Prentsa Oharren banner

Animaliak Babesteko Zentroa zabaltzeko eta hobetzeko proiektu berria aurkeztu dute

  • Txakurrentzako ostatu guneak ugaritu dituzte beste 32 txakurtegirekin
  • Aisialdiko guneetan 3.500 metro koadro gehituko dituzte
  • Administrazioko eraikineko instalazioak berriro banatu eta handituko dituzte

 

Animaliak Babesteko Zentroa erreformatzeko proiektua

Kirol eta Osasuneko zinegotziak, Livia Lópezek, Gasteizko Udalaren Animaliak Babesteko Zentroa erreformatzeko proiektua aurkeztu die Animalien Elkarbizitzarako, Defentsarako eta Babeserako elkargunean parte hartzen duten kolektiboei. Obrak 1.100.000 euroko lizitazio-aurrekontua du eta, horri esker, zentroak animaliei modu espezifikoan eskaintzen dien eremuan eta administrazioko eta albaitaritzako lanak egiten diren eraikinean zentroak instalazio berriak izango ditu. Bestalde, Animaliak Babesteko Zentroaren ondoko guneak egokitu egingo dira txakurrentzako aisialdi gune izan daitezen.

 

“Gasteizko Udalak animalien ongizatearekin lotuta bere gain hartu duen konpromisoak urrats berri bate ematea ahalbidetzen digu. Animaliak Babesteko Zentroaren erreforma bertako animalien arreta hobetzeko, lan-baldintzak hobetzeko eta instalazioetara joaten direnen arreta hobetzeko funtsezko proiektua da. Funtsezko erreforma egingo dugu Animaliak Babesteko Zentroa  behar berrietara egokitzeko. Horrek gainazala zabaltzea eta eremu ugarien banaketa hobetzea ahalbidetuko digu”, zehaztu du Livia Lópezek.

 

 

Esku-hartzeen bloke handia animalien eremuan

 

Zabalkuntza-lan nagusiaren bidez, txakurrei ostatu emateko 32 txakurtegi berri eraikiko dituzte. Nabe itxura duen eraikuntza da eta behar bezala garbitu eta desinfektatu ahal izateko uren kanalizazioko eta drainatzeko sistema eta material egokiak erabiliko dira horretarako. Txakurtegiek zoru bero-emaileko sistema izango dute beharrezkoa denean txakurrentzako guneak girotu ahal izateko. Eremu horretan itxituren bidez egokitu ahal izango da instalazioetan sartu berriak diren txakurrek koarentena egiteko gunea.

 

Txakurtegi bakoitzak elikagaiak hornitzeko eta sartzeko sistema modernoak izango ditu eta, horri esker, zaintzaileen segurtasuna erraztu eta animalien erosotasuna hobetuko dira garbiketa-prozesua egitean. “32 txakurtegi berri hauekin, batez ere, Animaliak Babesteko Zentroan dauden animalien egonaldiko baldintzak hobetuko ditugu; izan ere, bakoitzak bere gunea izango du.”, aipatu du Kirol eta Osasuneko zinegotziak.

 

Era berean, Animaliak Babesteko Zentroan sartu berriak diren katuentzako koarentenarako gune berria egokituko da haien osasun-egoera monitorizatu ahal izateko. Osasun-arazoren bat detektatuz gero, katu horiek bi gune berritara eramango lituzkete; haietako bat arnas-gaixotasunarekin lotutako kasu espezifikoetarako izango da, eta bestea gainerako patologietarako. Bestalde, koarentena behar bezala amaitu duten katuentzako eta infekziosoak ez diren gaixotasun edo prozesuak dituztenentzako hirugarren gune bat ere aurrez ikusi dute.

 

Amaitzeko, kanpoan ere gune bat izango dute katuek haien bizimodua erdi-askatasunean egin dezaten. Gune horretako animaliek adoptatu ahal izateko baldintzak beteko dituzte. Gune honek izan ezik, gainerako esparruek girotze-sistemak izango dituzte.

 

Animaliak Babesteko Zentroa berritzeko proiektuak animalientzako zonalde barruan beste gune osagarri batzuk ere jasotzen ditu.

 

  • Eriondo dauden, ebakuntza ondoren suspertzeko, txakurkumeen kumaldietarako edo zainketa berezietarako gune espezifikoa.
  • Txakurrak eta katuak ez diren beste espezie batzuetako animalientzako eremua (hegazti exotikoak, adibidez).
  • Hiru biltegi elikagaiak, laneko makina eta tresnak, garbiketa-produktuak, parasito-kontrakoak eta abarrak behar bezala kudeatzeko.
  • Garbigailu industriala duen gunea askak eta uraskak zein katuentzako hondar-erretiluak garbitu eta desinfektatzeko. Eremu honetan bertan egin ahal izango dituzte ile-apainketako lanak.

 

Zonalde ugariak lotzen dituzten korridoreak eta ibilbideak biosegurtasuna kontuan hartuta diseinatu dituzte. Hala, ahalik eta gehien mugatuko dira gune garbien eta zikinen arteko kutsadura gurutzatuak, instalazioetako erabiltzaileen eta langileen segurtasuna ere kontuan izanda.

 

 

Txakurrentzako aisialdirako gune berriak

 

Aldi berean, eraikinaren iparraldean txakurrak paseatzeko eta haien aisialdirako hiru gune berri egokituko dituzte. Haien gutxi gorabeherako azalera 3.500 metro koadrokoa da. Hesituta eta elkarri komunikatuta egongo dira.

 

Eremu horietan, kontrolatutako talde txikitan edo banaka paseoak egin ahal izango dituzte, eta “agility” eremua instalatu ahal izango da.

 

 

Administrazio-eraikina zabaltzea eta berriro banatzea

 

Gaur egungo eraikinaren azalera handitu eta banaketa hobetuko dute. Administraziorako eremu bat egongo da, bulegoekin eta arreta emateko guneekin. Hiritarrek instalazioetara sartzeko eta harrera jasotzeko gaur egun erabiltzen dutena da.

 

Gainera, Animaliak Babesteko Zentroak adopzio arduratsuarekin eta animalien ongizatearekin lotuta betetzen duen lana hedatzeko jarduerak egin ahal izateko, ikasleen taldeei harrera egin ahal izateko erabilera anitzeko areto bat ere gehitu dute. Horrez gain, Zentroko langileentzako eremua hobetuko da aldagela eta komun propioekin.

 

Bestalde, “albaitaritzako” eremua berrantolatu eta handitu egingo da sendaketen gela, ebakuntza-gela independente bat eta albaitaritzako langileentzako bulego bat sortuta.

 

Eraikineko sarbide ugariak diseinatzeko garaian, kontuan hartu da bertan egiten diren lanak modu bereizian egin behar direla, barneko langileen zein hiritarren joan-etorriak antolatuta. Eraikinerako sarbidea ere berritu egin da eta hemendik aurrera estalitako gunea izango du. Ibilgailuak aparkatzeko gunea berriro urbanizatuko da. Horren arabera, autobusek bertara sartzeko aukera izango dute eta edukiera handituko da.

 

Amaitzeko, animaliak jasotzeko ibilgailuentzako sarrera independente bat sortu da animalien estresa minimizatu eta biosegurtasuneko neurriak errespetatu ahal izateko.

 

Animaliak Babesteko Zentroko instalazioak 1983an ireki zituzten eta Udalak 1989an hartu zituen bere gain. Harrezkeroztik, orain arte, zentroa eraldatu eta garatu egin da, 30 urte pasatxo hauetan sortu diren beharrei erantzuteko, bai animaliak zaintzeko eta haiei arreta emateko moduagatik, bai zabalkunde- eta prestakuntza-jarduerengatik.

Share