Prentsa Oharren banner

Aurrera doa Lasarte herriaren eta Gasteiz hiriaren arteko komunikazioa hobetzeko konponbidea —espaloia eta bidegorria tarteko—

Lasarte herria Malizhaeza kalearekin eta Lasarteko atearekin lotzen duen A-4132 errepidea hobetzeko proiektua bultzatzeko konpromiso-kreditua sortzea ontzat eman du Tokiko Gobernu Batzarrak. Gaur egun, errepide horren lehen 200 metroek ez dute ikastetxe batera sartzeko eremu batean bide-segurtasuna bermatzeko beharrezko den antolamendu egokirik. Izan ere, ez dago espaloirik tarte horretan, eta ez dago Lasarteko ateko bidegorritik datozen bizikleten segurtasuna bermatzen duen konponbiderik. Bestalde, Malizhaeza kalea eraberritu delarik bertan jarri den bizikletentzako erreiari jarraipena emango dion konexio bat sortu beharra dago.

Egoera hori konpontzeko, esku-hartze bat diseinatzen ari da Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila, zeinetan Arabako Foru Aldundiak laguntza teknikoa eta ekonomikoa emango baitu, bera izango baita proiektua onetsi eta obrak kontratatu, zuzendu eta kontrolatzeaz arduratuko dena —guztira, 304.413 eurokoa da aurrekontua, BEZa barne—.

Udalak lan horiek egiteko ekarpen ekonomikoa egin dezala ahalbidetuko du gaur goizean onetsi den aurrekontu-aldaketarako proiektuak, bi urteko konpromiso-kreditua tarteko. Hartara, 24.036 euro bideratuko ditu aurten bi erakundeen arteko hitzarmenera, eta beste 181.100 euro datorren urtean. Udalbatzara igorriko da orain Gobernu Batzarraren erabaki hori, berretsi dezan.

Share