Prentsa Oharren banner

Gasteizek eta Arabak rap erritmoan sustatu dute beren burua Fiturren

‘Invert’ euskal raperoak Euskadik Fiturren duen standean aritu da, uztailaren 10ean Gasteizko Iradier Arenan egongo den freestyle duelua aurkezteko.

Endika Gutiérrez ‘Invert’ abeslariak Arabako eta bere hiriburuko kultura- eta natura- ondareak sustatu ditu rap erritmoan, eta Fiturreko Euskadiko standera bertaratu direnen txaloak jaso ditu. Turismoaren Nazioarteko Azoka maiatzaren 23ra arte egiten da Madrilen.

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok USN World Summer Cup ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du. “Gazteei zuzendutako ekitaldia da; berez zaila da publiko horrengana heltzea, eta erakundeetatik haien aldeko apustu sendoa egiten dugu“.

Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru-diputatuak ere ikuspegi hori partekatu du. “Garrantzitsua da gazteentzako kultura ekitaldiak berreskuratzea, biziki behar dutelako”.

‘Invert’ raperoa izango da Gasteizen errimak egiten bere maisutasuna erakutsiko duen freestylerretako bat. Ekitaldian parte hartuko duten gainerako artistak maiatzaren amaieran emango dira ezagutzera.

Sarrerak maiatzaren 26an jarriko dira salgai, 12:00etan.

Informazio gehiago https://usnfreestyle.com/

 

 

 

Share

Mamen Mendizábalek eta Alberto Chicotek sustatuko dute Gasteizko eta Arabako natura eta gastronomia Fiturren

“Más Vale Tarde” saioko aurkezlea eta chefa izango dira hiriburuaren eta lurraldearen enbaxadore berriak.
Maiatzaren 20an jakinarazi da nor izango diren Gasteizen eta Arabaren 2021eko enbaxadore turistiko berriak Fiturren: Mamen Mendizábal eta Alberto Chicote. Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak aurkeztu dituzte, Euskadiren standean egindako ekitaldi batean. Kazetaria eta chefa “ilusioz beterik” agertu dira lurraldearen eta haren hiriburuaren natura- eta ondare-baliabideak eta gutizia gastronomikoak Espainian ordezkatzeko eta ezagutarazteko aukerarekin.
Badira urteak bi enbaxadoreek Gasteiz eta Araba ezagutzen dituztela, eta haien baliabide turistikoen miresle dira. Mamen Mendizábal kazetaria FesTValera etorri zen 2014an, “Las caras de la noticia” dokumentalen estreinaldia zela eta, eta amaitzeko galan parte hartu zuen. Mendizabal gaurkotasunarekin oso loturik egon da beti, eta mendiaren eta aire zabaleko kirolen zalea da oso. Aurkezleak azpimarratu duenez, “ingurumenaren aldeko bere apustuagatik eta naturarekiko bere errespetuagatik nabarmentzen da Gasteiz”.
Alberto Chicote chef eta aurkezleak, berriz, harreman berezia du Arabako hiriburuko Telebista Jaialdiarekin, eta zenbait alditan hartu du parte horretan. Gogorarazi du Gasteizen aurkeztu zuela lehenengoz gero ospea ekarriko zion saioa: “Pesadilla en la Cocina”. Halaber, aitortu du “sukaldari lagunak dituela hirian” eta Gasteizko pintxo-ibilbideak gomendatu ohi dituela.
Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru-diputatu Cristina Gonzálezek FesTVal jaialdiak Gasteiz eta Araba sustatzeko eta ezagutarazteko egiten duen lan “garrantzitsua” nabarmendu dute, lehiaketako zuzendari Joseba Fiestrasek gidatutako ekitaldi batean.
Cantok azpimarratu duenez, “kazetaritzaren eta gastronomiaren bi erreferente aukeratu ditugu: biek gure baliabide turistikoak maite dituzte, eta zabalkunde-lan bikaina egingo dute hemendik aurrera. Gasteizera itzultzera gonbidatzen ditugu, gure kultura-ekitaldiak goza ditzaten, FesTVal barne, zeinak telebistaren hiriburu bihurtzen baitu urtero gure hiria”.
Gonzalezek azpimarratu duenez, “gure lana beti da Arabaren eta bere hiriburuaren alderdi xarmangarriei zabalkundea ematea, hala nola Gatz Haranari, harresiak dituzten hiribilduei eta gastronomiari, eta jendeari horiek ezagutaraztea. Eta, zalantzarik gabe, errazago bihurtzen da helburu hori Alberto Chicote edo Mamen Mendizábal bezalako aurpegi ezagun eta ospetsuei esker”.
Enbaxadore turistikoak aurkezteko ekitaldiak aukera ematen du iritziak trukatzeko eta lurraldea eta haren hiriburua sustatzen laguntzen duten sinergiak bultzatzeko. “El Intermedio” saioko aurkezleetakoa den Sandra Sabatésen eta Jesús Álvarez kirol-kazetariaren lekukoa hartu dute Mendizábalek eta Chicotek.
Share

Gasteizek gravel bizikletentzako turismo helmuga “perfektu” gisa duen ahalmena erakutsi du Fiturren

Udalak pista eta errepideetatik doazen zortzi ibilbide aurkeztu ditu, gorantz doan modelo horretarako egokiak; gravel bizikleta errepideko bizikleta baten eta mendiko baten arteko hibridoa da.

 

Gasteizek bere eskaintza aurkeztu du gaur Nazioarteko Turismo Azokan (Fitur), aire zabaleko jarduerak egiteko duen ahalmenagatik nabarmentzen den helmuga “seguru eta jasangarria” izan nahian. “Gure hiria eta lurralde osoa leku bikainak dira turismoa egiteko eta naturaz gozatzeko”, adierazi du Udaleko Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren Saileko zuzendari Araceli de la Horrak Euskadiko standean egin den aurkezpenean, IFEMA biltzar zentroan. Topaketan Paco Nadal natura bidaietan espezializatutako kazetariak eta Gustavo Alegría eta Frederic Alzola aire zabaleko proiektuen koordinatzaileek hartu dute parte. Aurkeztutako hiru produktu eta gidek jasangarritasuna eta digitalizazioa uztartzen dituzte turismoaren sektorea bultzatzeko elementu gisa, QR kodeekin eta hainbat formatutarako eskuragarri dagoen informazioarekin, adibidez, mugikorretarako edo erloju adimendunetarako.

Eguneko berritasun nagusia gidaliburu baten aurkezpena izan da. Gidak Gasteizko udalerritik doazen zortzi ibilbide biltzen ditu gravel bizikletentzako, gorantz doan segmentua eta errepideko bizikleta baten eta mendiko baten arteko hibridoa izateagatik nabarmentzen dena. Bizikleta-modelo hori hazten ari da mundu mailan, eta horretaz baliatuta, Vitoria-Gasteiz Gravel Land proiektuak bide, pista eta trafiko gutxiko errepideetatik doazen ibilbideak proposatzen ditu. “Gasteizek eta Arabak gravelean aritzeko osagai guztiak dituzte, dela haien ezaugarriengatik, dela dagoeneko dauden azpiegiturengatik, hala nola, Vasco-Navarro trenbidearen Bide Berdea, urtegia inguratzen duena edo Eraztun Berdea”, adierazi du Alegríak. Ibilbideak 35 eta 135 km artekoak dira, QR kodeak dituzte eta aplikazio bati lotuta daude, gailu mugikorrekin egin ahal izateko.

Aldi berean, Udalak aire zabaleko turismoko beste bi produktu aurkeztu ditu Fiturren. Alde batetik, Walking&Running proiektua, Arabako hiriburutik eta probintzia osotik paseatzeko edo korrika egiteko ibilbide bilduma bat. Bide guztiak paisaia aldetik balio handikoak diren lekuetatik igarotzen dira; 15 ibilbide Gasteizen zehar, eta beste 6 Araban. Ibilbideak www.walkingandrunning.es webgunean daude. Web orriaren egileak, Frederic Alzolak, Aire Zabaleko Baliabideen Gida Profesionala ere aurkeztu du, hirian eta inguruetan egiteko kirol eta aisialdi jarduerekin. Dokumentuak era guztietako jarduerak biltzen ditu, hala nola, nordic walking, parapentea, globo-bidaiak, zaldi-turismoa, bai eta horiek antolatzen dituzten enpresen kontaktua ere.

‘Vitoria-Gasteiz gravel land’ liburuxka

Aire Zabaleko Baliabideen Gidaliburu profesionala

 

Share