Prentsa Oharren banner

Etxean laguntzeko zerbitzura 3 milioi euro bideratzea onetsi du udal gobernuak

Etxean laguntzeko zerbitzurako aurrekontua handitzea onetsi du gaur udal gobernuak, eta zerbitzu horren kontratua luzatzea, 2021eko prestazioei aurre egiteko. Guztira, hiru milioi euro inguru bideratuko ditu Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak bi kontu horietara.

Lehenik eta behin, Atzertzen enpresarekin sinatutako kontratua aldatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, aurrekontua 750.000 euro handitzeko, aurtengo lehen seihilekoan etxean laguntzeko zerbitzuaren gastuari aurre egiteko.

Bestalde, kontratuaren bigarren luzapen bat ere onetsi du, zerbitzu horrek 2021eko uztailetik abendura arte funtzionatzen jarraitu ahal izateko, 2.160.765,50 euroko zenbatekoarekin.

Etxean laguntzeko zerbitzuak, langile kualifikatuen bitartez, etxeko zereginetan eta norberaren zainketan laguntzen du, eta lagun egiten. Gaur egun, hiru modalitatetan eskaintzen da: oinarrizkoa, mendekotasuna dutenei zuzendua eta zaintzaileei atseden hartzen laguntzekoa.

Joan den urtean, 2.700 pertsona inguruk jaso zuten zerbitzua.

Share

“Gasteiz, auzotar errukiberak” programa garatzeko hitzarmena onetsi da

Udal gobernuak Musica, Arte y Proceso elkartearekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onetsi du gaur, zeinaren bitartez Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 15.000 € emango baitizkio “Gasteiz, auzotar errukiberak” programa garatzeko.

Proiektuaren helburu nagusia gizarte sare bat osatzea da, herritarrak inplikatu daitezen adinekoak, mendekotasuna duten pertsonak, gaixotasunen baten fase aurreratuan daudenak edo bizitzaren azken zatian daudenak zaintzen.

“Gure hiria zaintzailea izatea nahi dugu. Hori lortzeko, ezinbestekoa da gizartea pertsona zaurgarrien arreta integralaz sentsibilizatzea, proiektu honek proposatzen duen bezala” , azaldu du udalaren gizarte zerbitzuen arduradun Jon Armentia zinegotziak.

Beste lankidetza-hitzarmen bat ere onetsi du udal gobernuak, Gizarte Laneko Diplomatuen Elkargo Ofizialarekin (10.000 €), informazio, prestakuntza eta zabalkunde programa bat garatzeko.

Zenbait ekintza barne hartzen ditu hitzarmenak: gizarte langileen mapa bat osatzea, gizarte lanerako gaitasun digitalak lantzeko ikastaroak, gizarte zerbitzuei buruzko eguneratze saioak, lanbidea ikusarazteko bideo bat lantzea eta beste.

Etxean Laguntzeko Zerbitzua

Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrak baimena eman du Etxean Laguntzeko Zerbitzura 500.000 euro gehiago bidera daitezen, 2020ko bigarren seihilekoko beharrak betetzearren.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren aurrekontuan egingo da igoera hori, azken hilabeteetan zerbitzuan izandako handitzeari erantzuteko. Izan ere, gizarte zerbitzuen alorreko eskumenak berrantolatu direlarik, Udalak bere gain hartu du progresiboki mendekotasun-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonei arreta emateko ardura, Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren bidez.

 

 

 

 

Share