Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 uztaila 2018 12:36

  • Txikientzako Upelen Lasterketa ere egingo da aurten, lehen aldiz

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Blusa eta Nesken Egunean (uztailak 25) egitekoa den Kupelen Lasterketaren III. edizioa aurkeztu du, ekimenean parte hartzen duten entitateen arduradunekin batera: Eduardo Aguinaco, Nekazaritzako foru diputatua; Josune Albizu, Vital fundazioaren zuzendaria; Luis Izaga, Kupelen Lasterketaren arduraduna; Blusen eta Nesken Batzordea, eta Francisco Javier Elejalde, Wine City elkarteko idazkaria. Martín Fiz atleta ere izan da bertan, lasterketari irteera emateaz arduratuko baita aurten. Blusen eta Nesken 15 kuadrilletako 26 taldek (4 lagun talde bakoitzean) hartuko dute parte lasterketan, Plaza Berrian hasi eta bertan amaitzeko.

Wine City elkarteak eta Blusen eta Nesken Elkarteak antolatutako Upelen lasterketaren III. edizioak Gasteizko Udalaren, Vital Fundazioaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du.

Aurten lehenengoz egingo den Txikientzako Upelen Lasterketarekin hasiko da jardunaldia, eta ondoren etorriko da helduen lasterketako taldeen desfilea. Segidan, Martin Fiz olimpiar atleta arduratuko da hiru txanda izango dituen helduen lasterketako irteerako banderakada emateaz.

Ekimen nahiko berria bada ere, Upelen Lasterketa dagoeneko erreferentzia bihurtu da Andre Maria Zuriaren ohorezko jaien atarikoan. Jai-giroko ekitaldi horren bidez, Arabako Errioxako ardoak eta Aiarako txakolinak merezitako omenaldia jasotzen dute.  “Duela hiru urte Arabako kalitateko ardoa eta Gasteizko jaiak uztartzea erabaki genuenean, konbentzimendu osoa geneukan ekimenak harrera ona izango zuela; alabaina, iaz bildutako jendetzak ustekabean harrapatu gintuen. Aurten, baina, iazko edizioko 25.000 ikusleren kopurua gainditzea aurreikusten dugu”, azaldu digu Francisco Javier Elejaldek, Blusen eta Nesken Elkartearekin batera Upelen Lasterketa antolatzen duen Wine City elkarteko idazkariak.

“Bertan ditugun jaietan eta antzeko uneetan erakusten du bereziki Gasteizek lehen mailako helmuga enogastronomikoa dela. Kupelen Lasterketaren bidez hiriak ardoaren kulturarekin bat egiten duela erakutsi nahi dugu, turismo eta merkataritza jarduera dinamizatzen duen ekitaldia baita”, adierazi du Nerea Melgosak.

Iazko ibilbideak izandako arrakasta ikusirik, aurten ere ibilbide bera egingo da, antolatzaileek gaurko prentsaurrekoan adierazi dutenez. 26 taldeak Plaza Berritik abiatuko dira, Andre Mari Zuriaren plaza zeharkatu, Mateo Morazatik gora igo, Lehendakari Agirretik (Espainiako Bankua zenetik) igaro eta berriro ere Plaza Berrira itzuliko dira. Bi blusak/neskak bultzatuko dute upel bakoitza eta ibilbidea burutzen dutenean, taldeko beste bi kideri utziko diete lekua (hiru txanda osatu arte).

Gainera, komisarioak (Gaztedi Rugby Taldeko boluntarioak) egongo dira ibilbidean zehar banatuta, upela ibilbide osoan lurrean biraka doala eta pertsona bat gutxienez upelarekin kontaktuan dagoela egiaztatzeko.

Aurten, helmugara iristen den lehen talde mistoak eskuratuko du sari berezia: Mitarte upategiko 225 litroko upela. Izan ere, Arabako Errioxako ardoak, Arabako txakolina, esperientziak Arabako Errioxan eta beste sari asko ere banatuko dira Santiago Egunean; Sariak Plaza Berrian banatuko dira: Sari Nagusia ez ezik, beste hiru sari ere bai, horien artean helmugara iristen den lehen talde mistoarentzako sari berezia.

Umeentzako lasterketa

Txikientzako Upelen Lasterketa Plaza Berrian egingo da eta 2 kidez osatutako taldeek 100 metroko ibilbidea egingo dute, txandarik gabe.  12 talde egongo dira guztira, eta horietako bakoitzean 10 eta 15 urte bitarteko bi neska-mutil. Ascensores Bertako enpresaren eskutik jasoko du saria talde irabazleak.

Helduen lasterketan nahiz umeentzako lasterketan, Arabako Atletismo Federazioa arduratuko da ibilbidearen amaierako denborak hartzeaz.

Hurrengo edizioan, parte hartuko duten taldeen kopurua handitzea pentsatzen ari da antolakuntza, lasterketak sortu duen interesa ikusirik.

Upelen lasterketaren III. edizioan, laguntzaileak dira Mitarte upategia, Ascensores Bertako, Arabako Atletismo Federazioa, El Corte Inglés, Eroski, Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidea, Arabako Errioxako Upategien Elkartea (ABRA), Arabako Txakolina eta Gurutze Gorria.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 uztaila 2018 12:59

Gorbeia kaleko dendetan Rebajazz feria hasiko da bihar. Merkatari eta ostalarien elkarteak Gasteizko Udalaren laguntzarekin antolatu ohi duen jardueran oso prezio lehiakorreko eskaintzak aurkitu eta askotariko musika girotzeaz gozatu ahalko da. Uztailaren 17tik (asteartea) 20ra (ostirala), 10:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara, hamabi dendak saltokiak jarriko dituzte establezimenduen aurreko espaloian, uztaileko stock-eko produktuak % 70eraino ere beheratuta.

Hartara, ehungintza sektorearen denboraldi bukaera baliatuko dute saldu gabekoak kanporatzeko, oso modu onean. Gainera, Gasteizko Nazioarteko Jazzaldia dela eta, arratsaldeetan musika girotzea izango da: Kumbalayé batukada, Detractors taldea, gaita-jotzaileak eta, bukatzeko, Priscilla Band soul-funk taldea; azken horrek uztailaren 20an (ostirala) joko du, Gorbeia kalearen eta Antso Jakitunaren kalearen artean. “Beherapen feriaren eta musikaren nahasketa ona izango da, zeinari Rebajazz deitu baitiogu”, azaldu du Gorbeia kaleko Merkatarien Elkarteko presidente Víctor Manuel Ibáñezek.

“Salgai berrirako lekua egiteaz gain, gure bezero potentzialei hurbiltzeko modu ezberdina bilatzen dugu, beherapen eta promozioen bidez. Kalea aire zabaleko merkataritza-gune bihurtuko da, eta hirian mugimendua sortuko”, erantsi du Ibáñezek.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa ere izan da Rebajazz feriaren aurkezpenean, zeinak merkataritza dinamizatzeko jardueretan arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu baitu. “Gasteizko merkataritza-alderdi nagusietan ekitaldiak sortzeko elkarlana da modurik onena jendea establezimenduetara joan dadin sustatzeko eta tokiko dendetan kontsumitzea bultzatzeko. Azken hilabeteetan salmentak etengabe hazten ari dira txikizkako merkataritzan, eta horrek ondo erakusten du bide onetik goazela”, adierazi du Nerea Melgosak.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak azpimarratu ditu aurtengo merkataritza eta ostalaritzaren datu positiboak. Urte honetan, Gasteizek 18 denda eta 31 ostalaritza-establezimendu irabazi ditu. Datu horiek merkataritza-jarduera –zeinean establezimendu ireki eta itxien artean negatiboa izan den– gorantz ari dela erakusten dute. Ostalaritzari dagokionez, 2018an bikoiztu egin da saldo positiboa, 15 enpresa berrirekin. Era berean, txikizkako merkataritzako salmenta-indizea, ehuneko 2,3koa izan da urtearen lehen hiruhilekoan.

Gorbeia kaleko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak hainbat jarduera antolatzen ditu Gasteizko erdigunearen dinamismoa , auzoko saltoki txikiak eta gizarte-kohesioa berreskuratzeko, eta Rebajazz feria da horietako bat. Gorbeia kaleko Merkatarien Elkartea eta Udalak sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker bederatzi jarduera antolatzen dira, besteak beste, hiru merkataritza azoka, Eguberrietako kanpaina eta ostalaritza sustatzeko bi ekimen berezi. Udalaren diru-laguntza 15.000 eurokoa da.

 

 

 

Informazio gehiago: Programatutako musika emanaldiak Rebajazz ferian:

Uztailak 17, asteartea                     Kumabalayé 18:00

Uztailak 18, asteazkena                  Detractors 18:00

Uztailak 19, osteguna                      Gaita-jotzaileak 18:00

Uztailak 20, ostirala                         Priscilla Band 19:00

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 uztaila 2018 13:09

 

Gasteizek ordezkaritza izango du garapen iraunkorrarekin konpromiso handiena duten enpresei ematen zaizkien Ingurumenaren Europar Sarietan. Izan ere, A&B Laboratorios de Biotecnología enpresa gasteiztarra aukeratu dute azken faserako, zeina Itun Berdearen komunitatean sartuta baitago; ekonomia iraunkorrarekin lotutako ekimenak garatzen dituzten enpresak eta antolakundeak biltzen ditu Udalak sustatutako talde horrek.

Orotara, 9 herrialdetako 28 enpresa iritsi dira Ingurumenaren Europar Sarien azken fasera. Gasteizko ordezkaria kudeaketaren kategorian lehiatuko da, Erresuma Batuko, Frantziako eta Greziako enpresekin. Finalera heltzeko, A&B Laboratorios enpresak kudeaketaren aitorpena lortu zuen Euskadi zein estatu mailan.

“Gasteizko enpresa bat Ingurumenaren Europar Sarien azken fasean egoteak argi erakusten du iraunkortasunarekiko konpromisoa eta errentagarritasuna guztiz bateragarriak direla. Horixe aldezten dugu Itun Berdean, komunitate horren bidez ezagutza partekatzen baitugu, jardunbide egokiak hedatzen, eta apustu egiten gero eta enpresa lokal gehiago etorkizuneko ekonomian erreferente izan daitezen”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak. 

A&B Laboratorios de Biotecnología enpresa txikia da, erabilera industrial eta profesionaleko produktu kimiko eta biologikoak ikertu, diseinatu, ekoitzi eta merkaturatzen dituena. Bere sektorean erreferente bihurtu da, eta nazioartean merkatu berriak irekitzea lortu du produktu ekologiko arduratsuak eskainiz, ekoizpen prozesuan lehengai arriskutsuak bazter utzita.

European Business Awards for the Environment sarien batzordeak enpresak zabalkunde eta nazioartekotze prozesuan erakutsitako lehiakortasuna nabarmendu du; prozesu horretan Basque Country 2030 agendarekin lerrokatzen jakin du, eta Europar Batasunaren garapen iraunkorreko helburuak integratzen estrategian eta eguneroko kudeaketan.

2018ko azaroaren 14an banatuko dira Ingurumenaren Europar Sariak, Vienan, goi mailako zeremonia batean.

SARIEI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO: http://ec.europa.eu/environment/awards/index.html

ITUN BERDEARI BURUZKO  INFORMAZIO GEHIAGO: Itun Berdearen Komunitatea

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 ekaina 2018 14:02

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa Santiago de Compostelako garapen ekonomiko eta turismo arloko zinegotzi Marta Loisekin bildu da gaur goizean, udal estrategiak koordinatu eta partekatzeko. Aenkomereko zuzendari kudeatzaile Edurne Parro ere bertan izan da.

“Garrantzitsua da merkataritza-politikaren arloko sinergiak sortzea, eta horretarako ezinbestekoa da sarean lan egitea. Gasteizek eta Santiago de Compostelak antzeko erronkei egiten diegu aurre, tokiko merkataritza babesteko beharrari eta turismo eredu iraunkorra garatzeari dagokienez. Hori dela eta, oso aberasgarriak dira honelako topaketak” adierazi du Melgosa andreak. Halaber, bilera hau antolatzeko egindako kudeaketak eskertu dizkio Aenkomerri.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 ekaina 2018 10:56

 

“Hemen erosi eta hiria egin” lemaren pean, Gasteizko saltokiek udako beherapenei ekingo diete larunbatean, ekainak 30, deskontuen kanpaina uztailean hasteko ohitura aldatuta. Beherapenak aurreratuz, urtean salmenta gehien izan ohi den aldi baten hasiera data bateratu nahi izan da, eta tokiko merkataritzaren kalitatea eta eskaintza onak batera promozionatu. Ia ehun establezimenduk egin dute bat ekimenarekin, baina baliteke astean zehar kopuru hori handitzea.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Gasteiz On-en kudeatzaile Patricia Garcíak aurkeztu dute beherapenak aurreratzeko kanpaina; horren bidez, tokiko saltokietan erostera animatzeaz gain, sektore horren balioa agerian utzi nahi da, ahalmena baitu enplegua sortzeko, kalea bizitasunez betetzeko eta tokiko kontsumoaren zirkuitu iraunkorra sustatzeko.

“Gasteizko dendetan erostea hiria egitea da. Ideia hori indartu nahi dugu, kate handien presioa gehien nabaritu daitekeen salmenta garai batean. Hori dela eta, establezimendu askok beherapen kanpaina honetan indarrak batzea erabaki dute, eta ahots propioa izan dezaten nahi dugu. Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoa abian jarri genuenean ezarritako helburuetako bat izan zen haien jarduera dinamizatzea eta lehiakortasuna sustatzea. Horixe egin nahi dugu kanpainaren bidez”, adierazi du Melgosak.

Beherapenak ekainaren 30era aurreratzen duten saltokiek hori berariaz adierazteko kartel bat jarriko dute, eta hasieratik % 30 eta 40 arteko deskontuak eskainiko dituzte gehienek. Merkataritza eremu nagusiak girotzeko fanfarre eta kalejiren musika izango da kaleetan. Arka plazan umeentzako lantegiak antolatu dira, 12:00etatik 14:00etara zein 17:30etik 19:30era, Caype-ren bermearekin (sarreran deskontuak lortu ahalko dira tokiko saltokien erosketa tiketa aurkeztuz).

Egun horretan bertan, 19:30ean, umeentzako antzerkia izango da Arka plazan. Gainera, tokiko saltokietan kontsumitzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko eta horretara bultzatzeko jarduerak antolatu dira, eta Gasteiz On-ek kanpaina egingo du sare sozialetan: merkatariei erakusleihoen aurrean eta denden barruan argazkiak egiteko eskatu die, tokiko merkataritzaren alde gizatiarrena eta gasteiztarrekiko hurbiltasuna erakustearren, horixe baita haien ezaugarri nagusietako bat.

Izan ere, gertuko dendek ahalegin handiak egin behar dituzte lehiatzeko, beherapenen liberalizazioaren zein kate handien ezkutuko beherapenen eta ia etengabeko deskontuen eraginez. Aurten bada beste faktore negatiborik: eguraldia, ez baitu kontsumoa lagundu ehungintzaren alorrean. Joan den astean Gasteiz On-ek bazkideen artean egin zuen inkesta batek erakusten duenez, % 94rentzat denboraldia iazkoa baino txarragoa izan da. Era berean, % 60k baino gehiagok aitortzen du emaitza txarragoak izan dituela; iaz, berriz, % 34koa izan zen portzentaje hori. Hala ere, % 59k ez du promoziorik egin, hau da, beherapenak ekainaren 30era aurreratzeko kanpainarekin bat egin dutenen portzentaje bera, batzuk dagoeneko aurreratu diren arren. Bestetik, % 12k plantilla indartuko du, beherapenetarako langileak kontratatuz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 ekaina 2018 11:18

 

Ekainaren 21ean, osteguna, “Glutenik gabeko zaporeak” programa aurkeztuko da Erdi Aroko hiriguneko enpresa-zentroan. Ostalaritza eta hotel sektoreei zeliakoentzat egokitutako menuak diseinatzeko aholkularitza aholkuak ematean datza. EZEBA-Euskadiko Zeliakoen Elkarteak burutuko duen ekimen honen bidez, glutenik gabeko menu eta plateren eskaintza seguru eta bermatua lortzeko prestakuntza eta aholku integrala eman nahi zaie establezimendu parte-hartzaileei.

“Glutenik gabeko zaporeak” programak hainbat arlotako prestakuntza eta aholkularitza integrala eskaintzen du: karta egokitzea, kutsadura gurutzatuak saihestea, zeliakoentzako dieta mota eta merkatuan aurki daitezkeen glutenik gabeko produktuak.

“Programa honetan parte hartzean, ostalaritza-sektorea hobetzen jarraitzen dugu, pertsona guztien beharretara egokitutako kalitateko zerbitzua eskaintzerik izan dezan. Glutenari intolerantzia dioten askok bermea eskaintzen dien eta beren beharretara egokitutako menu eskaintzaren falta nabaritzen dute. Merkataritza eta ostalaritza gero eta sentsibilizatuta daude eskaera horrekin, eta hartara erantzuna emateaz gain, turismo iraunkorraren aldeko urrats berria ematen dugu” adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Gasteiz hiri atsegina, abegikorra eta guztien beharrekiko konpromisoa duen hiria izatea nahi dugu, horretan lan egingo dugu, gure konpromisoa da. Abaian jartzen dugun programa honen bidez zeliakia duenei segurtasuna eta arreta  emateko gai den erreferente gastronomiko gisa ikus gaitzatela nahi dugu ” gaineratu du Arabako Zeliakoen elkarteko arduradun Esther Obanosek.

Iaz elikadura begano eta begetarianoaren arloa egindakoari gehitzen zaio ostalaritza eta merkataritza zerbitzuei eskainitako aholkularitza eta prestakuntza programa hau. Iaz 23 establezimenduk hartu zuen parte ekimenean; 18 ostalaritza-establezimenduak eta 6 elikagai- establezimenduk. Menuan eskaintza begano/begetarianoa sartzeko aukera landu zen zortzi establezimendutan, eta beste bitan, pintxo beganoak. Horretaz gain, errezeta eta nutrizio-marketinaren inguruko klaseak eta langileak gaitzeko programak izanziren.

 

Informazio gehiago: ”Glutenik gabeko zaporeak” proiektua aurkezteko jardunaldia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 ekaina 2018 11:21

 

 

 

 

 

 

 

  • Esparru berrian jarriko da ekitaldi horretako gastronomia eta kultur eskaintza, eta Integrazioaren plaza deiturikoa

Askotariko musika ikuskizunak, nazioarteko gastronomia eta Errusiako Munduko Txapelketako partiden emanaldiak (pantaila erraldoian) nabarmentzen dira Herrialdeen Jaialdiaren hamabigarren edizioan, zeina Konstituzio plaza berrituan egingo baita, ekainaren 14tik uztailaren 8ra arte.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu dute ekitaldia, Sergio Frenkel zuzendariarekin eta Serafín Zubiri kantariarekin batera; azken horrek hilaren 22an (ostirala) abestuko du eta “X una causa justa” diskoa ezagutaraziko. Musikari nafarra da izen nabarmenetako bat musika eskaintzan; besteak beste, La Edad de Oro del Pop Español (ekainak 29) eta Raúl Fuentes gasteiztarra (uztailak 6) arituko dira Gasteizen.

Mulixka, Indarra eta Eguzki Lore taldeek ere ordezkatuko dute bertako talentua. Horretaz gain, bestelako dantzen erakustaldiak antolatu dira: arabiarra eta Bollywoodekoa, Giselarekin, Andaluziako koloreak, Al compás del alma taldearekin, eta swinga, Dame Swing & Lindy Hopen eskutik.

Herrialdeen Jaialdiaren aurtengo berrikuntzetako bat espazioen berrantolaketa da, Konstituzio plaza berritura egokitzeko. Herritarren partaidetzaren bidez hautatu zen plaza eraberritzeko proiektua, eta 350.000 euro inbertitu dira horretan. Plazak itxura moderno, funtzional eta irisgarriagoa du orain, eta horrek agertokia eta ostalaritza eskaintza beste modu batez antolatzea ahalbidetu du. Esparru koloretsua diseinatu da, eta erdiko guneari Integrazioaren plaza izena eman zaio. Handik aterako dira Elkartasunaren, Itxaropenaren eta Elkartzearen kaleak eta Emozioen plaza, agertoki nagusiaren ondoan.

“Ziur gaude plazaren banaketa berriak Herrialdeen Jaialdia sustatuko duela, ingurua dinamizatzeko, kultur trukerako eta bizikidetza ospatzeko balioko baitu”, adierazi du Nerea Melgosak.

Igandeetan, 12.30ean eta 17.30ean, umeentzako jarduerak izango dira, Prakidsek antolaturik. Bestetik, ekainaren 16an eta 30ean (larunbatak) familientzako topaketa gastronomikoak programatu dira, Gora Project tabernako Pablo Pauostalariaren eta Gorka Barredo gastronomo eta youtuber gasteiztar ezagunaren laguntzarekin.

Musikaren Egunak, ekainaren 21ean, osagai solidarioa izango du, Mugarik gabeko Musikariak GKEaren eskutik. Elkarteak Siriako musika-eskolen aldeko kanpaina egiten jarraituko du, kontzertua emanez; Ausartak, Lautada eta Erkametza abesbatzek hartuko dute parte horretan.

Munduko Futbol Txapelketarekin bat egiten duenez denboran, Herrialdeen Jaialdiak bereizmen handiko azken teknologia duen led pantaila instalatu du, partida interesgarrienak emateko. Azkenik, Konstituzio plazan egindako eraberritzea espazio “berdea” jartzeko baliatuko da, Gitma eta Gometxa euskal enpresen laguntzarekin. Iraunkortasuna kontuan hartuko da ekitaldian, kontsumo txikiko argiztapena jarriko baita, eta birziklatzeko hainbat ekintza sustatuko.

Share

 

  • Gorka Urtaranek Gasteiz mugikortasun iraunkorraren europar erreferentea dela adierazi die Michelinen CEOari eta Montrealeko alkateari

 

Montrealen emandako lehen egunean, Michelinek sustatutako Movin’On mugikortasun iraunkorraren munduko gailurrean izan dira alkate Gorka Urtaran eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa. Gasteizko ordezkaritza topaketa irekitzeko ekitaldian izan da, zeinean Michelineko CEO Jean Dominique Senard eta Montrealeko alkate Valérie Plante-k hartu baitute parte. Urtaran etorkizuneko mugikortasunaren garrantzi estrategikoaz mintzatu da haiekin, gailurraren bi jardunaldietako gai nagusia baita, eta alor horretan Gasteiz europar erreferentea dela adierazi die.

“Hiriok egin behar dugun ahaleginaz mintzatu gara, klima aldaketaren kontrako borrokan zein espazio iraunkorragoak osatzen. Mugikortasunak funtsezko egitekoa du helburu hori lortzeko, hala mugikortasun aktiboak, oinez edo bizikletaz mugitzea sustatuz, nola garraio publiko moderno eta elektrifikatuak. Esan dezakegu Gasteiz etxeko lanak egiten ari dela, munduko hiri nagusiak benetan iraunkorrak izateko urratzen ari diren bidetik”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Ehun entitatetik gora (enpresak, udalak, gobernuak eta antolakundeak) bildu dira gailurrean; “Nahietatik ekintzara” lemaren pean, etorkizuneko mugikortasunerantz aurrerapauso zehatzak ematea da asmoa.  Horretarako, berrogeita hamar lan-saio antolatu dira, zeinetan 4.000 pertsonak baino gehiagok hartuko baitute parte. Besteak beste, erakustaldietarako eremu bat jarri da, eta mugikortasun iraunkorrari ekarpen berritzaileak egiten dieten 21 ibilgailu aurkeztuko dira bertan.

Arratsaldean, Gorka Urtaran Movin’On gailurrera joan diren hedabideekin bilduko da, Gasteiz promozionatu eta, besteak beste, Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen II. Konferentzia aurkezteko, datorren urteko martxoan Euskadiko hiriburuan egingo baita.

Hain zuzen ere, Montrealeko biharko egitarauko ekitaldi nagusia Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen biltzarra da. Gasteizen egitekoa den Michelin hirien bigarren konferentziarekin lotutako zenbait alderdi zehaztuko dira bileran, baita sarearen antolakuntzarekin lotutakoak ere.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 maiatza 2018 10:04

Dagoeneko ireki da eskabideak aurkezteko epe ofiziala kontratazioan egonkortasuna sustatzeko laguntzak emateko deialdiaren barruan. Interesa duten enpresek irailaren 28ra arteko epea dute aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko diru-laguntzen ildoetako batez baliatzeko; orotara 400.000 euroko aurrekontua dago horretarako.

Berrogeita bost urtetik gorakoen aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzen dituzten enpresak baliatu ahalko dira laguntzez, kontratuak lanaldi osorako edo gutxienez lanaldiaren ehuneko berrogeita hamarrerako badira. Enpresa edo autonomo bakoitzeko gehienez bi kontratu aldatzeko laguntzak emango dira urtean, gizarteratze enpresen kasuan izan ezik, hiru kontratutarako eman ahal izango baita halakoetan.

Laguntzen eskabideak balioesteko adina eta generoa kontuan hartzen dituen baremoa erabiliko da. 55etik gorako pertsonei egindako kontratuengatik 30 puntu emango da. 50 eta 54 urte bitartekoei egindakoengatik, 20 puntu. 45 eta 49 urte bitarteko pertsonak kontratatzen badira, 15 puntu. Eta kontratuak emakumeei egindakoak badira, beste 20 puntu emango dira.

“Kontratazioan egonkortasuna sustatzeko laguntzak abian jarri genituenetik aldi baterako ehun kontratu baino gehiago bihurtu dira kontratu mugagabe. Laguntza horiek aldi baterako kontratua amaitzean lanik gabe geratzeko arrisku handiena dutenentzat dira, gainera, 45 urtetik gorakoentzat. Hartara, enplegu egonkor eta kalitatekoaren alde egiten dugu“, esan du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Informazio gehiago: Kontratazioan egonkortasuna sustatzeko laguntzak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 maiatza 2018 12:31
  • Miguel Machalski analista ospetsuak gidoiak idazteari buruzko lantegia emango du Euskadiko hiriburuan

Gasteiz bertako ikus-entzunezko industria eta Arabako lurraldeak filmaketen agertoki gisa dituen aukerak promozionatzen ari da Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren barruko Marché du Film azokan. Film Office Film Basque Country markaren babespean joan da hitzordu horretara, eta jaialdira joaten diren euskal profesionalak bezala, Basque Audiovisual ekimenak bertan jarri duen standaz baliatuko da.

Izan ere, Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren barruko Marché du Film ikus-entzunezkoen azoka urteko hitzordu garrantzitsuena da zinemaren industriarentzat. Maiatzaren 8tik 17ra bitartean, munduko osoko profesionalak bilduko dira, haien artean sareak eta topaketak sustatzeko xedez.

Film Office maiatzaren 14ra arte egongo da ekitaldian, Gasteiz eta Araba era guztietako ekoizpenak egiteko agertoki gisa kokatu eta ezagutarazteko; lurraldean filmatzeak dituen abantailen berri emango dute, bertako industriaren azken lanak promozionatuko, eta estatuko zein nazioarteko ekoiztetxeekin sareak eta topaketa profesionalak lotzen lagunduko.

“Ikus-entzunezkoen alorreko merkatu garrantzitsuenean gaude, Euskadiko gainerako “film comission” edo komisioekin batera egon ere, ahaleginak batuz eta sinergia handiak sortuz. Azkenaldian, euskal ekoizpen batzuk arrakasta komertzial handia izaten ari dira, eta arrakasta horren zati bat elkarrekin lan egiteko dugun ahalmenari zor zaio, gure sorkuntza-industrietan dagoen talentu handiari lagundu eta kanpoan erakusteko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Gidoiak idazteko lantegi profesionala, Gasteizen

Bestetik, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak film luze eta dokumentalen proiektuen gidoiak idazteari buruzko lantegi bat antolatu du Gasteizen; Miguel Machalski gidoi-analista ospetsuak emango du, uztailaren 2tik 4ra bitartean. Euskadin egoitza duten gidoigileei eta gidoigile/zuzendari/ekoizle taldeei zuzendutako lantegia da, baldin eta film luze baten proiektua garatzen ari baitira.

Machalskik estudio handien eta zuzendari gailenen gidoiak gainbegiratu ditu: Clint Eastwood (MillionDollarBaby), Alejandro Amenabar (Mar adentro), Nagisa Oshima (Taboo), David Cronenberg (Spider), Sydney Pollack (La intérprete) eta Ingmar Bergman (Saraband). Bera arduratuko da parte hartzen duten proiektuak hautatzeaz. Maiatzaren 30ean amaituko da lantegian garatu daitezkeen proiektuak aurkezteko epea.

Hautatutako proiektuak aztertzeko aholkularitza pertsonalizatuez gain, gidoien idazkuntzari buruzko maisu eskola izango da uztailaren 2an, zinema industriako profesionalentzat.

Lantegiari buruzko informazio gehiago: info@europacreativaeuskadi.eu

 

 

Share

Aurrekoak »