Prentsa Oharren banner

‘Fokuan. Aterpea Mediterraneoan’ jardunaldiak izango dira Gasteizen, urriaren 26tik 28ra bitartean

 

  • Hitzaldi ziklo bat eta argazki-erakusketa bat, gatazken eta Europaren migrazio-politiken inguruan gogoeta egiteko
  • Europa biltzar-jauregian izango dira hitzaldiak; erakusketa, berriz, Andre Maria Zuriaren plazan, azaroaren 8ra arte

 

Jardunaldi monografikoak antolatuko ditu Jon Armentia zinegotzia buru duen Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Saileko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak datorren asterako, ‘Fokuan. Aterpea Mediterraneoan’ izenburuarekin, Mediterraneoaren eremuko migrazioen gaia hainbat alde eta ikuspegitatik jorratzeko asmoz.

Erakusketa bat instalatuko da gaur arratsaldean Andre Maria Zuriaren plazan —azaroaren 8ra arte ikusi ahal izango da—, eta, horrez gain, proiekzio bat eta hiru hitzaldi izango dira Europa biltzar-jauregian, urriaren 26tik 28ra bitartean. Europaren migrazio- eta humanitate-politiken inguruan eztabaidatu eta gogoeta egiteko foroa izan nahi du zikloak, eta politika horien ondorioak jasaten dituztenei aurpegia jartzeko baliatu nahi da.

“Garapen-bidean dauden herrialdeetan garapenerako gobernuz kanpoko erakunde lokalen proiektuetan lagundu eta horiek finantzatzetik harago, Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren zereginetako bat horixe da: gasteiztarrek elkartasuna erakuts dezaten lan egitea, giza eskubideekin sentsibilizatuta egon daitezen. Gatazka armatuetatik nahiz ingurumen- edo giza-hondamendietatik ihesi Europara etortzen eta bertan bizi eta babeslekua bilatzen ahalegintzen direnek merezi dute hemen ere aurpegi bat jar diezaiegun, eta jasaten ari diren egoeraren inguruan gogoeta egin dezagun, konponbide bila”, nabarmendu du Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak, prentsaurrekoan.

Lehenengo hitzaldia urriaren 26an izango da, 19:30ean, eta Carole Alfarah prentsa-argazkilaria —‘Gerraren gerizpean’ erakusketaren egilea— izango da hizlari. Siriako gerraren ondorioak erakutsiko ditu Alfarahek Europa biltzar-jauregian, esperientzia pertsonalean oinarrituta, berak egindako erreportajeak baliatuz. Bereziki, Sirian jarraitzen dutenen —errefuxiatu-esparruetan bizi diren horien— egoera lazgarria, eta Europako gizarteetan integratzeko ahaleginean dihardutenena.

Hurrengo egunean, urriaren 27an, ordu berean, Jesús Núñez Villaverde ekonomista eta militar erretiratua izango da hizlari —Instituto de Estudios sobre Conflictos y Acción Humanitaria (IECAH) erakundeko zuzendaritza-kidea—, zeinek Europar Batasunaren Mediterraneoko migrazio-politika eta tragedia humanitario horren azken orduko gorabeherak aztertuko baititu.

Azkenik, urriaren 28an, Nicolás Castellanoren hitzaldia izango da —Ser irratiko kazetaria, migrazioei, lankidetzari eta garapenari buruzko edukietan espezializatua—. Hartzen dituzten herrialdeetan migratzaile eta errefuxiatuek bizi dituzten diskriminazio-egoerak izango ditu hizpide, eta hedabideek fenomeno horren inguruko iritzi publikoa eratzeko orduan duten zeregin erabakigarria. Zikloko hirugarren eta azken hitzaldi hori 20:00etan hasiko da. Aldez aurretik, 18:00etan, Europa Biltzar Jauregian bertan, Fernando Santiagoren El Naufragio. 30 años de memoria sumergida (2018) dokumentalaren proiekzioa izango da.

ERREFUXIATU liburuxka EUS 20

Share