Prentsa Oharren banner

Ostegunean hasiko da familia zaintzaileei laguntzeko Maiteki programan parte hartzeko izena emateko epea  

Yoga, barre-terapia eta norbere burua zaintzeko estrategiei buruzko ikastaroak eskainiko ditu

 

Familia zaintzaileei laguntzeko Maiteki programak jarduera-sorta bat antolatu du udarari begira, pertsona zaintzaileei zuzendua, aisialdiaz gozatzeaz gain, euren egoera fisiko eta mentala hobetu dezaten.

Datorren ostegunetik aurrera yoga, barre-terapia eta norbere burua zaintzeko estrategiei buruzko ikastaroetan eman ahalko dute izena. Jarduera horiek ekainaren azken astean hasiko dira, eta uztailaren azken asteraino iraungo dute.

Lau mintegi hauek programatu dira:

  • Barre-terapia. Aldarte optimista eta positiboa izaten laguntzeko ikastaroa.
  • Yoga hastapenak. Egoera fisikoa eta mentala hobetzeko ariketa eta teknika errazak.
  • Norbera eta gainerakoak zaintzeko agenda. Agenda bat osatzeko eskulangintza-lantegia, hari esker beti eskura izateko zaintza-plana, aisialdi-jarduerak eta “inporta zaizkizun beste kontu batzuk”.
  • Neure buruaz arduratzea, luxua ala beharra? Ikastaro honetan egunerokoan norbere burua zaintzeko estrategia praktiko xumeak eskaintzen dira.

Izena emateko 945 13 56 16 telefono-zenbakira deitu beharko da, 09:00etatik 13:00etara bitartean. Parte hartzeak 2 euro balioko du. Lekuak izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira.

Bilakaera

2002an jaio zen Familia zaintzaileei laguntzeko programa, hasiera batean 65 urtetik gorako pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko. 2020ko abenduan programak Maiteki izena hartu zuen, eta zabaldu egin zuen pertsona zainduen profila, hortik aurrera mendetasun aitortua duten edozein adineko pertsonak, desgaitasunen bat dutenak eta zaindu beharra eskatzen duen egoera psikiko edo fisikoren bat dutenak ere onartzen ditu.

Maitekik 457 pertsona artatu zituen iaz.

 

Share