Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 martxoa 2019 12:33

Gasteizko Udalak 2019-2022rako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN-ESEP) onetsi du gaur goizean; datozen urteetan udalerrian euskararen erabilera sustatzeko ekintzak jasotzen ditu agiri horrek. Ekintza multzo horren helburu nagusia udalerrian euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko hizkuntza politikaren alorrean behar diren neurriak hartu eta sustatzea da. “Euskararen normalizazioaren aldeko ekintzak areagotzea da gure helburuetako bat, Gasteiz euskararen hiria izan dadin”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak.

2013tik 2017ra arte aurreko EBPN-ESEParekin lan egin da. 2018ko lehen seihilekoan, lortutako emaitzak ebaluatu dira, eta euskaltzale taldeekin zein Elkargunearekin ere aztertu da. Bestetik, 50 pertsonak hartu zuten parte Oihaneder Euskararen Etxean egindako lan-saio batean, hiriak zein erronkari aurre egin behar dion identifikatzeko.

Euskararen erabilera sustatzea da lehentasuna. Ildo horretatik, garrantzitsutzat jotzen da euskararen sozializazioa. Horretarako,  ahalegin berezia egin behar da aisialdiaren eta kirolaren arloetan, baita euskaldundutako gurasoekin ere. Izan  ere, haien seme-alabak euskaldunak direnez hizkuntza testuinguru egokia eskaini behar zaie, euskarazko zerbitzuak eta produktuak. Gasteizko gazteen erdia baino gehiago dira euskaldunak, eta % 80k baino gehiagok ulertzen dute.

Datu horiek kontuan izanik, Euskara Zerbitzuak eta inplikatutako kolektiboek 70 jarduera-ildo zehaztu dituzte, hainbat arlotan: helduen euskalduntzea, gizarte eta ekonomia, merkataritza, eskolaz kanpoko jarduerak… Datozen lau urteetan ekintza zehatzen bidez garatuko dira horiek.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 azaroa 2018 14:37

 

 

 

 

 

 

‘Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia’ izenburuaren pean, Eusko Jaurlaritzako, hiru foru-aldundietako, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletako, EUDELeko eta UEMAko ordezkariek adierazpen instituzional bat sinatu dute gaur goizean, datorren abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta. Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan egin da ekitaldia, eta bertan, instituzio publikoek deia egin dute hiztunak aktibatzeko, egunero delako “euskararen aldia”. “Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu”, adierazi dute.

Ekitaldian parte hartu duten ordezkariak honako hauek izan dira: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea; Pilar García de Salazar, Ekonomia Garatzeko eta Lurralde Orekarako diputatua Araban; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Iñaki Prusilla, Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotzia; Mari Jose Arrieta, Bilboko Udaleko Euskarako zuzendariordea; Xabier Euzkitze, Donostiako Udala ordezkatuz; Koldo Iturbe, Getxoko Udaleko Kulturako zinegotzia, EUDEL ordezkatuz; eta Josu Labaka, UEMAko presidentea.

Aktibazioa eta adostasuna

Aurtengo adierazpena estu lotuta dago Euskaraldia ekimenarekin; ostiralean hasiko da eta luzatu egingo da, hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den egunera arte. “Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra”, irakurri du.

Hiztunen aktibazioaren aldeko apustu horretaz gain, euskararen inguruko adostasuna aldarrikatu du testuak. “Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskarak batura behar duelako, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa”, defendatu du.

 Adierazpen guztia esteka honetan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 azaroa 2018 13:34

9000 euro eskuratuko ditu. Haur-literaturaren kategoria, berriz, hutsik geratu da.

Aintzane Atelak irabazi du Gasteizko Udalak gazte-literaturaren arloan euskarara egindako itzulpenik onena saritzeko ematen duen Vitoria-Gasteiz Saria, 15. edizioan. Haur-literaturaren arloko saria, berriz, eman gabe geratu da. Hala onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean, epaimahaiak egindako proposamenaren ildotik. Karlos del Olmo Serna, Lourdes Auzmendi Ayerbe, Isabel Etxeberria Ramírez eta María José Ezeizabarrena Segurola izan dira epaimahaikoak. Bederatzi lan aurkeztu ziren guztira, epe barruan.

José Luis López Muñozen ‘Konkorduna’ liburuaren itzulpenagatik jaso du saria Aintzane Atelak. 9000 eurokoa da saria. “Haur- eta gazte-literaturaren arloan euskarara egindako itzulpenik onenak saritzea da Udalak 2002az geroztik antolatzen duen ekimen honen xedea, gure hizkuntzan ekoitzitako produktuen merkatuari lagundu eta kultur sormena bultzatzeko. Itzulpengintzan diharduten pertsonei lagundu eta haien lana goretsi beharra daukagula uste dugu, euskarazko literaturari egiten dioten ekarpena dela eta. Haiei esker, nazioarteko literaturako lanik onenak euskaraz gozatzeko aukera dugu. Plazer handia da literaturaren lerrorik onenak euskaraz irakurri ahal izatea”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 uztaila 2018 11:37

Hamaika egunez, proiekzioak, hitzaldiak, kontzertuak eta performanceak eskainiko dira, sarrera librea

Sei lekutan antolatu dira proposamenak: Baratza aretoa, Falerina lorategia, ZAS Kultur espazioa, Santa Maria katedralaren ataria, Artiumeko plaza eta Foru plazako bolatokia.

Jendeari irekitako programazioaz gain, zinemari eta ikus-entzunezkoei buruzko prestakuntza espezializatua eskainiko zaie Euskadiko hainbat lekutatik etorritako 20 gazte ingururi.

 

Zinelekuren 2018ko edizioan zinemaren eta beste sorkuntza mota batzuen —ikus-entzunezko, soinuzko edo performance bidezkoa— arteko hibridazioa izango da ardatza. Horren haritik, hainbat alorretako izenburu, sortzaile eta profesionalek osatzen dute aurtengo edizioko programa, eta horien topaketak esperientzia bizigarri ugari ekarriko dizkio Arabako publikoari.

Zinelekuk hirugarren edizioa egingo du aurten, eta euskal testuinguruan sendotuz doa ikus-entzunezkoen alorreko prestakuntza, ekoizpena eta erakustaldiak eskaintzeko erreferentziazko proiektu gisa, batetik talentu gazteei laguntzen diena, eta bestetik, herritarrei kalitateko programazio irekia eskaintzen diena, zeinean zinema askotariko hizkuntza artistiko eta ikuspegi sozialekin hibridatzen baita.

Proiekzioak

Besteak beste, film hauek emango dira Gasteizen: Verano 1993, Carla Simónena, aurten Goya sarietan 8 izendapen eta 3 sari lortu dituena; Tres días con la familia, Mar Collen opera prima, Malagako Jaialdian 3 sari (zuzendaritza, gizonezko aktorea eta emakumezko aktorea) lortu dituena, eta Goya saria zuzendari hasi berri onenarentzat; Converso, David Arratibelen dokumentala, besteak beste Punto de Vista Nafarroako zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdian eta Alcances zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdian publikoaren saria eskuratu duena. Hiru film horiek sortzaileek berek aurkeztuko dituzte: Ana Pfaff, Verano 1993 filmaren muntatzailea, Mar Coll eta David Arratibel.

Orobat, Javier Poloren 8 bits filma proiektatuko da, zeinak besteren artean Vimeo bideo-plataformaren VOD lehen saria jaso baitu, film eta dokumental berritzaileentzako saria.

Aipatzekoa da, halaber, Arabako Foru Aldundiak Zineleku proiektua baliatuko duela euskal erakundeek Adierazpen Unibertsalaren aldarrikapenaren 70. urteurrena oroitzeko asmoz sustatu duten “Eskerrak giza eskubideei” kanpainarekin bat egiteko. Hain zuzen ere, Gorputz kaiolakfilm laburren programa eskainiko da egun horietan; giza eskubideei buruzko programa Oihaneder Euskararen Etxeak antolatu du, Filmazpitekin eta CEAR Euskadirekin elkarlanean.

Performanceak eta kontzertuak

Zinemaren eta beste hizkuntza artistiko batzuen arteko hibridazioari dagokionez, Mursegok —Euskal Herriko musika panoraman erreferentea— kontzertua emango du, eta Zazpi T’erdi taldeak Tendrá que ser aquí y ahora entsegu irekia eskainiko du, zuzeneko zinema, performancea eta soinu-inprobisazioa uztartuz. Gainera, Mursegok eta Zazpi T’erdik performance filmiko kolektibo batean hartuko dute parte, Sra. Polaroiska —Gure Artea 2017 saria— eta AudioLab —soinu ikerketaren inguruko proiektu aitzindaria— taldeekin batera.

Zinelekuren barruko beste proposamen kolektibo bat Carlos Casasena izango da: zuzendari kataluniar horrek zenbait sari lortu ditu nazioartean, eta AudioLabekin batera egingo du lan Avalanche performance-instalazioan; munduko herri altuenetariko bati buruzko lana da (Hichigh).

Hitzaldiak

Besteetan bezala, elkarrizketarako eta pentsamendu kritikoa sustatzeko espazioak ere izango dira Zinelekun, zinemarekin lotutako zenbait profesionalen eskutik. Amador Fernández Savater ikertzaile eta editoreak “Realidad aumentada: pensar, narrar, transformar” izenburua duen hitzaldia emango du; aipatutako “Eskerrak giza eskubideei” kanpainaren barruko jarduera da. Mar Coll zuzendariak eta Anna Pfaff muntatzaileak istorio pertsonalen kontakizunetik abiatuta zinema sortzeari buruzko hausnarketak partekatuko dituzte. Zazpi T’erdiko kide Iñaki Sagastume, azkenik, zinema ekoizlearen lanbideari buruz mintzatuko da.

Bukaerako jaia

Jendeari irekitako proposamenez gain, 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako prestakuntza programa egingo da. Prestakuntza eta sorkuntza elkarbizitzako egunak izango dira, non gazteek parte hartuko duten zinema-lantegiek eta maisu-eskolek osatutako berariazko ibilbide batean. Zineman zein beste diziplina artistiko batzuetan ibilbide ezaguna egin duten profesionalek emango dituzte eskolak.

Esperientziatik sortzen diren azken lanak abuztuaren 2an erakutsiko dira jendaurrean, 2018ko Zinelekuren amaiera jaian; musika eta publiko ororentzako jarduerak ere izango dira.

Programazio irekiaren laburpena

07.23

19:00.

Baratza aretoa

Ikus-entzunezko performancea, zine zabaldua: Tendrá que ser aquí y ahora

Zazpi T´erdi

22:00.

Santa Maria Katedralaren ataria. Proiekzioa: Converso

David Arratibel / 2017 / 61 min / JB
David Arratibel izango da bertan

25.07

22:00.

Baratza aretoa

Mursegoren kontzertua: Mursego Baratzan

26.07

22:00.

Baratza aretoa

Performance filmiko kolektiboa

Sra. Polaroiska, Mursego, AudioLab, Zazpi T´erdi

27.07

22:00.

Foru plazako bolatokia

Performancea, instalazioa: Avalanche

Carlos Casas, AudioLab-ekin batera / 2009 / 60 min / Elkarrizketarik gabea

Egileek aurkeztua

28.07

19:00.

ZAS Kultur espazioa

Hitzaldia: Realidad aumentada: pensar, narrar, transformar

Amador Fernández Savater, ikertzailea eta editorea

29.07

19:00.

ZAS Kultur espazioa

Hitzaldia: Montar las historias propias

Mar Coll, Ana Pfaff

22:00.

Falerina lorategia

Proiekzioa: Tres días con la familia

Mar Coll / 2009 / 86 min / JB, gaztelaniazko azp.

Zuzendaria bertan izango da

30.07

19:00.

ZAS Kultur espazioa

Hitzaldia: Producir con lo que hay

Iñaki Sagastume (Zazpi T´erdi eta Filmotive)

22:00.

Artiumeko plaza

Proiekzioa: Verano 1993

Carla Simón / 2017 / 97 min / JB, gaztelaniazko azp.

Zuzendaria bertan izango da

31.07

22:00.

Falerina lorategia

Proiekzioa: Gorputz kaiolak. Giza eskubideekin lotutako film laburren programa

60 min / JB, euskarazko azp.

Film Azpit-ek, CEAR Euskadi-k eta Oihaneder Euskararen Etxeak batera aurkeztua

08.02

22:00.

Falerina lorategia

Proiekzioak eta amaierako jaia

Europa en 8 Bits

Javier Polo / 2013 / 76 min / JB, gaztelaniazko azp.

Dock of the Bay jaialdiarekin batera aurkeztua

2018ko Zinelekun parte hartu duten ikasleek egindako film laburren proiekzioa

Zineleku KalakaLab-ek sustatutako programa da, ikus-entzunezkoen arloko prestakuntzarako eta ikus-entzunezkoak ekoitzi eta erakusteko. Zineleku 2018 Arabako Foru Aldundiko Gazteriaren Foru Erakundearen laguntzarekin antolatua dago, eta Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren zein Oihaneder Euskararen Etxearen laguntza ere badu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 uztaila 2018 12:38

 

 

 

 

 

 

Uztailaren 16tik 19ra, Higa!-hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketaren bigarren edizioa egingo da Gasteizen. Udalak —Euskara Zerbitzuaren eta Gazteria Zerbitzuaren bitartez— eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dute, eta orotara 75 gaztek hartuko dute parte. 39 emakume eta 36 gizon dira, 31 hizkuntza komunitate ezberdinetakoak. Beren hizkuntzak sendotzen lan egingo dute zenbait jardueraren bidez, horietako asko arlo akademikoan.  Besteak beste, hitzaldiak, dinamika parte-hartzaileak, kontzertuak eta kultura ekitaldiak programatu dira. Euskara eta Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak aurkeztu du topaketa Oihaneder Euskararen Etxean, haren koordinatzaile Beñat Garaiorekin batera.

 

“Datorren astean, gu bezala hizkuntza gutxituetan komunikatzen diren 75 gazte elkartuko dira gure hirian. Izan ere, guk bezala, egunez egun sendoago bihur daitezen lan egiten dute, arlo guztietan presentzia handiago izan dezaten”, azaldu du zinegotziak. Iñaki Prusillak gogorarazi du “Gasteiz gero eta euskaldunagoa eta anitzagoa” dela. “15 eta 24 urte bitarteko hiru pertsonatatik bi euskaldunak dira, eta datozen urteetan datu horiek hobetzea espero da”.  Hala ere, “Udalean jakitun gara lanean jarraitu behar dugula hiriko kaleetan euskararen presentzia handitzeko“.

 

Topaketan ordezkaritza handiena duten hizkuntzak Espainiar Estatukoak izango dira: 12 euskaldun, 9 katalan-hiztun (jatorri ezberdinetakoak: Menorca, Valentzia, Bartzelona, Girona…) 7 galego-hiztun, 2 asturiera-hiztun eta 2 aragoiera-hiztun.  Zeinu-hizkuntza erabiltzen duten 3 lagun ere etorriko dira. Izena eman duten pertsonen batez besteko adina 25 urtekoa da. Europako gainerako herrialdeetatik hauek baieztatu dute etorriko direla: 2 sardiniera-hiztun, 2 bretoiera-hiztun, 4 galesera-hiztun, 2 Irlandako gaelera-hiztun, 2 Eskoziako gaelera-hiztun wymysouera-hiztun bat (hego-mendebaldeko Poloniatik), silesiera-hiztun bat (hegoaldeko Poloniatik), iparraldeko samiera-hiztun bi (Laponiatik) eta manera-hiztun bat (Man uhartetik). Amerikatik berriz, hizkuntza desberdinetako 16 hiztun gazte etorriko dira:  3 mapuzungun-hiztun (Txile), tu’un savi-hiztun 2 (Mexiko), namui wam-hiztun 1 (Kolonbia), ocaina-hiztun 1 (Peru), murui-muinan-hiztun 1 (Peru), nonuya-hiztun 1 (Kolonbia), uru uchumantago-hiztun 1 (Peru), uru chipaya-hiztun 1 (Peru), zapoteco-hiztun 1 (Mexiko), tseltal-hiztun 1 (Mexiko), k’iche’-hiztun 1 (Mexiko), guambiera-hiztun 1 (Kolonbia) eta namtrik-hiztun 1 (Kolonbia). Halaber, beste kontinenteetako parte-hartzaileei dagokienez,  topaketan izena eman dute amazigh-hiztun gazte bik (iparraldeko Afrika) eta tamilera-hiztun gazte batek (hegoaldeko India).

75 hiztun gazteren topaketa hori bi zatitan garatuko da. Zati akademikoan (hilaren 17tik 19ra, goizez), hitzaldiak eta dinamika parte-hartzaileak izango dira, EHUko Letren Fakultatean.  Arratsaldeko saioak ludikoagoak izango dira, hilaren 16tik 19ra bitartean: harrera dinamikak, kontzertuak, hiria eta Gasteizko Eraztun Berdea ezagutzeko bisitak, eta jarduera kulturalak; 19an dantza plaza egingo da, topaketari amaiera emateko.

 

HIGA! topaketaren harira, eta hirira etorriko diren gazteen presentzia aprobetxatuz, Hizkuntza-Aniztasun Digitalaren Proiektuak —(DLDP-Digital Language Diversity Project), Erasmus+ programa bat— azken zabalkunde-ekitaldia antolatu du uztailaren 20an. Ekitaldi horretan, zenbait tresna eta material aurkeztuko dira hizkuntza-komunitateak ahalduntzeko eta haien presentzia zein erabilera digitala sendotzeko. Parte-hartzea doakoa izango da, baina izena eman beharko da, antolakuntza arrazoiengatik.

HIGA!-n erabiliko diren hizkuntza nagusiak euskara (nagusiki), katalana eta galiziera izango dira, eta eduki guztiak gaztelaniara eta ingelesera itzuliko dira. Horretaz gain, ekintzaile guztien arteko elkar ezagutza bermatzeko neurriak hartuko dira.

  • Uztailak 16: parte hartzaileen harrera Gasteizen.
  • Uztailaren 17tik 19ra: Topaketak Gasteizen.

HIGA! Euskal Herriko Unibertsitatearen 2018ko Udako Ikastaroen programazioaren barruan sartzen da, antolatzaileen eta HIGA!-ko Batzorde Akademikoan parte hartzen duten erakundeen arteko lankidetzari esker.

Informazio gehiago

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 azaroa 2017 13:51

 Euskararen Asteko programa

Abenduaren 3an izango da, urtero bezala, Euskararen Eguna. Hori dela eta, Euskararen Asterako diseinatutako ekitaldi-egitaraua aurkeztu du Udalak gaur goizean, Arabako Foru Aldundiarekin eta talde euskaltzale ugarirekin batera. Hain zuzen ere, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte iraungo dute ekitaldi horiek, ‘Euskarak 365 egun’ lemarekin. Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak gogorarazi du garrantzitsua dela “gure hizkuntza ezagutzera ematea, erabiltzea eta ikasten ari direnei ongi erabiltzen laguntzea”. Era berean nabarmendu du Iñaki Prusillak “gure ustez edonorentzat eta adin guztietakoentzat moldatu den egitarau hau aurrera ateratzeko erakunde eta kolektiboek egin duten elkarlana”.

Euskara zuzendariarekin batera, prentsaurrekoan izan dira Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Luna, Alearen zuzendari Aritz Martínez de Luna, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko Bergoi Marderaz, Euskara Zerbitzuko Axun Gereka eta Oihaneder Euskararen Etxeko Ane Pedruzo. Euskara Zerbitzuaren web-orrian kontsulta daiteke bertan aurkeztu den egitaraua

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 azaroa 2017 13:21

 

 

 

 

 

 

Bai Euskarari Elkarteak kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat abian jarri du Gasteizen, Gasteizko Udalaren babesarekin. Horren helburua da establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

Euskararen aldagaiari garrantzia ematen dioten kontsumitzaile irizpidedun aktiboak giltzarri izango dira kanpaina honetan, erronka baita euskaraz dakiten edo-eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzea, lehen hitza euskaraz eginez, Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduetara bezero berriak erakartzea eta bertan kontsumitzea, eta gainerako establezimenduak euskarak eskaintzen duen balioaz ohartaraztea eta urratsak ematera eragitea.

Gasteizko euskararen mapa” da proiektu honen muina. Bai Euskarari Ziurtagiridunek osaturiko merkataritza planoa gizartearen eskura jarriko dugu, euskarazko kontsumoa

errazagoa izan dadin. Era berean, merkataritza eta ostalaritzako establezimenduak mapan gehitzera animatu nahi ditugu, euskara negozioan txertatzeak dituen onurak

ikustaraziz. Beraz, alde batetik, euskarazko kontsumoa sustatuko dugu kontsumitzaileen artean eta, bestetik, euskarazko eskaintza areagotzea bilatuko du pixkanaka handitzen joango den Gasteizko euskararen mapak.

Gehitu zaitez mapara!

Une honetan ehun establezimendu inguruk osatzen dute Gasteizko euskararen mapa eta gainontzeko merkatariak eta ostalariak gehitzera animatu nahi ditugu. Parte-hartzaileak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez identifikatuko dira, bakoitza dagokion mailarekin: “Zerbitzua eta lana euskaraz”, “Zerbitzua euskaraz” eta “Euskararen bidean”. Establezimenduek dagokien mailaren adierazgarri bat jasoko dute, kontsumitzaileei Gasteizko euskararen maparen parte direla erakusteko.

Bezeroei euskaraz egiteko gonbita

Euskararen erabilera erraztu nahi dugu Gasteizko establezimenduetan eta, horregatik, horietan lanean ari diren pertsonei bereizgarri bat erabiltzea proposatuko zaie. Horren bitartez, kontsumitzaileak euskaraz egitera gonbidatuko dira.

Bi eredu egongo dira: euskaraz lan egiteko gaitasuna dutenek soinean “Euskaraz?” bereizgarria eramango dute, bezeroak jakin dezan euskaraz aritu daitekeela berarekin. Bigarren eredua, “Euskaraz? Poliki, mesedez” izango da, ikasten

ari diren saltzaileentzat edo euskaraz aritzeko erabateko segurtasuna ez duten langileentzat. Bi kasuetan, helburua izango da kontsumo harremanetan euskara erabiltzeko aukerak areagotzea.

Kontsumitzailea bazara, euskara baliatu beharreko aldagaia

Bai Euskarari Elkarteak euskara erabiltzearen onurak erakutsi nahi dizkio kontsumitzaileari eta horretarako laguntza eta baliabideak eskaini.

Zergatik kontsumitu euskaraz?

Zure harreman-hizkuntza delako

Konfiantza eskaintzen dizulako

Kalitatearen ikurra delako

Jasangarria delako

Gertutasuna eskaintzen duelako

Euskaraz erosi, euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi duzulako

Bai Euskarari Elkarteak euskara erabiltzearen onurak erakutsi nahi dizkio kontsumitzaileari eta horretarako laguntza eta baliabideak eskaini, esate baterako, Gasteizko euskararen mapa, baduzu.eus eta akuilari aplikazioak.

Merkataria bazara, euskara baliatu beharreko aldagaia

Gasteizko euskararen mapa osatzeko eta merkatariei gehitzeko gonbita zabaldu nahi dugu, euskara txertatzeak onura anitz dituela frogatuz eta prozesua errazteko baliabideak eskainiz.

Merkataritzan, zertarako euskara?

Markaren posizionamendua hobetzeko

Bezeroarekiko gertutasuna eta konfiantza sortzeko eta sendotzeko

Bezero kopurua handitzeko eta fidelizazioa indartzeko

Merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko

Talde kohesioa eta motibazioa bizkortzeko

Produktu /zerbitzu lehiakorrak eta kalitatekoak izateko

Euskaraz bizi eta euskaraz erosi edo euskaraz lan egin nahi duten pertsonei aukera errazteko

Lurraldearen eta pertsonen ongizatea hizkuntzekin / euskararekin ere lotzeko

Humedal Informatik, Ttilika arropa denda, Etxabe Harategia eta Martinez Rementeria farmacia

Kanpaina Gasteizko lau negozio hauetatik abiatu da: Humedal Informatik, Ttilika

arropa denda, Etxabe Harategia eta Martinez Rementeria farmazia. Kanpainaren protagonistak eta bakoitzaren egoera ezagutu nahi izan dugu, euren bizipenen bidez, Gasteizen euskara merkataritzan gehitzea oso aberatsa izan daitekeela erakusteko.

Izan ere, gure protagonistek jarrera positiboa erakutsi dute egitasmo honen eta negozioaren euskalduntze prozesuaren aurrean. Martinez Rementeria farmaziako ordezkariek aitortu digute kanpaina honetan sinesten dutela eta euskararen sustapenerako pauso garrantzitsua izango dela; era berean, gehitu dute bezeroaren aurrean euskararen balioa argia dela eta farmazian bide beretik jarraitzeko asmoa dutela, ezagutza eta erabilera areagotzeko pausoak ematen.

Ttilikan ere, Iñigo de Marcosek adierazi du horrelako saiakerak beharrezkoak direla bai merkatarientzat eta bai kontsumitzaileentzat ere. Bai Euskarari Elkartearen laguntza eskertzen du, Gasteizko pertsona asko bezala, euskaldun berria delako eta poliki-poliki egunerokotasunean euskara erabiltzea lortzen ari delako; fruituak ikusten ditu eta horrek motibatzen du.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 abuztua 2017 12:40

Gasteizko Udalak irailaren 1etik 13ra zabalduko du euskara gizarte etxeetako ikastaroetan izena emateko epea. “Eskaintza 101 taldetako da, maila desberdinetakoa eta honako ikasleentzat: gurasoak, 55 urtetik gorako lagunak, merkataritza eta ostalaritzako langileak eta azterriko nazionalitatea duten pertsonentzat”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. 2016-2017 ikasturtean ia 800 lagunek ikasi zuten euskara gizarte etxeetako ikastaroetan.

Gurasoentzako taldeak

83 talde eskaintzen dira, A1etik C1era.

Ohiko matrikularen prezioa 105,6€koa da eta matrikula murriztuarena 80,8€koa. Langabezian egonez gero, hobaria eska daiteke. Bestalde, 2016-2017 ikasturteko A2.1tik C1erako bitarteko ikasleek Interneten bidez egin ahal izango dute matrikula, txandaka ikasten ez badute edo hobaria eskatzen ez badute langabezian egoteagatik. Gainerakoek gizarte etxeetan egin beharko dute matrikula.

Curriculum berria dela eta, egokitzealdia dugu ikasturte honetan, ondorioz, mailen izendapena berria da. Jakiteko ikasturte honetan zein maila dagokion ikasle bakoitzari komeni da informazio-foiletoetan argitaratu den koadroa kontsultatzea.

Gurasoekin osatzen diren taldeetan ikaspostu librerik badago, itxarote zerrendetan izena ematen duten lagunak ere onartuko dira.

55 urtetik gorakoentzako taldeak

55 urtetik gorako lagunentzako lau urteko programa honek urritik ekainera irauten du. Lehen urteko taldeetan izena emateko ez da beharrezkoa lehendik euskararik batere ez jakitea; gainerakoetan, beharrezkoa da lehen urtea egina izatea (bigarren urteko taldeak) edo bigarren edo hirugarren urtea egina izatea (hirugarren edo laugarren urteko taldeak, hurrenez hurren). Eskaintza 12 taldekoa da, guztira; matrikularen prezioa, 48,80€, eta langabezian egonez gero, hobaria eska daiteke.

Merkataritza eta ostalaritzako langileentzako taldeak

Bi talde eskaintzen dira: bat, hasiera mailakoa, A1, euskararik batere ez dakitenentzat.; bigarrena, B1.2, dagoeneko lehengo 5. urratseko maila dutenentzat. Honako hauek dira betebeharrak: 16 urtetik gorakoa izatea eta merkataritza edo ostalaritza-establezimendu batean lan egitea, edo 2017an, uneren batean, lanean aritu izana. Matrikularen prezioa: 45€.

Atzerriko nazionalitatea duten lagunentzako taldeak AISA

Euskararen ikaskuntzan lehen pausuak eman nahi dituzten 16 uretik gorako atzerritarrentzako harrera ikastaroak dira. 4 talde eskaintzen dira eta matrikularen prezioa 9€koa da.

Matrikulak

Share