Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 urria 2018 13:17

Sindikatuekin eta talde politiko guztiekin adostutako neurriak ez du gastua handituko, dagoeneko lanean ari diren pertsonak baitira

 Udalak udal plantillan sartu ditu programako 374  bitarteko langileren lanpostuak

 Udalean erabateko adostasuna lortu da udal plantillaren behin-behinekotasuna murrizteko. Gaur goizean egindako batzordean, udal talde politiko guztiek onartu dute orain programako bitarteko langileek betetzen dituzten 374 plaza lanpostuen zerrendan sartzea eta plantillako bitarteko langile bihurtzea.

Funtzio Publikoaren Sailak proposatutako eta sindikatuekin adostutako neurriak udal administrazioan aspalditik konpondu gabe zegoen egoerari erantzun nahi dio. Izan ere, aldi baterako programen lanpostu ugari daude udal antolakuntzan, funtzionarioek erantzutetik ez zuten premiazko beharrei erantzuteko sortuak hasieran. Estatuan ezarritako aurrekontu-mugak zirela eta plantilla handitzea ezinezkoa zenez, luzatu egin da programako lanpostu horien iraunaldia.

Funtzio Publikoaren zinegotzi Jaione Aguirrek azaldu duenaren arabera, neurriak ez du gastua handituko, dagoeneko Udalean lanean ari diren pertsonak baitira denak. “Integrazio prozesuak udal lanpostu zerrenda erregularizatzea dakar, behar diren egiturazko lanpostu guztiak plantillan sartuta. Urrats garrantzitsua da antolakuntzarako, eta lehen eta bigarren mailako bitarteko langilerik izan ez dadin”, azpimarratu du Aguirrek.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 urria 2018 14:19

 

Zinegotziak informazio guztiaren berri eman die gaur talde politikoei, eta sindikatu bati emandako agiria ez datorrela bat benetako azterketarekin erakutsi

Funtzio Publikoaren zinegotzi Jaione Aguirre udal talde politikoekin bildu da gaur goizean, eta xehetasunak eman dizkie Mantentze Zerbitzuaren barruan deitutako barne-sustapenerako prozesuko proba batean ustez izan den filtrazioaz argitzeko ikerketaz; ESK sindikatuak plazaratu zuen hori, zeinak ez baitu ordezkaritzarik Udalean.

Gairekin lotutako informazioa eta dokumentazioa aztertu eta salaketa egin zuen sindikatuari entzun ondoren, Funtzio Publikoaren Saileko ikerketatik ondorioztatu da ez zela inolako filtraziorik izan. Notarioaren aurrean erregistratutako testua ez dator bat benetako azterketarekin; are gehiago, haren enuntziatuaren jarraibideak betetzeak azterketa suspenditzea ekarriko luke, baita elektrotekniaren oinarrizko araudiari kontra egitea ere.

Zinegotziak iragarri du diziplina-dosierra irekiko dela, eta hautaketa-prozesuak aurrera jarraituko duela.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 maiatza 2018 12:16

 

Agintaldi honetan 60 udaltzain lanpostu betetzeko deialdia egin da, 14 agentek kategoriaz igotzeko ikastaroa egin dute, eta 15 suhiltzaile eta 5 inspektoreorde lanpostu betetzeko LEPa abiatu da

 

Funtzio Publikoaren zinegotzi Jaione Aguirrek eta Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok 28 udaltzain lanpostu betetzeko lan-eskaintza publikoaren deialdia aurkeztu dute gaur goizean.

Tokiko Gobernu Batzarrak bihar onetsiko du deialdia; 28 lanpostu barne hartzen ditu: 11k 2. hizkuntza-eskakizuna dute, 11 derrigortasun-data iraungiarekin, eta 17k, 2. eskakizuna, derrigortasun datarik gabe.

LEP honetan hasieran aurreikusita zeudenak baino 5 lanpostu gehiago sartu dira, udal gobernuak eta PPren taldeak lortu zuten akordioari esker.

Udaltzaingorako langile berriak kontratatzeko prozesu hau Euskadi osorako deialdi bateratuko hautatze eta prestakuntza prozesuaren barruan sartzen den lehena da. Horrek esan nahi du Arkautiko Akademia arduratuko dela hautatze probez eta prestakuntza-faseez.

Funtzio Publikoaren zinegotzi Jaione Aguirrek nabarmendu du “agintaldi honetan gure hiriko Udaltzaingoa hobetzeko egin den ahalegin handia. Herritarrentzat oinarrizkoa den zerbitzua ez zen eguneratu eta indartu urteetan, eta orain  dagoeneko 2 eskaintza deitu ditugu, orotara 60 udaltzain lanpostu berri. Datorren astean aterako da kalera azken promozioa, 32 agente lanpostu betetzeko LEPearen emaitza. Gainera, Udaltzaingoa hornitzeko apustuari eutsiz, lehen agentearen kategoriara igotzeko ikastaroa deitu dugu 14 agenterentzat”.

Orobat, nabarmendu beharra dago une honetan 15 suhiltzaile eta 5 inspektoreorde lanpostu betetzeko LEPa egiten ari dela.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok, berriz, hau azpimarratu du:  “deialdi berriak Udaltzaingoaren egitura berrantolatzeko prozesuan aurrera egitea ahalbidetuko digu, zerbitzu hobea emateko xedez. Zerbitzua hobetzeko konpromisoak bete nahi ditugu, eta eraginkorragoak izan gure zereginetan, batez ere herritarrentzako arretarekin zuzenean lotutakoetan”.

Horren haritik, Zapaterok azaldu du datorren ekainaren 4an kalera irtengo diren 32 agenteei esker “Genero Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren Taldea indartu ahalko” dela, “orotara bederatzi agente izango baitira, duela hiru urte baino bost gehiago. Adingabeen Taldea ere sortuko dugu, beste bederatzi udaltzainek osatua, adingabeei arreta eta babesa emateko, eta dituzten arrisku bereziei aurre egiteko: droga, tabako eta alkohol kontsumoa; legez kanpoko substantzien trafikoa; mehatxuak; jazarpena; lapurretak; borrokak, etab. Azken batean, Gasteizek Euskadiko hiri seguruena eta Estatuko seguruenetako bat izaten jarrai dezan nahi dugu”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 apirila 2018 12:19

Orduko sarrera arruntaren batez bestekoan % 6,3koa da gizon eta emakumeen soldaten arteko aldea 

Funtzio Publikoaren zinegotzi Jaione Aguirrek aurkeztu du soldata-arrakalari buruzko azterlana, zeinean jasotako ordainsariak, lan egindako orduak eta lanpostuaren berezko ezaugarriak eta betetzen dituzten pertsonenak analizatu baitira

Funtzio Publikoaren eta Berdintasunaren zinegotzi Jaione Aguirrek Udalaren ordainsarietan generoen artean dagoen soldata-aldeari buruzko azterlana aurkeztu du gaur goizean, baita desberdintasunak gutxitzeko neurri multzo bat ere. Gasteizko Udalean enplegu publikoaren alorrean Genero Berdintasuna lortzeko I. Planean (2016an onetsia) jasotako konpromisoetako bat da diagnostiko hori.

Edozein antolakundetan, soldata-arrakalaren arrazoiak askotarikoak eta konplexuak dira, eta hori gutxitzeko eta progresiboki desagertzeko soziologia, kultura eta antolaketa aldaketak behar dira. Udal jardueraren barruan soldata-arrakala sortzen duten aldeak gutxitzeko aldaketak bultzatuko ditugu. Azterlana egiteak antolakundeko emakumeen soldatak ezagutzeko borondatea ez ezik soldata-arrakala hori genero-ikuspegitik aztertzeko konpromisoa ere erakusten du”, adierazi du Jaione Aguirrek.

Funtzio publikoaren eta berdintasunaren arloko adituek eta Udaleko Azterlan Ataleko langileek osatutako talde batek egin du azterlana. 2016an zehar Gasteizko Udalean lan egin duten 3.835 pertsonen lagin batean,  jasotako ordainsariak, lan egindako orduak eta lanpostuaren berezko ezaugarriak zein betetzen dituzten pertsonenak analizatu dira.

Oro har, enplegatu publikoen artean gehiago dira emakumeak gizonak baino. Hala ere, orduko sarrera arruntetan emakumeek gizonek baino % 6,3 gutxiago jasotzen dute.

% 6,3 hori % 20,2ra iristen da gizonen urteko sarrera arruntak gizonen kopuruarekin eta emakumeen urteko sarrera arruntak emakumeen kopuruarekin alderatzen baditugu.

Soldata-arrakalaren arrazoiak 

Udalak soldata-arrakalaren lau arrazoi nagusi identifikatu ditu. Batetik, lanaldi partzialeko kontratuetan emakumeen gehiegizko presentzia dago, eta lanaldi-murrizketaz —soldata murrizketa proportzionala dakarrena— baliatzen direnak ere emakumeak dira gehien bat. Izan ere, emakumeak arduratzen dira, oso era desorekatuan, familiarekin lotutako betebeharrez.

“Zirkunstantzia horrek berak —familiaren eta etxearen zaintza batez ere emakumeen esku geratzea— eragozten die gizonek bezala lanbidean aurrera egitea, kontuan izanik antolakundeen kulturak, baita Gasteizko Udalean ere, langileen presentzia eta erabateko prestasuna balioesten jarraitzen duela”, azaldu du Jaione Aguirrek.

Bestetik, emakumeak nagusi dira kualifikazio eskakizun txikiagoa eta ordainsari txikiagoak dituzten sailkapen taldeetako (C, D eta E) lanpostuetan: garbiketa, asistentzia eta zaintza, administrazioa…

Gainera, enplegu publikoaren aldibatekotasunak (plantillako bitartekoak, programako bitartekoak, aldi baterako kontratatuak)bereziki eragiten die emakumeei.

Azterlanean azaleratu den beste aldagai bat da azken 20 urteetan langile publikoen plantillan izandako hazkundea emakumeak sartu izanari zor zaiola batik bat. Une honetan, duela 20 urte baino % 106 emakume gehiago dago eta “bakarrik” % 27 gizon gehiago.

Soldata-arrakala gutxitzeko neurriak

Hori guztia kontuan izanik, udal gobernuak zenbait neurri hartu ditu, eta beste batzuk abian jartzea proposatzen du.

Lan-eskaintza publikoen bitartez:

Orain abiarazi diren LEPei eta datozen hilabeteetarako aurreikusitakoei esker nabarmen handituko da lanpostua jabetzan duten enplegatu publikoen kopurua, eta horrek  aldikotasuna murriztea ekarriko du, emakumeei bereziki  eragiten diena.

Horretaz gain, gizonen presentzia handiago izan ohi den kolektiboetarako hautatze prozesuetan (udaltzainak, suhiltzaileak, etab.) genero-ikuspegia sartu  da, udal lanpostu guztietarako sarbidea berdinzaleagoa izan dadin.Esate baterako, berriki deitutako suhiltzaileentzako LEPean amatasunarekin lotutako zenbait klausula sartu dira:

a) Probak egiteko epea 40 egunetara luzatu da.

b) Proba fisikoak atzeratzerik izango dute, gehienez ere 12 hilabetez, erditzen direnetik; lehen ez bezala, karrerako funtzionarioaren lanpostua lortuz gero, izendapena egin eta lanpostuaz jabetzen den datatik izango ditu horrek ondorio administratibo eta ekonomikoak, promozioko gainerakoen pare.

Hornikuntza eta sustapen prozesuen eta zerbitzu-eginkizunen bidez: 

Hornikuntza eta sustapen prozesuek —duela gutxi egindakoak eta datozen hilabeteetan egiteko direnak— emakumeen karrera profesionalari laguntzeko xedea ere badute, batez ere sailkapeneko beheko taldeetan daudenena.

Izan ere, bitarteko funtzionario gehienak emakumeak dira. Udalak behar diren araudi-aldaketak egingo ditu bitarteko langileek zerbitzu-eginkizunetan parte hartzerik izan dezaten, beste administrazio batzuetan egiten den bezala.

Kontratazioen bidez:

Lanaldi osoko kontratuak egiteko neurriak hartuko dira, lanaldi murriztuko zenbait kontratu lotuz edo ordezkapenak talde ibiltarien bitartez eginez.

Lan egonkortasuna:

Programako kontratuak udal egituran (Lanpostuen Zerrendan) sartzeak —aurrekontuen edo funtzio publikoaren oinarrizko legediak baimenduko balu— enplegua egonkortzen lagunduko luke eta bereziki onuragarria litzateke emakumeentzat, gehiengoa baitira programako bitartekoen artean: programako kontratua duen gizon bakoitzeko lau emakume daude.

Kontziliazio-neurriak: 

1.- Prestakuntza eta kontzientziazioa, gizonek hein handiagoan eska ditzaten kontziliazio-neurriak.

2.- Gasteizko Udalean “telelanari” buruzko araudia idatzi eta onestea, lana eta familia uztartzeko neurri gisa.

3.- Ordutegiei buruzko negoziazioan ordutegi malgutasunerako proposamenak aztertuko dira, langileek nahi izanez gero, lanaldi-murrizketen kopurua gutxitzeko xedez.

Osagarrien berrikuspena: 

Soldata-arrakalaren zati esanguratsu bat lan kategoria bakoitzari esleitutako osagarrietan dagoela antzeman da.

Osagarri horiek oso kontzeptu ezberdinengatik ematen dira: arriskugarritasuna, toxikotasuna, nekagarritasuna, funtzioen esleipena, zeregin bereziak… Aldagai horiei buruzko datuak ez dira emakumeen aldekoak.

Hori dela eta, Udalak osagarri horiek berrikusiko ditu aurreikusitako LEPak bukatutakoan, eta udalaren lanpostuen balioespenean genero-ikuspegia sartzea aztertuko du.

Share