Prentsa Oharren banner

Maider Etxebarria: “Gasteizek helmuga seguru eta iraunkor gisa duen potentziala erakutsiko du, Euskadiko lehen Zikloturismo Foroa hemen egingo baita”

Lehen alkateordeak sektoreko profesionalen eta adituen topaketa aurkeztu du; hiru egunez egingo da Europa Jauregian, eta maiatzaren 8tik 16ra bitartean hainbat jarduera ere izango dira

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak Euskadiko lehen Zikloturismo Foroa aurkeztu du gaur. Topaketa Gasteizen egingo da eta Arabako hiriburuak “helmuga seguru, jasangarri eta familiar gisa duen potentziala erakusteko aukera” izango du. Zinegotziak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadorekin batera, profesionalentzako topaketaren jarduera-egitaraua azaldu du. Sailburuak azpimarratu du, halaber, hitzordua Euskadi zikloturismoaren gaian “erreferente” bihurtuko duen estrategia bat sustatzeko “abiapuntua” izango dela. Foroa maiatzaren 12tik 14ra bitartean egingo da Europa jauregian (online formatuan ere egingo da), networking gune bat izango du, eta maiatzaren 8tik 16ra burutuko den jarduera-egitarau batek osatuko du.

Biltzarrak sektoreko adituak, profesionalak eta enpresen ordezkariak bilduko ditu eta ekitaldi zentrala maiatzaren 12tik 14ra bitartean egingo den foroa izango da. Parte-hartzaileen artean Mercedes Muñoz Bide Berdeen Europako Elkartearen zuzendaria, Ángeles Marín Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Mugikortasun estrategia bulegoaren zuzendaria eta Paco Nadal bidaia-kazetaria izango dira, besteak beste. Zikloturismoarekin lotura duten estatuko enpresen ordezkariak ere bertaratuko dira, adibidez, hotelak, marketin turistikoan espezializatutako teknikariak, eta BH Bikes, Orbea, Littium edo Bikefriendly Tours enpresetako zuzendariak. Maiatzaren 14an kirol ekitaldiei buruzko tarte bat egongo da eta bertan Quebrantahuesos, Orbea Monegros edo Transpyr Coast to Coast proben antolatzaileek hartuko dute parte.

Horretaz gain, zikloturismoari loturiko jarduerak ere antolatu dira. Adin guztientzako izango dira eta maiatzaren 8tik 16ra bitartean egingo dira:

  • Bisitaldi gidatuak bizikletan, Gasteizko turismo-zerbitzuetako enpresekin lankidetzan, Arabako hiriburua, Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea Estibalizko Santutegiraino, edo Uribarri Ganboako urtegiaren ingurua ezagutzeko. Ataria zentroan bizikleta elektriko bat alokatu eta Eraztun Berdean zehar paseatzeko aukera ere egongo da.
  • Bizikleta gainean trebatzeko eskola, 7 eta 15 urte bitarteko neska-mutilek bizikleta hobeto kontrolatzen eta oztopo-zirkuitu batean ibiltzen ikasteko. Gamarrako parkean egingo da.
  • Merkataritzari eta ostalaritzari loturiko jarduerak, hainbat ekimenen bitartez. Gasteiz On elkarteko 70 denda baino gehiago bizikletaren enbaxadore izango dira: erosketen kontsigna izango dira, puzgailuak utziko dituzte edo hiri-txirrindularitzari buruzko liburuxkak banatuko dituzte. Gainera, El Boulevard merkataritza guneak Arabako Lautadako Ibilbide Zikloturista Handia birsortuko du QR kodeak erabiliko dituen jarduera baten bidez. Horretaz gain, lantegiak egingo dira kafetegi batean, bidaien, bizikletaren eta kafearen arteko harremana ezagutu eta hartaz gozatzeko.
  • “Euskadi Bizikletan” erakusketa aire zabalean, Europa jauregiaren kanpoaldean.

Naturari loturiko turismoa “ingurumenaren ikuspegitik beharrezkoa izateaz gain, hiria dinamizatzeko eta hiria-bizikleta bikotea indartzeko aukera asko eskaintzen ditu”, azpimarratu du Etxebarriak. Zinegotziak adierazi duenez, foro horri esker Gasteizek bere irudi berdea indartuko du, hamarkadatan zehar “bizikletarekin harreman estua” duela erakutsi ondoren.

 

Informazio gehiago: cicloturismoeuskadi.eus/eus/

 

 

 

 

Share