Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 martxoa 2018 08:36

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko industrialdeetako kaleen seinaleztapen horizontala berritzeko lanak kontratatzeko dosierra onetsi du gaur goizean. Hamar jarduera-emutan galtzadaren gaineko seinaleztapena berriro margotuko da lan horien bitartez, eta 399.566 euroko aurrekontua erreserbatu da horretarako. Aurretik Industriari Laguntzeko Plana baliatuz sustatutako beste inbertsio batzuei gehituko zaie, hala nola Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleetako zoladura eraberritzea eta Larragana kalean egindako lanak.

“Orain arte ez da inoiz hain lan handirik egin Gasteizko industrialdeetako bide seinaleztapena hobetzeko. Hartara, enpresek egindako eskaerei erantzuten jarraituko dugu, eta industrialdeak sustatzen, jarduera berriak ezartzeko gero eta erakargarriagoak baitira”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Kontratuaren bitartez, erreiak, aparkalekuak eta zaintza bereziko kaleak markatzeko lerroak berrituko dira. Kontzeptu horiengatik 167.081 euroko kostua kalkulatu da. Gainerakoa, 232.484 euro, beste marka hauek berriz margotzeko izango da: oinezkoen pasabideak, txirrindularien pasabideak, geralekuak, noranzkoak, desbideraketak eta beste seinale osagarri batzuk. Horretarako, dauden seinaleak osorik edo zatiz fresatuko dira, esku hartu behar den azalera saneatuko eta seinaleztapen horizontala margotuko.

Berriro margotzeko lanek industria parke hauek barne hartuko dituzte: Jundiz (bertan egingo da ahalegin handiena), Gamarra, Ehari, Oreitiasolo eta Betoñu; trafiko handiagoa duten kaleei arreta berezia emango zaie.

Lanak gauzatzeko epea lau hilabetekoa izango da, baldin eta eguraldiak eragozten ez badu.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 otsaila 2018 13:07

 

  • Aurten, lehenengoz, parte-hartzaileek zuzenean aurkeztu dizkiete ideiak bertaratuei, eta epaimahai batek hiru onenak aukeratuko ditu, “Zure ideiak balio du” lehiaketaren XIV. edizioan sari berezirako hautagaitzat

 

  • Feria Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean egin da, eta amaiera jarri dio Ikasenpresa hezkuntza-programari, iaz lortutako partaidetza errekorra berdindu duelarik

 

Gasteizko Udaleko Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde Pilar García de Salazarrek eta BIC Arabako zuzendari David Monterok inauguratu dute gaur Araba Ekinean-en Eskola Enpresen Feria tradizionalaren beste edizio bat. LHko ikasle arabarrek Ikasenpresa programaren barruan ikasturte honetan garatu dituzten enpresa-proiektu berrien erakusleihoa izatea da ekimenaren helburua.

Feria Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean egin da, eta iaz lortutako partaidetza errekorra berdindu da, Arabako LHko zortzi ikastetxetako ikasleek sortutako 36 proiektu eta negozio-idei berri aurkeztu baitituzte.  Aurtengo Ferian berrikuntza garrantzitsu bat izan da: parte-hartzaileek zuzenean defendatu dituzte beren enpresa-ideiak bertaratuen aurrean, baita hiru onenak aukeratzeaz arduratzen den epaimahaiaren aurrean ere. Hautatutako proiektuak “Zure ideiak balio du” lehiaketaren XIV. edizioan sortutako sari berezi berria lortzeko lehiatuko dira apirilaren 19an; etorkizuneko ekintzaileak bihur daitezkeen ikasle horien irudimena eta ahalegina saritu nahi da horren bidez.

Proposamenak 36 standetan erakutsi dira, eta ikastetxe hauetako ikasleek aurkeztu dituzte: Ciudad Jardín institutua, Eraiken, Gamarrako Ostalaritza Eskola, Mendizabala, Egibide-Nieves Cano, Egibide-Arriaga, Egibide-Mendizorrotza eta Egibide-Molinuevo. Askotariko produktuak edo zerbitzuak plazaratu dituzte: hodi birziklatuz egindako lanparak, jantzien salmenta internetez, bizikletentzako argi bereziak, artisau gailetak, eguzki-erloju eramangarriak, abandonatutako animaliak hartzen dituzten adinekoentzako egoitzak, edo zailtasunak dituzten pertsonentzako kirola.

Ikasenpresa hezkuntza-programaren barruan, erdi eta goi mailako ikasleek enpresa bat sortzeko aukera dute, proiektua lantzeko prestakuntza eta tutoretza jasoz. Logotipoetatik edo marketin planetik hasita estrategiaraino garatzen dute ikasturtean zehar. Hartara, enpresaren mundua ikasgeletara hurbildu nahi da, eskola-komunitateak ekiteko duen ahalmena sustatuz. Metodologia guztiz praktikoa da, eta hezkuntza testuinguru berritzailea sorrarazten du. Enpresen Feriak garatutako lana erakusteko bide ematen die ikasleei, bai eta kontsumitzaileen aurrean ideia eta proiektuen egokitasuna probatzeko bide ere. 

 

Proiektuak eta ideiak alderatzeko “ring” bat

Lehenengoz, “ring” baten antzeko agertokia jarri da ferian, parte-hartzaileek beren ideiak “bataila” formatuan aurkez zitzaten, “Zure ideiak balio du” lehiaketan sortu den kategoria berriaren finalera iristea lortzearren. Hain zuzen ere, epaimahaiak aukeratzen dituen hiru finalisten arteko batek Enpresen Feria sari berezia (300 euro) lor dezake apirilaren 19an Europa jauregian egitekoa den Ekin Day ekitaldian.

Araba Ekinean-en aurtengo edizioaren lehen jardueretako bat da Feria. Joan den urtarrilaren 29an aurkeztu zen edizio berria, “Zure ideiak balio du” lehiaketaren XIV. edizioa abiaraziz —sari kopurua eta horien zenbatekoak handitu egin dira— eta www.alavaemprende.com web-orrian atal berria sortuta gainerako jarduerak kontsultatzeko, besteak beste, jardunaldi zentrala (Ekin Day) eta Ekin Breakfast izeneko topaketa formatu berria, hainbat sektoretan ekintzailetza sustatzeko eta lurraldeko ekintzaileak konektatzeko xedea duena.

Informazio gehiago: www.alavaemprende.com

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share