Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 maiatza 2019 07:47

 

Ekitaldia egin den bitartean hiriko hotelen okupazioa % 98tik gorakoa izan da

Euroligak, Saski Baskoniak eta erakundeek oso positibotzat jo dute finala, 550 kazetari akreditatuk jarraitu baitzuten, eta 193 herrialdetan eman

Euroligak eta partidetara joandakoek gertakaririk eza eta antolakuntzaren arrakasta txalotu dituzte

Google Trends-en arabera, Gasteizek azken urteetako interes maila global handiena lortu du Interneten

 

Gasteizko Final Four lehiaketa arrakastatsua izan da. Euskadik, Arabak, Gasteizek eta Saski Baskoniak lehen mailako kirol ekitaldiak hartzeko guztiz gaituta daudela erakutsi dute aurten, Final Four historian hartu duten garrantzitsuena izan baita. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Saski Baskoniak Lauko Finalaren “oso balantze positiboa” egin dute gaur goizean. Euroligak berak ere aitortu du hori, tokiko erakundeek eta Saski Baskoniak tamaina horretako lehiaketa antolatzen agertutako lankidetza eta inplikazio ezin hobeak eskertu baititu.

Azken urtean ekitaldia antolatzeaz arduratu den antolakuntza batzorde orokorrak bilera egin du, eta ondoren ekitaldiak Gasteizen izan duen eraginaren balioespen bateratua aurkeztu du. Erakundeek eta Saski Baskoniak osatutako batzordeak 50 bileratik gora egin du orotara.

Gasteizko Final Fourrek utzitako pozik handiena ekitaldia bera egin izana da. Izan ere, horrelako munta eta oihartzuna duen antolakuntza tamaina ertaineko hiri baten eskuetan uzten zen lehen aldia da. Egoitzak, Gasteizek, lehiaketaren behar zabalei erantzun ahal izan die. Baita 31 herrialdetatik etorritako 550 kazetari akreditatuei ere. Hori dela eta, hiriko eta inguruetako ostatuek oso okupazio handia lortu dute, % 98tik gorakoa, lehiaketa egin den egunetan zein aurreko astean. Zaleak —jarraitzaileen % 52 estatu espainiarretik kanpokoak ziren— inguruko hirietan hartu dute ostatu, hiri horiek ere Gasteizko Final Fourrarekin bat egin baitute, eta egoitza nagusiarekin koordinatuta erantzun.

Saskibaloiko Euroligaren azken txostena falta delarik, garai honetako ohiko okupazioa nabarmen handitu da, baita bikoiztu ere batzuetan. Gasteizen, non 3.600 leku inguru baitago hoteletan —apartamentu turistiko, landa etxe, kanpin, aterpe eta abarrez gain—, antolakuntzak, taldeek, sustatzaileek, taldeetako langileek, hornitzaileek eta akreditutako hedabideek hartu dute ostatu, eta bertako hotel eta jatetxeetan kontsumitu dute. Taxiak ere erabili dituzte, egunean batez beste 1.200 pertsona garraiatu baitituzte Buesa Arenara edo handik bueltan. Gasteizko turismo-bulegoak ere atzerritarren kopuru ezohikoa antzeman du hilaren 16tik (osteguna) 19ra (igandea), eta horien artean Turkiako zaleak nabarmendu dira.

Oihartzunari dagokionez, Gasteizko 2019ko Final Four historian gehien ikusi eta jarraitutako edizioa izan da, orain arte eskuratu diren datuen arabera. Txapelketako lau partidak bost kontinenteetako 193 herrialde eta lurraldetan eman dira, eta sare sozialetako irismena inoizko handiena izan da: Belgradoko 2018ko edizioaren aldean ikusitako bideoen kopurua % 10 hazi da. Asteburuan, Gasteizko Final Four hainbat aldiz izan zen ‘trending topic’ mundu osoan. Zalantzarik gabe, ekitaldiak Gasteiz eta Araba nazioartean ezagutarazteko balio izan du, eta Euskadi Basque Country markaren kokapena indartzeko. Google Trends-en arabera, Gasteizek azken 15 urteetako interes maila global handiena lortu du nazioarteko internauten artean, hau da, datu horiek erregistratzen direnetik.

Kontinenteko saskibaloi ekitaldirik onena Buesa Arena inoiz baino ikusgarriago batean egin da, eta batez besteko okupazioa % 98ra iritsi da. Lehen mailako produkzioa izan du ekitaldiak, eta ia munduko herrialde guztietan eman da zuzenean, telebistaz, Facebook-ez, EuroLeague.TV-z eta baita hegazkin eta itsasontzietarako kanal berezien bidez ere. Datu ofizialak falta diren arren, Lauko Finalaren edizio honek 2018koa gainditzea espero da, zeinak ia 200 milioi ikusle lortu baitzituen plataforma ezberdinetan.

Baina Lauko Finalaren oihartzuna ez da aurreko asteburura mugatzen. Izan ere, Euroligaren denboraldi osoan Gasteizen izena ezaguna egin da 15 herrialdetako zale eta komunikabideentzat. 2018ko urritik denboraldiaren bukaeraraino, Euroligaren eta Eurokoparen 446 partidetan 20 segundoko iragarkiak eman dira partiden aurretik eta atsedenaldietan, 6 hizkuntzatara itzulita; Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak batera landutako iragarki horiek hiriaren, lurraldearen eta erkidegoaren ikuspegi turistiko eta ekonomikoa eskaintzen zuten. Partida horietara 2.9 milioi pertsona inguru joan dira. Orobat, Gasteiz Euroligako Lauko Finalarekin lotutako 14.300 artikulu digitaletan aipatua izan da guztira denboraldian, eta horietako 2.750 joan den asteburuan argitaratu dira, hedabideak monitorizatzeko Meltwater agentziaren arabera.

Erakundeek antolakuntzaren kalitate handia azpimarratu dute, halaber. Saskibaloiko Euroligak eta partidetara joandakoek gertakaririk eza eta Buesa Arenako mugikortasun antolakuntza txalotu dituzte bereziki. TUVISAren, Euskotrenen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasunaren Sailaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzaren emaitza izan da hori. Final Fourraren beste egoitza batzuekin alderatuta, gertuko hirietatik pabilioiara iristeko denbora ordubete edo ordu eta erdi laburragoa izan da, haietan hiri handietan barrena mugitu behar baitzuten. Gainera, Gasteizko aireportuak lehiaketarekin lotutako 34 hegaldi erregistratu ditu.

Gasteiztarrentzat eta bisitarientzat ere ireki ditu ateak Lauko Finalak, doako jarduerak antolatu baitira, esaterako, junior txapelketaren azken fasea, Foru plazako kontzertuak eta Fan Zone ofiziala; bertako gastronomiaren erakustaldiak ere egin dira.

Azkenik, Euroligaren Final Four euskal erakundeek nazioarteko ekitaldiak hartzearen alde egin duten apustu estrategikoaren erakusgarria da. Apustu horrek epe motz, ertain eta luzerako emaitzak ditu. Inbertsio errentagarria da hiria, lurraldea eta erkidegoa kokatzeko eta ekonomikoki garatzeko. Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza baturik herrialdeko ekitaldi baten aldeko apustuan. Oraingoan, nazioartean egiaztaturik geratu da Gasteizek duen kaudimena lehen mailako ekitaldiak hartzeko.

Hitzorduak Gasteizen izan duen eragin ekonomiko eta mediatikoaren txosten xehea eskatu du antolakuntzak, eta orain arte jasotako datuek erakusten dutenaren arabera, emaitza bikaina izango da. Txostenak Final Fourrek Gasteizen, Arabako Lurralde Historikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen eragin ekonomikoa (zuzena eta zeharkakoa) aztertuko du zehatz-mehatz, baita ekitaldiaren balio mediatikoa ere. Hartara, maila globalean lortutako telebista audientziak neurtu ahalko dira, mundu osoko 193 herrialde eta lurraldetan ikusi baita txapelketa. Orobat, sare sozialetan sortutako inpaktuak banakatuta aztertuko dira, bistaratzeak, erabiltzaileekiko interakzioak eta atxikimendua kontuan hartuz. Horrek guztiak Gasteizek inoiz hartu duen kirol ekitaldi garrantzitsuena xehetasun handiagoz neurtzea ahalbidetuko du.

Share
Kategoriak: Deialdiak, Oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 maiatza 2019 12:17

Maiatzaren 17tik 19ra bitartean, Saskibaloiko Euroligako ‘Final Four’ jokatuko da Gasteizen, eta kontinenteko saskibaloi ekitaldi garrantzitsuenaren hiriburua bihurtuko da lehenengo aldiz historian.

Fernando Buesa Arena pabilioian, Mendizorrotza kiroldegian eta Andre Maria Zuriaren plazan, Espainia plazan eta Foru plazan jarritako ‘Fan Zone’ guneetan, senior eta juniorren hainbat lehiaketa jokatuko dira, eta beste jarduera batzuk ere egingo dira; hori dela eta, pertsona ugari bilduko dira aipatutako lekuetan, parte hartzen duten taldeen jarraitzaileak barne.

Kirol ekitaldia arazorik gabe garatu dadin, eta segurtasun betekizunak eta mugikortasuna bermatzeko, ibilgailuen zirkulazioa mugatu egingo da Fernando Buesa Arenaren inguruko eta erdialdeko zenbait kaletan, behar bezala baimenduta eta akredituta dauden ibilgailuak salbu.

1.       Aparkatzeari eta zirkulazioari dagozkien aldaketak

Fernando Buesa Arenaren ingurua:

  1. Trafiko eteteak:
  • Maiatzaren 17ko (ostirala) 00etatik maiatzaren 20ko (astelehena) 3.00etara, trafikorako itxita egongo dira kale hauek: Zurbanoko atea (Hezeguneen ibilbidetik A-4001 errepideraino), Kontzeju kalea (Larraganetik Zurbanoko ateraino) eta Biosferaren ibilbidea.
  • Maiatzaren 17ko (ostirala) 00etatik eta maiatzaren 19ko (igandea) 14.30etik aurrera, gutxi gorabehera 24.00etara arte, bi egunetan, trafikorako itxita egongo dira kale hauek: Hezeguneen ibilbidea eta Zurbanoko atea (Betoñuko atetik Hezeguneen ibilbideraino). Baimendutako ibilgailuak baino ezin izango dira igaro, kale horietan dauden enpresa eta establezimenduetara joateko.

2. Maiatzaren 17ko 6.00etatik maiatzaren 20ko 3.00etara, aparkatzea mugatuko da Zurbanoko atean, Hezeguneen ibilbidean eta Biosferaren ibilbidean.

Erdialdea:

  • Maiatzaren 17ko 8.00etatik maiatzaren 20ko 6.00etara, kale hauek oinezkoentzat izango dira, ohikoez gain: Errege atea, San Frantzisko kalea, San Frantzisko aldapa, San Bizente aldapa, Goiuriko plaza, Kanpokale Berria, Aska kalea, Prado kalea, Andre Maria Zuriaren plaza, Mateo Moraza kalea, Olagibel kalea (Agirre Lehendakariaren kaletik Bake kaleraino), Independentzia kalea eta Alaba Jeneralaren kalea.
  • Maiatzaren 16ko (osteguna) 6.00etatik maiatzaren 19ko (igandea) 24.00etara, aparkatzea mugatuko da San Frantzisko aldapan, Olagibel kalean (Gernikako Estatutuaren kaletik Agirre Lehendakariaren kaleraino) eta Gernikako Estatutuaren kalean.
  • Aipatutako kaleetan dauden garajeetara sartu eta bertatik irtetea baimenduko da. 7.00etatik 9.30era sartu ahalko da aipatutako oinezkoentzako alderdietan zamalanetarako, maiatzaren 19an (igandea) izan ezik.
  • Oinezkoentzako aldeetatik pasatzen ari direnean, salbuespenez baimenduta daudelako, ibilgailu gidariek arretaz gidatu beharko dute, abiada motelean eta beti ere oinezkoen lehentasuna errespetatuz.

Hiriko beste alderdi batzuk:

Zenbait aparkaleku erreserbatu eta seinaleztatuko dira zehazten diren egun, ordutegi eta leku hauetan:

a) Aparkaleku erreserbatuak. Aparkatzen utziko da zehazten diren egun, ordutegi eta leku hauetan, eta behar bezala seinaleztatuko da hori:

  • Gaztelako atean, Ciudad de Vitoria hotelaren alboan, maiatzaren 13ko (astelehena) 6.00etatik maiatzaren 20ko 24.00etara.
  • El Boulevard merkataritza zentrorako sarbidean, Sercotel Boulevard hotelaren fatxada nagusian, maiatzaren 13ko (astelehena) 6.00etatik maiatzaren 20ko 24.00etara.
  • Tarragona kalean, Bartzelona kaletik kalearen amaierara arte, maiatzaren 15eko (asteazkena) 6.00etatik maiatzaren 20ko 24.00etara.
  • Uleta kalean, Jardines de Uleta hotelaren fatxadan, eta Maite Zuñiga kalean, Lasarteko atearen noranzkoan, hotelaren atzealdean, maiatzaren 15eko (asteazkena) 6.00etatik maiatzaren 20ko 24.00etara.
  • Amadeo Garcia de Salazar plazan, Mendizorrotzeko kiroldegitik gertueneko aparkalekuetan, eta Lasarteko atean, kiroldegiaren atzealdean, maiatzaren 14ko (asteartea) 10.00etatik maiatzaren 19ko (igandea) 24.00etara.
  • Autobus-geltoki zaharrean, Herrandarren kalean eta Jose Mardones kalean, maiatzaren 17ko (ostirala) 10.00etatik maiatzaren 19ko 24.00etara.
  • Manuel Iradier kalean, maiatzaren 17ko (ostirala) 10.00etatik maiatzaren 19ko 24.00etara.
  • Txile kaleko 3. eta 5.ean, maiatzaren 18ko (larunbata) 13.00etatik 24.00etara

B)Debekatu egingo da zirkulazioa Tarragona kalean, Bartzelona kaletik kalearen amaierara arte, maiatzaren 15eko (asteazkena) 6.00etatik maiatzaren 20ko (astelehena) 14.00etara.

  1. Garraio publikoa. Kirol lehiaketak eragindako alderdietatik ibilgailu partikularrez ez ibiltzea gomendatzen zaie gidariei, eta TUVISAk, Euskotrenek eta Finalaren antolakuntzak berak prestatutako garraiobideak erabiltzea. Fernando Buesa Arenan egiten diren partidetara ibilgailu pribatuz ez joatea komeni da.
    • Taxiak eta bizikletak. Taxi geltokiak egokituko dira Hezeguneen ibilbidean, Zurbanoko atearen ondoan, baita bizikletentzako aparkalekuak ere, Zurbanoko atean —Biosferaren ibilbidera iritsi aurretik— eta Biosferaren ibilbidean —Kutxabanken eraikinaren aurrean—.
  2. Dibertsitate funtzionala dutelarik mugikortasun murriztukoentzako txartel urdina duten pertsonek aparkalekuak izango dituzte pabilioiaren ondoan, A-4001 errepidetik gertuen dagoen sarreran, Kontzeju kalearen ondoan; nortasun agiria, aipatutako txartela eta partidarako sarrera aurkeztu beharko dituzte.

4.       Salmenta ibiltaria

Beharrezko den baimenik gabe jardunez gero kaleko salmentan, edo hartan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, Gasteizko udalerrian salmenta ibiltaria arautzeko Ordenantzaren 32. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutako zigorrak jarri ahalko dira, edo gurditxoak nahiz bestelako tresnak aldi baterako bahitu edo atzeman; isun hori jartzea erabakiz gero, harik eta ordaindu arte aplikatuko da bahitura.

Orobat, tresnak garraiatu eta gordetzean sortutako gastuak (30 euro) titularraren kontura izango dira, eta aldez aurretik ordaindu beharko ditu, bahitutakoak berreskuratzekotan.

Salmenta Ibiltariari buruzko Udal Ordenantzaren 14. artikuluari jarraituz, debekatuta dago  laser erakusleak, megafonoak, jostailuzko pistolak, vuvuzelak, pirotekniako artikuluak eta beste edozein produktu saltzea, pertsonen osasun zein segurtasuna arriskuan jartzen badute; horiek bahitu egingo dira, Udal Ordenantzaren 39. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Halaber, kaleko edo aldi baterako saltokietan ezingo da ez piercing ez tatuajerik (azala zulatu ala ez) egiterik izango, ez eta ustez sendatzeko edo prebentzioko gaitasuna duten kosmetika produkturik saltzerik ere, baldin eta horien etiketak merkaturatzeko eskatzen den gutxieneko informazioa ematen ez badu.

Ingurumena kutsa dezaketen osagaiak dituzten salgaiak bahituz gero (pila elektrikoak, aerosolak eta abar) 30 euroko zorra sortuko da.

Guztiz debekatuta dago diktadura, terrorismoa eta jarrera-matxistak goraipatzen dituzten objektu edo produktuak eta, azken batean giza eskubideen kontrakoak direnak erakutsi, saldu eta iragartzea.

  1. Ostalaritza establezimenduak (tabernak, kafetegiak..).
  • Maiatzaren 17an eta 18an, Final Four dela eta, bi orduz atzeratuko da ostalaritza establezimenduak ixteko ordua, alkatearen 2019ko otsailaren 25eko dekretuarekin bat etorriz.
  • Maiatzaren 17ko (ostirala) 10:00etatik maiatzaren 20ko 6.00ak arte, debekatu egiten zaie Fan Zone gunetik (Erdi Aroko hirigunea eta Zabalgunea) hurbil dauden taberna, kafetegi eta establezimendu publiko guztiei kanpora atera daitezkeen beirazko botila, edalontzi edo ontzietan zein latetan zerbitzatzea edariak, eta plastikozko ontziak (erabilera bakarrekoak edo birziklagarriak) baliatu beharko dituzte.
  • Komunak zabalik eduki beharko dituzte, jendeak erabili ahal ditzan, baita behar adina bider garbitu eta txukundu ere.
  • Mahaitxoak jartzeko baimena duten establezimenduei gogorarazten zaie lekuen txukuntasuna beren ardura dela; mahaiek ez dute inola ere eragotziko antolatutako kultura ekitaldiak normal gauzatzea, eta ezingo dira kokatu pertsonen segurtasuna arriskuan egon daitekeen lekuetan.
  • Janariak, pintxoak eta bestelakoak prestatu eta gordetzeari dagokionez, kontu eta arreta handiz bete beharko dira Osasun Sailetatik aginduta dauden neurriak, toxikapenik gerta ez dadin.
  • Bai barran ateratzen diren janari-edarien prezio zerrendak, bai mahaietara ateratzen direnenak ageriko lekuan jarrita eduki beharko dira, jendaurrean. Orobat eduki beharko dira arauzko erreklamazio orriak.
  • Kalean jarritako saltokietan janari eta edariak saltzeko, udal baimena beharko da, eta bete beharreko arau tekniko-sanitarioak bete. Baldintza horiek betetzen ez badira, administrazioak esku hartuko du, eta salgaiak bahitu ahal izango ditu.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 azaroa 2018 13:11

Milioi bat euro bideratuko ditu Udalak Euroligaren Final Four txapelketara, gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak hala onetsirik. Maiatzean izango da txapelketa, Buesa Arenan. Europako saskibaloi-ikuskizunik handiena da, eta, Udalaren laguntzaz gain, Arabako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena ere jasoko du. Txapelketa horrek Euskadin 50 milioi euroko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusten da.

Udalerriaren sustapena, kultur eta kirol proiektuak bultzatzea eta Gasteiz kirolaren hiria izatearen aldeko apustua funtsezko alderdiak dira 2025 Estrategian, harro egoteko moduko hiriaren arloan. Maiatzeko saskibaloi-partidez gain, jarduera paraleloak ere antolatuko ditu Euroligak, zeinek Gasteiz, Araba eta Euskadi saskibaloiaren festa bihurtzeko balio izango baitute. “Erronka bat da Final Four txapelketa, baita aukera handi bat ere, gure hiriak, Basket Capital bihurturik, lehen mailako hiri gisa izan dezan aurkezterik bere burua munduari; munta horretako kirol ekitaldiak hartzeko leku perfektutzat, eta kirolarekin lotutako turismo-helmuga berdetzat”, azaldu du alkateak.

Atzo bertan aurkeztu ziren hiru erakundeek landutako promozio-bideoak, zein Europako hamabost herrialdetako 39 pabilioitan emango baitira, eta 365.000 lagunetik gorako audientzia izango baitute. Dagoeneko zabaltzen hasiak dira, eta aukera emango dute “Gasteiz nazioarte-mailan posizionatzeko eta hiriaren eta inguruaren turismo-erakargarriak erakusteko. Aldi berean, ditugun indargune ekonomikoak eta logistikoak ere nabarmentzen dituzte bideoek”.

Final Four txapelketaz gainera, hurrengo Erreginaren Koparen egoitza izango da Gasteiz, Espainiako Saskibaloi Federazioak berretsi zuenez. Otsailaren 28an eta martxoaren 1ean, 2an eta 3an izango da.

 

Share