Prentsa Oharren banner

Udalak Gabonetako argiztapenaren osagarri, bola argitsu handi bat jarri du Andre Maria Zurian

  • Gasteiz ON elkartearen eskutik, erdiguneko plaza 12 metroko apaingarri batekin dekoratuko da

12 metroko diametroa duen gabonetako bola batek apainduko du Andre Maria Zuria plaza Gabonetan. Gasteizko Udalak Gasteiz ON merkatarien elkartearen eskutik eta Arabako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean bultzatutako argi-egitura originalak aurtengo Gabonetako argiztapena osatuko du, Gasteizko zentro neuralgikoa apainduz.

“Une egokia da jendea tokiko eta hurbileko merkataritza aukeratzera bultzatzeko, gainerako kontsumo-aukeren aurrean. Horregatik, Gabonetako kanpaina hau bereziki dinamizatuko dugu, sektorearen beraren eskutik, besteak beste, argiztapenean inbertituz”, adierazi du Maider Etxebarria alkateorde eta Sustapen Ekonomikoko zinegotziak.

Udal Sustapen Ekonomiko, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak Gabonetako argiztapena hobetzeko ahalegina egin du aurten. Izan ere, herriko merkataritzak fakturaziorik handiena izan duen garaietako bat izan da abendua, eta pandemia hasi zenetik behera egin du kontsumoak. Argi-kontratuaren esleipenduna Iluminaciones Ximenez izan zen, Vigo, Madril, Malaga eta Iruñea bezalako hirietako Gabonetako dekorazioaren ardura duen enpresa bera. Andre Maria Zuriaren Gabonetako bolaz gain, eta Gasteiz On elkartearen eskutik, pinu itxurako beste argi-egitura bat izango du aurten Gasteizek Arka plazan. Argiak abenduaren 4an, ostiralean, piztuko dituzte.

Share

Eguberrietako argiak jartzeko lanak hasi dira. Tamaina handiagoko arkuak izango dira

  • 2020ko berrikuntza nagusia: ia berrehun zuhaitz argiztatuko dira hiri osoan, baita Floridako kioskoa ere
  • Iluminaciones Ximénez enpresari adjudikatu zitzaion Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren kontratua

 

Atzo ekin zien Gasteizko Udalak Eguberrietako argiak jartzeko lanei. Tenkatzeko kableak jarri ondoren, hurrengo asteetan jarriko dira argi-arkuak, zuhaitz eta faroletako apaingarriak eta argi-irudiak. Ekonomia Sustapeneko, Enplegurako, Merkataritzako eta Turismoko Udal Sailak 165.000 euro inbertituko ditu, 2019an baino% 33 gehiago, urteko kontsumo handieneko kanpainetako bat pizteko.

Iluminaciones Ximénez enpresari adjudikatu zaio aurten argiak jartzeko tramitatutako kontratua, besteak beste Vigo, Madril, Malaga eta Iruñeko Eguberrietako argiez arduratuko den enpresari —2014 eta 2017an ere berak instalatu zituen argiak, Gasteizen—.

“Urte zail honetan, argiztapena hobetzeko ahalegina egin dugu, kaleei poztasun pixka bat emateko eta, horrela, merkataritza lokalari laguntzeko Eguberrietako kanpaina berezi hau dinamizatzen”, adierazi du alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak.

Arku handiagoak

Langileak laster jartzen hasiko diren apaingarrien artetik, nabarmentzekoa da Floridako kioskoan jarriko den argiztapena, hiru dimentsioko elementu handiak instalatuko baitira. Gainera, Gasteizko birika berde horren 200. urteurrena dela eta, Floridako ibilbideko 31 zuhaitz ere argiztatuko dira.

Gasteizko hainbat kaletan jarriko diren arkuei dagokienez, horien tamaina izango da deigarriena, batez beste bi metroko altuera izango baitute. Orobat nabarmenduko dira proposamenetako batzuen koloreak eta originaltasuna —horietako asko Arabako hiriburuan inoiz ikusi gabeak dira—. Lerro aratz, kolore epel eta urre-kolorekotzat deskribatu ditu enpresak berak.

Estetika berari erantzungo diote udaletxearen eta Goiuri jauregiaren fatxadek, horiek ere argiztatuko baitira, ohi denez.

200 zuhaitz argiztatu inguru

Argiztatuko diren zuhaitzen kopurua handitzea erabaki du Maider Etxebarriak gidatzen duen sailak. Guztira, 194 zuhaitz apainduko dira Eguberrietarako —joan den urtean 154 izan ziren—. Zehazki, zuhaitz argiztatu gehiago izango dira Vicente Goikoetxea kalean eta San Anton plazan; Independentzia kalean, berriz, hogei zuhaitz argiztatuko dira, joan den urtean bezala. Andre Maria Zuriaren plazen ere, lehenengo aldiz, 4 zuhaitz argidun izango dira.

Aurrekoetan bezala, abenduko lehen asteburuan piztuko dira argiak. Zehazki, abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra bitartean egongo dira piztuta.

 

Share