Prentsa Oharren banner

Gasteizen hasi dira 20 markesina berri jartzeko lanak

Gasteizen hasi dira 20 markesina berri jartzeko lanak Europa Jauregiko geralekukoarekin. Hiriko hiri-altzarietako publizitatea ustiatzeko kontratuaren baitako lanak dira. Proiektua, besteak beste, Arabako hiriburuko markesinak berritu eta modernizatzeko, eta Vitoria-Gasteiz Smart Green City Plana garatzen jarraitzeko sustatu da.

Iragarri zen bezala, kontratu honen bitartez tamaina handiko pantaila digitala duten 20 markesina berri jarriko dira, baita geralekuko 47 argibide-gune berri ere. Horrelako kontratuetan ohikoa denez, enpresa adjudikaziodunak inbertsio handia egin beharko du hiri-altzarietan (ia bost milioi euro), eta Udalari kanon bat ordainduko dio espazio publikoa erabiltzeagatik. Kanona 113.000 euro izango da, eta urtero eguneratuko da kopurua. Horren truke, markesinetako eta kontratuan aurreikusitako hiri-altzarietako publizitate-ustiapena kudeatuko du adjudikaziodunak; dena den, udalaren publizitaterako tarteak ere erreserbatu beharko ditu. Udalak kalkulatu du 13 urterako kontratuaren prezioa 28 milioi eurotik gorakoa dela, inbertsioa eta altzarien mantentzea barne.

Markesinei dagokienez nabarmendu beharra dago Patxi Mangado arkitekto nafarraren jatorrizko diseinuarekin jarraitzea erabaki dela, dagoeneko Gasteizekin identifikatzen den diseinu modernoa eta funtzionala dela iritzita. 20 markesina berriek, dena den, tamaina handiko —82 hazbeteraino— LCD pantaila digital bana izango dute; pantailek eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan funtzionatuko dute. Erasoen kontrako eta eguraldi txarretik babesteko elementuak ere izango dituzte. Konektagarritasunari dagokionez, Ethernet, 3G/4G, Bluetooth, Wifi eta NFC teknologiak baliatzeko prestatuta egongo dira.

Orobat, geralekuko 47 argibide-gune (TFT pantailekikoak) instalatzea barne hartzen du kontratuak, eta kontratuan sartutako altzari guztien metalezko egitura eguneratzea. Gaur egun, honako elementu hauek daude Gasteizen: 222 markesina hirian eta industrialdeetan, eta beste 28, kontzejuetan; 178 MUPI; 10 komun; 20 erloju-termometro; 96 zutoin, autobus geralekuetan; 17 zutoin, taxi geralekuetan, 53 informazio-panel, eta geralekuko 98 argibide-gune.

 

Share

Europa jauregiak Hiri Hezitzaileen Topaketa hartuko du 2022ko martxoan

Topaketak –zein Hezkuntza Zerbitzuak antolatuko baitu– komunikazio eta hausnarketarako gune bat irekiko du Estatuko hainbat hiritako udal eta eragile sozioedukatiboen artean

Europa biltzar-jauregiak Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) Topaketa hartuko du 2022ko martxoaren 17an eta 18an, ‘Hiri hezitzailea sendotu’ lelopean.

Ekimena bi formatutan egingo da, aurrez aurre eta online, jardueretako batzuk streaming bidez jarraitzeko aukera emango da, Udalaren webgunean propio egokitutako gune baten bidez.

Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok esan duenez, “2020ko martxoan Gasteiz RECEko hirien koordinatzailea hautatu zen 2020-2022 aldirako. Orduan gure gain hartu genituen konpromisoen artean topaketa hau antolatzea zegoen. Ekimen honek komunikazio eta hausnarketarako gune bat irekiko du Estatuko hainbat hiritako udal eta eragile sozioedukatiboen artean”.

Erakundeetako ordezkari, eragile sozioedukatibo eta ikasleen artean, 300 pertsona inguru bilduko direla espero da. Izena emateko epea 2021eko abenduaren 1ean hasiko da, eta 2022ko otsailaren 18an amaituko, egun horiek biak barne.

Programak hainbat hitzaldi, solasaldi eta aurkezpen hartzen ditu baitan, bai eta RECEren Batzar Nagusiaren bilkura ere.

Topaketak RECEn bildutako 91 hiritan egindako lana ezagutzeko aukera emango du, 4 gai-multzotan berezita: ‘Hiri inklusiboa, hiri hezitzailea’, ‘Hiri berdinzale eta genero-indarkeriarik gabeak’, ‘Lan kooperatiboaren ereduak: Hizi Hezitzaileen erreakzioa’ eta ‘Garapen jasangarriaren helburuak, haurren inplikazioarekin (II. fasea)

Horrez gain, RECEko hiri kideek 4 gai-multzo horien inguruko esperientziak azalduko dituzte.

Partaideek lehen eskutik ezagutu ahalko dituzte Gasteizko leku eta baliabide hezigarriak zein artistiko eta kulturalak, Topaketarako propio antolatutako bisita gidatuen bitartez.

Zer da RECE?

Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarea (RECE) elkarte bat da, Hiri Hezitzaileen Kartarekin bere gain konpromisoa hartu duten tokiko gobernuen lankidetza-egitura iraunkorra da. Gaur egun 226 dira RECEko kide, Espainiako estatuko autonomia-erkidego guztietakoak.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Gasteiz Sport Business biltzarraren bigarren edizioa hasi da, Europa jauregian

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek Gasteiz Sport Business biltzarraren bigarren edizioaren hasiera-ekitaldian parte hartu du; Europa jauregiko Maria de Maeztu auditoriumean egiten ari da hori. Gaurko hitzorduan 300 pertsonatik gora bilduko dira, COVID-19aren aurreko segurtasun-protokoloak ezarri direlarik hizlari, entzule eta laguntzaileentzat.

Livia Lópezek zorionak eman dizkie Gasteiz Sport Business-en antolatzaileei Udalaren izenean, ekimena bultzatzeagatik bai kirolerako bai biltzar jardueretako hain zaila den egoera honetan. “Osasunaren arloko murrizketak direla kausa sektore askok zailtasunak izan arren, zuek gure hiriaren, kirolaren eta hitzordu honen aldeko apustua egin duzue, ezagutzak partekatzeko xedez eta ekitaldi segurua izateari lehentasuna emanez“.

Gasteiz Sport Business jardunaldi bakarrean garatuko da, eta hainbat gai jorratuko dira bertan, hala nola eliteko kluben kudeaketa, berrikuntza —saskibaloiko Euroligan, kasu—, marken trataera kirolean, edo datuen erabilera, kirolaren arloko profesionalei laguntzeko tresna gisa.

Share

Geriatria eta gerontologia alorretako 250 profesionalek “bizitzaz beteriko zahartzaroaz” hitz egingo dute Europa jauregian

Ostegun honetatik aurrera, medikuntza, erizaintza, psikologia, fisioterapia edo gizarte laneko 250 adituk baino gehiagok adinekoentzako arretaz eta “bizitzaz beteriko zahartzaroaz” hitz egingo dute Europa jauregian,“Zahartzaroa” Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkargoaren XVI. Biltzarrean eta espezialitate bereko Nafarroako Elkartearen IX.ean. Gaur arratsaldean inauguratu dira biltzarrak, lehen alkateorde Peio López de Munain bertan izan delarik.

López de Munainek Udalak adinekoei begira garatzen dituen prebentzio politikak nabarmendu ditu “haien autonomia sustatzeko, bakardadea eragozteko eta zahartze aktiboa eta baldintza duinetan izan dezaten lortzeko”.

Gasteizen 65 urtetik gorako 50.000 pertsona bizi dira. hau da, populazioren % 20.

 

 

Share

Europa jauregian 350 guraso, hezitzaile eta gizarte-langile baino gehiago bilduko dira atxikimendua, erresilientzia eta gurasotasun positiboa aztertzeko jardunaldietan

Asteburu honetan  Atxikimenduari, Erresilientziari eta Gurasotasun Positiboari buruzko II. Jardunaldiak egingo dira Europa jauregian, Udalak eta Biraka hezkuntza elkarteak antolatuta. Hainbat autonomia-erkidegotatik iritsitako 350 guraso, hezitzaile eta gizarte-langilek baino gehiagok hartuko dute parte jardunaldian, “Aukerak sortzeko artea” lelopean. “Zailtasun, kaos eta arazoetatik haratago pertsonak ikustea zein garrantzitsua den” azpimarratu nahi da.

Gorka Urtaran alkateak inauguratu ditu jardunaldiak, gaur arratsaldean, eta profesionalek, gurasoek eta zaintzaileek “aukerak sortzeko artea” izango dute hizpide. Bihar hiru txosten aurkeztuko dira, gai hauen inguruan: familia babesa, abandonoaren neurologia eta burmuin erresilientea garatzeko gakoak. Maria José Rodrigo katedratikoak, Rosa Fernández Biologiako doktoreak eta Rafa Benito psikiatra eta familia terapeutak emango dituzte, hurrenez hurren.

Share