Prentsa Oharren banner

Dedicatum Gasteiz omenaldian, aho batez eskerrak eman dizkiete pandemiaren aurkako borrokan gehien inplikatu diren kolektibo eta pertsonei.

GORKA URTARAN ALKATEAREN ADIERAZPENAK

Covidaren ondorioz hildakoak oroitu dituzte eta pultsua ahalik eta azkarren berreskuratzeko arduraz jokatzeko deia egin dute, Europa Biltzar Jauregian eginiko ekitaldian.

Eskerrik asko izan da gaur arratsaldean Gasteizko Dedicatum omenaldian gehien entzun dena. Udalak antolatu du ekitaldia, pandemiari aurre egiteko haien denbora eta ahalegina eskaini duten kolektibo eta pertsona guztiak baloratzeko eta eskerrak emateko. Covidak eragindako hildakoen oroimena eta pultsua ahalik eta azkarren berreskuratzeko arduraz jokatzeko deia izan dira ekitaldiaren ardatza, eta omenduak izan diren gizarte-sektoreetako 400 ordezkari bildu dira bertan.

Lehenengo minututik, 2020eko martxotik, pandemiaren ondorioen aurkako borrokan erabat inplikatzea erabaki zuten kolektibo eta pertsonei, batzuk lanetik eta besteak boluntario gisa, hiriak egiten dien omenaldia da Dedicatum Gasteiz. Haien lanari eginiko omenaldiaren aurretik, minutu bateko isilunea egin da eta erreferentzia egin zaie familiaren maitasunik eta babesik jaso ahal izan gabe birusaren eraginez hil ziren pertsonei. Haien oroimena ohoratzeko eta oso gogoan izateko deia egin dute.

Lara Vizueta abeslariak pianoarekin, Ernesto Larcherrek kontrabaxuarekin eta Rakel Rodríguez de Arymuxek zeinuen dantzarekin, gogoetarako eta alaitasunerako uneak eskaini dituzte. Ainhoa Larrañaga abeslari eta aktoreak ere egin du bere ekarpena, abesti bat kantatu baitu ekitaldiko une gorenetako batean. Hasieran, poesiak bere aletxoa jarri du izaera inklusiboa izan duen ekitaldian, eta emozioak agerian izan dira.

Gehien inplikatu diren kolektiboei eginiko aitortza soziala bideo-sorta batean jaso da, eta bertan bildu dira osasun eta komunitateko gizarte-zerbitzuetako ordezkarien testigantzak, merkataritza eta ostalaritzakoenak, garbitzaile eta hondakin-biltzaileenak, enpresa arlokoenak, komunikabide eta telekomunikazioetakoenak, gizarte zibil orokorrarenak, herritarren babesarenak, garraiolari eta logistika arlokoenak, hezkuntzakoenak, kultur eta kirol arloetakoenak eta boluntarioenak.

Hiriaren ordezkaritzan, Gorka Urtaran alkateak hartu du hitza, eskerrak emateko eta konfinamendu garaian leiho eta balkoietako txaloen bitartez soilik adieraz zitekeen esker ona adierazteko. Adierazi du hiria zorretan dagoela pertsona horiekin guztiekin, haien osasuna arriskuan jarriz eta ahalegin guztiekin jarrera eredugarria erakutsi baitute, eta pandemia garaiko historia idazteko ekarpena egin baitute. “Omenaldia egin nahi izan dizuegu gure auzokoen berotasuna eta babesa senti dezazuen. Zuen ekarpenik gabe, ez litzateke posible izango aurrera egitea”, adierazi du. Gainera, emakumeen lana nabarmendu du, bai arlo profesionalean bai boluntariotzan ere.  “Zuen presentzia nabarmena izan da eta harro egoteko arrazoi handia da hiri honentzat. Eskerrik asko”, azpimarratu du.

Esker onak gizarte osoari zabaldu dizkiote, termino orokorretan, “osasun-agintariek ezarritako murrizketa eta neurriekin izan duten errespetu eta konpromisoarengatik”. Horri esker, gaur hemen elkar gaitezke eta pentsatzen hasi, agian, birusa garaitzen ari garela, hau oraindik amaitu ez den arren, eta zuhurtzia handiz jokatu behar da, kaltetutako pertsonen kopuruak gora egin ez dezan”.

Ekitaldiko une berezietako bat izan da pertsona horien guztien artean egurrezko eskultura bat berreraiki dutenean. Pieza asko falta zituen eta erortzear zen eskultura batetik abiatuta, pandemia betean kolpatuta zegoen gizarteari erreferentzia eginez, omendutako pertsonek piezak jarri dituzte, haien lanaren adierazle, eta egitura indartzen lagundu dute. Aurrera egin ahal izan duen gizartea. Hutsune bat soilik geratu da, hil diren pertsonei erreferentzia egiteko, bete ezin den galera baita.

Amaitzeko, aurrera egiteko mezua helarazi dute, gertatu dena ahaztu gabe. Gizarteak aurrera egin behar du eta bere bizi-tonua berreskuratu. Ideia horretan laguntzeko, gazte talde batek Macacoren “Seguiremos” abestia zeinu dantzaz interpretatu du, publikoaren parte-hartzearekin.

Share

Osasun egoera dela eta, azoka bereziak bertan behera geratuko dira irailera arte

  • Ez da baratxurien azoka egingo, ezta Andre Maria Zuriaren jaietako eskulangintza- azoka, Olarizuko erromeriako azoka eta Erdi Aroko azoka ere

COVID-19aren transmisioa eragozteko neurrien barruan, eta osasun-egoerak eskatzen duen zuhurtzia dela eta, Gasteizko Udalak bertan behera utzi ditu azoka bereziak, irailera arte. Prebentzio-neurri horrek Santiago eguneko baratxurien azokari eragingo dio, Andre Maria Zuriaren jaietako eskulangintza-azokari, Olarizuko erromeriako azokari, eta Erdi Aroko azokari (irailaren laugarren asteburuan egin ohi da).

Share

Urriaren 2an (ostirala) amaituko da epea coronavirusari aurre egiteko materiala erosteko laguntza berriak eskatzeko

  • Gelak, maskarak eta manparak erosteko deialdi honetan, Udalak malgutu egin ditu betekizunak, saltegi eta enpresa gehiagotara iristearren

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailak urriaren 2ra arte (ostirala) izango du zabalik epea saltoki eta enpresek osasun krisialdiak sortutako gastuei aurre egiteko laguntza berriak eskatzeko. Bigarren deialdi honek 200.000 euroko aurrekontua du babes- eta higiene-materiala eskuratzeko. Programa Ekonomia Suspertzeko Planean sartuta dago, zeinak COVID-19ak tokiko sare ekonomikoan duen eragina arintzeko asmo handiko laguntzak eta ekimenak biltzen baititu.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatzen dira, baita itxialdian eraldaketa digitalarekin lotuta egin diren inbertsioak ere. Jarduera eten zelarik, ekipoak eta makinak martxan jartzeko beharrezko gastuak ere barne hartzen ditu. Aurkezten diren proiektuek gutxienez 500 euroko inbertsioa aurreikusi beharko dute saltoki, taberna, jatetxe eta ile-apaindegien kasuan, eta 1.000koa gainerako sektoreetan.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “laguntza hauek funtsezkoak dira hiriko sektore ekonomikoen eskari nagusietako bati erantzuten baitiote. Lehen deialdian 300 eskaeratik gora jaso ziren eta orain, elkarteen eskaria aintzat hartuta, malgutu egin ditugu betekizunak, dirulaguntzak merkatari, ostalari eta enpresari gehiagorengana irits daitezen.”

Sektorearen iradokizunek hainbat betekizun egokitzeko balio izan dute. Hala, bigarren deialdian 50 langile baino gutxiago (lehen deialdian 10 langile baino gutxiago) eta urteko negozio-bolumena 10 milioitik beherakoa duten enpresak aurkez daitezke (aurrekoan 2 milioitik beherakoa izan behar zuen). Halaber, kendu egin da negozioaren antzinatasunaren muga (lehen bi urtekoa zen).

Share

Udalak dibulgazio-saio bat antolatu du, ostalaritza-sektoreari eta jatetxeei zuzenduta, COVID-19aren inguruko segurtasun-neurrez

Gasteizko Udalaren Osasun Publikoaren Zerbitzuak saio dibulgatibo bat antolatu du, ostalaritza-sektoreko establezimenduek eta jatetxeek COVID-19aren aurrean bete beharreko higiene- eta segurtasun-neurriei buruz informazioa eta aholkuak eman eta gogoratzeko.

Ordubeteko hitzaldi baten ostean, 30 minutuz galderak egiteko tartea irekiko da gero, ostalaritzako profesionalek zalantzak argitu ahal ditzaten.

Ahalik eta partaide kopuru handiena biltzeko asmoz, hiru bider eskainiko da saio, egun eta ordu hauetan:

Ekainaren 29an, 10:00etan

Ekainaren 30ean, 17:00etan

Uztailaren 1ean, 11:00etan

Ostalaritzan eta jatetxeetan berebiziko garrantzia hartzen du COVID-19aren aurrean segurtasun-neurriak zaintzea, hartara kutsadura komunitarioaren arriskua murrizteko. Era honetako saioek kontsumitzaileen konfiantza indartzen laguntzen dute.

Ekainaren 22tik aurrera eman ahalko da izena, partaide bakoitza saio bakar batean, esteka hauen bidez:

Gaztelaniaz: https://v-g.eus/jornadas-hosteleria-restauracion-covid

Euskaraz: https://v-g.eus/jornadas-hosteleria-restauracion-covid

Pandemiaren aurrean ostalaritzari eta jatetxeei ezarritako neurrien artean daude, esaterako, pertsonen arteko tartea zaintzea, maskarak egoki erabiltzea, lokal eta trenen garbiketa eta desinfekzioa areagotzea, lokalak behar bezala aireztatzea, barran dauden jakiak behar bezala babestea, erabilera konpartituko elementuak (esaterako kartak, eskuzapi-ontziak…) kentzea, eta beste…

Share

Gasteizek partaidetza-organo guztiak aktibatuko ditu, hiria suspertzeko prozesuan lehentasunak zehazteko

  • Borja Rodríguez zinegotziak hiria suspertzeko partaidetza plan berria aurkeztu dio Gizarte Kontseiluari

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek partaidetza-prozesu bat abian jartzeko plan bat aurkeztu du Gizarte Kontseiluari, Gasteizko herritar guztiak covid-19aren pandemiaren ondoren hiria suspertzen inplikatu daitezen.

Gorka Urtaran alkateak lagundurik, Herritarren Partaidetzaren Sailaren arduradunak bere proposamena azaldu du, zeina udaleko organo ezberdinen bitartez informazioa jasotzean, entzutean eta lehentasunen diagnostikoa egitean baitatza. 2020. urtea amaitu arteko ekintzak lehenesteko balioko du lan horrek, baita 2021rako aurrekontuei begira ere.

Ekainean bilera sorta bat egitea proposatu zuen zinegotziak; ahal dela, organoen bilerak aurrez aurre egingo dira, segurtasun-neurriak betez, edo bestela online egingo dira. Besteak beste, hainbat alorretako elkarguneak, auzoguneak eta Eskola Kontseilua bilduko lirateke.

Saioak bi ataletan banatuko dira. Lehenengo, Udalak 2020rako aurreikusi dituen ekintzen barri emango du zinegotzi arduradunak; bigarren zatian, bi galdera hauen inguruan eztabaidatuko da: zein eragin izan du osasun krisiak arlo honetan? zein dira lehentasunez aurre egin beharreko alderdiak?

Borja Rodríguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia: “Gure gizarteko pertsona eta sektore orok zalantzaz betetako egoera berri bati egin behar diote aurre. Covid-aren ondorengo testuinguru honetan inoiz baino gehiago aldeztuko dugu herritarren partaidetza, ezinbestekoa baita udalaren ekintza politikoa aberasteko. Horregatik, partaidetza-organo guztiak biltzeko dei egitea erabaki dugu, herritarrei entzun eta haiek lehentasunezkotzat jotzen dituzten alderdiak jasotzeko”.

Bilerak egin ostean, eta foro guztietan ateratako ondorioak kontuan hartuz, Gizarte Kontseiluak txosten bat landuko du gobernu taldearentzat eta gainerako talde politikoentzat, proposamenak eta lehentasunak zehaztuta aurten egin daitezkeen ekintzei begira, baita 2021rako aurrekontuari begira ere. Herritarren Partaidetzaren Sailak proposatzen du txostena Ogasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordearen aparteko bilkura batean aurkeztea. Azkenik, gobernu-taldeak txosten bat landuko du Gizarte Kontseiluaren proposamenei erantzun arrazoitua emateko, eta zein ekintza hartuko duen aintzat zehaztuko du.

Share