Prentsa Oharren banner

Alkatetza Sailak laguntzak emango ditu covid-19ak eragindako egoeran ehun sozial eta komunitarioa indartzeko

Banakoek, taldeek, sareek eta gizarte-eragileek proiektuak garatzeko poltsa baten oinarriak argitaratu dira gaur webgunean 

Ekimen bakoitzak gehienez 4.500 euro jaso ahalko ditu, eta bi proiektu aurkeztu ahalko dira

 

 

Alkatetza Sailak laguntzak emango ditu covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko hemendik urte bukaerara arte egiten diren ekimen komunitarioetarako.   Gaur argitaratu dira webgunean ehun soziala arlo komunitariotik sendotzeko proiektuetarako berariazko poltsa bat osatzeko oinarriak, zehazki, lehenagotik egoera prekarioan zeuden jendearen artean lantzekoak: ezkutuko lanean dihardutelarik egunean eguneko diru-sarrerekin bizi direnak, sexu-langileak, etxe barruko langileak, guraso bakarreko familiak, indarkeria matxistaren biktimak, dokumentuen aldetik egoera irregularrean bizi direnak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak, buru-osasuneko arazoak dituztenak, bizitegi-bazterketako egoeran daudenak… Udalak 90.000 euro erreserbatuko ditu proiektu poltsa horretarako, berdintasunarekin, gazteriarekin eta aniztasunezko bizikidetzarekin lotutako ekimenak indartzearren.

“Alarma-egoerak agerian utzi du zerbitzu asko feminizatu eta prekarizatuta daudela, hain zuzen ere ezinbesteko gertatu diren zerbitzuak: osasun alorrekoak, gizarte-zerbitzuak, supermekatuetako kobratzaile eta apal-hornitzaileak, garbitzaileak, zaintzaileak, etxez etxeko banatzaileak eta beste. Arreta egin behar genieke indarkeria matxistari; familiako indarkeria, isolamendu eta bakartasunari; ahultasun-egoeran egonik konfinamendurako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzetan bizi diren pertsonen egoerari; alegia, lehenik ere hortxe zeuden eta alarma-egoerak okerragotu dituen egoerei egin behar zaie arreta, eta sistema osagarriak asmatu ahulezia-egoera eta indarkeria atzemateko, kasu horiek bideratu eta arreta eskaintzeko. “Orain Gasteiz” planaren ildotik, ez dugu nahi inor atzean gera dadin, eta publikoaren eta komunitarioaren arteko ekimen multzo bat proposatzen dugu”, nabarmendu du Berdintasunaren, Gazteriaren eta Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Deialdira aurkeztu ahalko dira helbidea Gasteizko udalerrian duten banakoak, taldeak, sareak eta gizarte entitateak, baldin eta haien edukiak une honetan Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Sailaren menpeko Berdintasun Zerbitzuan, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuan eta Gazteria Zerbitzuan indarrean dauden lan-ildoei erantzuten badiete.

Proiektu poltsa 2020ko ekitaldia amaitu arte egongo da indarrean, eta horren kargura finantzatu gabe geratzen diren proiektuak etorkizunerako kontuan har litezke.

Proiektu bakoitzean, hura garatzeko formaturik egokiena aurkeztu behar da, betiere lortu nahi diren helburuak eta xede taldea aintzat hartuta. Horretarako estrategia ezberdinak erabili ahalko dira: sareak osatzea, informazio-kanpainak, trukeak, bisitak, ikuskizunak, topaketak edo lantegiak. Metodologia aktibo, inklusibo eta parte-hartzaile baten arabera garatu beharko dira proiektu guztiak, hartzaileen erritmo, lan-prozesu eta ezaugarriak aintzat hartuta,

Nolanahi ere, indarreko araudiak edukiera mugatzeari, espazioak konpartitzeari, segurtasun-tarteei eta abarrei buruz ezartzen duena errespetatu behar da beti.  Proposamenek kontuan hartu beharko dituzte beste metodologia aukera batzuk, baldin eta  proiektua garatu bitartean covid-19ak berriro ere goraka egiten badu.

Proiektuak aurkezteko epea 2020ko ekainaren 17an hasiko da, eta 30ean amaituko, biak barne. Dokumentazioa bi modutan aurkeztu ahalko da: egoitza elektronikoan edo herritarrei laguntzeko bulegoetan, euskarri digitalean.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, proiektuko, 4.500 euro izango da, BEZa barne. Bi proiektu aurkeztu ahalko dira gehienez.

“Pandemiari eusteko neurriek eta krisialdiak oso ondorio desberdinak izan dituzte, baina ondorio gogorragoak jasan dituzte lehenik ere behin-behinekotasun egoeran zeuden kolektiboek, jarduera-tasa txikiagoak eta aldibatekotasun-tasa, azpienplegu eta soldata-arrakala handiagoak dituztenek. Gazteen kolektiboa da kaltetuenetako bat, ez hainbeste osasun-egoeraren ondorioz, baizik eta horrek eragin duen krisi ekonomikoagatik; aldi berean, proposamen solidarioak egiterakoan kolektibo aktiboenetako bat da, edonolako plataforma, mugimendu, sare eta lankidetzak sortzen baitituzte“, azaldu du Miren Fernández de Landak.

 

Share