Prentsa Oharren banner

Inauguratu du Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroa, “La Empresa 4.0: la digitalización y las Tecnologías de la información”

Enplegu eta Prestakuntza zinegotzi Igor Salazarrek inauguratu du Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroa, “La Empresa 4.0: la digitalización y las Tecnologías de la información como fuente de competitividad empresarial” izenekoa. Ikastaroa gaur egingo da, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Gasteiz) eta Arabako Parke Teknologikoan (Miñano). Jardunaldia modu bimodalean egingo da (aurrez aurre eta streaming bidez), eta 4.0 digitalizazioaren esparruan esperientzia akademiko eta kudeaketa esperientzia garrantzitsuak eta inspiratzaileak erakustea du helburu.

“Eraldaketa digitala orainaldia da, bai enpresetan, bai sektore publikoan. Mahai gainean dago enplegu-nitxo berriei eta sortutako enpleguaren kalitateari buruzko eztabaida. Funtsezkoa da eten digitala arintzea eta prestakuntza egoki eta eraginkorrean inbertitzea”, nabarmendu du Igor Salazarrek.

 

Share

Ekonomia-Sustapenaren Sailak 445 enpleguren sorrera sustatu du Gasteizen, pandemia hasi zenetik hona

  • Sailak eta EHUk antolatu duten Enplegu Foroak 61 enpresa eta entitate ere bildu ditu, zeinek beste 413 lanpostu eskaini baitituzte

Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak Gasteizen 445 lanposturen sorrera sustatu du, zuzenean, pandemia hasi zenetik hona. Batetik, tokiko enpresek bideratutako 222 kontratu finantzatu ditu udal-laguntzekin, 450.000 euroko partida baten bidez. Bestetik, Eskualde Planaren azken deialdian 124 pertsona kontratatu ziren Udalean lanean jarduteko. Horrez gain, Gazte Planaren azken deialdiaren bitartez beste 44 pertsona kontratatu ziren. Azkenik, Udalak lanbideren eskutik eskaintzen dituen Kontratatzeko Laguntzek 55 kontratu finantzatzeko aukera eman dute; deialdi hori irekita dago oraindik, ekainaren 30era arte.

Gureak eta bost egin ditugu galdutako lanpostuak berreskuratzera –lehengo baldintza beretan edo hobeagoetan– zein aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzera. Ez da nahikoa enplegua sortzea, enplegu hori duina eta kalitatezkoa izan behar du”, esan du Enpleguko zinegotzi Igor Salazarrek.

Kontratuen finantziazio zuzenaz gain, Sailak bultzatu egin du enpresen kontratazioa, Udaleko teknikarien bitartekaritza eta orientazio bidez. Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak apirila eta maiatza artean antolatutako Empleo Gune foroak guztira 413 lanpostu eskaini dituzten 61 enpresa eta entitate bildu ditu. Lehen aldiz online egin da Foroa (Donostian eta Bilbon aurrez aurre egitearen aldeko erronkan tematuta, bertan behera utzi behar izan zuten) eta orain arteko daturik onenak eman ditu, 1.700 pertsonak eman baitzuten izena.

Halaber, Ekonomia-Sustapenerako Sailaren orientazio eta bitartekaritza zerbitzuak, Lanbiderekin lankidetzan arituta, orientazioa jaso duten pertsonen arteko % 34,23 laneratzea lortu du; bi urteko epean mila pertsona inguru artatu ditu zerbitzuak. Bitartekaritzari dagokionez (hots, enpresek eskatzen dituzten profil profesionaletara aurkezten direnen kudeaketa zuzenekoa), 2020an soilik 112 lanpostu bete zituzten Udalaren Enplegu Zerbitzuak berak proposatutako hautagaiek.

Maiatzean 16.044 langabe zeuden Gasteizen, iazko apirilean baino 749 pertsona gutxiago. Langabezia-tasaren daturik onena da 2020ko otsailetik hona.

“Itxaropena pizten diguten adierazle positiboak agertzen hasi dira, baina helburua, oraindik ere, galdutako enplegu guztia berrekuratzea da, eta enplegu horiek duin eta kalitatezkoak izatea”, baloratu du Enpleguko zinegotzi Igor Salazarrek.

Share

Gasteizek eta Arabak FITURen bere burua sustatuko dute leku seguru, jasangarri eta barneratzaile gisa

Udala lasterketa eta kirolaren hiri moduan kokatzen da

Foru Aldundiak lurraldea ibilgailu elektrikoz ezagutzeko gidaliburu bat argitaratu du

 

Gasteizek eta Arabak eskaintza integrala aurkeztuko dute Nazioarteko Turismo Azoka – FITURen, turismo leku seguru, jasangarri eta barneratzaile” gisa kokatzeko, bertako izadia, ondarea eta enogastronomia oinarri dituzten jarduera eta esperientziak direla medio. Lurraldea ibilgailu elektrikoz ezagutzeko gidaliburu berri bat, eta hiriburuan lasterketa eta beste kirol batzuk egiteko proposamen bana dira haren berritasun batzuk.

Igor Salazar zinegotziak, Gasteizko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saila ordezkatuz eta Cristina Gonzalez bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak, gaur prentsaurreko batean zehatz mehatz azaldu dute lurraldeak eta hiriak nazioarteko azoka horretara eramango duten eskaintza. Azoka maiatzaren 19tik 23ra bitartean egingo da, Madrilgo IFEMAko instalazioetan.

Salazarrek eta Gonzalezek nabarmendu dute bi erakundeak azken urte hauetan Araba eta Gasteiz turismo leku bezala ezagutarazi eta sustatzeko batera egiten ari diren lana, “bat eginda indartsuago, eraginkorrago eta efizienteago garela” sinetsita. Estrategia hori baterako kanpainen diseinuan, mezuen koherentzian eta sinergien baliatzean gauzatzen da.

Gasteizek FITURen erakutsiko du leku ‘green’ bat dela, kirola egiteko eta familiako eta aire zabaleko turismoa hartzeko guztiz egokia. FITURek eskaintzen duen erakusleiho handian egon nahi dugu, jasangarritasunaren ikono bat bezala agertzeko. Betiere osasun egoera kontuan izanik, garrantzi handienekoa baita. Horregatik, 2021eko FITUR honetan arloko profesionalek protagonismoa izango dute. Alde horretatik, Arabako hiriburuak natura turismorako bi proposamen aurkeztuko ditu.

Alde batetik, Gasteizek Walking&Running proiektua aurkeztuko du, paseatzeko edo korrika egiteko bide sorta bat, Gasteizko udalerria eta Araba bisitatzen ari direla beren kirol gogokoena aire zabalean egin nahi dutenentzat pentsatua. Ibilbide guztiek “bazter ezin ederragoak zeharkatzen dituzte; haietara erraz heltzea dago norbere autoan nahiz oinez, eta ezaugarri bertsuak dituzte: interesgarriak dira turistentzat, eremu babestuak dira eta paisaia eta kultura balio handiak dituzte” adierazi du Salazarrek. Horrekin guztiarekin, gidaliburu honek jarraitu nahi du Gasteizko udalerriaren ezagueran sakontzen, ibilbide berriekin. Argitalpen berri honek 7 ibilbide berri eskaintzen ditu. Gasteizen lehendik daudenei gehituta, 15 Walking&Running ibilbide dira, Arabako lurraldean dauden beste 6ez gainera. www.walkingandrunning.es plataforman aurki daitezke.

Horrekin batera, Arabako hiriburuak Aire Zabaleko Baliabideen Gidaliburu Profesionala aurkeztuko du, hirian bertan nahiz bere natura ingurunean kirol eta aisia aukerak eskaintzen dituena. Hartan, mota guztietako jarduerak daude, ur kiroletatik ziklismora, tartean globo txangoak, golfa, parapentea, segway edo izadiko yoga daudela, batzuk bakarrik aipatzearren. Gidaliburuan, alor honetan lan egiten duten profesionalen zerrenda dago, haiekin harremanetan jartzeko telefonoekin.

Aldi berean, Arabak eta Gasteizek berriz ere turismo ‘enbaxadoreak’ izendatuko dituzte, telebistaren munduarekin lotura duten pertsona ospetsuak, gure lurraldeko kultura, ondare eta gastronomia baliabideak nazio mailan zabalduko dituztenak. FITURen ezagutaraziko da nortzuk diren. Iaz, eginkizun hori berriz ere ezarri zenean, Sandra Sabatés eta Jesús Alvarez aurkezleek bete zuten.

Arabako Foru Aldundiak FITURen ‘bozgorailua’ erabiliko du Araba ibilgailu elektrikoz ezagutzeko gidaliburu berri bat aurkezteko. “Ibilgailu elektrikoen merkatua handitzen ari da eta bilakaera horrek iraun egingo du etorkizunean. Hortaz, proiektu honek joera bati erantzuten dio eta orobat geure politikaz turismo jasangarriari laguntzeko borondatea agertzen du, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta NBEren Garapen Jasangarriko Helburuen estrategiaren ildoan”.

“Ibilgailu elektrikoz ibiltzeko bideen gidaliburu berri honekin, natura, ondare edo enogastronomia baliabideetatik hurbil dauden karga azpiegituretan oinarritutako turismo eskaintza bat duen lehenengo lurraldea da Araba, eta kokaleku bikain batean gaude turismo jasangarri eta berdean erreferentzia puntu bat izaten jarraitzeko”, adierazi du Cristina Gonzalezek.

Argitalpen horrek bere 52 orrialdeetan lurraldeko eskualde guztiak korritzen ditu, kargagailu sarea lokarri duelarik, eta bateratzen ditu ibilgailuko bateriak energiaz kargatzeko argibide praktikoak eta honako hauekin “bidaiaria energiaz kargatzeko” ideiak: Erdi Aroko hiribilduak, parke naturalak, historia eta kultura ondarea, ibilbide berdeak, aire zabaleko jarduerak, esperientzia enogastronomikoak, leku paregabeak, hala nola Gatz Harana edo Nerbioiko ur jauzia, eta abar luze bat”.

Eskaintza integrala

Gidaliburua, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratua, gaurtik aurrera formatu digitalean eskuratu daiteke alavaturismo.eus web atariko deskarga sailean, eta hurrengo egunotan paperezko formatuan ere eskuragarri egongo da Arabako udalen eta eskualdeen turismo bulego guztietan. Argitalpena ikus-entzunezko batekin osatuko da, azoketan, sare sozialetan eta beste euskarri batzuetan zabaltzeko.

Arabak FITURen egingo duen eskaintza azokan bertan agertuko diren beste proposamen batzuekin osatuko da, azken urte hauetan kuadrillekin lankidetzan diseinatu diren produktuekin (Hartu Atsedena Araban, Kirol Turismoa, Turismo Irisgarria, Familia Turismoa, Araban Galtzeko Ibilbideak, Erdi Aroko Ibilbideak, Motorrezko Turismoa, Turismoa Autokarabanan, etab.), Arabako Errioxako enoturismo eskaintza osoarekin eta natura turismoarekin.

 

 

 

Share

Gasteizek WhatsAppen bidezko zerbitzu bat estreinatu du Enplegu Zerbitzuaren ikastaroei buruzko informazioa emateko

Gasteizko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak komunikazio-kanal berri bat jarri du abian WhatsAppen bidez hiriko Enplegu Zerbitzuaren nobedadeen berri emateko modu pertsonalizatuan. Horrela, WhatsApp erabil daiteke dagoeneko edozein gailu mugikorretan hainbat informazio interesgarri jasotzeko, hala nola prestakuntza-ikastaroen eskaintzari buruzko informazio eguneratua, astearteetako jardunaldi teknologikoak, orientabide-zerbitzuetara bertaratzeko gogorarazpenak, eta ikastaroetarako hautaketa-prozesuak.

Enplegu eta Prestakuntzaren WhatsAppean alta emateko, zerbitzuaren zenbakia (628 150 318) eduki behar da telefonoko kontaktuetan sartuta eta izen deskriptibo batekin identifikatuta (esate baterako, “Gasteizko Enplegu eta Prestakuntza”). Zenbakia kontaktuetan sartuta dagonean, txat bat sor dezake erabiltzaileak ALTA hitza bidaliz. Eragiketa erraz hori egindakoan, eskaera jaso dela berresteko mezu bat jasoko du, datu pertsonalen tratamenduari buruzko informaziorako esteka batekin. Alta-eskaera amaitzeko, NAN/IFK/IFZ zenbakiarekin eta “IRAKURRI DUT” esaldiarekin erantzun behar du, erabiltzaileak datu pertsonalen tratamendua onartzen duela jasota geratzeko.

Halaber, bestela ere egin daiteke alta, mugikorretik: bai  esteka sakatuz, bai Gasteizko Udalaren webgunean dagoen QR kodea eskaneatuz.

Kanal berri honek beste zenbait informazio ere emango ditu: Ignacio Ellacurían eta CETICen dauden autoprestakuntzarako gela, enplegu-zentroa, ikastaro eta zerbitzuen katalogoa, zerbitzuaren jendaurreko arretako ordutegiak… Nolanahi ere, egunean bi informazio-alerta bidaliko ditu gehienez ere, salbu eta larrialdiko abisuak badira. Arreta-zerbitzuaren ordutegia 09:30-16:30 izango da, astelehenetik ostiralera.

Enpleguaren zinegotzi Igor Salazarrek adierazi duenez, “WhatsApp aukeratu dugu komunikazio-kanal optimizatua baita eta erraztuko baitu informazioa banatzea eta era pertsonalizatuan jasotzea telefono mugikorrean”. Hain erabilia den aplikazio horren bidezko zerbitzu berriak “interesdunei informazio erabilgarria erraz eta eraginkortasunez helarazteko helburua du”, gehitu du zinegotziak.

Izena eman dutenek une oro dute baja emateko aukera: WhatsAppen bidez BAJA hitza bidali, eta informazio-zerbitzutik berehala ezabatzea aktibatuko da.

 

Share