Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 maiatza 2019 11:50

Gasteizko Udalak abian jarri du bertako merkatariak teknologia berrien esparruan profesionalizatzeko beste prestakuntza-jarduera bat. Azken hilabeteotan ikastaroak eta saioan egin dira online kokatzeari, merkataritza elektronikoari eta telefono mugikorraren bidezko marketin-estrategia berriei buruz, besteak beste, eta orain beste prestakuntza-programa bat gehituko zaie, gai hau duena: nola proiektatu saltegia sare sozialetan ikus-entzunezko baliabideak erabiliz.

Ekainaren 10etik 25era bitartean egingo da ikastaroa, zortzi saiotan, eta saltegi bat sustatzera bideratutako ikus-entzunezko edukiak prestatzeko prozesu osoari helduko dio. Negozioaren eta bezero potentzialen azterketa abiapuntu hartuta, publiko xedeari zuzendutako sustapen-bideoak prestatzeko teknika espezifikoetara iritsiko da. Prozesu horretan, ezagutzak eskuratuko dira ikus-entzunezko edukiak hedatzeko egokienak diren sare sozialei buruz, baita argazkigintza-, grabazio- eta argiztapen-baliabiderik egokienei buruz ere.

Webgune, merkataritza elektronikoko gune, marketplace edo sare sozialen bitartez Interneten dauden Gasteizko merkataritza-enpresa txikien titularrei zuzendua da ikastaroa. Haiek kontuan izanda, prestakuntza-programa nagusiki praktiko bat diseinatu da, honako alderdi hauek irakasteko asmoz: nola bereizi zer erakutsi behar den enpresari buruz, zer formatu den egokiena, zer eduki aukeratu eta bezeroen edo eskainitako produktuaren arabera nola erakutsi hori guztia sare sozialik egokienean.

Saioak 15:00etatik 17:00etara izango dira, CETICen (Castro Urdiales, 10), eta antolatuta daude hartzaileek lana eta prestakuntza bateragarri izateko moduan. Doakoak izango dira, eta izena online eman daiteke.

“Duela lau urte abian jarri genuen Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren zutabeetako bat zen sektorea profesionalizatzea eta gaitzea, batik bat teknologia berrien eta sare sozialak erabiltzearen arloan. Plaza guztiak bete dira arestian antolatu ditugun ikastaro espezifikoetan, hala nola argazkigintzakoan, eta, seguruenik, gauza bera gertatuko da ikus-entzunezko baliabideen bidez sustatzeari buruzko honetan ere. Horrek ezin hobeto erakusten du tokiko merkatarien inplikazioa”, nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak.

Informazio gehiago: Ikastaroa: “Proiektatu modu profesionalean zure saltegiaren sare sozialetako ikus-entzunezko irudia”

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 apirila 2019 10:44

Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du “Vitoria-Gasteiz Wine City” elkartearekiko lankidetza-hitzarmena, EAEko hiriburua ardoaren kulturarekin loturiko hiri gisa duen irudia hedatzeko jarduera-egitarau bat egiteko, eta, horretaz gain, Arabako Errioxako eta Aiara eskualdeko kalitateko ardoak sustatzeko. Hitzarmenari esker, Udalak 20.000 euroko ekarpena egin ahal izango du zenbait jarduera egiteko urte osoan zehar; hil honetan bertan hasi dira ekitaldiak, “Wine Berria” Arabako Errioxako ardo berriaren hirugarren jaiarekin.

Udalaren eta “Vitoria-Gasteiz Wine City” elkartearen arteko hitzarmenaren barruan, halaber, IV. Upel Lasterketa dago, uztailaren 25eko jaiaren ekitaldi nagusietako bat. Iaz ere, oso arrakastatsua izan zen, publikoaren aldetik zein parte-hartzearen aldetik, 26 taldek hartu baitzuten parte lasterketan.

Hitzarmenaren barruan dagoen beste jarduera bat da Upelen Zuhaitza: azken Gabonetan lehenengoz jarri zen abian, eta egun horietako hiriaren apainketaren berrikuntzarik nagusietako bat izan zen. Wine City elkartea lanean ari da dagoeneko hurrengo Gabonetarako Upelen Zuhaitza diseinatzen, eta apainketa ezberdina eta upel gehiago erabiliko ditu.

Jarduera horiekin batera, “Vitoria-Gasteiz Wine City” elkarteak planteatutako urteko egitarauan, berrikuntza dira artearen eta ardoaren munduen arteko sinergiak sortzeko proposamen batzuk, zeinek aprobetxatuko baitituzte hiriko ekitaldi enogastronomiko nagusiak.

“Wine City elkartea Gasteizen ardoaren kultura indartzeko egiten ari den lanarekin batera, azpimarratzekoa da haren jarduerek duten garrantzia, hiriko merkataritza eta ostalaritza sustatzen duten ekitaldiak baitira. Horregatik, Udalarentzat helburu estrategikoa da hain aktiboa den sektore honekin lankidetzan aritzea”, adierazi du Nerea Melgosa Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotziak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 apirila 2019 14:29

Gaur goizean bildu da berriro Industria Mahaia, sektore horri laguntzeko abian jarritako neurriak birpasatzeko eta aurreikusten diren jarduera berriak ezagutarazteko. Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak iragarri duenez, 2019rako aurreikusita zeuden esku-hartzeei beste bat gehitu zaie: Gamarrako ateko espaloiak eraberritzea, une honetan proiektua lantzen ari baita. Aurreikusitako beste lanak Jundiz kaleko zoladura berritzea (489.365,90 euroko aurrekontuarekin) eta Urartea kaleko zoladura berritzea (474.452,74 €) dira. Jarduera horiek ia milioi euroko inbertsioa eskatuko dute; 2018an beste milioi bat inbertitu zen.

Orobat, Industriaren Postontziaren balantzea egin da Mahaian; enpresen eskaerei arreta emateko zerbitzuan 183 eskabide jaso ziren 2018an. Horien % 78ri erantzutea lortu da. Proposamen gehienak (erdia baino gehiago) bide publikoaren egoerarekin lotutakoak izan dira. Industrialdeen arabera, Gamarra-Betoñun egin da eskaera gehien (53); Jundiz (38) eta Ehari-Gobeu (32) datoz atzetik.

Azkenik, SmartEkin zerbitzua aurkeztu zaie Industria Mahaian bildu diren enpresa eta agente ekonomikoei. Horren bidez, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta SEA Arabako Enpresariak elkarteak laguntza eskaintzen diete enpresei, Araban industria-instalazioak eraiki eta martxan jartzeko lizentziak lortzeko izapideak errazteko. Agora 4.0 proiektuari buruzko informazioa ere eman diete.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 otsaila 2019 12:49

 

 

  • Orotara 273 lanpostu eskainiko dituzte, erdia baino gehiago erdi edo goi mailako kualifikazioa dutenak
  • Orientazioaren alorrean dihardutenen gaitasun profesionalak hobetzeko jardunaldi teknikoa ere egingo da
  • Horretaz gain, hautaketa-elkarrizketek, enplegua bilatzen laguntzeko baliabideek eta enpresa eta erakunde publikoen standek osatzen dute 2018-2019ko Empleo Guneren bigarren jardunaldiaren programa

Otsailaren 14an egingo da Gasteizko Udalak eta EHUko Arabako Campusak elkarrekin sustatzen duten Empleo Gune foroaren bederatzigarren edizioaren bigarren jardunaldia. Oraingoan lurraldeko enpresek hartuko dute protagonismoa: dituzten langile beharrak azalduko dituzte, eta gaitasun profesionalak hobetzeaz ere arituko dira. Izena emateko epea itxi gabe dagoelarik, oraingoz 32 enpresak hartuko dute parte, eta horietako 21k standa jarriko dute. Orotara 273 lanpostu eskainiko dituzte, erdia baino gehiago erdi edo goi mailako kualifikazioa dutenak. Jardunaldia Europa biltzar jauregian egingo da, eta Empleo Gune Gasteizen enpleguarekin zerikusia duten eragileen topagune nagusi gisa sendotzeko bide emango du.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreorde Iván Igartuak aurkeztu dute 2018-2019ko Empleo Guneren bigarren jardunaldia, zeinak helburu hauek baititu: lurraldeko administrazio publikoetan hurrengo hilabeteetan sortuko diren enplegu-aukerak aurkeztea eta enplegu publikoa eskuratzeko moduaz informatzea, eta gure hiriko enpresek eta hedatzeko bidean dauden sektore ekonomikoek eskatzen dituzten profilak zein haien lan-eskaintzak ezagutaraztea. Orobat, enplegu-bilaketa aktiboan dihardutenen trebetasunak hobetzera eta informazioa zabaltzera zuzendutako jarduerak eskainiko dira.

Erakunde eta enpresen aurkezpenez eta informazio guneez gain, orientazioaren alorreko profesionalentzako jardunaldi teknikoa nabarmentzen da, Gasteizko Udalak sustatzen duen GPS proiektuarekin lotuta dagoena. “Orientazio ona da enplegu bilaketa arrakastatsuaren oinarria. Askotan, orientatzaileen figura gakoa da lan-merkatuaren eta irakaskuntzaren arteko zubiak eraikitzeko. Ikuspegi aldaketa soil batez edo galdera egokiak eginez lor dezakete lan bila dabilenak nora jo dezakeen eta bere profil profesionalari etekina nola atera diezaiokeen jakitea. Horrexegatik da garrantzitsua orientazioaren alorrean dihardutenen gaitasunak hobetzea“, adierazi du Nerea Melgosa zinegotziak.

Nabarmendu beharrekoa da, halaber, Mikel Belascoain artista eta zine zuzendariak emango duen hitzaldia, ‘Perfiles y Competencias Transversales para el Siglo XXI’ izenburua duena; proiektu eta prozesuen gizarteak behar dituen gaitasun berriez hitz egingo du, eta bereziki, aldaketen ezarpena azkartuko eta berrikuntza gidatuko duten profil berriez.

 Arabako Campuseko erretoreorde Iván Igartuak azpimarratu duenez, “enplegu-bilaketara bideratutako baliabide informatikoei buruzko lantegia ere izango da, eta enpresek 270 lanpostu baino gehiago eskainiko dituzte sarean. Hautagaiek curriculuma bidali ahalko dute eskaintzan agertzen den posta elektronikora, eta enpresek elkarrizketa batera deitu ahalko dituzte foroa egiten den bitartean, Europa jauregian”. “Empleo Gune foroa —erantsi du— EHUk unibertsitateko ikasleen eta ikasle ohien enplegagarritasuna eta laneratzea sustatzeko duen estrategiaren barruan sartzen da, horrela lurraldea garatzen laguntzeko”.

 Azken batean, Empleo Gune foroaren helburua da elkargunea izatea gure inguruneko enpresetako giza baliabideen alorreko profesionalentzat, enplegu-bilaketa aktiboan diharduten pertsonentzat, azken prestakuntza-zikloetako ikasleentzat, laneratze eta gizarteratzearen alorrean lan egiten duten profesionalentzat, eta lurraldearen barruan enplegua sortzen ari diren entitate publikoentzat.

Internetez eman daiteke izena Empleo Guneren jardueretan; informazio guztia http://empleo-gune.org web-orrian dago eskuragarri.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:23

 

 

 

 

 

 

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Gasteiz On-en  Outlet-Beherapenen Feria irekitzeko ekitaldian izan da; Europa biltzar jauregian egingo da azoka, gaurtik larunbatera arte. Hiriko hogei saltokik hartzen dute parte ekimenean, eta % 70erainoko deskontuak eskainiko dituzte beren produktuetan: ehungintza, moda, oinetakoak, osagarriak, jostailuak, kirolak, etxeko gauzak eta liburuak, besteak beste.

Kafetegia eta gozotegia jarriko dira, baita umeentzako eremua ere, doako puzgarri batez hornitua. Azoka 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era egongo da zabalik.

Outlet-Beherapenen Feria Gasteizko Udalak tokiko merkataritza dinamizatzeko sustatzen duen jardueretako bat da, Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren barruan, eta beherapen kanpainaren zutabeetako bat da. Lehenengo hilabetean emaitza onak izan ditu kanpainak inkestatutako establezimenduen % 27rentzat, eta % 32k uste dute itxaropenak bete dituztela; ehuneko horiek iazkoak baino handiagoak dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2019 13:58

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak 1850eko Gasteizera birtualki bidaiatzeko aplikazio mugikor berria aurkeztu gaur Fiturren.

 

 

Aplikazioa doan deskargatu daiteke bai Google Play-n (Android) bai App Store-n (IOS), eta Andre Maria Zuriaren plazak edo Montehermoso jauregiak garai hartan zuten itxura zuzenean ikusteko bide ematen du.  Arkikus enpresak egin du aplikazioa, zeinak azken urteetan aitortza lortu baitu estatuko hainbat ekintzailtzetza-programatan.

Teknologia berriak baliatuz kulturarekin lotutako turismoa sustatzeko modu berritzailea da, galdutako arkitekturak birtualki berreraiki eta espazioak girotzen baititu. Horrek ondarearen zabalkundea sustatuko du, eta turismoa espazio horietara eta inguruetara erakarriko”, azaldu du Nerea Melgosak

Aplikazioa baliatuz berreraikitako irudiei esker, ikusleek denboran bidaiatu dezakete, eta hiriak Erdi Aroko itxura gordetzen zuen garai batera joan; izan ere, Andre Maria Zuriaren plazara ematen duten gremio-kaleek ateak zituzten artean.

Aplikazioak lokuzioak ditu, irudiak ikusten diren bitartean informazioa eta deskribapenak entzun ahal izateko, testuak irakurri beharrik gabe. Bai testuak bai lokuzioak 4 hizkuntzatan eskaintzen dira: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.

Bi erabilera sistema ditu: ukimenezkoa, edukiak hatzez eskuratu eta maneiatzeko, eta VR, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzeko egokitua, zeinak hobeto murgiltzeko aukera ematen baitu, eskuak erabili beharrik gabe. Batak zein besteak giroskopioa dute, gailu mugikorra mugitze hutsarekin irudia biratzea ahalbidetzen duena.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  23 urtarrila 2019 14:30

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkateak feria inauguratzeko jardunaldian hartu du parte: Gasteizek ekitaldi agenda erakutsiko du bertan, eta XIX. mendeko hiria ezagutzeko aplikazio berritzaile bat

Gasteizek turismo iraunkorrarekiko konpromisoa berritu du 2019ko FITUR azokaren lehen egunean. Alkate Gorka Urtaranek eta Biosphere Responsible Tourisme Institute-ko zuzendari Patricio Azcáratek bilera egin dute erakunde horren standean, bertan elkartuko baita Biosphere Destination Community delakoa, hau da, Biosphere Certified Destination zigilua lortu edo lortzekotan diren helmuga iraunkorren komunitatea.

Izan ere, beste hiri batzuekin batera Gasteiz gonbidatu dute Euskadin helmuga iraunkorraren ziurtagiria lortu duen lehen udalerria izatera iristeko eredu arrakastatsua azal dezan. Zehazki, Gasteizen bideratutako azken esperientzia azalduko dute, ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten duen proiektua: Udalak eta hiriko 38 turismo ostatuk landu dute hori, PET plastikozko ontzien kontsumoa murrizteko, erabiltzen direnak bildu eta birziklatzeko, eta bizi-zikloa bete duten ontziei bizitza berria emateko.

Gorka Urtaranek ziurtagiria ematen duen erakundeari jakinarazi nahi izan dio ostatu sektorearen inplikazioa eta konpromisoa Biosphere helmuga iraunkor gisa hiriak dituen estrategien barruko ekintza esanguratsu batekin. Gure ustez, ekonomia zirkularra haien negozioak hobetzeko tresna da, aurrezten eta ingurumen aztarna gutxitzen lagunduko baitie. Garrantzitsua da administrazioak eta sektoreak —hotelak, landa-turismoko etxeak, turismo gidariak, bidaiariak garraiatzeko enpresak, ostalaritza eta zerbitzuen hornitzaileak— indarrak batzea, helmuga iraunkor gisa. Gasteiz Euskadin Biosphere Responsible Tourism ziurtagiria lortu duen lehen udalerria da, eta horrek ikusgarritasun handiagoa ematen digu nazioarteko turismoaren merkatuan, eta galdu ezin ditugun aukera berriak zabaltzen“, gogorarazi du alkateak.

Bileran, Biosphere-ren ordezkariek Biosphere helmuga diren hirietan horren alde lan egiten duten enpresak, erakundeak eta agenteak identifikatzeko bereizgarri berriak aurkeztu dizkiote alkateari; horiek ekonomiaren, arlo soziokulturalaren eta ingurumenaren arteko oreka defendatzen duen helmuga dela bermatzearen alde lan egiten dute, aldi berean turisten eta harrera-eskualdeen beharrak asebetez, entitateari berari, gizarteari eta ingurumenari irabazi garrantzitsuak ekarriz, eta etorkizunerako aukerak hobetuz.

Gaurko jardunaldian, orobat, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzeko duen ahalmena erakutsiko du Gasteizek, eta arratsaldeko azken orduan IWINETC 2019 Nazioarteko Enoturismo Biltzarra aurkeztuko dute erakundeek.

Gasteiz, ekitaldiz beteriko helmuga

Biosphere erakundeko arduradunekin biltzeaz gain, alkatea Euskadik FITUR azokan duen standaren inaugurazioan izan da, zeinean Gasteizek bere iragan historikoa eta 2019rako  ekitaldi agenda betea agerraraziko baititu, hiriko hainbat sektorerekin batera landu duen eskaintzaren bidez.

Gasteizek Estatuan egiten den nazioarteko turismo-azoka garrantzitsuenera eramango dituen plater nagusiakazaldu ditu  alkateak;gainera, hirian ere izango du oihartzunik azokak, hainbat jarduera antolatu baitira urtarrilaren azken astebururako.

Alkateak gogorarazi duenez, Fiturren beste aitorpen bat jasoko du hiriak. Hain zuzen ere, SICTEDen 2018ko helmuga oneraren kategorian 1. finalista hautatu dute hiria, sektoreko enpresen lehiakortasunaren alde erakutsi duen konpromisoa dela eta.

Orobat, Udalak hainbat bilera eta topaketa tekniko itxi ditu, turismoaren sektorerako aliantza estrategikoak indartzen jarraitzearren, esate baterako, Hiri Napoleonikoen Iberiar Sarea, RENFE, Movelia, Viajar con Hijos, Infotactile eta Sismotourrekin.

Asteburuan, Fiturren amaiera

 Nazioarteko turismo feriaren amaiera gisa, Gasteizek jende orori zuzendutako ekintza ugariren bidez erakutsiko ditu bere erakargarriak, eta 2019an hiria bisitatzeko aitzakia izango den ekitaldi-agenda ezagutaraziko.

Arabako Foru Aldundiaren, Basquetourren eta ekitaldien antolatzaileen laguntzarekin, Nazioarteko Enoturismo Biltzarra, Lauko Finala eta Magialdia aurkeztuko dira, besteak beste. Aurten hiria promozionatzeko landu den bideoa ere proiektatuko da.

Gasteizen bertan, berritasunak dakartzaten plan ezberdinak proposatuko dira Fiturren astebururako, besteak beste, Basmoon Shiners vodka arabarraren dastatzeak, eta bisitak eta dastatzeak Mamia okindegiko lantegian.

Ibilbide Gozoa ere antolatu da. Hiriko gozotegietako erakusleihoetan sortu duten gozo berria erakutsiko dute. Parte hartzen duten gozotegiak: Confituras Goya, Sosoaga, Los Artesanos, Pastelería Txistu, Pastelería La Peña Dulce, Confitería Nalda, La Fábula de Olga. Gainera, Arabako patataz egindako vodka artisauaren dastatzeak, ardo-dastatze itsuak, Azoka plazako bisitak eta bisita gidatuak eskainiko dira.

Informazio gehiago:

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:13

Joan den astetik, hiriko ehun urtetik gorako dendei eskainitako espazio bat du Gasteizko Udalak bere webgunean. 24 establezimenduren irudiak —janari-dendak, zapata-dendak, jantzi-dendak, gozotegiak, farmaziak eta ostalaritza-establezimenduak, besteak beste—, helbideak eta harremanetarako datuak ageri dira bertan.

 

Gasteizen 100 urte baino gehiago zabalik daramaten denden arduradunei Udalak joan den urtean egin zien omenaldiari gehitu zaio espazio berria. Europa jauregian —Urban Commerce jardunaldiaren barruan— egin zen ekitaldi hura bideo batean jasota dago, eta esteka baten bitartez ikus daiteke, ehun urtetik gorako denden espazio horretan.

Azkenik, ehun urtetik gorako dendetako bakoitzaren irudi historikoak biltzen dituen bideoa ere ikus daiteke hor. Negozioetako bakoitzak mende batetik gorako bere jardunean igaro dituen hainbat unetako zenbait argazki aski ezezagun ikus daiteke bideo horretan.

“Negozio horiek familia-tradizioarekin, bezeroekin eta Gasteizekin izan duten konpromisoak egin du posible ehun urtetik gora egitara iristea, hiriari bizitza ematen, enplegua sortzen eta kalitateko zerbitzua eskaintzen. Webguneko espazio horrekin, beste pausu bat eman nahi dugu, ehun urtetik gorako merkataritza lokalari gorazarre egiteko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Informazio gehiago: Ehun urtetik gorako denden espazioa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 urtarrila 2019 12:34

Kultur proiektuak, turismoa eta garapen ekonomikoa bultzatzen ditu plataforma horrek duela 20 urtetik hona, kide diren hirietan

 

Espainiako Judutegien Sareko kide izan nahi du Gasteizek. Duela 20 urte sortu zen plataforma hori, kultur proiektuak, turismoa eta garapen ekonomikoa bultzatzeko, judu-komunitateak bizi izandako Erdi Aroko hiriguneetan haiek utzitako ondare arkitektonikoa, historikoa eta kulturala duten hirietan.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak aldeztu du gaur, Madrilen, Gasteizen hautagaitza, juduek Gasteizen utzitako legatu historikoa aintzat harturik, eta orobat kultur jarduera eta proiektuen ibilbide bat sortzeko aukera.

Juduen ondare historikoa eta legatua aldezteko elkarrekin lanean diharduten udalerriek osatzen dute Caminos de Sefarad Espainiako Judutegien Sarea, zeinek proiektu kulturalak, turistikoak eta akademikoak sustatzen baititu, eta Estatuan nahiz nazioartean esperientziak trukatzeko politika bideratzen, herriak, kulturak eta tradizioak ezagutarazten eta elkar errespetatzen laguntze aldera.

Ávila, Bartzelona, Cáceres, Calahorra, Córdoba, Lizarra, Hervás, Jaén, León, Lucena, Monforte de Lemos, Oviedo, Plasencia, Ribadavia, Segovia, Tarazona, Toledo eta Tutera, guztiak ere beren judutegiak berreskuratzen ari dira duela 20 urtetik hona, ahanzturatik libra daitezkeen etxeak, kaleak, jauregiak eta bestelako eraikinak eraberritzen eta jatorri eta gisa orotako judu-familien bizitzak ezagutarazten denbora eta baliabideak inbertituz. Historia ahaztua, bostehun urteren buruan agerian jarri eta berreskuratua.

Irabazi-asmorik gabe dihardu elkarteak, independentzia osoz, legatu hori aldezten. Juduen Ondarearen Europako Ibilbideko kide fundatzailea da Espainiako Judutegien Sarea, eta zabalkunde-lan handia egiten du atzerrian.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 azaroa 2018 09:46

Pisu handiagoa hartu dute enpleguak, hiriaren sustapenak eta industriak Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak gaur arratsaldean aurkeztu duen udal gobernuaren datorren urterako aurrekontu-proiektuan. Izan ere, igoera nabarmena izan du arlo horretarako zuzkidurak, 2018ko 6,43 milioiko kopurutik 2019ko 10,37ra igaro baita.

Kopuru horretatik, milioi bat euro industrialdeak erakargarriago egiteko inbertsioetara bideratuko da, eta, hartara, Industria Planari jarraipena emango zaio. Beste kopuru handi bat —4,78 milioi euro— enplegua sustatzearekin lotutako aurrekontu-partidetara joango da; besteak beste Vitoria-Gasteiz Enplegu Planak eta Gazteentzako Enplegu Planak 400 pertsonatik gora kontratatzeko aukera emango dute. Gainera, aurten dagoeneko bultzatu den Future Logistic & Mobility Lab-ek eta Jundizko plataforma multimodalaren proiektuak sendotu egingo dute hiriaren profil berritzaile eta logistikoa. Aldi berean, Gasteiz etorkizuneko industriaren, iraunkortasunaren eta klima-aldaketaren kontrako borrokaren alorreko politiken erreferente gisa erakutsiko duen Michelin Hirien Nazioarteko Biltzarra ere aurreikusia dago aurrekontu-proiektuan.

Merkataritza lokalari dagokionez, 780.000 euroko zuzkidura izango da dinamizazio-ekintzetarako, laguntza ekonomikoetarako eta sektoreko elkarteekiko hitzarmenetarako. Enpresa-ehunaren sustapenak ere badu lekurik hurrengo urterako kontuetan, hala nola dinamizazio ekonomikorako 310.000 euro, inbertsiorako laguntzak emateko 100.000 euro eta ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntza-deialdiaren edizio berrirako 100.000 euro.

 

 

Share

Aurrekoak »