Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 azaroa 2018 17:28

Gasteiz izan da nagusi gaur arratsaldean Ingurumenaren Biltzar Nazionaleko (CONAMA) areto dinamikoan. Bertan, Gasteizek bere ingurumen eredua aurkeztu du, eta Erazten Berdearen 25 urteak aztertu, 10 minutu inguruko hainbat hitzaldiren bitartez. Ekitaldian Gorka Urtaran alkateak eta udaleko teknikariek hartu dute parte, eta Eraztun Berdean lehen lanak egin zirenetik gaur arte igarotako 25 urteen laburpena egin dute, eta udalak etorkizunerako duen estrategien ildo nagusiak jorratu dira. Izan ere, Gasteizko ordezkariek Eraztun Berdea sendotu eta hobetzeko 2030era arteko bide-orria erakutsi dute: Vitoria-Gasteiz berdeago, hiri-natura sare bizia”.

Eraztun Berdeak 25 urte bete ditu, eta lehen mailako ingurumen, gizarte eta turismo baliabide bihurtu du Gasteizerako. Udalerri iraunkorra gara, European Green Capital gara, eta harro gaude gure bizilagunak sentiberak direlako ingurumenarekin, eta konpromisoa dutelako harekin”, adierazi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Alkateak gogorarazi duenez, “Eraztun Berdea hiriaren ezaugarri behinenetako bat da, eta gune narriatuak naturarako eta aisialdirako berreskuratzeko egindako erronka eder baten emaitza da“. “Hiriaren inguruko parkeen sarea gauzatzea erabateko arrakasta izan da, ekologia eta paisaia aldetik balio handiko hainbat gune ditu, eta orain zaintzea eta hobetzea dagokigu” adierazi du alkateak. Ildo horretatik, etorkizuneko hainbat erronka aipatu ditu, esaterako “Larragorri parkea sortzea, udal gobernuak sustatutako 2025 estrategiaren baitako ekimen nagusietako bat, edo Olarizuko parke botanikoaren ingurua sendotu eta hobetzea, zeinari datozen hilabeteetan eduki gehiago eman nahi zaion, eta ikusarazi. Horretaz gain, Ingurumen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak burutzen dituzten gainerako proiektuak ere badira“.

Areto dinamikoan udaleko hainbat teknikarik eta alkateak hartu dute parte: Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko zuzendari Ainhoa Etxeandia; Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko buru Fernando de Juana, IGIko Iraunkortasunerako Informazio eta Berrikuntza Arloko buru Juan Carlos Escudero, IGIko sentsibilizazio arloko buru Roberto Gonzalez Argote, IGIko ikasketa arloko buru Ane Velasco, IGI Green Labeko koordinatzaile Juan Vilela eta Olarizuko lorategi botanikoko koordinatzaile Agustí Agut. 2030ra bitartean Eraztun Berdea sendotzeko eta hobetzeko estrategia azaldu dute guztien artean. Plangintza horrek —hamabost puntu estrategikotan laburtu da— garrantzi eta garapen-maila ezberdinetako ekintzak barne hartuko ditu, etorkizunetan hainbat eskalatan aplikatzekoak: auzoa, hiria eta lurraldea. Naturan oinarritutako irtenbideak bilatuko dira.

Hitzaldietan, gai gako hauek ukitu dira: biodibertsitatea, ura, energia, mugikortasuna, sozioekonomia, espazio publikoa eta elikadura. Udal teknikariek zenbait proiektu aurkeztu dituzte: Eraztun Berdea eta haren etorkizuna; hiriko errekak; Salburua; Olarizu eta bertako lorategi botanikoa; egitekoa den Larragorri parkea; Gasteizko hiri-azpiegitura berdea, auzoen eta mikropaisaien bidez; oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna; ibilbide berdeak; parke agroekologikoak eta hiri baratzeak; konektagarritasun ekologikoa; hondatuta dauden lurzoruen berreskurapena, eta lurraldeko azpiegitura berdea. Eraztun Berdea sendotu eta hobetzeko ekimen ugari, ekonomia berdea eta garapen iraunkor sustatzeko aukera bikaina.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 abuztua 2018 13:41

 

– Dantza klasiko eta garaikideko udal kontserbatorioko 20 dantzarik koreografia berezia egin dute Armentiako basoan eta Salburuko parkean, hiriarentzat erreferentziazkoa den inguru batean naturaren eta artearen arteko batasuna irudikatzeko asmoz

– Bideoa udalaren web-orrian eta sare sozialetan zabalduko da, eta irailean Luis Aranburu udal musika eskolarekin batera landutako beste batez osatuko da

Artea  eta natura batu egin dira Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko, eta hiriaren inguruko parkeen sareak hiriko bizitzaren alor guztietan duen eragina erakusteko. Xede hori du Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) José Uruñuela dantza kontserbatorioarekiko lankidetzan atera duen bideoak. Eskolako 20 dantzari eta aparteko bi agertoki —Armentiako basoa eta Salburuko parkea— dira ikus-entzunezkoaren protagonista, zeinean Eraztun Berdearen irudi ezezaguna eskaintzen baita. Debussyren musika lagun, dantza klasiko eta garaikideko dantzariek koreografia egin dute Eraztun Berdearen erdian, espazioarekin elkarreraginez. “Armentiako basoa aukeratu dugu dantza garaikideko piezarako, eta Salburuko pasabideetako bat klasikorako; bi leku eta bi diziplina ezberdin, baino edertasun berekoak”, azaldu dute José Uruñuela dantza kontserbatorioko arduradunek.

Bideoa ekainean grabatu zen, eta udal eskolako ikasketa profesionaletako  3, 4, 5 eta 6. mailetako ikasleek hartu zuten parte. Parte-hartzaileek “bakana eta berritzailea” iritzi diote esperientziari, naturaren erdian dantza egiten zuten lehenengo aldia baitzen. “Horrelako sinergiek erronka berriei aurre egiten laguntzen digute. Gure mugimenduak espazioari moldatzen saiatu gara, eta emaitza benetan polita dela uste dugu”, azaldu dute.

Udalaren web-orrian zein sare sozialetan ikusi ahalko da bideoa. “Gure asmoa da 25. urteurrenean Eraztun Berdea ikuspegi ezberdinetatik agerraraztea, ingurumenaz haratago hiri proiektu gisa duen balioa aintzat har dadin. Dagoeneko gure esentziaren zatia da, eta nortasuna ematen digu, hiriko pertsona eta sektore ororekin baitu harremana”, azpimarratu dute IGItik.

Irailean artea eta natura batzen dituen beste bideo bat zabalduko da, Luis Aranburu udal musika eskolaren laguntzarekin grabatutakoa; eskola horrek ere 25 urte bete ditu aurten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 maiatza 2018 13:43

-Instagrameko “Salimos hoy!” arabar profilarekin batera antolatutako jarduera hiri inguruko parkeen 25. urteurrena ospatzeko ekintzetako bat da; 7.000 jarraitzailetik gora ditu profil horrek.

-Lehiaketa martxoaren 1ean abiatu zen, eta apirilaren 30era arte aurkeztu ahal ziren argazkiak. Saritutako 9 argazkiak, eta epaimahaiak hautatutako bilduma bat, “#EraztunBerdeak25urte ospatzeko begiradak” erakusketan ikusi ahalko dira, zeina maiatzaren 29an inauguratuko baita Atarian.

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) argazki-lehiaketa bat antolatu du bertako zein kanpoko instagramerrentzat, sare sozial horretan hiriko Eraztun Berdea osatzen duten parke eta espazioetako txokoen irudiak partekatu ditzaten. Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko Udalak antolatutako ekintzetako bat da hori, eta dagoeneko badakigu zeintzuk diren irabazleak. Lehen saria @kukita16 erabiltzaileak irabazki du, ‘Todo el camino es tuyo y sólo tuyo. Porque todo el mundo podrá caminar contigo, pero nadie podrá hacer el camino por ti’ izeneko lanagatik. Bigarrena, @jesusgordalizaphoto-rentzat izan da, ‘Tarde de caballos’ argazkiagatik. Hirugarren saria, berriz, @alvaroah_93 erabiltzaileari egokitu zaio, ‘Una hora ganada al amanecer es un tesoro por la tarde’ irudiarengatik. Beste erabiltzaile hauei akzesit bana eman zaie: @anderochoa, @txitxe20132, @parusmajor_mendian, @andreayrazu, @sonia_lo_ay eta @m.v.p._oficial. Lehiaketan 167 argazkigilek hartu dute parte, eta 1.168 lan aurkeztu dira guztira.

Egunero hiri inguruko parkeetara hurbiltzen direnen askotariko begiradak agerian utzi nahi zituen lehiaketak. Hautatutako argazkiak “#EraztunBerdeak25urte ospatzeko begiradak” erakusketan ikusi ahalko dira, zeina maiatzean inauguratuko baita Ataria interpretazio zentroan. Gasteiz eta Arabari buruzko Salimos hoy! plataformarekin batera antolatu da lehiaketa, zeinaren Instragameko profilak 7.000 jarraitzailetik gora baititu.

Otsailaren bukaeraz geroztik, parte hartu nahi zutenek Instagramen sartu ahal izan dituzte argazkiak edo fotomuntaketak, traola hauek erabiliz: #anilloverde+25, #vg_ataria eta #SalimosHoy. Gasteizko Eraztun Berdeko gune naturalak, edo izadiaren babesarekin bateragarriak diren jardueretan gune horiez gozatzen ari den jendearen argazkiak onartu dira.

300 euro eta ibilaldia Salburuko hezegunean barrena

Hauxe izango da lehen saria: 300 euro, eskudirutan; bale bat IGIren agendako hiru jardueratan parte hartzeko; 5 pertsonentzako ibilaldia Arkautiko hezegunean barrena, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Bigarren irabazleak sari hauek jasoko ditu: 200 euro, eskudirutan; bale bat IGIren agendako bi jardueratan parte hartzeko, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Hirugarrenak, berriz, sari hauek irabaziko ditu: 100 euro eskudirutan; bale bat IGIren agendako jarduera batean parte hartzeko, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Sei akzesiten irabazleek (Eraztun Berdeko parke bakoitzeko bat)  IGIren agendako jarduera batean parte hartzeko bale bana jasoko dute.

Irabazten duten argazkien erakusketaren inaugurazioa Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko jarduera nagusietako bat izango da; izan ere, urteurrenean herritarrek naturgune horietaz duten ikuspegia eta horiei egiten dieten ekarpena oso presente egotea nahi da, duten gizarte dimentsioa eta lurraldea eta biztanleak kohesionatzeko balioa agerian uzteko. Gainera, lehiaketako irudiak partekatzeko Instagram plataforma erabiltzeak lehiaketaren zabalkundea biderkatzen lagunduko du, tokiko mailan zein estatuan eta nazioartean. Interesdunek Udalaren web-orrian kontsultatu ditzakete oinarriak.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 martxoa 2018 14:03


– Paisaiari buruzko jardunaldiak maiatzaren 30etik ekainera bitartean izango dira “2050 ikuspegia – hiria naturarekin berriz lotzen” izenburupean. Hiri inguruko parkeetan erreferente diren beste herri eta estatu batzuetako ordezkariak izango dira bertan, Singapur eta Bergamo hirietakoak eta Virginia edo New Yorkekoak esaterako.

– Maiatzaren 28tik ekainaren 8ra, paisaiari buruzko “2050 ikuspegia: Eraztun Berdea gogoetagai” nazioarteko lantegia egingo da, eta Gasteizko Eraztun Berdearen eta horren periferiaren bilakaerarako ardatzak bilatuko ditu.

Gasteizko Eraztun Berdearen 25. urteurrena dela eta, hiriaren eta naturaren arteko loturari eta lurraldeen erresilentziari buruzko hausnarketarako gune izango da Gasteiz mundu osoan. Europa jauregiak paisaiari buruzko “2050 ikuspegia- hiria naturarekin lotzen” jardunaldiak hartuko ditu maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean. Jardunaldi hauek Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatu ditu Hiri paisaiari buruzko 6. foroaren baitan. “Klima-aldaketaren inguruan sortutako paradigma berrituek, lurraldeen erresilentziak, nekazaritza-jarduerak, energiak eta nekazaritzako elikagaien sistemek, besteak beste, ingurumenarekin harmoniatsuagoa den lurralde bat izatera bideratzen gaituzte. Planetan egiten diren esperientzia eta ikuspegi berriak ezagutu nahi ditugu, gure lurraldearen –eraztun berdearen eta gainerakoen– etorkizunari buruzko hausnarketa egiten lagunduko digutenak” adierazi du Gasteizko Udaleko Ingurumeneko zinegotzi eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakari Iñaki Prusillak.

Munduko aditu nagusiak izango dira jardunaldietan. Maiatzaren 30ean, esaterako, European Topic Center on Biological Diversity zentroko zuzendari Dominique Richard andreak emango dio hasiera eztabaidari, eta ondoren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendari Luis Andres Orive eta University College London ikastetxeko Rebeca Dios arituko dira– azken hau eraztun berdeetan espezializatutako ikertzailea–. Arratsaldez nazioarteko erreferente nagusietako bi aditu izango dira: Virginiako Unibertsitateko Thimothy Beatley eta Singapurreko National Parks Board-eko Lena Chan. Ondorengo egunetan hausnarketa eta eztabaidekin jarraituko da, eta honako hizlariak izango dira, besteak beste: Fundicot-eko lehendakari Antonio Serrano, Nueva Yorkeko Syracuse unibertsitateko irakasle Emanuel Carter, Bergamoko unibertsitatekoa eta Dei Colli parkeko administraria, Energi Cities-eko Miriam Eisermann eta Fernando Prats hiri-arkitektoa, besteak beste.

Nazioarteko lantegia, Eraztun Berdeaz gogoeta egiteko

Maiatzaren 28an, jardunaldiak hasi baino egun batzuk lehenago, hiri paisaiari buruzko nazioarteko lantegiaren beste edizio bat izango da. Hainbat diziplinatako –biologia, soziologia, filosofia, artea, ekonomia, paisajismoa, elikadura, energia…– ikasle, ikertzaile eta profesionalak bilduko dira, 2050era begira eraztun berdeari buruz hausnarketa egiteko, ekainaren 8ra bitartean. Ekimenaren xedeak: etorkizun-egoera proposatzea paradigma global berritik, horren eta periferiaren (nekazaritza, landa eta baso lurrak) bilakaerarako aukerak aztertzea eta garatzeko eta bilakatzeko eredu desberdinak proposatzea.

Hauek izango dira lantegiko gidari: José Fariña, Madrileko unibertsitate politeknikoko hirigintza eta lurralde antolakuntzako katedraduna; Emanuel Carter, Syracuseko unibertsitateko irakasle elkartua; Miriam García Madrileko Camilo José Cela unibertsitateko paisajismo graduko zuzendaria; Yon Barcena, IGIko arkitekto paisajista. Izena emateko curriculuma bidali behar da www.vitoria-gasteiz.org/forourbanodepaisaje helbidera maiatzaren 2a baino lehen. Gehienez 20 parte-hartzaile izango dira. Zehazki, honako gaiak landuko dira: nekazaritzako elikagaien sistemak, nekazaritza eta basogintzako sistemak, energia eta biomasa eta uraren zikloa. Estatuko eta nazioarteko adituak izango dira Gasteizen 2 astez, eta Eraztun Berdearen eta lurraldearen datozen 25 urteen gaineko hausnarketa egiten, eta erantzunak aurkitzen lagunduko dute.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 otsaila 2018 12:47

 – Udalak korten altzairuzko marko handiak paratuko ditu parkeetako zenbait lekutan, bisitariek beraietan erretratuak egin ahal ditzaten

 – Eraztun Berdeari buruzko jardunaldi teknikoak hartuko ditu Gasteizek maiatzaren amaieran, eta nazioarteko adituak etorriko dira bertara

 

Gasteizek Eraztun Berdearen 25. urteurrena. ospatuko du aurten. Gorka Urtaran alkateak aurkeztu du gaur goizean, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendari Luis Andrés Orive lagun zuela, Udalak prestatu duen egitaraua, hiriaren ezaugarri behinenetako baten jaiotza oroitzeko. “Eraztun Berdeak 25 urte bete ditu, eta, gaur-gaurkoz, lehen mailako baliabide sozial, turistiko eta ingurumenekoa da hiriarentzat”, azaldu du alkateak. “Udalerri iraunkorra gara, 2012ko European Green Capital gara, eta harro esan dezakegu gure bizilagunak sentiberak direla ingurumenarekiko, eta konpromisoa dutela harekiko”, gehitu du Gasteizko alkateak.

2018an mende-laurdena betetzen dute gaur Eraztun Berdea dena egokitzeko lehen jarduerek. “Zalantza izpirik gabe, gure hiriaren ikonoetako bat da. Erronka eder baten emaitza da, zeinari eskjer gune narriatuak berreskuratu genituen, izadiarentzako eta aisialdirako. Asmatu egin genuen, baina orain babestu eta hobetu beharreko ondarea da. Ikuspegi horretatik, une hauetan dugun erronka nagusienetako bat Lasarte legar-hobien inguruan Larragorri parkea prestatzea da; ekimen horren xedea hegoaldeko ibaiek sortzen dituzten uholde-arazoei irtenbide natural eta iraunkorra ematea da, ura eta landaretza baliatuta”, aurreratu du Gorka Urtaranek.

Alkateak azpimarratu duenez, azken hilabeteetan IGIk jarduera eta ekimen egitarau berezi bat prestatu du, “zeinaren bitartez kolektiboak eta herritarrak inplikatu nahi ditugun, azken xedea delarik Eraztun Berdea sendotzeko beharrezkoa den akordio politiko eta herritarra indartzea”. Hartara, eta zenbait ekimen bitarte, asmoa izango da “orain arte egindako lana agerian jartzea eta aurrerantz proiektatzea, Eraztun Berdeak ingurumenaren eta herritarren bizi-kalitatean izan duen garrantzia nabarmentzea, herritarren parte hartzea sustatzea, hiri inguruko parkeekiko konpromiso- eta inplikazio-maila areagotzeko, eta ezagutza teknikoan aurrerapausoak ematea, horien bitartez Eraztun Berdearen kudeaketa hobetzeko aukera emango diguten ideia berriak praktikara eraman ahal izateko”.

Programa hiru esparru handiren inguruan egituratzen da. Lehenik eta behin, Eraztun Berdeari buruz herritarrek duten ikuspegia. Bigarrenik, adituen ikuspegia. Eta azkenik, Eraztun Berdea, gasteiztarren topagune gisa.

lehen esparruari dagokionez, Eraztun Berdeari buruzko argazki ederrenen erakusketa bat prestatu da Atarian; argazki horiek herritarrei zuzenduriko argazki-lehiaketa batekoak izango dira. Sare sozialak (Instagram, Facebook, Twitter…) izango dira lanak aurkezteko bidea, betiere martxotik aurrera. Gainera, beste erakusketa bat ere izango da, ibiltaria, non gasteiztarrek kontatuko duten nola bizi eta sentitzen duten Eraztun Berdea, nolako harremana duten berarekin. Profil desberdineko pertsonak izango dira, sektore desberdinetakoak. Irudiak aluminiozko kubo handitan ipiniko dira, maiatzean hasita, eta bideo batek lagunduko ditu.

Gainera, korten altzairuzko markoak paratuko dira Eraztun Berdeko zenbait leku berezitan, bisitariek beraietan argazkiak egin ahal ditzaten. Bi bideo ere egingo dira, Eraztun Berdeak adierazpen artistikorako duen ahalmen handia islatzeko.

Bigarren esparrua adituen ikupsgiari dagokiona da. Dagoeneko prestatu dira zenbait jardunaldi, foro eta lantegi tekniko, profesional, ikasle eta teknikariei zuzenduak, bai eta dibulgazio-hitzaldi sorta bat ere. Maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean,  ‘Gasteizko eraztun berdeak 25 urte. 2050era begira, hiria-izadia harremana berrosatzea’ izeneko jardunaldi teknikoak egingo dira. Hiru egunetan, hiri eta unibertsitateetako ordezkariek, teknikari eta profesionalek eta ordezkari politikoek eskarmentua eta lanak partekatuko dituzte. Jardunaldietan gaikako arlo hauek jorratuko dira:

  1. Eraztun berdeei buruzko ikuspegia eta funtzioak.
  2. Eraztun berdetik sistema berde integratura.
  3. Nekazaritza-eraztun funtzionalak, hiri- eta eskualde-eskalan.
  4. Karbonoan neutro diren hiri eta eskualdeak.
  5. Etorkizuneko bio-eskualdeak.

Gainera, maiatzaren 28tik ekainaren 8ra bitartean VI Paisaiari buruzko Gasteizko VI. Hiri Foroa egingo da. Alor horretan esparru nazional zein nazioartekoan diharduten ikasle, profesional eta ikerlariak arituko dira, deialdi publiko baten bitartez hautatuta, eta etorkizun-egoera eta Eraztun Berdea garatzeko eredu zenbait aurkeztuko dizkigute. Zuzendaritza tekniko eta akademikoan zenbait unibertsitate izango dira, esaterako Madrileko Unibertsitate Politeknikoa eta New Yorkeko SUNNY-ESF.

Urtean zehar, IGIk Hiri Ekologiaren Gelari eutsiko dio, non dibulgazioko hitzaldi zientifiko-teknikoak eskaintzen zaizkion pertsona interesatu orori. Honako gai hauek jorratuko dira: biodibertsitatea muturrera eramana; nekazaritza eta elikadura; azpiegitura berde eta urdina; artea eta izadia, paisaiaren etika eta estetika; pertzepzio berdea eta gizarte-topagunea; eta hiri-biodibertsitatea eta agroekologia aplikatua.

Hirugarren esparrua giza-topaguneari eskainitakoa izango da. IGIko arduradunek diotenez, “25. urteurrenaren xede nagusienetako bat Eraztun Berdea aisialdi eta kirolerako leku bezala –hots, gizarte-topagune– duen balioa aldarrikatzea da. Zenbait jarduera burutiko dira asmo horrekin: Esaterako: Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna, Ingurumenaren Mundu Eguna, Aste Berdea, Hegaztien Mundu Eguna (irailaren 30ean), Eraztun Berdeko XIII. Bizikleta Bira, eta Oinezko XIV.a… Egitarauari amaiera emateko,jendetza handia bilduko duen eta indar sinboliko handiko ekitaldi bat egitea planteatzen da, baina oraindik definitzeke dago.

Gaurkoan, gainera, Udalak urteurren honetarako propio diseinatu den logotipoa ere aurkeztu du. Honakoa da:

 

Share