Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 otsaila 2019 12:45

Musika izango da aurtengo gaia, eta lanak otsailaren 18tik (astelehena) martxoaren 19ra arte aurkeztu ahalko dira. Sariak maiatzaren 30ean banatuko dira

 

 

 

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok FotoArte argazki-lehiaketaren hamabosgarren edizioa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Herritarrak argazkilaritzara hurbilaraztea eta alor horretan sorkuntza sustatzea da helburua, eta irudien bidez jarduera artistikoa modu erakargarrian ikusten laguntzea haren adierazpen guztietan, gai orokor gisa.

Aurtengo edizioan funtsezko aldaketak egin dira, parte-hartzea orokorrean eta emakumeena bereziki sustatzeko beharra ikusi baita. Zinegotziak azaldu duenez, “lehiaketak duen emakumeen partaidetzaz, parte hartzeak dakarren kostuaz, jabetza intelektualaz eta anonimotasuna gordetzeaz hausnartu dugu hiriko emakume argazkilarien talde batekin, jabetza intelektualaren alorreko adituekin, beste lehiaketa batzuen antolatzaileekin eta Berdintasun Zerbitzuarekin.

Esate baterako —erantsi du Cantok—, konturatu gara azken urteetan emakume gutxiagok parte hartzen zutela eta hautaketaren bigarren fasera iristen ziren argazkiak gizonek egindakoak zirela. Nabarmengarria da egindako 14 edizioetan bost emakumek baino ez dutela jaso banatu diren 42 sarietakoren bat”. “Parte hartzeak dakarren kostuari, jabetza intelektualaren geroko erabilerari eta hautaketa epaimahaiaren aurreko anonimotasuna bermatzeari dagozkienak ere hobetu behar genituen”, azpimarratu du.

Horiek guztiak kontuan izanik, aldaketa hauek egin dira:

  • Lehiaketak gai jakina izango du. Aurten, MUSIKA.
  • Hautaketa fasean, epaimahaiak 32 lan aukeratuko ditu, eta horiekin erakusketa ibiltaria egingo da gizarte etxeetan; udalaren webguneko espazio birtual batean ere erakutsiko dira. Une horretan ez dira hautatuen izenak argitaratuko, ezta egileei jakinaraziko ere. Sariak erabaki arte anonimotasuna gorde nahi da horrela. Bestetik, Udala bera arduratuko da argazkiak inprimatzeaz, denek kalitate eta itxura bera izan dezaten; hartara, argazki guztiek parametro berak beteko dituzte arlo horietan, eta beste alderdi batzuk balioetsiko dira: kalitatea, irudia bera, eta gaiarekin zerikusi handiagoa edo txikiagoa izatea.
  • Parte-hartzaileentzat ahalik eta kosturik txikiena izan dezan, honela jokatuko da lanak itzultzeko: Gasteizeko parte-hartzaileek Ibaiondoko gizarte etxean jaso ahalko dituzte; kanpokoei, berriz, posta arruntez bidaliko zaizkie, adierazten duten helbidera.
  • Lanen jabetzari dagokionez, sarituak erakunde antolatzailearen eskutan geratuko dira, eta lehiaketa eta harekin lotutako jarduerak promozionatu eta ezagutarazteko erabili ahalko dira bakarrik, beti ere egilearen izena aipatuz; alegia, ez dira eskubide absolutuak gordeko.
  • Epaimahaia: kideak aukeratzean aniztasuna bermatzeaz gain denek genero-ikuspegia izan dezaten ahaleginduko dira antolatzaileak.
  • Argazkigintza hutsarekin lotutako irizpideez gain beste alderdi batzuk hartuko dira kontuan: pluraltasuna, aniztasuna, ahalduntze mezuak, gizartea berdintasunetik aldatzearen aldeko mezuak, etab.

Epeak eta sariak

Lanak otsailaren 18tik martxoaren 19ra arte aurkeztu ahalko dira. Argazkiak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, ondoren zehazten den web-orrian ageri den formularioa baliatuz: www.vitoria-gasteiz.org/fotoarte

Ibaiondoko gizarte etxean banatuko dira sariak, 2019ko maiatzaren 30ean.  Ondoren, erakusketa ibiltaria egingo da hautatutako lanekin, gizarte etxeetan.

Sariak: 1000 € (1.a), 700 € (2.a) eta 400 € (3.a), eta 150 euroko bi akzesit.

2018ko edizioko parte-hartzeari buruzko datuak:  323 lan, eta 168 artista. % 63,09 Arabakoak ziren; % 11,30, Euskadiko beste leku batzuetakoak; % 24,4, estatukoak, eta % 1,19, atzerrikoak. Aurkeztutakoen % 30,35 ziren emakumeak. % 19,04, 30 urtetik beherakoak.

Argibide gehiago: fotoarte@vitoria-gasteiz.org

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 otsaila 2019 09:15

 

Beste entsegu-gela bateko zorua ere berriztatu dute, bai eta argiztapen eta pintura orokorrak ere; guztira, 67.702 euroko inbertsioa egin dute  

Gaur inauguratu dute Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko erabilera anitzeko aretoa. Esku-hartze horrez gain, beste hobetze-lan txikiago batzuk ere egin ditu udal organismo autonomoak azken hileotan, eta 67.602,30 euro inbertitu ditu guztira.

Inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute Kontserbatorioko lehendakari den Estíbaliz Canto zinegotziak eta kontserbatorioko zuzendari Ainhoa Arenazak.

Cantoren esanetan “egiaztatu ahal izan dugu Kontserbatorioak zerbitzu paregabea ematen diela herritarrei, arte eszeniko honetan prestakuntza jasotzen duten haurrei”. Erabilera anitzeko aretoari dagokionez, ordezkariak honakoa azpimarratu du: “aspalditik genuen zorra da, eraiki zenean ez baitzen dantza-aretotzat hartu, beharra egon bazegoen arren”. Jarraian, zera adierazi du: “15 urte geroago, ordea, jarduera horretarako prest dago, eta horrek Udalarentzat bere Kontserbatorioak nolako garrantzia duen erakusten du; izan ere, prestigio handidun organismoa da, eta lanean jarraituko behar dugu hura zaintzeko eta, ahal bada, hazten laguntzeko”

Instalazioei egindako bisitan, Kontserbatorioak dantza klasikoko ekitaldi bat eskaini du. Pieza horretan, Ikasketa Profesionaletako 5. eta 6. mailetako ikasleek hartu dute parte, 6. mailako Elvira Illana gidaritzapean eta Israel Ruiz de Infanteren pianoaren doinura. Cantoren hitzetan “egiaztatu ahal izan dugu berriztapen-lanek onurak ekarri dizkietela ikasleei”.

Horren ondoren,Ilianak berak sortutako Arriskuan koreografia dantzatu dute, lengoaia klasikoa baliatzen duen proposamen garaikidea. Izenak berak dioen bezala, piezak arriskupeko egoerak ditu inspirazio iturri eta, nolabait, ikasleek dantza ikasketak bukatzean bizitzen duten egoera sinbolizatzen du, “ezezagunera salto egiteko unea” heltzean sentitzen dena, alegia.  Proposamen koreografiko horrek balleterako barrak baliatzen ditu arrisku egoera simulatzeko, eta segurtasuna eta amildegia biak ala biak  irudikatzen dituzte barrek.

 

Berriztapenari buruz

Guztira hiru esku-hartze egin dira kontserbatorioan eta 67.702,30 euro inbertitu dira.

Lehen esku-hartzean bi lan nagusi egin dira: erabilera askotariko aretoa dantzarako egokitzeko 150 m2-ko oholtza instalatu da, eta beste dantza-areto batean 105m2-ko oholtza ordezkatu da. 42.665,74 euro guztira.

Bigarrenean, eraikinari pintura-lan orokorrak egin zaizkio, higadura zela eta beharra baitzuen. 17.142,95 euro guztira.

Bukatzeko, argiztapena berriztatu da fluoreszenteen ordez LED argiak jarriz. 7.793,61 euro guztira. LED instalazio horrekin 15.000 kvh aurreztuko dira urtero, eta horrek esan nahi du, gastu energetikoan gertatuko den aurrezpenari esker, bi urtean soilik egindako inbertsio osoa amortizatuko dela.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 otsaila 2019 14:16

Martxoaren 1etik 3ra egingo da, Ibaiondoko eta Mendizorrotzako kiroldegietan, eta 150 jokalari inguruk hartuko dute parte

 

 

 

Haur-kategoriako hamahiru taldek, emakumezkoen saskibaloi Dia Ligan parte hartzen duten klubetako harrobietan integratuak, Txiki Koparen beste edizio bati ekingo diote, martxoaren 1etik 3ra bitartean. Ibaiondoko gizarte etxea izango da helburu nagusi emakumezkoen kirola bultzatzea duen lehiaketaren epizentroa. Igandean, Mendizorrotzako kiroldegian jokatuko den final handia izango da amaierako jaialdi nagusia. Partidu guztietarako sarrerak izango dira dohainik.

Aurkezpenean honako hauek hartu dute parte, Txiki Koparen erakunde sustatzaile nagusia den Vital Fundazioaren presidenteak, Jon Urrestik; Germán Mongek, Saskibaloi Euskal Federazioaren presidenteak eta Araski klubaren presidentea den Livia Lópezek, eta eurekin batera izan dira Estíbaliz Cantok, Vitoria-Gasteizko Udalaren Kultura, Hezkuntza eta Kirola zinegotzia, Igone Martínez de Luna, Euskara, Kultura eta Kirol arloko foru diputatua; eta Maider Etxebarriak, Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Ostalaritza zuzendaria.

Vitoria-Gasteiz emakumezkoen saskibaloiaren hiriburu bilakatuko da martxoaren lehenengo egunetan. Izan ere, Erreginaren Kopa bertan jokatuko da eta hitzordu garrantzitsuenetako bat da emakumezkoen kirolari dagokionez. Gainera, aldi berean, kirol horren etorkizuna bilduko duen beste lehiaketa bat ere jokatuko da. Txiki Kopa da, Arabako hiriburuan, hamahiru taldetan banatuta, haur-kategoriako 150 jokalari inguru bilduko dituen torneoa.

Lehiaketa

Martxoaren 1ean, ostirala, goizeko 9:00etan, aldi berean jaurtiko da baloia airera Ibaiondoko gizarte etxeko hiru zelaietan. Une horretatik aurrera 23 partidu jokatuko dira kirol-eremu horretan, eta martxoaren 3an, igandea, amaituko da ekitaldia, Mendizorrotzako kiroldegian, Erreginaren Kopako egoitzan, jokatuko den final handiarekin.

Beste alde batetik, joko garbia ere izango da protagonista lehiaketan. Parte hartzen duten talde guztiak atxiki behar zaizkio jokorako eremuetan kirolaren aurkako edozein portaera errotik ateratzearen aldeko konpromisoari, bai jokalariak, bai talde teknikoko kideak, bai bertaratzen diren zaleak ere.

Igandean, behin torneoa amaituta, sariak banatuko dira Mendizorrotzako kiroldegian. Kirol garaikurrez gain (lehiaketa irabazten duen taldeari, jokalari onenari, boskote onenari edo hiru puntuko saskiratze lehiaketa irabazi duen jokalariari), beste bat emango zaio ‘fair play’ taldeari, joko garbiaren eta kirol-legearen baloreak ondoen ordezkatu dituen taldearen lana azpimarratzeko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urtarrila 2019 11:18

35 gazte eta helduentzat izango dira, eta 37 familia eta umeentzat; horietako 42 euskaraz, 30 gaztelaniaz eta bat elebitan izango dira.

 

 

 

Liburutegien otsaila-maiatza arteko jarduera-programa abian da. Programaren helburua da herritarrak Udal Liburutegien Sareak dituen espazio eta zerbitzuetara hurbilaraztea eta irakurtzeko ohitura hartu eta sendotzen laguntzeko tresna dinamizatzailea izatea, eta aurten irakurtzeko zaletasuna zabaltzeko 72 jarduera eskainiko ditu.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du gaur prentsaren aurrean. Haren hitzetan, helburua ez da bakarrik “irakurketaren alderdi ludiko eta atsegina sustatzea, baizik eta gurasoak inplikatzea seme-alabei ikasten eta irakurtzeko ohitura hartzen lagundu diezaieten, eta gazteak eta helduak jardueretan parte hartzera ohitzea”.

Programak otsaila, martxoa, apirila eta maiatza hartzen ditu barne, eta gizarte etxeetako liburutegietan haur, familia, gazte eta helduentzat eskainiko diren jarduerak biltzen ditu. Guztira, 72 jarduera izango dira: 35 gazte eta helduentzat, eta 37 familia eta umeentzat. 42 euskaraz, 30 gaztelaniaz eta bat elebitan (euskaraz eta ingelesez).

Haur eta familientzako jardueren artean ipuin-kontalariak, antzerkia, txotxongiloak, musika, tailerrak eta abar izango dira, hainbat alderdi lantzeko: aniztasuna eta desberdinekiko sentiberatasuna, jolasa, musika, zientzia, olerkigintza, genero berdintasuna, jakin-mina eta irudimena.

Gazte eta helduentzako jardueren artean tailerrak, ipuin-kontalariak eta antzerkia antolatu dira, bai eta idazleekiko topaketak, bakarrizketak eta errezitaldiak ere.

Azpimarratzekoak dira otsailaren 18tik apirilaren 23ra (liburuaren eguna) Twitter bidez antolatuko den gazteentzako nanoipuinen lehiaketa eta “Irakurri, Gozatu eta Oparitu” kanpainaren hirugarren edizioa. Kanpaina horren helburua kultura sustatzea da, irakurketa oro har eta euskarazkoa bereziki hauspotuz, bai eta herritarren aisialdia aberastea ere.

Gainera, Patxi Zubizarretak koordinatzen duen “Idazleekin solasean” programak Harkaitz Cano eta Arantxa Urretabizkaiaren bisitak jasoko ditu, eta topaketak antolatuko dira Amaia Olasolo, Álavaro Arbina eta Mamen Moreu idazleekin. Horrez gain, Manuel Iradier Elkarte Afrikanistakoek “Emakume oinutsa” aurkeztuko digute, eta beste hainbat jarduera ere egongo dira eskura: antzerkia, errezitaldiak, olerkigintza, tailerrak, irakurleen klubak etab. Irakurle kluben artean, aipatzekoa da LHko 1. eta 2. mailetako haurrei zuzenduriko “Familiartean irakurri” ekimenaren bigarren edizioa.

20190129 Haur eta familientzako

20190129 GAZTE ETA HELDUAK 2019

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2019 12:08

Gasteizek herritarrei laguntzeko bulegoen sare osoa baliatuko du kanpainan informazioa eta aholkularitza emateko; urtarrilaren 28an (astelehena) hasiko da kanpaina, eta otsailaren 7ra arte iraungo du

 Gerora matrikulazioa udal bulegoetan bertan egin ahal izatea da asmoa

 

Alkate Gorka Urtaranek, Hezkuntzako zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Arabako Hezkuntzako ordezkari Blanca Guerrerok lankidetzarako ildo berri bat aurkeztu dute gaur, eskoletako matrikulazio-kanpainan familiei laguntzeko.

Horren bitartez, Gasteizek herritarrei laguntzeko bulegoen sare osoa eskainiko du matrikulazio-kanpainan informazio eta aholkularitza emateko; urtarrilaren 28an (astelehena) hasiko da kanpaina, eta otsailaren 7ra arte iraungo du. Hartara, informazioa eta aholkularitza guneen eskaintzari beste 12 leku gehituko zaizkio hirian barrena, hiru eskola-eremu bakoitzeko.

Familiei beharrezko informazioa eta orientabideak ematen laguntzea da helburua, eskolaratze orekatua lortze aldera. Lankidetza horri esker, arreta emateko ordutegia zabalagoa izango da, eta gertuko zerbitzua eskainiko, gizarte etxeetan kokatutako bulegoen bitartez.

Matrikulazio-epea bukatu ondoren, esperientzia pilotua ebaluatuko da, behar diren doikuntzak egin eta lankidetza egonkor bihurtu dadin; gerora matrikulazioa udal bulegoetan bertan egin ahal izatea da asmoa.

 “Hain zuzen ere, gizarteari eta hezkuntzari dagokionez Gasteiz modernizatzea zen agintaldirako gure konpromisoetako bat, azken helburutzat pertsona ororen berdintasuna bermatzea hartuta, giza eskubideak oinarri direla”, azaldu du alkateak.

Udalak eskumen mugatu eta partekatua du hezkuntzaren alorrean; alabaina, “ez da hori gertatzen berdintasunaren alorrarekin, giza eta funtsezko eskubideen markoan, eta konpromiso horretatik aurkezten dugu gaur hezkuntza-ekitatearen alorrean autonomia erkidegoko administrazio orokorrarekin lankidetzan aritzeko programa hau”, erantsi du Gorka Urtaranek.

Izan ere, gaur aurkeztu den ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekiko lankidetza-esparru zabalago baten barruan sartzen da, zeinak Gasteizko udalerrian hezkuntza-ekitatea sustatzeko interes komuneko jarduerak definitu eta koordinatzeko helburua baitu —laster aurkeztuko da hori—.

Hezkuntzako zinegotziak, berriz, “hezkuntza-politiketan beste batzuekin batera aritzeko konpromiso sendoa” berretsi du. “Gobernu honek berriro jarri zuen martxan Udaleko Eskola Kontseilua, eta kudeaketa-lan handia egin dugu: segregazioaren kontrako mahaia sortu genuen, zeina fruitu ematen ari baita pixkanaka eta zarata handirik egin gabe, eta ematen jarraituko baitu gerora ere. Gasteiz erreferentzia da estatuan hiri hezitzaileen alorrean, eta udalaren haur-eskolen kudeaketan ere ahalegina egin dugu —Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetzaren beste adibide bat—, hainbat programarekin, hala nola Haur Antzerkia, Artea  eta Jolasa, Gurasoen Eskola eta aiten erantzunkidetasunerako proiektuak”, nabarmendu du Estíbaliz Cantok.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 urtarrila 2019 12:02

Kultura Elkargunearekin lotutako saio irekia izango da, hiriak kulturaren alorrean etorkizunean izango dituen eskaerei erantzungo dieten neurriak zehazteko xedez.

Kultura Elkarguneak hurrengo lan-mahaian parte hartzera gonbidatu ditu interesdunak: “Gasteizko kultura ekipamendu publikoen erabilera, zerbitzu eta programen birplanteamendua”. Honako gai hau Kultura Plan Estrategikoan jasotako erronka nagusienetako bat da.

Gasteizko kultura eta sormen eragileek ekipamenduen inguruan dituzten beharrak zehaztea da saio honen helburua. Pauso honen ostean, diziplina eta lan-fase ezberdinetara (ikerketa, sormena, ekoizpena, erakusketa, bitartekaritza, e.a.) lotutako eskaerei erantzungo dieten neurri konkretuak diseinatzea da nahia.

Lan-mahaia urtarrilaren 29an izango da, asteartearekin, 18:30etatik 20:30etara Simone de Beauvoir-en. Saioak honako estruktura hau izango du:

  1. Helburua eta saioaren dinamika.
  2. Gasteizko kultura ekipamendu publikoen identifikazioa.
  3. Kultura eta sormen eragileek ekipamendu hauekiko dituzten beharren identifikazioa. Abiapuntuak:
    1. Espazio-baliabideak.
    2. Edukiak eta programak.
    3. Araudia.
  4. Ondorioak eta itxiera.

Bestetik, Kultura Elkargunearen hurrengo bilera otsailaren erdialdean izango da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 urtarrila 2019 13:03

Euskadiko Orkestraren eta Udal Antzoki Sarearen arteko lankidetzari esker egiten da Musika Gela programa, familiei eta haurrei musika klasikoa gerturatzeko; edizio berri honetan hiru ikuskizun eskainiko ditu.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi Oriol Rochek, Euskadiko Orkestrako hezkuntza atalaren koordinatzaile Mikel Cañadak, Dantzerti arte dramatikoko eta dantzako eskolako zuzendari  Josu Etxaburuk eta  Uauatxua laneko musikari Enara Susanok aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

 

Hauek dira ikuskizunak:

  • Otsailaren 17an hasiko da zikloa, Federico García Lorca antzokian: Uauatxua lana eskainiko da, bizitzako lehen urteetako melodiez osatua eta 1 eta 3 urte bitarteko umeei zuzendua.

Beste bi emanaldiak Principal antzokian izango dira:

  • Martxoaren 22an, PIANISSIMO kontzertuak orkestra sinfonikoari lotutako emakume-ahotsaren nolakotasunak arakatzea proposatzen digu, orkestra, aurkezlea eta soprano bat lagun.
  • Apirilaren 14an Isiltasunaren Haitzuloa ipuin musikatua eskainiko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek osatutako haize-boskote batek eta Dantzertiko artista-talde batek, musika-lengoaiaren misterioak azaltzeko asmoz.

Ohi bezala, sentsibilizazio lantegia egingo da bi emanaldien aurretik.

Sarreren salmenta

Abonamenduak Principal antzokiko bi kontzertuak —Lakuakoa abonamendutik kanpo dago, lekuak mugatuta daudelako— eta Udal Bandaren bi kontzertu barne hartzen ditu; 24, 25, 26 eta 27an jarriko da salgai, ohiko lekuetan, 17 euroan. Sarrera solteak urtarrilaren 31tik aurrera salduko dira.

Dossier Musika Familian 2019

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 urtarrila 2019 12:37

Avoz-en, Antzoki Sarearen eta kontserbatorioaren arteko lankidetza da

 

Opera eta Zarzuelaren Arabako eta Gasteizko lagunen (aVoz), Udal Antzoki Sarearen eta Jesús Guridi kontserbatorioaren arteko lankidetzak ahalbidetuko du “Konpositore iberoamerikarren ganbera-abestia” kontzertua egitea urtarrilaren 24an, 19:30ean.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, kontserbatorioko kidea Carmen Martinez eta tenor Alberto Canetek aurkeztu dute prentsaurrekoan.

Nuria Franco sopranoak, Alberto Canet tenorrak, Javier Pérez de Azpeitia piano-jotzaileak eta Sara Guerrero gitarra-jotzaileak hartuko dute parte kontzertuan, eta euskara, gaztelania, veneziera zein portugesezko lanak jo eta abestuko dituzte. Urtarrilaren 24an izango da saioa, 19:30ean, Jesús Guridi kontserbatorioan.

Sarrerak dagoeneko salgai jarri dira ohiko lekuetan, beste ikuskizun batzuetarako (Go!zen, Café Quijano, Sweet California eta Ismael Serrano) sarrerekin batera, Antzoki Sarearen negu-udaberrietako denboraldirako salmenta orokorra kolapsatu ez dadin.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 urtarrila 2019 11:21

Lau saio izango dira: bi  hitzaldi irakasle eta gurasoentzat, eta bi lantegi umeentzat

 

 

 

Montehermoso kulturuneak —Estíbaliz Cantok zuzentzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren mendekoa— “Bideojokoak eta hezkuntza” jardunaldiak antolatu ditu; horien barruan, alorreko espezialistek hitzaldiak emango dituzte urtarrilaren 18an eta 25ean, irakasle, hezitzaile, guraso eta herritar orori zuzenduta, eta hilaren 19 eta 26an umeentzako lantegiak eskainiko dira.

Programaren helburua da —azaldu du Estíbaliz Canto zinegotziak— bideojokoak eta haien ahalmenak ezagutaraztea, baita erabiltzeko eta disfrutatzeko modu osasungarria ere”.

Bestetik, gaurtik hasita hilaren 18ra arte, hiriko hainbat ikastetxe publiko eta hitzartuek Montehermoson antolatutako zenbait saiotan hartuko dute parte, Hezkuntza Zerbitzuarekiko lankidetzaren bidez. Erabilera, abusua eta adikzioaren arteko ezberdintasuna ikasteaz gain, aisialdia kudeatzeko behar diren tresnak eskuratuko dituzte.

Egitaraua:

Urtarrilak 18, 19:00.

  • Hitzaldia eta mahai-ingurua: “Nola ikasi bideojokoekin jolasten?”.  Carlos González Tardón.
  • Animal Hero Universe-ren bidaia”. Down sindromea duten pertsonen gaitasun kognitiboak hobetzeko bideojoko terapeutikoa da hori. Yolanda Peregrín eta Silvia Quera.

Urtarrilak 19, 11:30-13-30.

  • Lantegia: “Zeure abentura sortu”, Yolanda Peregrín eta Silvia Queraren eskutik.
  • Animal Hero Universe-n agertzen diren pertsonaietan oinarrituta ipuin eta istorio dibertigarriak asmatuko dira.
  • 6 eta 11 urte bitarteko haurrentzat.
  • Aldez aurretik izena eman behar da. Plaza-kopuru mugatua. Informazioa eta izen-emateak: 945 161830 / info.montehermoso@vitoria.gasteiz.org

Urtarrilak 25, 19:00.

  • Hitzaldia eta mahai-ingurua: “Ikastea, hausnartzea eta dibertimendua bideojoko komertzialen bidez”. Rut Martínez Borda.
  • “De Fobos y Deimos”. Bideojokoen bitartez LGTBIfobiari aurre egitea. Alexander Rodríguez.

 Urtarrilak 26, 11:30-13-30.

  • Lantegia: “De Fobos y Deimos jokatzen”, Alexander Rodríguezen eskutik.
  • Parte-hartzaileek Jokin eta haren lagunak ezagutuko dituzte eta haien bi aurkarien kontra borrokatzen lagundu beharko diete: beldurra eta gorrotoa ezezaguna denari.
  • 11 eta 14 urte bitarteko haurrentzat.
  • Aldez aurretik izena eman behar da. Plaza-kopuru mugatua. Informazioa eta izen-emateak: 945 161830 333

Bideojokoen gunea Mediatekan

Azkenik, bideojokoak zabaldu eta ezagutzeko gune egonkorra eratzen ari dira Montehermosoko Mediatekan. Lau terminal eskainiko dira, aldizkari espezializatuak eta nobela grafikoak. People&VIDEOGAMESen fundatzaile Carlos González Tardón arduratu da bideojokoak hautatzeaz, baita proiekturako aholkularitzaz ere.

Bitartekari batek jokoaren ezaugarriei eta erabiltzeko adin gomendatuari buruzko informazioa emango die interesdunei; PEGI kodea (Jokoei buruzko Informazio Paneuroparra) erabiltzen da jokoak adinen arabera sailkatzeko.

 programa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urtarrila 2019 12:09

Ikuskizun batzuetarako sarreren salmenta urtarrilaren 15era aurreratuko da, 31n hastekoa den salmenta ez kolapsatzeko

Udalaren Kultura Sailaren mendeko Antzoki Sarearen negu-udaberrietako denboraldiak 73 ikuskizun eskainiko ditu guztira. Antzerkia, dantza, musika klasikoa, popa, flamenkoa, beste musika mota batzuk, umorea, zirkua eta familientzako proposamen ugari ikusi ahalko dira. Aurten, beti bezala, kalitatearen alde egin da, eta besteak beste, Juan Echanove, Alex Ubago, Carmen Maura, Aitana Sánchez Gijón, José Sacristán, Ismael Serrano, Café Quijano eta Sweet California izango ditugu San Prudentzio kaleko agertokian.

Gizarte etxeetako zikloetan 17 ikuskizun eskainiko dira, eta Principal antzokian, 55; Jesús Guridi kontserbatorioan ere eskainiko da saio bat .

Principal antzokia:

  • Helduentzako abonamenduak 12 proposamen biltzen ditu: “La vuelta de Nora”, Aitana Sánchez Gijónekin; “Voltaire/Rousseau, la disputa”, Josep María Flotatsena; “Ensayo”, Teatro Kamikazerena; “Si no te hubiera conocido”, Unax Ugalderekin; “Rojo”, Juan Echanoverena; “El precio”, Gonzalo de Castro eta Tristán Ulloarekin; “7 años”, Miguel Rellánekin; “Copenhague”, Emilio Gutierrez Cavarekin; “La golondrina”, Carmen Maurarekin; “Todas las mujeres”, oso artista ezagunekin;  “La culpa”, Pepón Nietorekin, eta “Señora de rojo sobre fondo gris”, José Sacristánekin.
  • Dantza abonamenduan lau lan sartu dira: “Sutra”, “Rêverie Romantique”, “Cenicienta” eta “James Brown Tribute”.
  • Euskarazko abonamenduak ere lau lan barne hartzen ditu: “Ghero” (Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan), “Kalaportu”, “Beroki gorria” eta “Koskak”.
  • Familientzako antzerki abonamenduan bost ikuskizun eskainiko dira: “Ludo Circus Show”, “Gag Movie”, “Aita ogroa da”, “Julietas Romeo Circo” eta Sun Magoaren “Lilurako Laborategia”.
  • Familientzako musikaren programazioan bost kontzertu sartu dira: hiru, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Musika Gelaren laguntzarekin (“Pianissimo”, “Isiltasunaren haitzuloa” eta, abonamendutik kanpo, “Uauatxua”); bi, Udal Musika Bandarekin (“Pinotxo” eta “Sforzando”).
  • “Umore giroan” abonamendua: Faemino y Cansado eta Luis Piedrahita.
  • Kontzertu Handien abonamendua: “Orquesta Santa Cecilia”, “Malikian Simphonic”, “Soqquadro Italiano” eta “Ivo Pogorelich”.
  • Abonamendutik kanpo: “Madama Butterfly”, “Play Off” eta talde eta kantari ezagunen kontzertu ugari: Sweet California, Café Quijano, Ismael Serrano, Albert Plá, Goazen 5.0, Juan Perro eta “Mende berria Kantuz” (Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien amaiera).
  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonamenduko zazpi kontzertuek eta Udal Musika Bandaren asteazkeneko lau kontzertuek osatzen dute Principal antzokiko eskaintza: 55 ikuskizun orotara.

Gizarte etxeetako programazioa:

  • XXI. Mendeko Flamenkoa zikloa, Jesús Ibáñez de Matauco antzokian: Paco Cepero, La Macanita, Antonio Reyes eta Jesús Méndez, María Terremoto eta Paco del Pozo.
  • Ikuskizuna Ibaiondon zikloa, Felix Petite antzokian: “Contraescena”, “La Calderona, the remix, teatro clásico a ritmo de Hip hop”, “Jazz Bodas de Fígaro” eta “Las cosas extraordinarias”, Brays Eferena (Paquita Salasen protagonista ezaguna).
  • Jim Aktual abonamendua, Jesús Ibáñez de Mataucon: “Qué pasó con Michael Jackson”, “Galerna”, “Teníamos que haber empezado de otra manera” eta “Mundo Obrero”.
  • Dantza Sarean zikloan —bertako koreografoak ezagutarazteko eta dantza garaikidea gure programazioan normalizatzeko xedez iaz sortutakoa— hiru lan proposatuko dira Félix Petite antzokian: “Luz”, “The Big Game” eta  “Salüq”.
  • Gainera, AAVOZ  elkarteak Konpositore iberoamerikarren ganbera kantuak eskainiko ditu Jesús Guridi kontserbatorioan.

Abonamenduak urtarrilaren 24, 25, 26 eta 27an salduko dira. Hilaren 29 eta 30ean, abonamendu irekiak jarriko dira salgai, eta 31tik aurrera hasiko da salmenta arrunta. Bestetik, hilaren 31n salmenta kolapsatu ez dadin, ikuskizun hauetarako sarreren salmenta urtarrilaren 15eko 18:30era aurreratuko da: Ismael Serrano, Goazen 5.0, Sweet California, Café Quijano eta AAVOZen Konpositore iberoamerikarren ganbera kantuak.

Principal Antzokia. 2019 Urtarrila-Ekaina

Share

Aurrekoak »