Prentsa Oharren banner

Maiatzaren 24an (igandea) amaituko da epea Udalaren Folklore Akademian ikasle berriek aurretik izena eman dezaten

Lehenengoz, internetez egin daiteke izapidea

 

Maiatzaren 24an (igandea) amaituko da epea 2020-2021 ikasturtean Udalaren Folklore Akademian ikasi nahi duten ikasle berriek aurretik izena eman dezaten.

COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailak modernizatu egin du izena emateko prozedura, eta lehenengo aldiz internetez egin ahal da, www.vitoria-gasteiz.org webgunean Folklore Akademiari eskainitako espazioan.

Nahi dutenek aurrez aurre egin ahalko dute aurrematrikula, orain arte bezala. Musika Etxeko idazkaritza (San Antonio kalea, 14) irekita egongo da astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era (ostiral arratsaldeetan izan ezik).

Ikasle berriek tresna hauek jotzen ikasi ahalko dute: alboka, gaita, txalaparta, txistua, txirula, trikitixa eta panderoa. Gainera, ikastegian beste ikasgai hauek ematen dira: musika-hastapenak, musikaren lengoaia, euskal dantzak, abesbatza eta perkusioa.

Hauek dira matrikulatu ahal izateko gutxieneko adinak: euskal dantzak ikasteko, 2014ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoa izatea; musika hastapenetarako, 2013an jaiotakoa, eta abesbatzarako, 18 urtetik gorakoa izatea. Gainerako ikasgaietan, 2012ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek eman ahalko dute izena.

Dagoeneko eskolako ikasle direnen matrikula automatikoki berrituko da, zentroak ezarritako aplikazio baten bidez.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org / gufa@vitoria-gasteiz.org / Telefonoa: 945 16 26 02

 

Share

Udalaren Folklore Akademiak aurretik izena emateko epea irekiko du ikasle berrientzat, maiatzaren 11n

. Vitoria-Gasteiz, fotografia Rafa Gutierrez

 

Matrikulatu nahi dutenek internetez egin ahalko dute lehen aldiz

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalaren Hezkuntza eta Kultura Sailak maiatzaren 11n (astelehena) irekiko du epea 2020-2021 ikasturtean Udalaren Folklore Akademian ikasi nahi duten ikasle berriek aurretik izena eman dezaten. Osasun krisia dela eta, epea astebete atzeratu behar izan da; horrenbestez, interesdunek bi aste izango dituzte matrikulatzeko. Maiatzaren 24an amaituko da epea.

Lehenengo aldiz, matrikula internetez egin ahalko da, www.vitoria-gasteiz.org webgunean Folklore Akademiari eskainitako espazioan; aurrez aurre ere egin ahalko da, ohi bezala, Musika Etxeko idazkaritzan (San Antonio kalea, 14), astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era (ostiral arratsaldeetan izan ezik).

“Osasun krisia dela eta, internetez matrikulatzeko sistema berria sortu dugu, herritarren joan-etorriak ahalik eta gehien eragoztearren. Gure herriko musika tradizionala ezagutzeko interes berezia duten pertsonak erakargarrien gertatzen zaizkien ikasgaietan izena ematera animatzen ditugu“, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Ikasle berriek tresna hauek jotzen ikasi ahalko dute: alboka, gaita, txalaparta, txistua, txirula, trikitixa eta panderoa. Gainera, ikastegian beste ikasgai hauek ematen dira: musika-hastapenak, musikaren lengoaia, euskal dantzak, abesbatza eta perkusioa.

Hauek dira matrikulatu ahal izateko gutxieneko adinak: euskal dantzak ikasteko, 2014ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoa izatea; musika hastapenetarako, 2013an jaiotakoa, eta abesbatzarako, 18 urtetik gorakoa izatea. Gainerako ikasgaietan, 2012ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek eman ahalko dute izena.

Dagoeneko eskolako ikasle direnen matrikula automatikoki berrituko da, zentroak ezarritako aplikazio baten bidez.

Jardunean

Udal Folklore Akademia erreferentea da dantza eta musika tresna tradizionalei dagokienez. Ez da soilik hezkuntzara mugatzen; horrez gain, musika taldeak osatzen ditu, eta Gasteizen euskal doinu eta dantzak ezagutzera eman dituzten jarduerak antolatzen ditu.

Koronabirusa dela eta aurrez aurreko eskolak bertan behera utzi behar izan ondoren, Musika Etxeko akademiak prestakuntza-programa zabala eskaini du online, itxialdian zehar ikasleen eskaerari erantzuteko.

Batetik, irakasleek banakako lana proposatzen dute tresnak lantzeko (alboka, gaita, panderoa, perkusioa, trikitixa, txalaparta, txirula eta txistua); bestetik, taldekakoa musikaren lengoaia, musika hastapenak, abesbatza eta dantza lantzeko.

Gainera, musikaren lengoaiari dagokionez, Akademiak kontu bat aktibatu du Aulavirtualmusica plataforman (https://aulavirtualmusica.com/inicio/es), ikasleei kalitateko materialak eskaintzearren.

Era berean, Youtubeko bideoekiko estekak proposatu dizkiete ikasleei, ikasgaiak era intuitibo eta sortzaileagoan lantzerik izan dezaten. Esaterako, Musikarma bloga (http://mousikarma.blogspot.com), etxeko txikiek musika oso era dibertigarrian ikasteko bide ematen duena.

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org / gufa@vitoria-gasteiz.org / Telefonoa: 945 16 26 02

 

 

 

Share

Ia 770 matrikulazio Udal Folklore Akademian

Oraindik bada lekurik zenbait espezialitatetan

Asteon hasi dira Folklore Akademiako 2019-2020ko ikasturteko (30.a) klaseak, eta 768 ikasle matrikulatu dira.

Musika-tresnei dagokienez —txistua, trikitia, alboka, txalaparta, txirula, gaita, perkusioa eta panderoa—,  eskaintzaren ia % 100a bete da. Txistu espezialitatean lekua dago ostiraletan, 15:00etan, eta gaitan, asteazkenetan, 16:45ean.

Euskal dantzei dagokienez, lekuak geratzen dira ordutegi eta talde hauetan:

  • Helduen taldeak:
    • astelehen eta asteazkenetan, 16:15etik 17:15era
    • astelehen eta asteazkenetan, 19:30etik 20:30era
  • Adin txikikoen taldeak:
    • astelehen eta asteazkenetan, 17:15etik 18:15era
    • astearte eta ostegunetan, 17:15etik 18:15era

Izena emateko edo argibideak eskuratzeko:
Udal Folklore Akademia
San Antonio kalea, 14 – Musika Etxea
01005 Vitoria-Gasteiz
Tel. 945 162602
email: gufa@vitoria-gasteiz.org

Idazkaritzako ordutegia:
astelehenetik ostegunera: 09:30-13:30 / 17:00-19:30

ostiraletan: 09:30-13:30

 

Share

Folklore Akademiak “Txistuka Berria” lana argitaratu du, asmo didaktikoarekin

Irakaskuntzarako aldizkari eta CD batek osatzen dute lana, zeinek 2008an egindako lan batean jasotako melodia tradizionalen moldaketak eta berrikuntzak biltzen baitituzte

 

Udal Folklore Akademiak —Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailarem mende dago— “Txistuka Berria” aldizkaria aurkeztu du gaur, zeina 2008an argitaratu eta 10 urtez irakasteko baliatu den “Txistuka” lanaren jarraipena baita; oraingoan, beste melodia batzuk, berrikuntzak eta moldaketa ugari sartu dira, baita musika akonpainamenduko CD bat ere.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok; Udal Folklore Akademiako zuzendari Roberto Álvarezek; akademiako moldatzaile Jimmy Vidaurretak, eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteko kide Gorka Hermosillak aurkeztu dute prentsaurrekoan.

Izan ere, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen “Txistulari” aldizkariaren laguntzarekin egin da argitalpen berria. Txistu eta akonpainamendurako (pianoa, baxua eta bateria) kantu berriak dakartza, Jimmy Vidaurretak eta Roberto Álvarezek grabatutako CD batez lagunduta.

Dagoeneko eskuragarri daude aldizkaria zein diskoa. “Txistulari” aldizkariaren harpidedunei banatuko zaie, eta Akademiak zenbait ale gordeko ditu, ikasleei saltzeko asmoz.

Share

Udal Folklore Akademiak 2018-2019 ikasturterako izena emateko epea ireki du, maiatzaren 20ra arte

 

 Maiatzaren 20ra arte —egun hori barne— egongo da zabalik Udalaren Folklore Akademian 2018-2019 ikasturterako izena aurretiaz emateko epea. Aurten berrikuntza ugari egin da, besteak beste: Musika Hasiera ikasgaia 7 urterekin egin ahalko da; 8 eta 17 urte bitartekoek Eskolanian parte hartu ahalko dute, dantza goizez ere ikasi ahalko da, eta Musikaren Lengoaia egiteko aukera emango zaie akademiatik kanpo beste musika-tresnaren bat edo kantua ikasten ari direnei.

 Hauek dira onartuak izateko adinak: dantza ikasteko, 2012ko abenduaren 31ra arte jaiotakoak; Musika Hasiera ikasteko, 2011. urtean jaiotakoak; gainontzeko ikasgaietarako, 2010ko abenduaren 31ra arte jaiotakoak; Eskolanian parte hartzeko, 2001eko urtarrilaren 1etik 2010ko abenduaren 31ra arte jaiotakoak; eta Kantu Tradizionaleko taldean sartzeko, 18 urtetik gorako pertsonak.

Ikasgaiak: Alboka, Gaita, Perkusioa, Txalaparta, Txistua, Txirula, Trikitixa, Panderoa, Musika Hasiera, Musikaren Lengoaia, Dantza, Eskolania eta Kantu Tradizionala.

Izena ematea:

  • Musika Etxea – Folklore Akademiako idazkaritzan (San Antonio kalea, 14), 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era, astelehenetik ostiralera (ostiral arratsaldetan izan ezik).
  • Udalaren web orrian (vitoria-gasteiz.org), bertan dagoen inprimakia helbide honetara bidaliz: gufa@vitoria-gasteiz.org. Hala eginez gero, interesdunari frogagiria eta eskabide-zenbakia bide beretik bidaliko zaizkio, izen ematea egiaztatzeko.

Informazio gehiago: 945 162602

 

Share

Folklore Akademiak “Dantza Plazan” programa aurkeztu du, zeinak bihartik aurrera 15 saio egingo baititu

 

Gainera, gogorarazten du dagoeneko eman daitekeela izena 2018-2019 ikasturterako, maiatzaren 20ra arte

Dantza plazan 2018

Udal Folklore Akademiak Dantza Plazan programaren berri eman du gaur, zeinaren bidez aldez aurretik landutakoa hiriko zenbait plazatan erakusten baitu Akademiak.  Bihar hasiko da, Espainia plazan, 20:00etan, eta irailaren 7ra arte iraungo du; orotara 15 saio izango dira.

“Folklore tradizionalaren azaroetako bat praktikatu ahal izatea da, hain zuzen. Folklorearen bizipena berreskuratzeko eredu bat proposatu behar da; gure kasuan Dantza Plazan izeneko jardueraren bitartez gauzatzen da hori, non ikasleek eskoletan ikasitakoa praktikatu baitezakete“, adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok.

Dantza Plazan jardueraren xedea dantzaren eta musikaren zentzu ludikoa berreskuratzea da, zeina naturaltasunez ulertu behar baita, ez jantzi eta ez koreografia bereziren beharrik gabe, hartara herriaren adierazpen folklorikoen jatorrizko espiritua berreskuratzeko.

Herritarrei irekitako ikuskizuna da, euskal dantza tradizionalen ikusle eta, aldi berean, partaide izateko aukera eskaini nahi baitzaie herritarrei. Nagusiki pedagogikoa da Dantza Plazan jarduera, Akademiako dantzako irakasleek aktiboki hartzen baitute parte, koreografien pausuak azalduz.

Kalean egiteko jarduera denez gero, udaberri-uda denboraldian programatzen da. Espainia plazan egingo da dantzaldia, hiru salbuespenekin: ekainaren 22an, Sefarad plazan izango da, Judimendiko jaiak direla eta; Andre Maria Zuriaren jaietan, Aihotz plazan, eta irailaren 7an, Atariaren ondoan, Salburuko hezeguneak interpretatzeko zentroarekiko lankidetzan.

2017-2018 ikasturterako izen ematea

Bestetik, maiatzaren 1etik 20ra bitartean egongo da zabalik Udalaren Folklore Akademian 2018-2019 ikasturterako izena aurretiaz emateko epea. Hauek dira onartuak izateko adinak: Dantza ikasteko, 2012ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak; Musika Hastapenetarako, 2011n jaiotakoak, eta gainerako ikasgaietarako, 2010eko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak. Eskolanian parte hartzeko, berriz, 2001eko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak, eta Kantu Tradizionalean, 18 urtetik gorakoak.

Folklore Akademiako idazkaritzan eman daiteke izena (Musika Etxea, San Antonio kalea, 14), 10.30etik 13.30era eta 17.00etatik 19.30era, astelehenetik ostiralera (ostiral arratsaldetan izan ezik), edowww.vitoria-gasteiz.org web-orrian.

Share

Gasteiz Big Bandek eta Udal Txistulari Bandak “Zeledon” kalejiraren bertsio berria jo dute

Gasteiz Big Bandek, Udal Txistulari Bandaren laguntzarekin, Mariano San Miguel musikariaren “Zeledon” kalejira ezagunaren bertsio berria aurkeztu du gaur arratsaldean.

Uraren Lorategian interpretatu da pieza berria; ez da jatorrizkoaren ordezkoa, moldaketa baizik, jai kutsu alaia galdu gabe modernoagoa gerta dadin.

“Gaur bai esan dezakegula Zeledonen etxe berria egin duela. Eta ziur denon gustukoa dela, betiko Zeledon delako, eta Gasteiz Big Banden eta Udal Folklore Akademiaren lanak Mariano San Miguelen kantua are gehiago nabarmentzeko balioko duelako” , azaldu du Estíbaliz Canto zinegotziak.

Zeledonen abestia

Share

Udal Banda, Musika Eskola eta Folklore Akademia batu egingo dira Musikaren Nazioarteko Eguna ospatzeko

 

 

 

 

 

 

130 musikari baino gehiago ibiliko dira bihar, ekainaren 21ean, hainbat jarduera egiten hiriburuan zehar.

Bihar, ekainaren 21ean ospatuko da Musikaren Nazioarteko Eguna, eta hori dela eta, musikari bakarrik emanak dauden udalaren hiru erakundeek, Udal Folklore Akademiak, Luis Aranburu Udal Musika Eskolak eta Udal Musika Bandak batera egin dute lana, Estibaliz Cantok zuzentzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak koordinatuta, lehen aldiz hirian zehar hainbat musika-jarduera erakutsi ahal izateko.

Hala aurkeztu dute gaurko prentsaurrekoan Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol Saileko zinegotziak; Iker Olazabal, Udal Musika Bandaren zuzendariondokoak; Roberto Alvarez, Udal Folklore Akademiaren zuzendariak; eta Paco Galve, Luis Aranburu Udal Musika Eskolako zuzendariak.

Cantoren esanetan “Musikaren egunean musikaren asmoa adierazpen herrikoi gisa defendatzen da, eta mundu osoari irekita, generoen eta praktiken hierarkiarik gabe, musika mota guztiari irekita egon behar duela ere defendatzen da. Munduko elkarte guztietarako zein onuragarria den musikaren artea aitortzeko ospatzen dugu eguna, eta zehazki gure hirirako duen onura. Musika indartzearen aldeko apustu handia egiten ari gara, eta egun hau aurreko urteetan ez bezala ospatu nahi izan dugu”.

Musikaren egunak Kalejirak izango ditu, ganbera-taldeak eta comboak, eta amaierako kontzertua. Arratsaldean musika 18:30ean hasiko da Udal Musika Eskolako ganbera-talde eta comboekin, hiriaren erdialdeko hainbat txokotan egongo baitira, eta horiekin batera izango dira Folklore Akademiako kalejira bat eta hango “marching band” ere bai. Jarduera-egunari Andre Maria Zuriaren plazan emango zaio amaiera, eta orduan izango da “Swingetik popera” izeneko Udal Bandaren kontzertua eguna amaitzeko.

Honekin batera doa argibideak jasotzen dituen liburuxka: 20170620 folleto Día de la Música

 

 

Share

Folklore Akademiak “Dantza Plazan” programa aurkeztu du, zeinak bihartik aurrera 10 saio egingo baititu

Dagoeneko eman daiteke izena 2017-2018 ikasturterako, maiatzaren 22ra arte

Udal Folklore Akademiak “Dantza Plazan” programa aurkeztu du gaur, zeinaren bidez aldez aurretik landutakoa hiriko zenbait plazatan erakusten baitu Akademiak.  Bihar hasiko da, Espainia plazan, eta irailaren 8ra arte iraungo du; orotara 10 saio izango dira.

“Folklore tradizionalaren azaroetako bat praktikatu ahal izatea da, hain zuzen. Folklorearen bizipena berreskuratzeko eredu bat proposatu behar da; gure kasuan Dantza Plazan izeneko jardueraren bitartez gauzatzen da hori, non ikasleek eskoletan ikasitakoa praktikatu baitezakete“, adierazi du Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok.

Dantza Plazan jardueraren xedea dantzaren eta musikaren zentzu ludikoa berreskuratzea da, zeina naturaltasunez ulertu behar baita, ez jantzi eta ez koreografia bereziren beharrik gabe, hartara herriaren adierazpen folklorikoen jatorrizko espiritua berreskuratzeko.

Herritarrei irekitako ikuskizuna da, euskal dantza tradizionalen ikusle eta, aldi berean, partaide izateko aukera eskaini nahi baitzaie herritarrei. Nagusiki pedagogikoa da Dantza Plazan jarduera, Akademiako dantzako irakasleek aktiboki hartzen baitute parte, koreografien pausuak azalduz.

Kalean egiteko jarduera denez gero, udaberri-uda denboraldian programatzen da. Ohi bezala, Espainia plazan egingo dira saioak, irailaren 8koa izan ezik: Salburuko hezeguneak interpretatzeko zentroarekiko lankidetzan, Atariaren ondoan egingo da hori.

Berritasun gisa, ekainaren 23an “Dantza Plazan” saio berezia antolatu  da, “Bandtzaldia” izeneko ikuskizuna; Udal Musika Bandak, Aiko taldeak eta Folklore Akademiak dantza errepertorioa interpretatuko dute, erromeria bat irudikatuz, eta publikoak entzuteaz gain dantzan aritzeko aukera izango du.

2017-2018 ikasturterako izen ematea

Bestalde, maiatzaren 1etik 23ra bitartean egongo da zabalik Udalaren Folklore Akademian 2017-2018 ikasturterako izena emateko epea. Hauek dira onartuak izateko gutxieneko adinak: dantza ikasteko, 2011ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak, eta gainontzeko ikasgaietarako, 2010eko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak. Kantu tradizionaleko taldea, berriz, 18 urtetik gorakoentzat da.

Musika Etxean (San Antonio kalea, 14) eman daiteke izena, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era (ostiral arratsaldeetan izan ezik), edo internetez, www.vitoria-gasteiz.org orrian agertzen den inprimakia behar bezala beteta gufa@vitoria-gasteiz.org helbidera bidaliz.

Díptico Dantza plazan

Share

Udalaren Folklore Akademia. 2016-2017 ikasturterako izena-ematea

Folklore Akademiak jakinarazi duenez, ikasle berriek maiatzaren 23ra arte izango dute 2016-2017 ikasturterako aurretiko izena-emateko epea zabalik. Hauek dira onartuak izateko gutxieneko adinak: Dantza ikasteko, 2010eko abenduaren 31 baino lehen jaiotakoak; Gainontzeko ikasgaietarako, 2009ko abenduaren 31 baino lehen jaiotakoak.

Ikasgaiak: alboka, txalaparta, txirula,  txistua, trikitixa, gaita, perkusioa, panderoa, musika lengoaia, dantza eta abesbatza tradizionaleko taldea (18 urtetik gorakoak).

Izena-ematea honako lekuetan egin ahalko da: Musika Etxean (San Antonio kalea, 14). Ordutegia: 9:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00era (ostiral arratsaldetan izan ezik) edo Udalaren web orrian (www.vitoria-gasteiz.org)  dagoen inprimakia helbide honetara bidaliz: gufa@vitoria-gasteiz.org.  Hala eginez gero, gordekina eta eskabide zenbakia igorriko zaizkio interesdunari bide beretik izena-ematea berresteko. Informazio gehiago: 945 162602.

 

Share