Prentsa Oharren banner

Alkateak Michelin Hirien Sarearen aurrean aurkeztu du Gasteizek pandemiaren ostean bere etorkizunari aurre nola egingo dion

Gorka Urtaran alkateak beste alkate eta klima-aldaketen aurreko estrategian adituak direnekin batera hartu du parte “Hiri-erresilientzia” bideokonferentzian. Ekimena Michelin Hirien Nazioarteko Sareak antolatu du. Hitzorduaren bidez, ekonomia, ingurumen eta gizarte arloko jasangarritasunaren ikuspegiaren pean pandemiak eragin duen trantsizio-etapari aurre egiteko tokian tokitik zer estrategia planteatu duten ezagutu ahal izan dute parte-hartzaileek. Jasangarritasunaren ikuspegi soziala izan da, hain zuzen ere, Gasteizko alkateak bereziki landu duena:

Urtaranek Orain Gasteiz planaren ardatzak zehaztu ditu. Horixe bera da koronabirusak eragindako krisiaren aurrean jarduteko ardatz nagusia eta hauek dira horren oinarriak: osasunaren babesa (eskumena duten administrazioekin elkarlanean), gizarte-ongizatea sendotzea (bakarrik dauden adinekoengan, adingabeak dituzten familiengan eta etxerik gabeko pertsonengan arreta berezia jarrita) eta tokiko ekonomia babestea.

 

Etorkizunera begira, Gasteizko alkateak azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak European Green Deal estrategian hartu duela parte. “Ezinbesteko beharra da etorkizuneko hirietarako”, aipatu du Urtaranek. Gainera, jarduteko beste ardatz bat ere zehaztu du: Garapen Iraunkorrerako Helburuak. Ekimen zehatz horien artean, auzo guztietan gertutasuneko baliabideen proiektuak nola garatzen ari diren azaldu nahi izan du. Bestalde, adibide gisa jarri du supersagarren proiektua, Gasteiz 2030ean CO2 emisioetan neutroak diren Europako 100 hirietako bat bihurtzeko funtsezkoa izango dena. Era berean, energia oinarritzat hartuta, hiriko birgaitze-politikei protagonismoa eman nahi izan die.

Jardunaldian, bestalde,David Millerrek, Torontoko alkate ohiak, ere hartu du parte. Bere ustez, COVID-19ak eragindako krisia hiriak berreskuratzeko aukera izan daiteke, lehentasuna pertsonengan jarrita. Bere hitzaldian, Bridgewater-eko (Kanada) alkatearekin, David Mitchellekin, solasean aritzeko aukera izan du.

 

Porous city network & landprocess enpresako CEOak eta sortzaileak, Kotchakorn Voraakhomek, etorkizuneko krisiei aurre egiteko garaian baliabide hidrikoak eta paisaia-arkitekturaren ikuspegitik horiek behar bezala kudeatzea erabakigarriak izan daitezkeela azaldu du. Jair Alexandre Gonçalvesek, Guarulhoseko (biztanle gehien duen Brasilgo hirietako bat da) Nazioarteko Harremanetarako zuzendariak, udalerri horrek abian duen uholdeak prebenitzeko proiektuaren berri eman du.

 

Bestalde,Jérôme Auslenderrek, Frantziako Clermont-Ferrand hiriko alkateordeak, COVID-19ari aurre egiteko hiri horrek abian jarri dituen neurriak zehaztu ditu. Amaitzeko, tokiko demokrazian nazioarteko aditua den Firdous Oussidhoumek zerbitzu publikoak hobetzearekin lotuta pandemiak berekin ekarri duen ikasbidea azaldu eta hiritarrak horretaz gero eta gehiago jabetzen direla azpimarratu du.

 

Michelin Hirien Sareak, gaur egun, Europako, Amerikako, Asiako eta Afrikako 35 udalerri biltzen ditu. 2019an, Gasteizen egin zuten bigarren kongresua (hirugarrena irailean egingo dute Querétaron (Mexiko)- eta gaur egun Gorka Urtaran da Sareko presidenteordea.

Share

Pandemian 76.300 pertsonari arreta eman dien 41 ekimen publiko eta pribatu jaso dira Gasteizko zaintzen mapan

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak Gasteizko zaintzen mapa prestatu du, eta pandemia garaian hirian aktibatutako 41 zaintza-ekimen jaso dira bertan.

Gizarte arloko zinegotzi Jon Armentiak eta Elkarrekin taldeko Gemma Zubiaurre zinegotziak – aurrekontu-akordioan proiektua honi babesa eman zion taldekoa – zainketen kartografia aurkeztu dute gaur. Bertan, azken hilabeteetan abian jarritako baliabide publiko zein pribatuak aurki daitezke, eta hortik abiatuta, gizartean izan daitezkeen beharrak identifikatu.

Zaintzen mapan 76.300 pertsonari lagundu dioten 41 ekimen jaso dira paperean eta euskarri digitalean. Lagundutako horien % 32 65 urtetik gorako pertsonak izan dira.

Baliabide horietako asko udalak sustatu zituen (14), eta atzetik GKEk, fundazioek, elkarteek eta taldeek sustatutako 12 ekimen ditugu.

Sare honen onuradun izan diren taldeei dagokienez, 41 ekimen horietako 15ek adinekoak izan dituzte hartzaile, 9k herritarrak, oro har, eta 6k haurrak eta nerabeak.

Halaber bada beste datu adierazgarririk ere: ekimenen % 81 emakumeek sustatu edo prestatu zituzten, nagusiki.

Jon Armentiak adierazi duenez, “baliabide horiek aktibatzeak erakutsi digu ezbeharren aurrean gai garela konpromisoa hartzeko, elkartzeko eta pertsonen zerbitzura lan komunitarioa egiteko. Ehunka pertsonak eta dozenaka talde eta erakundek erakutsitako konpromiso horren erradiografia da mapa , eta hilabete hauetan guztietan egin duten lana aitortu eta eskertzeko modua dugu.

Bestalde, Gemma Zubiaurrek adierazi duenez “pandemiak abiarazi zituen zainketa arloko ekimen komunitario guztiak landu ditugularik, sarea indartzea dugu hurrengo pausua, diagnostikoan azaldu diren eskariei erantzuteko. Gizarte gisa bizi dugun egoera zail honek zainketen garrantzia agerian jartzeko eta politiken erdigunean jartzeko balio behar digu”.

Gasteizko zaintzen sarearen mapan ikonoak erabiltzen dira ekimena non sortu edo garatu ziren adierazteko, eta kolore- eta forma-kode bat baliatuta, proiektu bakoitza nork sustatu zuen eta norentzat prestatu zen adierazten da.

Ekimen horietako asko ezagunak dira oihartzun handikoak izan ziren eta. Esaterako, adinekoentzako zentro soziokulturaletako “zurekin gaude” programa, 70 urtetik gorako milaka pertsonaren jarraipena egin eta laguntza telefonikoa eskaintzen ziena; Arabako Maker komunitatearen inplikazioa, bere 3D inprimagailu eta laser-ebakigailuekin NBE-ak prestatu zituena; Abetxukun sortutako Abetxuku Batera plataforma, bizilagunei pandemiak eragindako beharrak asetzen laguntzen ziena, edo Psikopompo ekimen solidarioa, irrati eta telebistak jaso eta banatzen zituena adinekoen bakardadeari aurre egiteko itxialdi garaian.

Antzemandako beharrak

Mapa prestatzeko prozesuan hainbat gabezia antzeman ahal izan dugu.  Administrazioak bat datoz zainketen (zaintzaileak) arloari eta osasun arloari lotutako beharretan. Elkarteen kezken artean osasuna, haurtzaroa, familia eta adinekoak ditugu.

Elkarte eta kolektiboek ekimenak garatzeko dituzten beharrak aztertuz gero, % 20k finantzatzeko zailtasuna azpimarratzen dute; % 18k erakunde publikoekiko koordinazioa eskatzen dute; % 17k herritarren inplikazioa eskatzen dute, eta % 14k zabalkundea emateko beharra adierazten.

Behar horiei irtenbidea emateko, hain zuzen ere, martxoaren 11n eta 12an herritarren laborategi bat egingo da Europa jauregian, eta bertan izango dira unibertsitatea, ikastetxeak, administrazio publikoak, enpresak eta erakunde sozialak.

Horretaz gain, erakusketa ibiltari bat diseinatu da, Zaintzen Sarearen Mapa osatzen duten ekimenak ezagutarazteko herritarrei. Erakusketa hori gizarte etxe, adinekoentzako zentro soziokultural, udal egoitza eta abarretan izango da ikusgai.

ZAINTZA SAREA

 

Share

Kirol eta Osasun zinegotziak hiriko hondakin-uretan egindako ikerketa epidemiologikoaren ekarpenaren inguruko balorazio positiboa egin du

Kirol eta Osasun zinegotziak, Livia Lopezek, SARS-CoV-2ren detekzio goiztiarrerako hondakin-uren epidemiologiaren, farmakoen kuantifikazioaren eta substantzia toxikoen azterketaren inguruko ikerketaren aurretiazko ondorioen berri eman dio Udalbatzari. Aipatutako azterketa Gorka Orive –EHUko Farmazia Fakultateko ikerlaria eta irakasle elkartua– eta Unax Lertxundi –Bioarabako ikerlaria eta Arabako osasun mentalaren sareko farmaziako arduraduna– ikerlariek garatu dute Gasteizko Udalarekin eta Vital Fundazioarekin elkarlanean.

 

Ikerketa-proiektu horretatik ateratako lehen ondorio positiboa izan da hondakin-uretan laginak iragazteko eta jasotzeko sistema zientifikoa ezar daitekeela frogatu dutela (araztegian tratatu aurretik eta ondoren). Gainera, eskasia-egoera batean (ikerketarako beharrezkoak diren materialak falta direnean, erreaktiboak, adibidez) neurketa bikoitza egiteko laborategian azterketa eta lekualdaketa egitea ahalbidetzen du. Prozesu osoan, garrantzitsua da epidemiologiako eta substantzia toxikoen azterketan erreferentziazkoak diren laborategiekin batera egindako elkarlana.

 

Apirilaren 28an jaso zituzten lehen laginak Krispiñako araztegian eta neurketa-leihoak uztailaren 13ra arte iraun zuen. Une hartan, Osasun Ministerioak hartu zuen bere gain Gasteizko eta beste 19 hiritako hondakin-uraren laginak hartzeko lana. Estatu mailako azterketa hark Euskadiko hiriburuak ordura arte zuzendutako lana etetea gomendatzen zuen, hala bikoizketak ekiditeko.

 

COVID-19a detektatzeko egindako ikerketako emaitzei dagokienez, jasotako azterketa guztien emaitzak negatiboak izan ziren. Hain zuzen ere, orduantxe gertatu zen infekzioaren gelditzea eta koronabirusagatiko infekzio-kasuen jaitsiera. Gerora, Ministerioaren azterketak hondakin-ur haietan emaitza positiboak jaso zituen, pandemiaren bigarren olatuarekin batera.

 

Lortutako beste emaitza batzuk metabolitoetan detektatutako substantzia toxikoei dagozkie. Hain zuzen ere kontsumoak sortzen ditu horrek. Horrekin lotuta, oraindik ere behin-behienekoak diren emaitza hauek erregistratu ziren:

 

  • Alkohola – 28 mL/egun/biztanle – pandemia aurreko mailetan oinarrituta, inguruko beste hiri batzuetakoaren antzeko mailan dagoen adierazlea.
  • Nikotina – 2,7 mg/egun/biztanle – eguneko eta biztanleko 3,4 zigarroren kontsumo baliokidea. Datu horrek baieztatu egin du tabakoaren kontsumoa pixkanaka gutxitu egin dela Euskadi.
  • MDMA (estasia) – 21 mg/egunean/1000 biztanle – kasu honetan ere azterketa berbera egin duten beste Europako hiri batzuetan lortutako antzeko datuak topatu dituzte.
  • Kokaina – 288 mg/egunean/1000 biztanle – beste hiri batzuen inguruan (Berlin, Milan edo Brusela, adibidez) lortutako balioen antzeko mailak lortu dituzte. Horietako kontsumo balioak ertainak direla esan dezakegu.
  • Anfetaminak – 335 mg/egunean/1000 biztanle– gainerako substantzia toxikoekin alderatuta, horixe da erregistratutako datu altuena eta Gasteiz (inguruko hiriekin batera) posizio altuan kokatu du Europako hiriekin egindako sailkapenean. Gorka Orivek eta Unax Lertxundik azken datu horrekin lotuta azpimarratu dutenez, beharrezkoa da neurketa konparatiboak egitea lortutako emaitza hori egiaztatu, haztatu eta testuinguruaren arabera zehaztu ahal izateko.

 

Livia Lópezek Gasteizko ikerketa- eta zientzia-komunitatearen inplikazioari balioa eman nahi izan die aurten bizi izan dugunaren moduko horren une zailean<0} Era berean, ikerketa zientifikoak errealitatea hobetzeko eta ezagutzeko lagungarria den tresna gisa duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Izan ere, zehaztasun zientifikoko irizpideak eskaintzen ditu, eta gero neurri edo ekintza politikoak hartzeko baliagarriak izan daitezke.

 

Kirol eta Osasuneko zinegotziak, Livia Lópezek, aipatu duenez, egindako lana tokiko gobernuaren jarduerarako lagungarria izango da: “Lortutako emaitzak kontuan hartu eta lanari ekingo diogu azterketa hori sakontzen eta beharrezko zuzenketa-faktoreak baloratzen saiatzeko, gero tokiko politiken baitan aplikatu ahal izango diren ondorioak lortzeko”.

Share

Gasteizko liburutegiak normaltasunera itzuliko dira uztailaren 1etik aurrera

  • Erabiltzaileak aurretik hitzordua eskatu gabe joan ahalko dira udal baliabide horietara

Udal Liburutegien Sareak zerbitzu guztiak martxan jarriko ditu uztailaren 1etik aurrera, osasun-alertaren ondorengo normaltasun berrira egokitzeko beste urrats bat eginez.

Gasteizko gizarte etxeetako baliabide horien erabiltzaileak zuzenean joan ahalko dira bertara, aurretik hitzordua eskatu beharrik gabe, eta nahi dituzten liburuak, diskoak edo filmak eraman ahalko dituzte maileguan, baina ezingo dute erreserbarik egin.
Gainerako zerbitzuak ere martxan jarriko dira, hau da, aretoko kontsultak, fotokopiak eta ordenagailuak. Nahi dutenek, halaber, bertan ikasteko aukera izango dute.

“Horrenbestez, uztailaren 1etik aurrera Udal Liburutegien Sarearen araudi orokorra jarriko dugu indarrean, oraingo egoerari egokitzeko neurriak hartuta. Edukiera kontrolatuko da, ehuneko 60koa izango baita gehienez, eta 1,5 metroko segurtasun distantzia gorde beharko da”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Liburutegira sartzeko ezinbestekoa izango da dagokion txartela eramatea eta eskuak gel desinfektagarriz garbitzea, eta aretoan egon bitartean maskara erabili beharko da. Familia liburutegira doazen 6 urtetik beherako umeek ez dute erabili beharko.
Liburuak eta bestelako dokumentuak itzultzeko kutxa bat jarriko da liburutegiko sarreran, eta bertan utzi beharko dituzte erabiltzaileek. Liburutegia itxita dagoenean, itzulketa-ontzia baliatu ahalko da.

“Zuhurtziazko neurri gisa, itzultzen diren dokumentuek zazpi eguneko koarentena igaroko dute, eta epe hori bukatutakoan, beren lekuan jarriko dira berriro, katalogoan erabilgarri”, zehaztu du Cantok. “Uda iristearekin batera, garai honetako mailegu berezia jarriko da martxan, hau da, sei liburu, sei CD eta sei DVD eskatu ahalko dira”, erantsi du.

Ordutegiak kontsultatu

 

Share

Mendizorrotza, Aldabe, Hegoalde eta Ibaiondoko igerileku estaliak jendearentzako irekita izango dira uztailan, segurtasun-protokolo berariazko batekin

 

Udalaren kirol instalazioetan uztailaren 1ean hasiko den udako kanpainan, jendearentzako irekita izango dira Mendizorrotza, Aldabe, Hegoalde eta Ibaiondoko igerileku estaliak ere, Mendizorrotza eta Gamarrako aire zabaleko igerilekuez gain. Igerileku estalietan segurtasun-protokolo berariazkoa izango dute.

 

Hori bai, kanpoko igerilekuetako aurretiko hitzorduaren baldintza berei eusten zaie.

Hori bai, aire zabaleko igerilekuetako aurretiko hitzorduaren baldintza bera bete beharko da: sistema beraren bidez erreserbatu beharko da (72 ordu lehenago eta egunero igeri egiteko saio bat erreserbatuz), zein Udalaren kirol instalazioetako abonatuei eskainiko baitzaie beste inori baino lehen. Erabilera-maiztasunak ahalbidetuz gero, baloratu egingo da sarrerak erosteko aukera.

 

Irekiera-aldi espezifikoak honako hauek izango dira:

  • Uztaila: Ibaiondo, Aldabe, Hegoalde eta Mendizorrotza
  • Abuztua: Ibaiondo eta Mendizorrotza 17ra arte eta Iparralde 17tik aurrera.

 

Instalazioetara sartzeko, maskara eraman beharko da nahitaez, eta eskuak garbitzeko guneak paratuko dira tarteka-tarteka. Erabiltzaile bakoitza 90 egon ahalko da, gehienez ere, igerilekuan, horietatik 15 ,minutu sartu eta prestatzeko, 45 minutu ur-ontzi barruan egoteko, beste 15 minutu irteteko, eta, azkenik, 15 minutuko tartea hurrengo taldea sartu dadin. Zirkulazioaren noranzkoak errespetatzeko gomendatuko da, jende-metaketak saihesteko.

 

Aldagelak irekita egongo dira, edukiera mugatuan, eta segurtasun-tartea adierazteko seinalez jantzita. Nahitaez erabili beharko dira leihatilak, eta norberaren gauzak leihatilan gordetzeko plastikozko poltsa erabiltzea eskatuko da. Segurtasun-arrazoiak tarteko, ezin izango dira aldageletako dutxak erabili. Nolanahi ere, igerilekuaren ibilbideko dutxak erabiltzeko moduan egongo dira, eta derrigorrezkoa izango da igeri egin aurretik eta igeri egin ondoren dutxak erabiltzea.

 

Ur-ontzian gehienez ere 2 pertsona egon ahalko dira kale bakoitzean. Kirolari federatuentzako erabilera ekainaren 15etik dago martxan, eta diziplina desberdinetarako protokolo espezifikoekin batera doa.

Share