Prentsa Oharren banner

Udalak 120.000 euroko ekarpena egingo dio Artium arte garaikideko euskal zentro museoari

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Hezkuntza eta Kultura Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Artium Fundazioarentzako aurrekontu-transferentzia onetsi du gaur.

Arte garaikideko euskal zentro museoaren jarduerek hiriarentzat eta haren funtzionamenduarentzat duten garrantzia aintzat hartuta, Gasteizko Udalak oso garrantzitsu irizten dio museoa behar adinako aurrekontu-zuzkiduraz hornitzea. Horrenbestez, 120.000 euro bideratu ditu fundazioa baliabide finantzarioez hornitzeko, Udala patronatuko kidea baita.

“Artium Gasteizko zein Euskadiko kultur baliabide garrantzitsuenetako bat da. Museo gisa duen balioari programazio aberatsa gehitzen zaio, publiko ororentzako hezkuntza jarduerak antolatzen baititu”, azpimarratu du Estíbaliz Cantok.

 

 

Share

Bihar inauguratuko da Floridako jaiotza monumentala

Olentzero eta Mari Domingiren etxea Zulueta jauregiko lorategietan bisitatu ahalko da

 

Bihar, abenduak 4, irekiko da Floridako jaiotza monumentala, arratsaldeko lauretan; jaiotza 1962an jarri zen lehenengoz, eta Gasteizko harribitxi artistikoetako bat da.

Pandemia dela eta, bisitak segurtasunez egiteko protokolo bat ezarri da. Parkearen barruko bideek noranzko bakarra eta nahitaezkoa izango dute, jendea gurutzatzea ekiditeko. Sarrerak, irteerak eta distantziak seinaleztatuta egongo dira lurrean.

Misterioaren kokalekua izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. “Ezingo denez haitzuloaren barruko aldea erabili, haitzuloaren sarreraren kanpoko aldean jarriko dira Ama Birjinaren, San Joseren eta Jesus haurraren irudiak. Jendea noranzko bakarrean igaroko da aurretik, eta dohaintza ere eman ahalko du“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Herodesen gaztelua iazko leku berean jarriko da, eta hara hurbiltzeko ere noranzko bakarra izango da. Aurtengo Eguberrietan jasotzen den dirua gaztelua finantzatzeko baliatuko da hirugarren eta azken urtez; 40.000 euroko kostua izan zuen (BEZa barne).

Urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahalko da jaiotza monumentala, 10:00etatik 21:00etara.

 

Olentzero eta Mari Domingi

Pandemia dela kausa, Olentzero eta Mari Domingiren etxea Zulueta jauregiko lorategietara aldatu da, jendearentzako leku gehiago izatearren. Senda ibilbidetik izango du sarrera, eta irteera, berriz, Musikaren ibilbidetik. Horrela, nahitaezko noranzkoa duen ibilbide bakarra egongo da, eta sarrerak, irteerak eta distantziak behar bezala seinaleztatuko dira.

Olentzero, Mari Domingi eta Astotxoren irudiek 10:00etatik 21:00etara hartuko dituzte hiriko haur guztiak. Jaiotza monumentalarekin batera inauguratuko da, bihar, 16:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da irekita.

 

Share

Udalak 20.000 euro euro bideratuko ditu hezkuntza-premia bereziak dituztenentzat

Tokiko Gobernu Batzarrak hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonak artatzen dituzten elkarteentzako dirulaguntzak onetsi ditu, 2020-2021 ikasturterako, eta 20.000 euroko zuzkidura dago.

“Laguntza horien bitartez, bazkide eta familientzako hezkuntza-jarduerak antolatzen eta kudeatzen lagunduko zaie elkarteei. Halaber, lagundu egingo zaie behar bereziak dituztenak eskolan eta gizartean integratzea sustatzen duten  Gasteizko ikastetxeetako ikasleei, familiei eta irakasleei,“ azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Hauek dira elkarte bakoitzak jasoko dituen kopuruak:

ELKARTEAZENBATEKOA
ASPASOR1.747,79
DOWN ARABA3.241,15
TALUR1.913,72
AEMAR1.415,93
ALCAVI3.772,12
ASPACE2.909,29
EGINAREN EGINEZ5.000,00
GUZTIRA20.000,00

 

 

 

 

Share

Gasteizek  ‘Polo batetik bestera’ erakusketa hartuko du

Tokiko Gobernu Batzarrak La Caixa banku fundazioarekiko lankidetza hitzarmen bat onetsi du, Gasteizen ‘Polo batetik bestera. Bidaia bat natur paradisu handietara, Nacional Geographic-en eskutik’ erakusketa jartzeko.

“Gasteizko Udaletik aurtengo Gabonetarako proposatzen dugun kultur programazioaren barruan dago erakusketa. Edertasun handiko ekimena da, Artikotik Antartikorainoko bidaia erakusten baitu, Lurreko naturgune ikusgarrienen argazkien bitartez”, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

‘Polo batetik bestera’ abenduaren 18tik urtarrilaren 12ra arte ikusi ahalko da, Arabako hiriburuko Santa Barbara plazan.

Share

Covid-19a dela eta hartutako neurri sanitario berriek 400 eserlekura murriztu dute Principal antzokiaren edukiera

Sarreren zenbatekoa itzuliko die Udalaren Antzoki Sareak murrizketak eragiten dienei

 

Sarreren zenbatekoa itzuliko die Udalaren Antzoki Sareak Principal antzokian programatutako ikuskizunetarako sarrerak erosten azkenak izan direnei, 400 eserlekuren edukieraz gaindi.

Covid-19aren pandemiaren aurrerabideari aurre egiteko hainbat neurri onetsi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta, besteak beste, esparru itxien edukiera 400 pertsonara mugatu du. Gasteizen, Principal Antzokiari eragingo dio horrek. Izan ere, aurreko baremoaren arabera —edukieraren ehuneko 50—, 445 eserleku saltzen ziren, emanaldi bakoitzeko.

“400 sarrera baino gehiago saldu dugularik ikuskizunen baterako, mugapen horrek eragiten dienekin harremanetan jarriko gara, hots, sarrerak erosten azkenak izan direnekin; ordaindutako kopurua itzuliko diegu, eta konpentsazioa eskainiko, eragozpenengatik”, jakinarazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.‘Los Hijos’, ‘Una noche sin luna’ eta ‘Juana’ antzezlanei eragingo die neurriak.

 

Share

Udalak ‘Sisiforen paperak’ antzezlanaren ekoizpenean parte hartzen du

Tokiko Gobernu Batzarrak Bilboko Arriaga antzokiarekiko eta Donostiako Victoria Eugenia antzokiarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du, Harkaitz Canoren ‘Sisiforen paperak’ antzezlanaren ekoizpenean parte hartzeko, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioetan. Gasteizko Udalak 36.300 euroko ekarpena egingo du, “biran dauden ikuskizunak” partidaren kontura.

‘Sisiforen paperak’ —Fernando Bernués da zuzendaria— azaroaren 19an estreinatuko da, Principal antzokian, Gasteizko Antzerki Jaialdiaren barruan, eta Centro Dramático Nacionalaren laguntza ere badu. Hilaren 20an, berriz, gaztelaniazko bertsioa eskainiko du.

“Udalaren Antzoki Sareak Arriaga eta Victoria Eugenia antzokiekin batera egin ohi du lan arte eszenikoen alorreko zenbait prestakuntza- eta sorkuntza-ekintzatan. Orain inoiz baino beharrezkoagoa da tokiko ekoizpenaren aldeko apustua“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Share

Udalak 35.862 euro emango ditu hezkuntzari buruzko informazio bulegoaren jardunerako

Gasteizko Udalak 35.862 euro emango ditu 2020-21 ikasturtean hezkuntzari buruzko informazio bulegoak jardun dezan, Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsitako bi hitzarmenen bidez.

Batetik, 30.000 euroko dirulaguntza emango zaio “Denon Eskola” eskola publikoko ikasleen gurasoen federazioari.

Bestetik, FAPACNE-Itunpeko Ikastetxeetako Guraso Elkarteen Arabako Federazioak 5.862 euroko laguntza jasoko du.

Hezkuntzari buruzko informazio bulegoak helburu hauek ditu: guraso elkarteak kudeatzeko aholkuak eta erraztasunak ematea hainbat jarduera-eremutan (eskolaz kanpoko ekintzen eta ekintza osagarrien programa, opor programa…); hezkuntza-komunitatearen behatokia izatea, esparru desberdinetako beharrak detektatuz, eta gizarte inklusiborako eraldaketa sustatzea, sentsibilizazio-kanpainen bitartez.

“Hezkuntza-komunitatearen eta bereziki familien parte-hartzea hezkuntzaren kalitatea bermatzen laguntzen duen faktorea da. Horregatik, Gasteiz hiri hezitzailea izatearen funtsezko oinarrietako bat familien parte-hartzea da, banaka zein taldeka, eta ikasleen gurasoen elkarteak eta horiek osatzen dituzten federazioak dira talde horien ordezkariak; hain zuzen ere, bi hitzarmenen bidez lagunduko diegu horiei“, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 

 

 

Share

Gasteizko 2021eko Inauterietako desfileak bertan behera geratu dira

Udalak gaur arratsaldean jakinarazi die konpartsei erabakia

 

Osasun krisialdia dela eta, Gasteizko 2021eko Inauterietako desfileak bertan behera geratu dira. Udalak gaur arratsaldean egindako bileran jakinarazi die hiriko konpartsei erabakia.

Inauterietako desfileetan milaka pertsona bildu ohi dira Arabako hiriburuko erdialdeko kaleetan, baina oraingo egoeran horrelakoak saihestu beharra dago, herritarren segurtasuna bermatzeko.

2020an, 7.162 pertsonak hartu zuten parte desfileetan, 26 konpartsatan banatuta.

“Pandemiak gure ekitaldi herrikoienetako bat bertan behera uztera behartu gaitu; atsekabetuta gaude, baina oraingo egoeran horixe da komenigarriena. Neurri hau hartuta, kalean jendetza biltzea eragotzi nahi dugu, pertsonen osasuna babestea baita gure lehentasuna. 2022an inoiz baino ilusio handiagoz egingo ditugu Gasteizko Inauterietako desfileak”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Konpartsen lana eskertu nahi dut, haiek gabe ezinezkoa bailitzateke gure hirian Inauteriak egitea. Gaur jakinarazi diegun erabakiak horietan parte hartzen duten kideak babestea du helburutzat, iaz 7.000 pertsonatik gora izan baitziren. Dituzten ezaugarri bereziak direla eta, ezin izango dira desfileak egin, baina konpartsen iritzia aintzat hartuko dugu auzoetan ordezko jarduerak proposatu nahi badituzte“, erantsi du zinegotziak.

2021eko Inauteriak otsailaren 13tik 16ra bitartean egitekoak ziren.

 

Share

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioak abuztuaren 24an irekiko du berriro aurretiaz izena emateko epea

Irailaren 2tik 4ra bitartean egingo dira ikasketa oinarrizko eta profesionaletan sartzeko probak

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioak ikasle berriek 2020-21 ikasturterako aurretiaz izena emateko epea irekiko du datorren abuztuaren 24an. Oraindik eman gabe dauden zentroko lekuak eskuratu nahi dituzten haurrek abuztuaren 28ra arte izango dute tartea, ikasketa arautuen kasuan, eta irailaren 3ra arte ikasketa ez arautuenean.

8 eta 13 urte bitarteko ikasleak oinarrizko Ikasketetan hasiko dira, eta 12 urtetik gorakoak Ikasketa profesionaletan sartu ahalko dira. Ikasle gazteenei dagokienez, hauek dira matrikulatzeko gutxieneko adinak: ‘Lehen harremana 5’ egin ahalko dute 2015ean jaiotako ikasleek, eta ‘Lehen harremana 6’ 2014an jaiotakoek. 2013an jaiotakoek ‘Dantza aurrekoa’ egin dezakete.

Irailaren 2tik 4ra bitartean egingo dira ikasketa oinarrizko eta profesionaletan sartzeko probak. Salbuespenez, eta pandemiaren eraginez, 2020-21 ikasturterako ez da sarrera-probarik egingo Lehen Harremanak eta Dantza Aurrekoa irakaskuntza ez arautuetarako, eta lekuak izen ematearen hurrenkeran esleituko dira.

Matrikula izapidetzeko epea irailaren 3an amaituko da ikasketa ez arautuen kasuan, eta irailaren 7an ikasketa arautuenean. 

 

José Uruñuela Dantza Kontserbatorioaz

Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioa era horretako ikasketak eskaintzen dituen bakarra da Euskal Autonomia Erkidegoan. Ikasgai hauek eskaintzen ditu zentroak: ‘Dantza Klasikoa’, ‘Dantza Tradizionala’ (Euskal dantza), ‘Errepertorioa’, ‘Puntak’, ‘Dantza garaikidea’, ‘Izaerako dantza’, ‘Binako dantza’, ‘Dantzaren Historia’, ‘Anatomia eta elikadura’, ‘Interpretazioa’ eta ‘Musika’.

Zentroak instalazio modernoak ditu, bai eta profesional kualifikatuen lantalde bat, zeinen bitartez gauzatzen dituen zentroak bere hezkuntza-proiektua. Eskaintzen dituen baliabideen artean piano-jotzaileen akonpainamendua eta fisioterapia-zerbitzua daude.

Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estibaliz Cantok esan duenez, “Kontserbatorioaren helburuak dira dantzaren promozioaren eta hedapenean laguntzea, diziplina hau herritarrengana hurbilduta, bertan sortutako pieza koreografikoak zein errepertorio klasikokoak jendaurrean aurkeztuta, eta beste erakunde hezigarri eta sozial batzuekin lankidetza-proiektuak ezarrita”.

Informazio gehiago: telefonoz, 945 16 26 06 zenbakian; posta elektronikoz, cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org helbidean, edo Udalaren webgunean (https://sedeelectronica.vitoria-gasteiz.org/j30-01s/contenidoAction.do?idioma=eu&uid=trami_133)

Share

Udalaren aste honetako kultur programazioa, aire zabalean: zirkua, dantza, Lobo&Carmine eta ‘Chicos buenos’, Olarizun

  • Gaurtik erreserba daitezke gonbidapenak, online edo telefonoz

 

Abuztuaren 18tik 21era bitartean, hainbat emanaldi izango dira, aire zabalean, Gasteizko auzoetan: dantza, zirkua, zinema eta musika. Udaleko Kultura Zerbitzuak bultzatutako kultur programazioa da. Gaurtik erreserbatu ahal izango dira gonbidapenak.

Kultur sektoreari entzutetik sortua da kultur programazio hori. Zehazki, ekainaren 16an egin zen Kultura Elkargunearen bitartez jaso ziren proposamenen ondorio. “Gure helburu nagusia tokian tokiko kultura babestea izan da, zuzeneko ikuskizunaren ilusioa berreskuratzea, betiere Covid-19aren prebentziorako arau zorrotzak betez. Horretarako, Kultura Zerbitzutik, tokiko konpainia eta taldeetan soilik oinarritutako programazioa antolatu dugu, bai Gasteizkoak bai Arabakoak”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

 

Programazioa

Hiriko kultur aste honi ekiteko, asteartean eta asteazkenean, abuztuak 18 eta 19, bi zirku-emanaldi izango dira. ‘Bapatean zirko’ taldeak “Adabaki” ikuskizuna eskainiko du asteartean, 20:00etan, Hegoalde gizarte-etxearen kanpoaldean. Asteazkenean, hilak 19, Sarini Zirko arituko da, “Txoriak txori” ikuskizunarekin, Salburuko Gabriela Mistral kirol gunean.

Ostegunean, abuztuak 20, osatuko da aste honetako programazioa, Doos Colectivo-ren dantza-ikuskizun batekin. ‘Gorpuztu’ + ‘El fin de las cosas’ izenburuarekin, 20:00etan eskainiko dute, Aranbizkarreko parkean, futbol-zelaiaren ondoan.

Musika-programazioari dagokionez, abuztuaren 21ean, 20:30ean, Lobo&Carmine taldeak joko du, Zabalganeko gizarte-etxearen kanpoaldean. Eta 16 urtetik gorako zinemazaleentzat, hurrengo egunean, abuztuak 22, ‘Chicos buenos’ filma proiektatuko da Olarizuko parkean, 21:30ean.

Kultur ikuskizun horietako edozeinetara joateko, online egin ahal izango da eskaera, edukiera bete arte, http://www.vitoria-gasteiz.org/kultura estekan, edo telefonoz —945 161618—, 09:00etatik 15:00etara bitartean. Erreserba bakoitzeko gehienez bi leku eskatu ahal izango dira.

 

Covid-19aren prebentziorako araudi zorrotza

Ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira emanaldirako sarbideak. Era berean, sartzeko eta ateratzeko ibilbideak adieraziko dira, pertsonen arteko gurutzaketak saihesteko, eta zein eserleku dagokion adieraziko diote antolatzaileek ikusle bakoitzari, iritsi ahala.

Ikuskizun osoan eserlekuetan egon beharko da. Antzezpena egiten den bitartean esparrutik irten behar izanez gero, ezin izango da berriro bertara sartu. Haurrak ezingo dira zutik egon, ezta esparruan mugitu ere, eta familia edo tutoreak arduratuko dira adingabeei segurtasun-arau guztiak betearazteaz. Era berean, debekatuta dago jatea, edatea eta erretzea, esparru osoan. Arau horiek bete ezean, esparrutik alde egin beharko dute. Hustea mailaka egingo da, antolakuntzaren argibideei jarraituz.

Share