Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 martxoa 2019 12:33

Gasteizko Udalak 2019-2022rako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN-ESEP) onetsi du gaur goizean; datozen urteetan udalerrian euskararen erabilera sustatzeko ekintzak jasotzen ditu agiri horrek. Ekintza multzo horren helburu nagusia udalerrian euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko hizkuntza politikaren alorrean behar diren neurriak hartu eta sustatzea da. “Euskararen normalizazioaren aldeko ekintzak areagotzea da gure helburuetako bat, Gasteiz euskararen hiria izan dadin”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak.

2013tik 2017ra arte aurreko EBPN-ESEParekin lan egin da. 2018ko lehen seihilekoan, lortutako emaitzak ebaluatu dira, eta euskaltzale taldeekin zein Elkargunearekin ere aztertu da. Bestetik, 50 pertsonak hartu zuten parte Oihaneder Euskararen Etxean egindako lan-saio batean, hiriak zein erronkari aurre egin behar dion identifikatzeko.

Euskararen erabilera sustatzea da lehentasuna. Ildo horretatik, garrantzitsutzat jotzen da euskararen sozializazioa. Horretarako,  ahalegin berezia egin behar da aisialdiaren eta kirolaren arloetan, baita euskaldundutako gurasoekin ere. Izan  ere, haien seme-alabak euskaldunak direnez hizkuntza testuinguru egokia eskaini behar zaie, euskarazko zerbitzuak eta produktuak. Gasteizko gazteen erdia baino gehiago dira euskaldunak, eta % 80k baino gehiagok ulertzen dute.

Datu horiek kontuan izanik, Euskara Zerbitzuak eta inplikatutako kolektiboek 70 jarduera-ildo zehaztu dituzte, hainbat arlotan: helduen euskalduntzea, gizarte eta ekonomia, merkataritza, eskolaz kanpoko jarduerak… Datozen lau urteetan ekintza zehatzen bidez garatuko dira horiek.

Share