Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 maiatza 2019 12:32

CEA Green Lab-ek Gasteizko hiri zuhaiztien onurak erakusten dituen azterlan bat landu du, Udaleko Hiri Paisaiaren Atalarekiko lankidetzan. Osasunaren Mundu Erakundeak ere azpimarratu du berdeguneek eta hiri zuhaiztiek duten garrantzia, onuragarriak baitira herritar ororen osasun eta ongizatearentzat. Gizarte eta osasun alorreko hainbat jarduera onuragarrirekin lotuta egoteaz gain, beste abantaila batzuk dakartzate: airearen kalitatea hobetzea, lurraren infiltrazio ahalmena handitzea edo eguraldiaren eragina arintzea —eta ondorioz, “hiriko bero-uhartea” efektua murriztea—.

Gasteiz 2012an Hiriburu Berdea izendatzeko arrazoietako bat bertako berdeguneen kopurua eta kalitatea izan zen. Hiriaren barruan bakarrik biztanleko 20 metro koadro berdegune ditu, hau da, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duenaren bikoitza gutxi gorabehera. Berdegune horiek nahiko modu orekatuan daude banaturik hirian, eta biztanle orok du berdeguneren bat 2,5 minutura gehienez.

Zehazki, hiriak 115.000 zuhaitz baino gehiago ditu (horietako 3.000 2018an eta 2019ko lehen hilabeteetan landatuak), 285 espezie eta barietatetakoak, baita 330 zuhaixka espezie eta barietatetakoak ere. Hiria hedatzeko garatu ziren hirigintza-planen espazio kudeaketari esker, auzo gazteenek dute zuhaitz kopuru eta dentsitate handiena: Lakua-Arriagak, esaterako, zuhaitzen % 18 du. Industrialdeak eta Abetxuku auzoa dira zuhaitz aberastasun txikienekoak.

Biodibertsitatearen ikuspegitik, hiriko zuhaitzen erdia baino gehiago (% 55,38) espezie autoktonoetakoak dira; horiek mantentze eta ur-kontsumo txikiagoa eskatzen dute, ingurunera egokituta baitaude. Bestetik, kanpoko espezieekiko oreka gorde beharra dago, Europar Batasunak hiriko biodibertsitatearen alorrean dituen irizpideei jarraitzearren. Irizpide hori aplikatzeko formuletako bat Frank Santamourrena da (US Forest Service, 1990), 30-20-10 erlazioan oinarritutakoa: hiriko landaketetan, familia bereko aleak gehienez % 30 izango dira; genero berekoak, % 20 gehienez, eta espezie berekoak, % 10. Gasteizen nabarmen gainditzen da baldintza hori, zeinak izurrite edo gaixotasunik zabalduz gero hiriko zuhaitzek osasun ona izaten jarraitzea bermatzen baitu.

Hain zuzen ere, CEA Green Lab-ek 115.000 zuhaitz horien onurak zenbatu eta duten balioa nabarmentzen dituen azterlan bat landu du, Udaleko Hiri Paisaiaren Atalarekiko lankidetzan. Duela urte batzuk, Estatu Batuetako Baso Zerbitzuak i-Tree ECO software librea sortu zen, hiriko zuhaiztiek ematen dituzten ingurumen onuretako batzuk ikuspuntu biofisiko eta ekonomikotik balioestea ahalbidetzen duen eredua. CEA Green Labek —Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren ekimena, hiria eta inguruko lurraldea iraunkortasunaren laborategi esperimentaltzat hartzen duena— tresna hori baliatu du hiriko kale eta parkeetako zuhaitzek sortzen dituzten ingurumen onurak zenbatu ahal izateko, Eraztun Berdea alde batera utzita, oraingoz.

Lehen datu aipagarria da hiriko zuhaitzek 55.000 tona CO2 biltegiratzen dutela, hau da, hirian lau egunetan isurtzen den guztia, eta urtean ia 2.300 tona CO2 bahitzen dutela, alegia, 400 automobilek urtean isurtzen dutena. Ekarpen handia bada ere, datu horiek pisua galtzen dute hirian urtean dauden emisio guztien aldean, karbono hustuleku handiena inguruko nekazaritzako lurra eta basoak baitira.

Beste partikula kutsatzaile batzuei erreparatuz gero, hala nola ozonoa, NO2 eta partikula txikienak (PM 2.5), hiriko zuhaiztien ekarpena esanguratsuagoa dela antzeman da. Bereziki azpimarragarria da PM 2.5 partikulekin lotutakoa, horiek baitira arnaste gaixotasun gehien sor dezaketenak; izan ere, halako partikularik ez balego 1.450.000 eurotik gora aurreztuko litzateke osasunean. Era berean, nabarmendu beharra dago zuhaitzei esker Udalak 58.000 euro aurrezten duela uholde-uren kudeaketan, urtean 30.000.000 litro ur azalera iragaitzetatik isurtzea eragozten baitute.

CEA Green Lab tresna hori Eraztun Berdean aplikatzekotan da orain, berdegune handi horretako zuhaitzen zerbitzu ekosistemikoak zenbatzea ahalbidetuko baitu. Orain arteko emaitzak ikusirik, hiriko zuhaiztiek airearen kalitatea mantentzeko duen garrantzia egiaztatu da, baina baita gas kutsatzaileen eta berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteak duen urgentzia ere, azpiegitura berdeak bakarrik ezingo baitu klima-aldaketa galgatu.

 

 

 

Share