Prentsa Oharren banner

Ekonomia-Sustapenaren Sailak 445 enpleguren sorrera sustatu du Gasteizen, pandemia hasi zenetik hona

  • Sailak eta EHUk antolatu duten Enplegu Foroak 61 enpresa eta entitate ere bildu ditu, zeinek beste 413 lanpostu eskaini baitituzte

Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak Gasteizen 445 lanposturen sorrera sustatu du, zuzenean, pandemia hasi zenetik hona. Batetik, tokiko enpresek bideratutako 222 kontratu finantzatu ditu udal-laguntzekin, 450.000 euroko partida baten bidez. Bestetik, Eskualde Planaren azken deialdian 124 pertsona kontratatu ziren Udalean lanean jarduteko. Horrez gain, Gazte Planaren azken deialdiaren bitartez beste 44 pertsona kontratatu ziren. Azkenik, Udalak lanbideren eskutik eskaintzen dituen Kontratatzeko Laguntzek 55 kontratu finantzatzeko aukera eman dute; deialdi hori irekita dago oraindik, ekainaren 30era arte.

Gureak eta bost egin ditugu galdutako lanpostuak berreskuratzera –lehengo baldintza beretan edo hobeagoetan– zein aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzera. Ez da nahikoa enplegua sortzea, enplegu hori duina eta kalitatezkoa izan behar du”, esan du Enpleguko zinegotzi Igor Salazarrek.

Kontratuen finantziazio zuzenaz gain, Sailak bultzatu egin du enpresen kontratazioa, Udaleko teknikarien bitartekaritza eta orientazio bidez. Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak apirila eta maiatza artean antolatutako Empleo Gune foroak guztira 413 lanpostu eskaini dituzten 61 enpresa eta entitate bildu ditu. Lehen aldiz online egin da Foroa (Donostian eta Bilbon aurrez aurre egitearen aldeko erronkan tematuta, bertan behera utzi behar izan zuten) eta orain arteko daturik onenak eman ditu, 1.700 pertsonak eman baitzuten izena.

Halaber, Ekonomia-Sustapenerako Sailaren orientazio eta bitartekaritza zerbitzuak, Lanbiderekin lankidetzan arituta, orientazioa jaso duten pertsonen arteko % 34,23 laneratzea lortu du; bi urteko epean mila pertsona inguru artatu ditu zerbitzuak. Bitartekaritzari dagokionez (hots, enpresek eskatzen dituzten profil profesionaletara aurkezten direnen kudeaketa zuzenekoa), 2020an soilik 112 lanpostu bete zituzten Udalaren Enplegu Zerbitzuak berak proposatutako hautagaiek.

Maiatzean 16.044 langabe zeuden Gasteizen, iazko apirilean baino 749 pertsona gutxiago. Langabezia-tasaren daturik onena da 2020ko otsailetik hona.

“Itxaropena pizten diguten adierazle positiboak agertzen hasi dira, baina helburua, oraindik ere, galdutako enplegu guztia berrekuratzea da, eta enplegu horiek duin eta kalitatezkoak izatea”, baloratu du Enpleguko zinegotzi Igor Salazarrek.

Share