Prentsa Oharren banner

Falerina: jazz irakatsi eta ikasteko beste agertoki bat

Vitoria-Gasteizko Jazzaldiaren 43. edizioak beste agertoki bat izango du eta hainbat jarduera didaktiko, helburu bikoitzari jarraiki: musikari gazteei aukera bat ematea eta toki zoragarrian zuzeneko musikaz gozatzeko prest dagoen publikoari irekitzea.

Proposamen berri hau Vitoria-Gasteizko Udalari, Luis Aramburu Udal Eskolari, Jesús Guridi Kontserbatorioari eta Vital Fundazioaren ekarpen ekonomikoari esker gauzatu da.

Vitoria-Gasteizko Jazzaldiak talentu gaztearekin duen konpromisoa etengabea izan da bere historian zehar. Izan ere, bertako eskoletako ikasleek sustatzen dute Vitoria-Gasteizko jazzarekiko eta, oro har, musikarekiko dagoen zaletasuna.

Jazzaldiak hitzarmenak sinatu ditu Luis Aramburu Udal Musika Eskolarekin eta Jesús Guridi Kontserbatorioarekin, gazteen prestakuntzan laguntzeko, baita gazte horiek agertokian sustatzeko ere.

Jazzaldiak irauten duen astean zehar, Luis Aramburu Eskolan, jaialdian parte hartuko duten musikari profesionalek emango duten hezkuntza-eskaintza egongo da. MAP trioak –Marco Mezquida, Ernesto Aurignac eta Ramón Prats-ek osatuak– masterclass bat eskainiko du, Vitoria-Gasteizko Udal Musika Bandarekin, Jazzaldirako bereziki, burutu duten proiektua Mendizorrotzan estreinatu baino lehen.

Gainera, Ramón Prats bateria jotzaile gironarrak bateria hutseko kontzertu bat emango du Luis Aramburu Eskolako auditorioan.

Eskaintza pedagogiko hori Romain Pilon gitarra jotzaile frantziarraren klase magistral batekin eta Iñaki Rodríguez irakaslea eta Iruña Jazz Brass-eko musikaria denak emango duen Brass tailer batekin osatuko da

 

Kontzertuak eta agertokia

Mendizorrotza eta Principal Antzokiko ohiko agertokiei, Jazzaldiaren aurtengo edizioan, Falerina bilduko zaie, Montehermoso kultura zentroan. Jazzaldira bildu berria den zentro horretan doako kontzertuak emango dira eguerdietan eta musika eskoletako ikasleentzat zein beren ibilbide profesionalari ekin dioten beste talentu gazte batzuentzako lekua izango du.

Luis Aramburu Eskola, Jesús Guridi Kontserbatorioa, Musikene eta Udaband Musika Kanpusak euren comboak aurkeztuko dituzte, musika interpretaziorako dituzten gaitasunak ikus daitezen.

Falerinako programazioa beste hainbat musikariren kontzertuekin osatuko da. Kontzertu horiek asteartetik, uztailak 16, larunbatera, uztailak 20, egingo dira.

The Taan Trio talde italiarrak, Alberto Turra gitarra jotzaile eta musikagilea buru duela, William Nicastro baxuan eta Stefano Grasso baterian, soinu-esperientzia izugarria biziaraztea lortzen du, elektronikaren erabilera bikainari eta inprobisazioari esker.

Andrés Barrios piano jotzaile sevillar gazteak prestakuntza klasiko landua du, baina horrek ez dio eragotzi eragin latino eta afro-kubatarreko jazza era autodidaktan esploratzea. Teknika, ezagutza eta inspirazioaren nahasketak Europako panoramako musikari nabarmen egin dute Romain Pilon gitarra jotzaile frantziarra. Bere Reunion 5et taldean, Pierre de Bethmann piano jotzailea, Gianni Gagliardi saxofoi jotzailea, Iván San Miguel kontrabaxu jotzailea eta Gonzalo del Val bateria jotzailea ditu kide.

Trizak taldeak bere lehenengo diskoa atera berri du Errabal (Gaztelupeko Hotsak) zigiluaren eskutik, eta taldearen izen bera eman dio. Proiektuan oso ohikoa ez den trioak hartzen du parte, saxoa, kontrabaxua eta bateria, eta musika inprobisatua proposatzen du oinarri. Talde horretan Jon Piris, Hasier Oleaga eta Julen Izarra elkartu dira, jazz taldeetatik nahiz beste estilo batzuetatik datozen musikariak.

David Sancho pianoan, Fede Marini baterian, Alberto Guio saxofoian eta Artes-ek zeremonia-maisu lanetan, osatzen dute The Breitners. Talde hau, musikari dagokionez, rapeko dunbalaren eta kutxa klasikoaren eta jazzaren, neosoul-aren, r&b-ren ata abarren artean dabil, hau da, taldekide bakoitzak bere ibilbide pertsonalean profesionalizatu dituen influentzia guztiak.

Programazio hori guztia hainbat erakunderen ekarpenari esker egin ahal izan da, Vitoria-Gasteizko Udalak lekua laga du, eta Vital Fundazioarekin hitzarmena sinatu da gure lurraldeko talentu gaztea sustatzeko. Uztailaren 20an, larunbata, egingo den jaialdiaren amaiera, beste aldetik, oso berezia izango da.

New Orleanseko estiloari leialtasunez jarraiki, Second Line deritzona programatu da, hau da, kalejira tradizionala. 19:30ean hasiko da Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruña Jazz Brass taldeko musikariek, tailerreko ikasleek eta nahi duten zale guztiek hartuko dute parte, Mendizorrotzako pabilioian amaitu arte.

 

 

 

Share