Prentsa Oharren banner

Etxebarriak iragarri du enplegurako laguntzak gehituko direla, eta kultur industriari laguntza handiagoa emango

 

Gasteizko lehen alkateordeak akordioak eskatu ditu “pultsua berreskuratzen ari den” ekonomia sustatzeko

 

Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxebarriak bertako ekonomia bultzatzeko akordioak lortzeko premia aipatu du, krisi sanitarioak jota jarraitzen duen arren, “pultsua berreskuratzen ari baita”. Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotziak azaldu duenez, “alderdien arteko akordioak, baita beste erakunde batzuekikoak eta sektore pribatuarekikoak ere, inoiz baino garrantzitsuagoak dira, eta gakoa izango dira hasia den biziberritze ekonomikoko prozesuan.

Udal politikari buruzko eztabaida orokorraren bigarren saioan, Goiuri jauregian, Etxebarriak nabarmendu du Ekonomia Sustapenerako Sailak azken urtean 3,3 milioi euro txertatu dituela tokiko ekonomian, zenbait laguntza-ildoren bitartez, eta dirulaguntza horiek 1.800 onuradun ingururengana iritsi direla; gainera, beste erakunde batzuen laguntzekin bateragarri izan dira.

Bestetik, enplegurako udal laguntzetarako aurrekontua handitu egin dela aipatu du, “aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzen laguntzeko xedez”. Partida hori milioi erdi eurokoa izan da, iaz baino 50.000 euro gehiago, eta 2019an baino 100.000 gehiago.

Orobat, Convention Bureau entitatea sortzeko lehen urratsak egin direla nabarmendu du lehen alkateordeak: “lehen fase batean, biltzarrak eta profesionalen bilkurak erakarriko ditu horrek, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaz, eta bigarren fase batean, funtzio gehiago hartuko lituzke, ekitaldiak erakartzeko”.

Ildo horretatik, Etxeberriak nabarmendu du berak gidatzen duen saila lehen aldiz “berariazko laguntzak lantzen ari dela (100.000 euro) ekitaldiak erakartzeko asmoz”, eta Europa jauregian aldagelak egokitzen ari direla, ikuskizunak hartzerik izan dezan, Principal antzokiko obrak egiten diren bitartean hura ordezteko.

Kultur industriari laguntzea

Maider Etxebarriak kulturak Gasteizko “ekonomiaren motor” gisa duen egitekoa aldeztu du. Horrekin lotuta, “kultur sektorearekiko konpromisoa” indartu nahi izan du, bai programazioari bai azpiegiturei dagokienez. Etxebarriak Principal antzokiaren garrantzia azpimarratu du, “kultur baliabide horrek Euskadiko hiriburuaren mailako kutxa eszenikoa eta besaulki patioa edukitzea merezi baitu”. Baieztatu duenez, “laster aurrepausoak emango dira arlo horretan, datozen asteetan lehiaketara aterako baita eraikuntza-proiektua”.

Bide batez, Etxebarriak Iradier Arena ekarri du hizpidera, Kultura Biziaren “etxea” bilakatu baita, “dagoeneko eredu bihurtu den kultur esperientzia”. Lehen alkateordeak bereziki eskertu nahi izan du elkartzen jakin duten sustatzaile pribatuen lana, “beste hiri batzuentzat eredugarria baita”. “Oso argi dugu Iradier Arenak egonkortzeko beharra duela, eta horretarako Aldundiarekin batera ari gara lanean, urriaz geroztik ere haren programazioari eusteko, urte bukaerara arte. Esparruaren kudeaketa akustiko eta klimatizazioa hobetzeko lanak egitearen truke kudeaketa esleitzeko aukera ere aztertzen ari gara”, zehaztu du Etxebarriak bere hitzaldian.

 

 

 

 

Share