Prentsa Oharren banner

Etxebizitzaren Udal Behatokia izango du 21 Zabalguneak 2021. urtearen hasieran

 

Udalerriko etxebizitzaren benetako egoera zentralizatua kontsultatzeko aukera emango du web-tresna berriak, eta mapa tematikoak, eduki estatistikoa, kartografia, txostenak eta azterlanak bilduko

 

Etxebizitzaren Udal Behatoki gisa baliatuko den web-plataforma definitu, sortu eta lehenengoz kargatzeko kontratua Estudios GIS SL enpresari adjudikatzea erabaki du 21 Zabalguneko kontseiluak gaur. Udal gobernuak Elkarrekin taldearekin lortutako aurrekontu akordioaren barruan bultzatutako proiektua da. EH Bildu taldeak ere eman dio babesa ekimenari.

10 asteko gauzatze-epea izango du enpresak, eta 20.100 euroko aurrekontua, behatoki berria abian jartzeko. Beraz, datorren urtearen hasieran izango da martxan zerbitzu hori hirian.

Etxebizitzaren arloko informazioa eta ezagutza eskuratu eta transferitzeko aukera emango duen tresna izango da Gasteizko Etxebizitzaren Udal Behatokia, perspektiba hirukoitz batetik: eremu publikoan erabakiak hartzeko prozesurako laguntza gisa, etxebizitza eskuratzeko eskubide unibertsala betetzen laguntzeko; herritarren, ordezkari publikoen, gizarte-eragileen eta sektoreko profesionalen informazio-eskaerei erantzuteko trena gisa, eta etxebizitzaren errealitatea ikuspuntu objektibo eta instituzional batetik gardentasunez erakusteko erreferente gisa.

Azkar eta modu intuitiboan kontsultatzeko aukera

 “Internet bidez eta beste hedabide batzuetan kontsulta daitekeen etxebizitzaren egoerari buruzko informazio asko dago, baina horrek ez du eskaintzen modu bizkor eta intuitiboan sektore horren problematika bere alderdi guztietan islatuko duen gordailu bat. Gasteizko udalerriko etxebizitzaren egoerari buruzko informazio estatistikoa eta bisuala atera, hautatu eta erakutsiko du behatokiak, egiaztatutako webguneetatik eta txostenetatik aterea, tresna arin eta intuitibo baten bidez kontsultatzerik izan dadin”, azaldu du 21 Zabalgunearen lehendakari Ana Oregik.

Elkarrekin taldearen bozeramaile Oscar Fernándezek, berriz, uste du neurri horrekin Gasteizko pertsona guztiei etxebizitza duina bermatzeko bidean aurrera egiteko tresna berri bat jartzen dela martxan. “Etxebizitzaren Udal Behatokiari esker, hiriko alokairuaren prezioen errealitatea ezagutu ahal izango dugu, gaur egun herritarren parte handi batentzat eskuraezinak baitira, eta gehiegikeriak ekidin eta etxebizitza eskuratzeko aukera bermatu”.

21 Zabalguneak berak egindako azterlanak gehitu ahal izango ditu behatokiak, orain eskuragarri ez dagoen informazioa emateko —problematika espezifikoei aurre egiteko interesgarritzat jotzen direlarik—, Gasteizko etxebizitzen egoerari buruzko erradiografia hobetze aldera. Gainera, azterketa partekatua egiteko lekua izango da, eta orobat albiste garrantzitsuenak jasotzeko, datu historikoak,  gaur-gaurko egoerak eta beste azalduko diren lekua. Guztia ere udalerriko eta inguruko etxebizitzaren errealitatearen isla objektibo bihurtzeko.

Gasteizko Etxebizitzaren Udal Behatokian txostenak eta estatistikak sortuko dira, eta pdf formatuan deskargatu ahal izango dira, eskatu ahala.

Informazio geografikoa eskainiko du, hainbat konturen inguruan —etxebizitzaren merkatua, hirigintza-plangintza, katastroa—, eta oinarrizko edo erreferentziazko beste baliabide kartografiko batzuk —auzoen mugaketak, barrutiak, kale-izendegi ofiziala, udalerriaren airetiko ortoargazki eguneratua…—. Gainera, gaikako mapak sortzeko ahalmena izango du, hala nola merkatuaren zonifikazioak, analisi-aldagai desberdinen arabera —salmenta-prezioak metro koadroko, alokairu-prezioak metro koadroko, etxebizitza-tipologia, biztanleria-dentsitatea eta abar—. Gasteizko Udalaren beraren datu-baseetatik eta mapetatik nahiz besteren iturri ofizialetatik sortuko da informazio hori.

Mapek oinarrizko hainbat funtzionalitate izango dituzte; aukera emango baitiote erabiltzaileari mapan modu arin eta intuitiboan nabigatzeko, edo geografikoki bilatu eta aurkitzeko ezaugarri semantiko jakin batzuk betetzen dituzten higiezinak edo higiezin-multzoak.

Share