Prentsa Oharren banner

Gasteizek helmuga “seguru” gisa sustatzen du bere burua Bizkaiko eragile turistikoen aurrean

Maider Etxebarria: “ingurumena errespetatzen duen turistarentzat oso aproposa den hiri bat ezagutzera gonbidatzen ditugu bidaia agentziak eta bidaia agentzia handizkariak”

Lan jardunaldia “Etorri bidaiatzera” kanpainaren parte da, eta horrekin Arabak bisitariak bilatu nahi ditu Espainiako hainbat hiritan

Segurtasuna, jasangarritasuna eta enogastronomia. Hiru balio horiek erakutsi ditu gaur Gasteizek Bilboko eta Bizkaiko bidaia agentzia, bidaia agentzia handizkari eta prentsa espezializatuaren aurrean bidaiariak etortzea sustatzeko. Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak hiriaren turismo-eskaintza aurkeztu du Bizkaiko hiriburuko Iberdrola dorrean egin den lan jardunaldian. Jardunaldia “Etorri bidaiatzera” kanpainaren parte da, Araba eta bere hiriburua nazio mailan ezagutarazteko pentsatua. Aurkezpenean bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina Gonzálezek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok hartu dute parte.

“Etorri bidaiatzera” kanpainak Espainiako hainbat hiritako bisitariak erakarri nahi ditu urte amaierara arte. Ildo horretatik, Gasteiz helmuga “segurua, jasangarria eta masifikatu gabea” dela esan du Etxebarriak, eta profil hori dela kontsumitzaileek une honetan eskatzen dutena. “Gure hiria oso aproposa da ingurumena errespetatzen duen eta gure kultura eta gastronomia balioesten dituen turistarentzat”, adierazi du.

Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazioaren zuzendariak eta Pablo de Oraá Gatz Harana Fundazioaren zuzendariak ere hartu dute parte lan jardunaldi horretan Gasteizko eta Arabako turismo eskaintzan ezinbestekoak diren bi baliabide horien berezitasunaz mintzatzeko.

“Etorri bidaiatzera” kanpaina duela bi aste hasi zen Andaluzian, eta ekainean Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Zaragozan, Valladoliden eta Logroñon egingo da.

 

Share