Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urtarrila 2019 10:15

Gasteizko Udalak Enpresak Sendotzeko Programaren beste edizio bat jarri du abian, enpresa sortu berrien iraupena luzatzeko xedez. Horretarako, prestakuntza praktikoa eskainiko die ekintzaileei, lau mintegi monografikoren bidez, baita banakako aholkularitzako ordu-multzo bat ere. Parte hartzen duten enpresei hausnarketa estrategikoa egiteko aukera eman nahi zaie, eta metodologia arrakastatsua aplikatuz negozioaren kudeaketan aurrera egiten laguntzea.

Hasteko, enpresaren kudeaketa mailaren aurretiko diagnostikoa egingo da, eta horren ondoren, otsailetik apirilera bitartean antolatu diren mintegi eta prestakuntza-lantegietan hartu ahalko dute parte:

 

  • Hurbilketa (otsailak 12, 9:00 – 14:00).  Kalitatearen kontzeptuaren eboluzioa aztertuko da mintegi horretan. Estrategia zer den eta enpresa baten barruan nola garatu daitekeen ere landuko da.
  • Antolakuntza (otsailak 5, 9:00 – 14:00). Analisi estrategikoa izango da abiapuntua. Negozio ereduak, balio proposamena, arrakasta faktoreak eta beste aztertuko dira. Eragileak eta mugatzaileak, AMIA eta AMIA gurutzatua ere sartzen dira programan.
  • Garapena (martxoak 26, 9:00 – 14:00). Estrategia definitu eta formulatuko da. Xedea, ikuspegia, balioak, konpetentziak, GAP azterketa eta visioning estrategikoa aipatuko dira.
  • Ezarpena eta ebaluazioa (apirilak 16, 9:00 – 14:00). Azken mintegian, hedatzea, ezarpena, ekintza plana, neurketa eta segimendua landuko dira.  Aginte koadro integralaren tresna ere aurkeztuko da.

Prestakuntza fasearen ondoren, hirugarren fasean, aholkularitza pertsonalizatua, tutoretzak eta tresnen ezarpena eskainiko dira. 10 ordu inguru izango dira, otsailaren eta maiatzaren artean. Azkenik, programaren bukaerako diagnostikoa eta ebaluazioa egingo dira.

“Hala beren jarduera sendotu nahi duten enpresei nola merkatu berriak bilatuz edo lehiakortasuna hobetuz hazteko asmoa duten enpresei zuzentzen zaie programa. Izan ere, behin abian jarrita, sustraitzea eta haztea dira enpresak aurre egin beharreko bi erronka nagusiak. Enpresak Sendotzeko Programa hau oinarri ona da bi erronka horiei erantzuteko”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa du Enpresak Sendotzeko Programak; Erdi Aroko hiriguneko udal enpresa-zentroan egingo da, eta izen ematea doakoa da.

+Informazio gehiago: Enpresak Sendotzeko Programa

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urria 2018 11:07
  • Enpresak Sendotzeko Programaren barruko ekimena da

Gasteizko Udalak lantegi berria antolatu du, enpresek salmenta politika hobetzen ikas dezaten zuzeneko kontaktuaren bidez. “Aurrez aurre negoziatu eta saltzea” izenburua duen lantegia Enpresak Sendotzeko Programaren barruan eskainiko da, lau saiotan; jarduera sendotu eta hedatzeko, merkatu berriak bilatzeko edo lehiakortasuna hobetzeko beharra duten enpresei zuzendutako programa da hori.

Azaroaren 13an hasiko da, enpresaren merkataritza-jardueraren oinarri eta premisei buruzko azalpen teorikoarekin. Hurrengo astean, aurreko saioan ikasitakoa praktikatu da, itxurazko elkarrizketa bat grabatuz. Hirugarren saioan, grabazioak banan-banan aztertuko dira, alderdi indartsuak eta ahulak antzematearren. Azkenik, elkarrizketa horiek taldean ikusiko dira, zer hobetu daitekeen gomendatzeko.

“Enpresa bat martxan jartzen denean, salmenta politika izan ohi da alderdi ahuletako bat. Batzuek uste dute zaila dela, eta ez dutela horretarako gaitasunik; hori dela kausa, bazter uzten da enpresa-proiektuak arrakasta lortzeko ezinbestekoa den alderdi bat. Lantegiaren helburua da ekintzaileek merkataritza negoziazioa prestatzea eta salmenta elkarrizketari eraginkortasunez aurre egitea”, azaldu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Erdi Aroko Hiriguneko Udal Enpresa Zentroan egingo dira merkataritza errendimenduari buruzko lantegiaren lau saioak, 09:30etik 13:30era. Izen-ematea doakoa da, eta online egin daiteke.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 otsaila 2018 09:23
  • 2017an, 135 ekintzailek hartu zuten parte programa horretan

Enpresak Sendotzeko Programa Gasteizko Udalaren ekimena da, enpresa sortu berrien iraupena bermatu eta horiek indartzeko. Datozen asteetan, lau lantegi eskainiko dira horren barruan, estrategia, marketina, finantzak eta antolakuntza gaitzat hartuta. Enpresa-kudeaketarako funtsezko diren alderdiei buruzko prestakuntza eta aholkularitza emango zaie parte-hartzaileei, negozio aukerez eta hobetu beharreko alderdiez jabetu daitezen. Enpresa administratzen laguntzeko tresnak ere emango zaizkie, aholkularitza espezializatu baten laguntza pertsonalizatuaren bidez.

“Lagun egiten diegu ekintzaileei, hala negozio-ideia abian jartzeko unean nola proiektua jada martxan dagoenean, orduan sendotzea eta hedatzea baita erronka. Izan ere, proiektuaren jarraipena epe luzera bermatzeko, garrantzitsua da laguntza ematea enpresa sortzean ez ezik, baita heltzeko prozesuan ere”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Lehen lantegia otsailaren 19an egingo da, eta estrategia jorratuko da, alderdi hauek aztertuz: negozioaren antolakuntzari buruzko hausnarketa estrategikoa, eta enpresaren eboluzioa eta etorkizunerako itxaropenak neurtzeko egitekoen zerrendak egin eta ikuskatzea.

Hurrengo astean, otsailaren 26an, marketina izango da lantegiaren gaia. Parte-hartzaileek bezeroak aztertzen ikasiko dute, negozioa eraginkortasunez aurkezten, eta kanpo-komunikaziorako formula egokienak erabiltzen.

Martxoaren 5ean, finantzen txanda izango da; kostuen kalkulua, diruzaintza eta balantzeen interpretazio zuzena landuko dira. Azkenik, martxoaren 12an, antolakuntza eta pertsonak izango dituzte aztergai, alderdi hauetan sakonduz: lidergoa, langile politika eta enpresa bazkideekiko harremanak.

Lantegi guztiak goizez izango dira, 9:30etik 13:30era, Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroan. Prestakuntzaren ondoren, banakako aholkularitzako bi ordu jaso ahalko dira, horretaz arduratzen den aholkularitzarekin hitzartu beharrekoa. Lantegiak doakoak dira, eta lekuak, mugatuak; aldez aurretik izena eman beharra dago, eta ondoren berrespena jasoko da.

2017ko balantzea

Iaz enpresak sendotzeko eman ziren sei lantegietan (lau martxoan eta bi azaroan) 135 ekintzailek hartu zuten parte, 69 enpresaren izenean. Lantegien balioespen orokorra 10etik 8,43 puntukoa izan zen, eta hitzaldien kalitatea eta jorratutako edukiak nabarmendu zituzten alderdi positiboen artean. Parte hartu zuten enpresen % 85 mikroenpresak ziren (1 eta 9 langile artean); gainerako % 15a enpresa txikiak izan ziren (10 eta 49  langile artean). Jarduerari dagokionez, enpresen % 74 zerbitzuen sektorekoak ziren, % 17, industriakoak, eta % 9, ostalaritzakoak.

Informazio gehiago: Enpresak Sendotzeko Programa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 urria 2017 10:43

Enpresak Sendotzeko Programa Gasteizko Udalaren ekimena da, enpresa sortu berrien iraupena luzatzeko asmoa duena, eta azarorako beste bi lantegi antolatu dira horren barruan. Prestakuntza zati labur batek (4 ordu) eta banakako aholkularitzak (2 ordu, aholkularitza enpresarekin adostuta) osatzen dute lantegi bakoitza.

“Udalak enpresei laguntzeko baliabide-sorta zabala du, bai ideia bat abian jarri nahi duten ekintzaileei zein jardueran urteak daramatzatenei sostengu emateko. Enpresak Sendotzeko Programa berriki enpresa abian jarri dutenentzat da, oso kontzeptu zehatzei buruzko orientabideak behar baitituzte, aholkularitzaren eta prestakuntza puntualaren bidez”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Lehen lantegia azaroaren 6an egingo da, eta estrategia izango da gai nagusia: kontzeptu horrek enpresaren jarduerarako duen balioa sakon aztertuko da, eta negozio baten eboluzioa hasieratik estrategiaren ikuspegitik nola analizatu eta geroko jarduerak programatzeko CANVAS tresna nola erabili ikasiko da.

Bigarren lantegian enpresari aplikatutako marketinaren zenbait alderdi azalduko dira: bezeroen analisia, 5×5 merkataritza-plana, kanpo-komunikazioa eta saltzeko argudioen bilaketa, eta negozioaren aurkezpen eraginkorra. Azaroaren 13rako aurreikusi da.

Bi lantegiak Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroan (Eskola kalea, 10) egingo dira; izen-ematea doakoa da, eta online izapidetu behar da.

Azaroan enpresak sendotzeko antolatutako lantegiez gain beste lau egin ziren martxoan.

Informazio gehiago: Enpresak Sendotzeko Programa

 

 

 

 

Share