izan dadin, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak bide publikoan eta arrisku maila handiagoa duten lekuetan —benetakoa edo itxurazkoa izan— zaintzeko ekintzak eta patruilen presentzia koordinatu dituzte.

“Aurreko urteetako kasuak eta zirkunstantziak aztertu ditugu, eta ekintza plan bat zehaztu dugu horietan oinarrituz. Orobat, Udaltzaingoa harremanetan dago etengabe beste udal sailekin, asistentzia, laguntza eta salaketa ekintzak koordinatzeko”, esan du Zapaterok.

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia, Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 uztaila 2018 16:10

Udaltzaingoa eta Ertzaintza gaur goizean bildu dira, Andre Maria Zuriaren jaietan elkarrekin zabalduko duten segurtasun antolaketa koordinatzeko.

Udaletxean bildu da Toki Eremuko Koordinazio Batzordea, Gorka Urtaran alkatea buru zelarik; Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapatero, koordinatzaile nagusi  Víctor García Hidalgo eta Udaltzaingoko zein Ertzaintzako zenbait kargu elkartu dira.

Iaz zabaldutako segurtasun antolaketa berriro ezartzea erabaki da, besteak beste, Zeledonen jaitsieran beira sartzen ez uzteko. Berritasun gisa, ez da latarik sartzen utziko.

Bi kidegoek bereziki zainduko dituzte hiriko alderdi jakin batzuk, sexu-erasoak eragozteko; orobat, presentzia handiagoa izango dute kalean, lapurren jarduna murrizteko, eta duela egun batzuk etxebizitzetan lapurretak kontrolatzeko abian jarritako antolaketa ere mantenduko dute.

Ekintza horiek eta beste batzuk koordinatzeko, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak komunikazio-kanal komuna erabiliko dute, eta aginte postu aurreratua, bi kidegoetako arduradunekin.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 maiatza 2018 13:24

Urtarriletik martxora bitartean, sexu eraso eta abusuengatiko salaketak % 64,71 jaitsi dira

 2018ko urtarriletik martxora bitartean, Udaltzaingoak 1.548 delitu erregistratu ditu, hau da, iazko epe berean baino % 2,95 salaketa gutxiago. Nabarmendu beharra dago sexu-askatasunaren kontrako delituak % 64,71 jaitsi direla lehen hiru hilabete horietan, eta genero-indarkeria eta etxeko indarkeriatzat jotakoak, berriz, % 22,62.

Udaltzaingoaren balantzearen arabera, lehen hiruhilekoan sexu-askatasunaren kontrako 6 delitu erregistratu dira (iaz 17 izan ziren); etxeko indarkeriarekin lotutako 17 kasu (2017ko 22 kasuen aldean), eta genero-indarkeriagatiko 48 salaketa (iaz, 62).

Bizikleta-lapurreta nabarmen gutxitu da (-% 27,60), 2017an 221 bizikleta lapurtu baitziren, eta aurten, 160, Udaltzaingoak dakiela. Ondarearen kontrako  delituak, ordea, handitu egin dira, Agirrelandan 56 kasu gehiago erregistratu baitira.

Salaketen kopurua jaitsi egin da 17 auzotan, eta 13tan, igo. Lehenengoan artean Ariznabarra nabarmentzen da, 16 salaketa gutxiago jarri baitira, eta ondoren, Lovaina (-15), Salburua (-15) eta Alde Zaharra (-14). Beste hauetan handitu egin da kopurua: Koroatzea (+27), Babesgabetuak (+20) eta Zabalgana (+19)

Delitu horiekin lotuta, Udaltzaingoak 58 pertsona atxilotu zituen, eta 390 ikertu.

Bide-segurtasunaren arloko delituei dagokienez, 2017an baino 19 gehiago zenbatu dira: 2017an, 96 izan ziren, eta aurten, 115.

 

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia, Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 martxoa 2018 14:37

Udaltzaingoko Bide Heziketarako Parkeak antolatutako “Seguru bizi” marrazki lehiaketaren XVI. edizioko sariak banatzeko ekitaldia egin da gaur goizean udaletxeko harrera-aretoan; Lehen Hezkuntzako 16 ikastetxetako 544 ikaslek hartu dute parte.

Gorka Urtaran alkatea izan da buru ekitaldian, Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapatero, Saileko zuzendari José Antonio Anguiano eta udal taldeetako zein Udaltzaingoko beste ordezkari batzuk lagun zituela.

Laura Juesas (San Martin), Andrea Barahona (Urkide) eta Unai Ramírez (Toki Eder) izan dira lehen hiru sarien irabazleak; lehenak argazki-kamera bat jaso du, eta bigarrenak eta hirugarrenak, bizikleta bana.

Orobat, 25 akzesit banatu dira ikastetxe hauetako ikasleen artean: Angel Ganivet, Arantzabela, Corazonistas, Judimendi, Landazuri, López de Guereñu, Nazareth, Olabide, Presentación de María, Sagrado Corazón, San Martin, San Prudencio, San Viator eta Virgen Niña. Segurtasunerako material-sorta bana jaso dute guztiek: bizikletarako kaskoa, argiak, etab.

“Seguru bizi” marrazki lehiaketa Udaltzaingoak urtero antolatzen dituen prestakuntza eta kontzientziazio jardueretako bat da; umeak jarrera seguruak hartzeko beharraz kontzientziatzea eta trafikoaren arriskuez ohartaraztea da horien helburua.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  20 martxoa 2018 12:04

 

 

 

 

 

 

Presentacion Delincuencia

2017an Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 14.979 arau-hauste penal ikertu zituzten eta 4.834 pertsona eraman zituzten epailearen aurrera

Vitoria-Gasteizek du delinkuentzia-tasarik txikiena Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuen artean (60,65), nahiz eta 2017an arau-hauste penalen kopuruak % 3,81 gora egin zuen —aurreko urtean 14.429 izan ziren eta 2017an 14.979 (550 arau-hauste gehiago)—. Kopuru horiek eten egin dute azken bost urteetan erregistratutako beheranzko joera, baina oraindik kopuru horiek oso urrun daude 2013an, adibidez, erregistratutako 16.429 arau-hausteetatik. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak delitu-gehikuntza horren aurka egindako jardun koordinatuaren ondorioz, 4.834 pertsona eraman zituzten epailearen aurrera, hau da, aurreko urtean baino % 8,65 gehiago.

2017ko estatistikak itxi ostean, ikus daiteke Vitoria-Gasteizko delitu-tasak jarraitzen duela Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetako txikiena izaten. Bilboko 1.000 biztanleko 72,54 arau-hauste penalen eta Donostiako 1.000 biztanleko 63,65 arau-hauste penalen aurrean, Arabako hiriburuak joan den urtean 60,65 arau-hauste penal izan zuen 1.000 biztanleko —aurrekoen aldean, hiriko segurtasun-maila onaren adierazlea—.

Edonola ere, 2017an Vitoria-Gasteizen delinkuentziak gora egin zuen aurreko urteko datuekin alderatuta; izatez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ikertutako arau-hauste penalen kopuruak % 3,81 egin zuen gora.

Deliturik larrienak

Homizidioekin hasita, hau da, krimenik larrienekin eta Europar Batasunak “estrategikotzat” jotzen duen delituetako batekin hasita (gizartean pizten duen alarmaren ondorioz), 2017an ez zen homizidiorik izan eta aurreko urtean 2 izan ziren. Homizidio-tentatibak, berriz, 4 izatetik 5 izatera pasa ziren.

2017an, sexu-askatasunaren kontrako delituak gehitu ziren proportzionalki gehien (% 68,25 gehiago). Horien barruan, sexu-erasoek gora egin zuten (% 100 gehiago) eta, hein txikiagoan, beste arau-hauste batzuek, hala nola exhibizionismoak, zirriek eta abar (% 60 gehiago). Gogorarazi behar da delituen atal horrek oso proportzio txikia duela Vitoria-Gasteizko delinkuentziaren barruan (% 0,70) eta kopuru absolutuetan 63 kasutatik 106 kasutara pasa dela. Gehien bat esparru pribatuan egindako egintza horien ebazpen-ehunekoa gero eta handiagoa da, baita egileen atxiloketa-maila ere.

Ondarearen aurkako arau-hausteak

Ondarearen aurkako arau-hausteek hartzen dute delitu-jardueraren proportziorik handiena (% 80 baino gehiago), eta 2017an nabarmen gehitu ziren Vitoria-Gasteizen (% 3,23 gehiago). Kapitulu horretako arau-hausteen erdia baino gehiago ebasketak izan ziren, eta delitu horiek zertxobait hasi ziren (% 2,53 gehiago). Alabaina, iruzurrak hein handiagoan hazi ziren (% 35,71 gehiago) —nazioartean delitu mota horrek, transakzio informatikoen gorakadaren ondorioz, modu globalean gora egiteko joeraren bide beretik igo da hemen ere—.Ondarearen aurkako deliturik garrantzizkoenen artean, hazi egin ziren etxebizitzetan gertatutako lapurretak (% 25,10 gehiago), jaitsi egin ziren garajeetan eta trastelekuetan (% 8,49 gutxiago). Jaitsi egin ziren ere indarra edo larderia erabiliz egindako lapurretak (% 22,45 gutxiago) eta motor-ibilgailuen lapurretak (% 22,32 gutxiago), eta azken bi hauek ere “estrategikotzat” jotzen ditu Europar Batasunak.

Beste arau-hauste penal batzuk

Beste modalitate kriminal “estrategiko” bat droga-trafikoa da, eta 2017an hirian behera egin zuen delitu horrek (% 10,91 gutxiago).

Gainerako delitu tipologiei dagokienez, lesioek pixka bat egin zuten gora (% 1,26 gehiago), eta gehiago hazi ziren familiaren esparruan gertatutakoak (% 44,10 gehiago) eta, esparru berean, lesiorik gabeko tratu txarrak (% 6,67 gehiago).

2017ko gainerako delituen panorama osatzen dute alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik bide-segurtasunaren kontrako arau-hausteek (% 7,37 gutxiago) eta ordena publikoaren kontrako delituek (% 25,35 gehiago); edonola ere, bi kasuak osotasunaren kopuru global murriztuen barruan daude.

4.834 pertsona eraman zituzten epailearen aurrera

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 2017an erregistratutako arau-hauste penalak, aurreko urtekoarekin alderatuta, % 3,81 hazi baziren ere, bi erakundeek delinkuentziari emandako erantzun koordinatuaren ondorioz, guztira 4.834 pertsona —atxilotu edo ikertu gisa— eraman zituzten epailearen aurrera, delitu penaletan ustez nahastuta zeudelakoan. Kopuru horrek nabarmen egin du gora aurreko urteko kopuruaren aldean (% 8,65 gehiago), eta, hartara finkatu egiten du azken urteetako goranzko joera. Horrenbestez, joera horrek bi polizia-kidegoek delituaren aurrean duten eraginkortasunaren eta inplikazioaren maila islatzen du.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 urria 2017 13:16

 

  • Hautaketa probak gainditu dituzten 32 hautagaiek urriaren 16an ekingo diote prestakuntza-prozesuari, Arkautiko Akademian
  • Udaltzaingorako LEP hau hirian azken 6 urteetan egin den lehena da, eta horri gehitzen zaizkio berriki abiarazitako barne-sustapenerako prozesuak, suhiltzaileen kidegoaren errefortzua eta agintaldia amaitu aurretik egitekoa den deialdia
  • Gorka Urtaranek “Udaltzaingoa modernizatzen  eta herritarrentzako arreta hobetzen” jarraitzeko konpromisoa adierazi du

Alkate Gorka Urtaranek, Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok eta Gasteizko Udaltzaingoaren arduradun nagusiek ongi etorria eman diete Udaltzaingoko etorkizuneko 32 agente berriei, zeinek kalifikazio onenak lortu baitituzte urte hasieran abiarazitako hautatze prozesuan —ia 1.400 hatagai aurkeztu ziren—.

Urriaren 16an ekingo diote udaltzain izateko prestakuntza-prozesuari, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, administratiboki praktiketako funtzionarioak direlarik.

“Gasteizko Udaltzaingoak modernizatzeko eta herritarrentzako arreta hobetzeko asmo handiko planak ditu. Agintaldi honetan auzoko polizia indartzearen aldeko apustua egin dugu, eta duela gutxi genero-indarkeriaren kontra borrokatzeko unitatea zein adingabeena indartu ditugu. Egia da Gasteiz hiri segurua dela, Udaltzaingoari esker neurri handi batean, baina horrek ez du esan nahi ez dugula zer hobetu; besteak beste, herritarrekiko hurbiltasuna eta delinkuentzia mota berrien  kontrako borroka”, nabarmendu du alkateak harrera egiteko ekitaldian.

Udaltzaingorako LEP hau hirian azken 6 urteetan egin den lehena da, eta horri gehitzen zaizkio berriki abiarazitako barne-sustapenerako prozesuak, suhiltzaileen kidegoaren errefortzua eta agintaldia amaitu aurretik Udaltzaingoa indartzeko egitekoa den deialdi publikoa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 urria 2017 12:05

Udaltzaingoak Aingeru Zaindarien eguna ospatu du.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok Udaltzaingoak egunero egiten duen lan bikaina goraipatu du, horri esker Gasteiz Euskadiko hiriburu seguruena bihurtu baita, hots, delitu-tasa txikienekoa. Aingeru Zaindarien eguna ospatzeko Agirrelandan antolatutako ekitaldietan egin duen hitzaldian nabarmendu du Zapaterok poliziaren lana.

Udal buruzagi eta agenteek, talde politiko eta erakundeen ordezkariek, beste segurtasun indar eta kidegoetako kideek eta epailetzako kideek osatutako entzuleriaren aurrean, Herritarren Segurtasunaren zinegotziak zorionak eman dizkio Udaltzaingoari, “gasteiztarren segurtasunaren bermea baita, eta estatu demokratiko ororen oinarrizko zutabe diren eskubide eta askatasunen defendatzailea”.

“Gasteiz hiri segurua egin duzue, eta hori ez litzateke posible izango zuen konpromisorik eta sakrifiziorako eta zerbitzurako espiriturik gabe. Ez litzateke posible izango zuetako bakoitzak lanean duzuen profesionaltasunik gabe”, eskertu du Zapaterok, eta esku-hartze “eredugarriak” nabarmendu ditu, hala nola droga-landaketen suntsiketa, genero-indarkeriaren kontrako borroka edo Andre Maria Zuriaren jaietako antolakuntza berezia, “horri esker Zeledonen jaitsieran beira desagerraraztea lortu baitugu, eta zaurituak eragoztea”.

Bere sailaren kudeaketari dagokionez, Zapaterok aipatu du “ahalegin handia egiten ari” direla “gure polizia gero eta modernoagoa izan dadin eta bitarteko hobeak eduki ditzan, zerbitzu publikorik onena ematearren”.

Besteak beste, ibilgailuen flota berritu izana nabarmendu du zinegotziak, eta laster 32 agente berri sartuko direla Arkautiko Akademian prestakuntza osatzera, zeinak datorren urteko udaberrirako kalean praktikak egiten arituko baitira. “Laguntza garrantzitsua izango da zerbitzu guztiak betetzeko ahalegin handia egiten ari  den plantilla batentzat. Eta halaxe aitortu nahi dut publikoki. Eskerrik asko. Arduradun politikoa naizen aldetik, promozio horri lehenbailehen beste batek jarraitzea da nire asmoa”.

Carlos Zapaterok, halaber, Udaltzaingoaren eta beste segurtasun kidego batzuen arteko koordinazioa azpimarratu du. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie “Udaltzaingoko agente guztien eta bakoitzaren familiei, badakidalako haien sostengua eta ulermena funtsezkoak direla gure poliziek hiriari zerbitzu ona eman diezaioten”.

Hitzaldiaren ondoren, diplomak banatu zaizkie azken urtean erretiroa hartu duten agenteei eta zerbitzuan 30 urte baino gehiago daramaten langileei. Orobat aipamen eta esker berezia egin zaie Iruñeko udaltzainei, Andre Maria Zuriaren jaietako segurtasun antolaketa diseinatzen laguntzeagatik.

Share

Aurrekoak »