Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 iraila 2018 13:22

 

  • Gasteizko alkateak eta Arabako diputatu nagusiak zentro horren ezaugarriak zehaztuko dituen azterlana egiteko hitzarmena izenpetu dute.
  • 2025 Estrategiako proiektu estrategikoetako bat da.

 

Alkatearen adierazpenak Future Logistic & Mobility Lab 

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Future Logistic & Mobility Lab zentroren diseinu eta garapenari buruzko azterlana egiteko izenpetutako hitzarmen hau nazioartean erreferente izan nahi duen proiektu baten lehen pausua da. Gorka Urtaran alkateak eta Ramiro González ahaldun nagusiak izenpetutako hitzarmen hau tarteko, 150.000 euro inbertituko dira zentro hau diseinatzeko. Zentroak laborategi bizi eta berrikuntza-kluster gisa funtzionatuko du, etorkizuneko mugikortasuneko sistema eta zerbitzuak jorratzeko.

Gasteizko Udalaren eta aldundiaren nahia da Gasteizek pertsonen garraioren zein logistikaren alorretan etorkizuneko mugikortasun-sistemak benetako ingurunean probatzeko leku bat izan dezala. Munduko neurri ertainen artean erreferentziazko lekua lortu nahi da, horretarako lehen mailako bazkide globalen eskutik soluzio berritzaile eta iraunkorrak erabilita. Hain zuzen ere, onetsitako azterlan honen funtsezko helburuetakoa da sektore publiko eta pribatuen lankidetzaren aldeko ekimen batean parte hartuko duten bazkideak identifikatzea, tokiko zein nazioarteko enpresak, erakundeak, entitateak, ikerketa-zentroak eta proiektuak.

Future Logistic & Mobility Lab probetarako espazio fisiko gisa sortuko da, logistika eta mugikortasun arloko berrikuntzak benetako egoeretan garatu eta probatzeko aukera emango duen espazio gisa. Horretarako, laborategiak, hitzaldi- eta erakusketa-aretoak eta proiektu eta lankidetza berritzaileetarako espazioak izango dituen ekosistema gisa diseinatuko da.

Future Logistic & Mobility Lab lekurik onenean sortu dela nabarmendu du Gorka Urtaranek, ingurumenaren arloko politiketan erreferente den hiri batean, udalak mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egiten duen hirian, eta horren emaitza positiboak dira bizikletaren eta garraio publikoaren erabileraren igoera, esate baterako.

“Osagai guztiak ematen dira Gasteizek dituen indar guztiak hartuta hiria laborategi batean bihurtzeko. Laborategi horretan etorkizuneko mugikortasun sistemak egiazko inguruan probatu eta sustatu ahalko dira, pertsona eta salgaien garraioari erantzuna emateko”, azpimarratu du Urtaranek.

Gasteizko alkateak gogorarazi duenez, Future Logistic & Mobility Lab 2025 Estrategiaren baitako proiektuetako bat da. Horrek bost aukera-esparru zehazten ditu Gasteizentzat, eta horietako bi hiri laborategi  honekin lotuta daude: ongi konektatutako hiriarena, eta hiri industrial eta logistikoarena. “Hainbat alderdiren aldeko apustua egina dugu –edukiera handiko garraiobidea, autobus flotak emisioak gutxitzeko irizpideak kontuan hartuta berritzea, Vitoria-Gasteiz Smart&Green City  plana edo Forondako aireportua hub logistiko bihurtzea—, eta Future Logistic & Mobility Lab horien jarraipen logikoa da. Etorkizunera begira, ekimen horien guztien artean sinergiak ezartzeko nahiaren emaitza izan da proiektu estrategiko hau” gaineratu du.

Urtaranek azpimarratu egin du Arabako erakundeek honelako proiektuak gauzatzeko elkarrekin egindako lanaren balioa. “Batu, lan egin eta elkarlanean aritzearen aldeko apustua egiten dihardugu, hiriak bizi duen une hau aprobetxatzeko. Beraz, funtsezkoa da udalaren eta aldundiaren aliantza”.

Ramiro Gonzalez bat dator lankidetzaren ideia horrekin. “Mugikortasunaren arloko beste mugarri batzuekin egin dugun bezala, Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiaren laguntza izango du berriz ere etorkizuneko Gasteiz arabar guztiek nahi eta behar dutena izateko erronka honetan” adierazi du.

“Gaur abian jartzen dugun azterlan honek proiektuaren kokapena bilatzeko balioko digu, hiriak ezarrita dituen mugikortasun-sistemak direla eta, Gasteiz osoa berez laborategi bikaina dela jakinda. Azterlanaren emaitzak kontuan hartuta, etorkizuneko logistika eta mugikortasuna ikertzeko erreferentziazko gune bat sortzea proposatuko da, hori guztia lurraldeko eta atzerriko bazkideen laguntzaz (publiko zein pribatuak, ikertzaileak, ikerketa zentroak zein goraka-fasean dauden startup-ak eta erabiltzaileak)” gaineratu du.

Gonzalezek Arabak automozio, ingeniaritza eta logistikaren arloetan duen enpresa-ehuna eta prestakuntza zentroak nabarmendu ditu, horrek  Future Logistic & Mobility Lab zentroa bultzatzeko aukera bikainak ematen baitizkieo lurraldeari.

Share