Prentsa Oharren banner

Leo Bassik, Izarok eta Ene Kantak taldeak beren azken proposamenak aurkeztuko dituzte Gasteizen aurtengo Gabonetan

Udalaren Antzoki Sareak 13 ikuskizun programatu ditu azaroaren 29tik urtarrilaren 3ra bitartean

 

Udalaren Antzoki Sareak 2020-21eko Gabonetako denboraldia aurkeztu du: orotara 13 ikuskizun aurreikusi dira, azaroaren 29tik urtarrilaren 3ra bitartean. Besteak beste, Leo Bassi, Izaro eta Ene Kantak taldearen azken proposamenak barne hartzen ditu programak.

“Ahalegin handia egin dugu programa biribil eta askotarikoa egituratzeko, Gabonetako denboraldian egin ohi dugunez. Gainera, hain berezia izaten ari den urte honetan, pandemia dela eta bertan behera utzi behar izandako ikuskizunak berreskuratu ditugu“, iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Azaroaren 29an (igandea) abiatuko da programa, Manolo Alcántararen ‘Deja Vu’ ikuskizunarekin; edertasun plastiko handiko lan horretan lausotu egiten da artearen eta fantasiaren arteko marra, zirkuaren eta antzerki fisikoaren artekoa. Jende ororentzat da.

Abenduaren 10ean (osteguna) Txalo Producciones konpainiaren ‘Rita, arrastoan sartzen’ komedia ikusi ahalko dugu, Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza protagonista dituena.

Abenduaren 11n (ostirala) bi ikuskizun izango dira. Batetik, Euskadiko Orkestraren abonamenduko hirugarren kontzertua, saio bikoitzean, 17:30ean eta 19:30ean; Xoxtakovitx eta Schumannen lanak joko dituzte, Robert Treviño maisu handiaren zuzendaritzapean. Egun berean, Leo Bassik ‘Yo Mussolini’ show berria aurkeztuko du, zeinean txiste errazak, probokazioa eta hausnarketa nahasten baititu. Félix Petite antzokian izango da hori.

 

Abenduaren 16an (asteazkena), Udal Musika Bandak abonamenduko hirugarren kontzertua eskainiko du ‘Beethovenen Gasteiz’ izenburuaren pean, Luis Orduña zuzendari dela.

Abenduaren 17an (osteguna) programa bikoitza antolatu da: Lehen lana ‘De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín’ da, Tentazioa konpainiarena: Iñaki Rikarte da protagonista, Fernando Bernuések zuzendu du eta Iñaki Salvadorrek jarri du musika. Bigarrena, ‘Gozpuztu’ da, Doos Colectivo taldearena. Dantza-garaikidea eta zuzeneko musika uztartzen dituen ikuskizuna da, orekaren bilaketaz mintzo dena. Garazi López de Armentia da jokalaria.

Abenduaren 18an (ostirala) Álvaro Tatoren kapa eta ezpatako komedia hartuko du Principal antzokiak: ‘Todas hieren y una mata’, umore eta poesia ugariz zipriztinduriko bidaia, zuzeneko musikaz lagunduta.

Familientzat  Ene Kantak taldearen ‘Liluragarriak’  ikuskizunaren bi saio antolatu dira, abenduaren 19an eta 20an (larunbata eta igandea). Urko Oskoz eta Nerea Urbizuk haurrentzako kantu berriak aurkeztuko dituzte, musikaren bidez euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Antzoki Sareak, bestalde, omenaldia egin nahi dio Xabier Leteri, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean. ‘Hesia urraturik’ du izenburu Joxan Goikoetxeak hori oroitzeko idatzitako oratorio sinfoniko-korala. Abenduaren 26an (larunbata) eskainiko da Principal antzokian; Landarbaso abesbatzak, Miren Urbietak eta Beñat Egibidek abestuko dute, Juan José Oconen zuzendaritzapean.

Hurrengo hitzordua Aitzina Folk jaialdi solidarioarekin izango da, abenduaren 30ean: Korrontzi eta Xabier Amurizaren arteko lankidetzatik sortutako ‘Koplariak’ kontzertua; talde hori euskal kultura  eta dantzaren enbaxadore gailenetakoa da nazioartean.

2021ean jada, Euskadin azkenaldian gehien nabarmendu diren abeslarietako baten txanda izango da: Izaro, zeinak ‘Limones en invierno’ diskoa aurkeztuko baitu. Urtarrilaren 2an izango da, Principal antzokian.

Eguberrietako denboraldia amaitzeko, EGO-Euskal Herriko Gazte Orkestra etorriko da Principal antzokira, urtarrilaren 3an (igandea); Beethoveni eskainitako programa monografikoa prestatu dute, haren jaiotzaren 250. urteurrenean.

Saio guztiak 19:00etan hasiko dira, oraingo egoera sanitarioak berdin jarraitzen badu.

Beste bi ekintzak osatuko dute Gabonetako arte eszenikoen eskaintza:

Abenduaren 16an, Enero Gilek sorkuntza koreografikoari buruzko laborategia eskainiko du, ‘Atalak 2.0’ izenekoa. Félix Petite antzokian izango da, 19:30ean. Abenduaren 1etik aurrera jaso ahalko dira gonbidapenak, ohiko lekuetan.

Horretaz gain, Principal antzokia ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dira. Urtarrilaren 9an euskaraz izango da, eta urtarrilaren 10ean, gaztelaniaz. 12:00etan zein 18:00etan egin ahalko dira bisitak.

2021eko aurrerapena

Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, halaber, bi ziklo ezagunen 2021erako programazioa aurreratu du: XXI. Mendeko Flamenkoa eta Kontzertu Handien Zikloa.

Lehenengoan bost emanaldi aurreikusi dira: Pansequito, urtarrilaren 30ean; Israel Fernández, otsailaren 13an; Mayte Martín, otsailaren 27an; David Palomar, martxoaren 13an, eta Cancanilla de Málaga, martxoaren 27an (azken biak 2020rako zeuden programatuta). Larunbatetan izango dira saioak, Jesús Ibáñez de Matauco antzokian (Hegoalde gizarte etxea).

Kontzertu Handien Zikloak lau emanaldi eskainiko ditu, horietako bi 2020ko programatik berreskuratuak. “Musika sinfonikoaren, interprete handien eta nazioartean proiekzioa lortu duten euskal musikarien aldeko apustu handia da.  Oraingo honetan, lau emanaldi barne hartzen ditu programak“, nabarmendu du zinegotziak.

Lehen hitzordua otsailaren 20rako jarri da: Donostiako Orfeoiak Rossiniren meza txiki solemnea abestuko du, pianoaz eta klabeaz lagunduta.

Martxoaren 6an, pandemiarengatik bertan behera gelditu zen kontzertuetako bat berreskuratuko da. Il Gardellino Baroque Orchestra talde ospetsua da, zeinak Bachen suiteak eta Brandenburgoko kontzertuak joko baititu.

Apirilaren 23an, Alfonso Gómezek programa ausart eta berritzailea aurkeztuko du, Chopinen preludioetan oinarritua, Ramón Lazcano musikari handia eta Ensemble Cairn taldea lagun dituelarik.

2021eko Kontzertu Handien Zikloa amaitzeko, beste proposamen bat berreskuratuko da, Camerata Irelandena: Barry Douglasen zuzendaritzapean, Beethoven, Mozart, Haydn eta Elgarren lanak eskainiko dituzte.

SALMENTARI BURUZKO INFORMAZIOA

Gabonetako programazioko ikuskizunak:

Abenduaren 1ean. Leihatilan eta telefonoz: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Interneteko salmenta 10:00etan hasiko da.

XXI. Mendeko Flamenkoa eta Kontzertu Handien Zikloa:

Abonamenduak: abenduaren 15ean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Abenduaren 16tik aurrera, leihatilako ohiko ordutegian, lekuak bete arte.

Sarrera solteak: abenduaren 18an, 10:00etatik 13:00etara eta  17:00etatik 19:00etara.

2020-2021 Gabonetako programazioa

Share