Prentsa Oharren banner

Larrugile kaleko merkatari eta bizilagunekin bilera, kale hori Eguzkilore eremua bihurtzeko aukera aztertzeko.

 

-Lanak datozen asteetan egitea aurreikusita dago

Udalak aurrera jarraitzen du hirian superetxadiak bultzatzeko planarekin, gune komunak izateko aukera emango duten topaguneak sortuz. Zentzu horretan, Larrugile kalea Eguzkilore eremua bihurtzeko proposamena aurkeztu diete, gaur, kale horretako bizilagun eta merkatariei Gorka Urtaran alkateak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren arloko zinegotzi Raimundo Lopez de Escuderok. Lanak datozen asteetan egitea aurreikusita dago. Azken hilabeteetan beste gune batzuetan egindako ekimenei gehitzen zaie hau, hain zuzen ere San Antonio kalekoari eta Judimendi eta Adurtzako zenbait gunetakoei.

 

Larrugile kaleko diseinu berriak Veronica Werckmeister artistak diseinatutako eguzkilore batzuk izango ditu marraztuta kalearen sarrera-irteeretan. Elementu horiek gune babestu batera sartzen dela sinbolizatuko dute, oinez ibiltzeko, jolasteko eta gozatzeko gune batera. Eguzkiloreen marrazkiak dituzten seinaleak eta S28 seinalea jarriko dira, oinezkoentzako lehentasun-eremu bat dela adierazten duen testuarekin batera.

Gaur goizean proposatutako diseinu berriaren ezaugarri deigarrienetako bat kale guztia zeharkatuko duen zebrabideasimetriko’ moduko bat da, oinezkoentzako lehentasunezko espazioa dela gogorarazteko. Bide-marra horiek hainbat neurri izango dituzte, eta piktograma berriek indartuko dituzte, beste erabilera batzuk sustatzeko: haurrak jolasean, bizikletak…

Bizikleta-aparkalekuak eta hiri-altzariak –loreontziak eta eserlekuak, besteak beste– jartzea proposatzen da. Gainera, ostalaritza-establezimenduek mahaiak galtzadara ateratzeko aukera aurreikusi da. Bizikletak galtzadatik zirkulatu ahalko dira, baimendutako erabileretako bat izango baita. Hori bai, bidegorririk gabe, bide horren erabilera partekatua izango baita eta oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko baitute.

Oinezkoentzako espazioa irabazteko formuletako bat, lineako aparkalekuak bateriako aparkaleku bihurtzea izango da, kale-zatika antolatuta. Batzuetan aparkalekuak kalearen alde batean jarriko dira, eta beste batzuetan, beste aldean. Horrenbestez, orain arte ibilgailuek erabiltzen zituzten espazioetako batzuk libre geratuko dira. Era berean, motorrentzako aparkalekuak ere sortuko dira.

Datorren urtean Julián Apraiz kalean ere antzeko zerbait egiteko asmoa dagoela jakinarazi du udalak bileran.

 

Share