Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 urria 2019 12:48

 

  • Estatu osotik etorritako 40 txakurrek miaketa eta bilaketa trebetasunak erakutsiko dituzte

Detekzio Txakurren Liga horrelako animalien trebetasunak probatzen dituen kirol lehiaketa da, eta asteburu honetan Gasteizera iritsiko da. Zehazki, Amarok kopa jokatuko da larunbatean eta igandean (hilak 5 eta 6), Gamarrako parkean, izen hori duen txakur heziketarako zentroak antolaturik. Estatu osotik etorritako 40 txakurrek miaketa eta bilaketa trebetasunak erakutsiko dituzte, publikoari irekita dagoen ekitaldi batean.

Izena emanda dauden 40 txakurrek eta laguntzaileek hiru proba egin beharko dituzte. Lehenengoan, ibilgailuak miatu beharko dituzte; horretarako, esparru berezia egokituko da Eskalmendiko aparkalekuan. Bigarren proba barrualdeetako bilaketa izango da: Gamarrako udako aldageletan osatutako zirkuitu batean erakutsi beharko dituzte bilatzeko trebetasunak. Hirugarren proba, “paketeak edo puntuz puntu” deritzona, frontoietan egingo da: ezaugarri berak dituzten zenbait objekturen barruan ezkutatutako gauzaren bat aurkitu beharko dute txakurrek.

Larunbatean 09:00etatik 19:00etara egingo dira probak; igandean, 09:00etatik 15:00etara. Sarrera librea da. Nahi dutenek 0 dortsala erosi ahalko dute, eta helburu solidario baterako borondatea eman, biltzen den dirua APASOS Vitoria elkartearentzat izango baita. Horretaz gain, APASOSek desfile solidarioa antolatu du, larunbateko 13:00etan. Asteburuko programa osatzeko, sustatzaileek zenbait sari zozketatuko dituzte, eta amaitzeko, garaikurrak banatuko dira.

Detezkio Txakurren 2019ko Liga maiatzean hasi zen, Alacanten; ekainean jarraitu zuen, Sorian, eta asteburu honetan Gasteizen egitekoa dena hirugarren proba izango da. Azaroan amaituko da txapelketa, Kanaria Handian.

 

 

 

Share