Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urtarrila 2019 14:30

 

 

 

Urteko lehen jaialdiak ikusmin handia sortu du, Gasteizko Ogeta pilotalekuaren inaugurazioaren 40. urteurrenarekin bat egiten baitu

 

Zale arabarrek binakako txapelketaz gozatu ahalko dute Gasteizen egiten den pilota profesionaleko lehen jaialdian. Luxuzko egitaraua izango da, txapelketan jarraitzeko irabazi beharra duten bi bikotek hartuko baitute parte. Olaizola II.a eta Albisu —zazpigarren garaipena lortu dute jada— eta Artola eta Mariezkurrena II.a gazteak lehiatuko dira; gazte segail hori dugu profesionalen taldeko azken aurkikuntza, frontoian erakusten dituen dohainak direla eta.

Azken bikoteak besteak baino garaipen bat gutxiago lortu du, eta dena emango du hurrengo aldian onenen artean izateko. Aspeko Inaxio Errandoneak dioen bezala, “lau pilotariak saiatuko dira ondo jokatzen eta finalerdietarako puntuak lortzen”. Beraz, partida erabakigarria izango da, eta egitaraua oso erakargarria; enpresaren ordezkariaren ustez, “hiru partidak oso onak dira; azkena promoziokoa da, eta Dario aurrelari errioxarra nabarmentzen da, inguruan oso maitea baita”.

Gainera, jaialdia data historikoa baten inguruan egingo da. Izan ere, duela 40 urteko otsailaren 9an egin zen “Ogetan inauguratzeko partida”, Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok nabarmendu duenez. Hain zuzen ere, Ogetak —euskal pilotaren handietako bat— eta Arriaran II.ak osatutako bikotea Atano X.a eta Esparzaren kontra aritu ziren orduko hartan. Egun seinalatua izan zen gaur egun ere Euskal Herrian enblematikoa den instalazio batentzat: hirugarren frontoi handiena da, eta leku gehien duena. 40. urteurrenaren urtean, gainera, “bere historiako eraberritzerik handiena ezagutuko du, segurtasun eta ebakuazio arrazoiak direla eta gainerakoei egokituko baitzaie”; “aurten bertan” abiatuko dira eraberritzeko lanak, Andre Maria Zuriaren txapelketaren aurretik edo ondoren. “Edonola ere”, esan du Cantok, “txapelketa eta urte osoko jarduera bermatuta egotea nahi dugu, baita lanak egiten diren bitartean ere, mugak muga”.

Bihar, hilak 30, jarriko dira sarrerak salgai, 11:00etatik aurrera, partidaren bezperara arte; aurretiazko salmentan 15 eta 30 euro balioko dute, eta 5 euro gehiago leihatilan.

Euskal Pilotako Arabako Federazioko lehendakari Iker Geretak ohartarazi du “egun horretan eta hobekuntzak irauten duen urtean pilotalekuaren edukiera mugatuta” egongo dela “segurtasunagatik eta autobabes-planarekiko koherentziagatik”, baina nabarmendu nahi izan du “zinegotzia eta Udala ahaleginak egiten ari” direla “obrak irauten duen bitartean jarduerari eutsi ahal izateko”.

Izan ere, baimendutako edukiera txikitu egin da. Hasieran 2.100 leku zeuden; duela urte batzuk, 1.800 izatera igaro zen, eta lanen aurretik zein lanak egiten diren bitartean aplikatzen den araudiari jarraituz, 1.200 leku egongo dira: 250 errebote eta harmailetan, eta 933 kantxan.

Esan bezala, 1979ko otsailaren 9an inauguratu zen pilotalekua, eta urte hartako uztailean jarri zioten Ogeta izena. Bada, 40. urteurrenean, 2019an, partida handien arteko batekin emango zaio hasiera pilota profesionalaren denboraldiari, hiru partida bikain biltzen baititu egitarauak.

 

Share