Prentsa Oharren banner

Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak lau solairu hartuko dituzte Ruiz de Bergaratarren jauregian, eta Zapatari eta Errementari kaleetatik izango dute sarbidea, Udalak 2,9 milioiko inbertsioa eginda

– Urtaranen gobernuak proiektuaren idazkuntza eta obra esleitzeko lehiaketa onetsi du; lanek 18 hilabete iraungo dute

– Alkateak euskaltzale taldeekiko lankidetza azpimarratu du, “hiriaren erdiguneko espazio hori euskararen alde ari garen guztion etxea” bihur dadin

– Areto nagusiak 660 pertsonarentzako lekua izango du, eta horretaz gain kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak jarriko dira

 DOSSIER GASTEIZ ANTZOKIA

Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea errealitate izango dira. Izan ere, Urtaranen gobernuak horri dagokion kontratua esleitzeko lehiaketa onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrean, enpresa bera proiektua idazteaz eta obra gauzatzeaz arduratu dadin. Bi faseetarako gehieneko aurrekontua 2.945.853,90 euro da, BEZa barne; finantzaketa bermatuta dago, dagoeneko onetsi baitira horretarako konpromiso-kredituak. Ruiz de Bergaratarren jauregia eraberrituko da, eta bertan lau solairu egokituko dira, sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetik, edukiera handiko areto nagusia, eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak.

Azken asteetan, Udalak aurreproiektu oso landua zehaztu du, eraikinaren azken zaharberritzea egin zuen arkitektura estudioarekin, ekimena bultzatu duten euskaltzale taldeekin eta udal zerbitzu teknikoekin batera. Gorka Urtaran alkateak oso positibotzat jo du aurreikusitako esku-hartzea. “XVI. mendeko eraikin jatorriz errenazentista berreskuratu eta birgaituko dugu, Ruiz de Bergaratarren jauregia, aldaketa, handitze eta eraiste ugari jasan dituena. Topaketa, prestakuntza eta kultur sorkuntzarako gunea bihurtuko dugu, bizitzaz betea. Gasteizen euskara maite eta gozatzen duten ororen etxea izango da, eta gure hizkuntzaren arnasgunea hiriaren erdi-erdian”, azaldu du. Gasteizko alkateak hainbat alderdi azpimarratu ditu: “eraikinaren balio historikoa, kokapen apartekoa, eta planteatutako banaketa, ezin hobea baita horrelako proiektu baterako“; nabarmendu du, halaber, “prebentzio akustikoaren, intsonorizazioaren eta ebakuazioaren alorretan egindako lana, segurtasuna bermatzeko eta bizilagunei enbarazu ez egiteko asmoz“.

Aurreproiektuak Lazarraga Kultur Elkarteak definitu eta Euskara Elkarguneak landutako beharren programa jasotzen du. Horren arabera, Gasteiz Antzokiak eta Euskararen Etxeak 1.376 metro koadro eraiki izango dute guztira, lau solairutan banatuta. Espazio moldagarriak proposatu dira, tamaina txiki eta ertaineko kultur jarduerak egin ahal izateko: zutik entzuteko kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ikuskizunak. Taberna bat ere aurreikusi da, Antzokiaren ‘agertokian’ mahaiak jartzeko aukerarekin.

Gaur goizean onetsitako baldintza-agirien arabera, enpresa esleipendunak lan hauetaz arduratu beharko du: behar diren aurretiazko azterlanak (3 asteko  epea), oinarrizko proiektua eta jarduera proiektua idaztea (8 aste), gauzatze proiektua idaztea (16 aste) eta lanak gauzatzea. Obra gauzatzeko epea 18 hilabetekoa izango da.

 

Sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetatik

Higiezinaren konfigurazioa ulertzeko modurik onena Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bereiztea da. Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokiak, berriz, Zapatari kaletik izango du sarbidea eta lehen solairua hartuko du funtsean, bigarren solairuarekin ere lotuta egon arren.

Zapatari kaletik lehen solairura, Gasteiz Antzokira, sartzean, 75 metro koadroko taberna aurkituko dute erabiltzaileek, eta 11 metro koadroko sukaldea. Ondoren, Antzokiaren areto nagusia ikusiko dute: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuren garaiera duena, konfigurazio ezberdinetako ikuskizunak hartzea ahalbidetuko duena.  Elkartzeko gunea izango da, eta gehienez 660 pertsona sartu ahalko dira zutik; ez du agertokirik izango. Antzerki emanaldietarako 150 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi da, edo 90 pertsonarentzako lekua kontzertuetarako. Jantoki gisa erabiltzen denean 170 pertsonarentzako lekua izan ahalko du aretoak. Bigarren solairuko ‘balkoietatik’ ere ikusi ahalko da agertokia, zeinetan jatorrizko adreiluz egindako bi arku ikusgarri nabarmenduko baitira. Lehen solairuak 359 metro koadro izango ditu orotara. Solairu zabalena da.

Beheko solairua Euskararen Etxera sartzeko bide naturala izango da, Errementari kaletik; orotara 195 metro koadroko azalera erabilgarria hartuko du, eta 100 pertsonarentzako lekua izan lezake. Funtzio anitzeko areto bat egokituko da bertan, erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izateko.  Proiekzio eta itzulpen kabinak jartzea aurreikusi da, baita biltegiak, komunak eta aldagelak ere.  Bigarren eta hirugarren solairuetara igoko da bertatik, eskailera edo igogailua baliatuz.

Bigarren solairuak 256 metro koadroko azalera erabilgarria izango du; lantegiak, komunak eta lanerako beste espazio batzuk kokatuko dira han, 21 Zabalgunearen jabetzako etxebizitza batzuk dauden lekuan. Errementari kalera ematen duen zatian, bestalde, 103 metro koadroko erabilera askotarako gunea (erakusketak, ludoteka…)  geratuko da, zeina Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko ‘balkoitzat’ erabili ahalko baita.

Hirugarren solairua da jauregiko leku argitsuena: 253 metro koadro ditu, eta Euskararen Etxerako erabiliko dira. Patio nagusia estaliko du, eta lanerako guneak hartzeko baliatuko da. Hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela (klimatizazioa, exutorioak…) jarriko dira solairu horretan.

Gasteizko alkateak proiektuak orain arte egindako bidea laburtu du gaur goizean: 2017. urtearen hasieran ideia-lehiaketara deitu zen, Gasteiz Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregian jartzeko, eta ondoren akordio batera iritsi zen, pilotalekua bertan uzteko, adostasun sozial eta politikoa lortze aldera; geroago, ordea, fuel depositu bat agertu zen lorategian, eta hori kendu beharra zegoen, lurra deskutsatu eta ingurunearen alderdi arkeologikoak aztertu. Eskoriatza-Eskibelen inguruan beste bi depositu agertu dira azken urteetan: bata gasarena zen, eta 2014an atera zen; bestea Harategi kantoiaren eta Frai Zacarias Martinez kalearen arteko bidegurutzean agertu zen, eta aparrez inertizatu zen. Azaldutakoaren ondorioz, Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea jartzeko beste leku bat bilatu behar izan zen, eta Euskara Elkargunean Ruiz de Bergaratarren jauregira aldatzea erabaki zelarik bertan kokatuko dira azkenean.

Share

Eskoriatza-Eskibeleko etxadiko lorategian ustez fuel-olio astunez beteta dagoen depositu bat agertu izanak Gasteiz Antzokirako azterlan arkeologikoa egitea eragozten du

Iñaki Prusilla audioa

Gasteizko Udalak ustez fuel-olio astunez betetako depositu bat egon daitekeela jakin du Eskoriatza-Eskibeleko etxadian lehenengo laginak ateratzean, zeinen helburua baita Gasteiz Antzokiaren proiektua garatzeko behar den azterlan arkeologikoaren irismena zehaztea. Depositua lorategian dago, eta zoladuraren azpian dagoen kutxatila batean zehar antzeman da. Gasteizko Udalak susmatzen du aipatutako sustantzia izan dezakeela barruan, eta pilotalekuko edo garai bateko ostatuko berokuntza sistemarako erabiliko zela. Ustekabea izan da aurkikuntza, ez baitzen ezein plano edo agiritan agertzen, eta azterlan arkeologikoa egitea eragozten du.

Orain arte, azalean konposatu belzkara eta lodi bat dagoela antzeman ahal izan du Udalak, eta OKUSek egindako analisiaren arabera,  C21 eta C35 bitarteko hidrokarburoak dituela. Ezin izan da egiaztatu depositua substantzia horretaz beteta dagoen, uraren gainean flotatzen duen geruza gutxi-asko zabala izan baitaiteke.

Udalak zenbait jarduera egingo ditu ezer erabaki aurretik. Lehenengo, aurkitu den konposatuaren kopurua aztertuko da, eta horrek duen garrantzia. Berehala ekingo zaio lan horri. Deposituaren edukia ateratzeko, enpresa espezializatu bat kontratatu beharko da: fuel-olioa berotuz likidotuko da, eta ondoren bertatik aterako, ponpatuz. Horretaz gain, baliteke ingurua deskutsatu behar izatea, eta horrek traba gehiago ekarriko lituzke lan arkeologikoak egiteko, eta proiektua garatzeko hasiera batean aurreikusitako epeak luzatuko.

Share

Udal gobernuak kalkulatu du 34 hilabete beharko direla Gasteiz Antzokia egiteko proiektua lantzeko eta obrak gauzatzeko

Udalak azpiegitura kokatzekoa den etxadiaren azterlan arkeologikoa egingo du laster, eta horrek hiru hilabete hartuko du

Urtaranen gobernuak pausoak ematen jarraitzen du Gasteizek etorkizunean Gasteiz Antzokiaz gozatzerik izan dezan, hau da, euskarari eta euskal kulturari osorik eskainitako espazio batez, gobernu-taldearentzat estrategikoa baita. Gorka Urtaran alkateak gogoratu duenez, “agintaldi honen hasieratik adierazi dugu proiektuan aurrerapauso garrantzitsuak egiteko asmoa genuela. Lehenengo, eraikitzeko leku aproposena bilatu genuen, Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadia; ondoren, ideia-lehiaketara deitu genuen, higiezinaren espazio antolaketa eta diseinu posibleak aztertzeko, eta orain ekimena garatzen jarraitzen dugu”.

Horrekin lotuta, Gasteizko alkateak prozesuan jarriko den beste mugarri bat iragarri du. Udal gobernuak gauzatze-proiektua idazteko eta obra bera egiteko eskuartean duen kronogramaren berri eman du Gasteiz Antzokia garatzeko lan-taldean —talde politikoek, udal teknikariek eta euskararen arloko taldeek parte hartzen dute horretan—. Horren arabera, gutxi gorabehera 34 hilabete beharko dira proiektua lantzeko eta obrak gauzatzeko. Aurretik etxadiaren azterlan arkeologikoa egin behar da, eta horrek hiru hilabete hartuko du.

Horrenbestez, udal zerbitzu teknikoen aurreikuspenen arabera, orain hiru fase ditugu aurretik: lehena, aginduzko azterlan arkeologikoa  egitea, Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin; horrek hiru hilabete iraungo du. Ondoren, gauzatzeko proiektua egiteko lehiaketara deituko da. Prozesu horrek 10 hilabete hartuko duela kalkulatu da: hilabete baldintza-agiria lantzeko, lau hilabete lehiaketa eta esleipen administrazio prozesurako, eta bost hilabete proiektua idazteko.

Azkenik, lana bera egiteko lehiaketak eta gauzatzeak 24 hilabete inguru hartuko dute. Zehazki, hilabete beharko da baldintza-agiria lantzeko; bost hilabete, lehiaketa eta esleipen administrazio prozesurako, eta 18 hilabete, lanak burutzeko. Beraz, Eskoriatza-Eskibelen etxadiaren azterlan arkeologikoa idazten denetik 34 hilabeteko epea izango da guztira.

 

 

Share

Udalak hamalau proposamen jaso ditu Gasteiz Antzokirako ideia-lehiaketaren barruan

Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak gaur iragarri duenez, Gasteizko Udalak hamalau proposamen jaso ditu Gasteiz Antzokirako ideia-lehiaketaren barruan. Horietaz gain, baliteke Udalak oraindik jaso gabeko besteren bat gehitzea, posta bidez aurkeztu delako. Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadian egitekoa den higiezinaren espazio antolaketa eta diseinu ezberdinak proposatzen dituzte hamalau ideiek. Kontratazio Mahaiak eskaintzak irekitzen dituenean ezagutuko dira xehetasunak.

Hartara, Urtaranen gobernuak pausoak ematen jarraitzen du Gasteizek etorkizunean Gasteiz Antzokiaz gozatzerik izan dezan, hau da, euskarari eta euskal kulturari osorik eskainitako espazio batez, gobernu-taldearentzat estrategikoa baita. Tokiko Gobernu Batzarrak urtarrilaren amaieran onetsi zuen Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadian kokatzekoa den ekipamenduaren espazioak antolatu eta diseinatzeko ideia-lehiaketa arautzeko baldintza-agiria. Sarietarako dotazioa  36.000 euro da. Lehen saria 20.000 eurokoa da, bigarrena, 10.000 euroa, eta bi akzesit ere emango dira, 3.000 eurokoak. Santa Maria Katedrala Fundazioak espazio hori jo zuen egokientzat antzokia kokatzeko udan aurkeztu zuen txostenean. Adituen ustez leku hori da aproposena Gasteiz Antzokia jartzeko, Erdi Aroko hirigunearen motor kultural, sozial eta ekonomikoa bihurtuko bailitzateke.

Etxadiak bi sail ditu: batetik, pilotalekua, garai bateko ostatua eta haren aurreko lorategia barne hartzen dituena; bestetik, Eskoriatza-Eskibel jauregia bera dagoen lursaila, bai eta horren aurreko espazio librea eta lurpea ere. Proiektua ere bi zatitan garatuko litzateke, hasiera-hasieratik iragarri zen bezala.

Lehenengo Gasteizko Kafe Antzokia eraikiko litzateke, aipatutako lehenengo lursailean. Bigarren fasean, Oihaneder Euskararen Etxearen egoitza berria egingo litzateke, jauregia eta aurreko espazio librea eraberrituz eta egokituz. Bi faseen arteko konexioaren eraikuntzari bigarren fasea gauzatzean ekingo litzaioke.

Proposamenak aurkezten dituzten arkitektoen sormena eta zentzu kritikoa sustatze aldera, beharren programa oso zabal eta irekia deskribatu da. Udaleko talde politikoek, euskaltzale taldeek eta Erdi Aroko hiriguneko auzokoek adierazitako kezkak aintzat hartu direlarik, pilotalekuaren oraingo egoerari eusteko aukera sartu da berariaz baldintza-agirian. Gainera, auzokoek erabili ahal izateko espazio moldagarri bat, pilotalekua barne, sartzea planteatu da une oro.

Garai bateko ostatua, pilotalekua eta espazio librea barne hartzen dituen eraikin multzoak espazio hauek aurreikusi beharko lituzke:

Gasteiz Antzokirakokontzertu, antzerki eta dantza aretoa, 400 metro koadro ingurukoa; agertokia, 200 metro koadro ingurukoa; aldagelak (30 metro koadroko bi espazio) eta langileentzako beste aldagela bat (30 metro koadrokoa). Orobat, bi biltegi jarriko lirateke: bat 100 metro koadrokoa eta beste bat garbiketa eta beste erabilera batzuetarako, 25 metro koadrokoa. Gainera, taberna-kafetegi-jatetxeak 100 metro koadro hartuko lituzke, gehi 150 metro koadroko jantokia eta zerbitzu-eremua. Auzokoentzako espazio moldagarriak 400 metro koadroko azalera izango luke.

-Jauregian, bestetik, kultur ekipamendu handia planteatzen da, Oihaneder Euskararen Etxea kokatzeko, ezaugarri hauekin: euskararen interpretazio zentroa, 200 metro koadrokoa; hiru lantegi, bakoitza 50 metro koadrokoa; hitzaldi aretoa, 150 metro koadrokoa, eta informatika eta multimedia gela, 150 metro koadrokoa Horretaz gain, bi erakusketa gela jarriko lirateke, bata 300 metro koadrokoa, erakusketa iraunkorrak egiteko, eta bestea 150 metro koadrokoa, aldi baterako erakusketak egiteko, eta zazpi bulego, bakoitza 50 metro koadrokoa. Jauregiaren aurreko espazio librean irisgarritasun arazoak konpondu beharko dira, kalearen eta plazaren arteko kota aldea gaindituz.

Arkitektoek oinarri horiek hartu behar izan dituzte kontuan proiektuak aurkeztean, eta adituen epaimahai batek balioetsiko ditu. Irizpide hauek hartuko dituzte aintzat: originaltasuna, kalitate arkitektonikoa, iraunkortasuna, beharren programari egokitzea, eta bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta eraikuntzakoa. Beste alderdi hauek ere izango dira kontuan: koherentzia, proposamenaren kalitate arkitektonikoa, osotasunarekiko integrazioa, irisgarritasuna, elementu historikoen balioa nabarmentzea, kostuen kontrola eta energia eraginkortasuna. Lehen fasean (Gasteizko Kafe Antzokia eraikitzea) gehienez 3 milioi euroko aurrekontua izango dute. Eskoriatza-Eskibel jauregia Oihaneder Euskararen Etxea kokatzeko birgaitzeko, berriz, gehienez 2,5 milioi euro erabili ahalko dute.

Share

Gorka Urtaranen gobernuak Gasteiz Antzokia diseinatzeko ideia-lehiaketa arautzeko baldintza-agiria onetsiko du, 36.000 euroko sariekin

 

 

 

 

 

 

 

Urtaranen gobernuak pausoak ematen jarraitzen du Gasteizek etorkizunean Gasteiz Antzokiaz gozatzerik izan dezan, hau da, euskarari eta euskal kulturari osorik eskainitako espazio batez, gobernu-taldearentzat estrategikoa baita. Gorka Urtaran alkateak gogoratu duenez, “agintaldi honen hasieratik adierazi dugu proiektuan aurrerapauso esanguratsuak egiteko asmoa genuela. Ez bakarrik kokalekua hautatzeari dagokionez, bai eta proiektu arkitektonikoa landu eta ekipamendua eraikitzeari dagokionez ere”. Bihar bertan Udalak proiektuaren fase berri eta garrantzitsu bati ekingo dio, hiriko euskaltzaleen ametsa betetzeko xedez. “Aukera ezinhobea daukagu proiektua egi bihurtzeko”, esan du alkateak.

Izan ere, Tokiko Gobernu Batzarrak Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadian kokatzekoa den ekipamenduaren espazioak antolatu eta diseinatzeko ideia-lehiaketa arautzeko baldintza-agiria onetsiko du. Saritan 36.000 euro banatzeko aurreikuspenarekin.  Irabazleari 20.000 euro emango zaizkio, bigarren sarituari 10.000 eta 3.000 euroko bi accesit ere aurreikusita daude.

Udan aurkeztu zuen txostenean, Santa Maria Katedrala Fundazioak espazio hori jo zuen egokientzat antzokia kokatzeko. Adituen ustez leku hori da aproposena Gasteiz Antzokia jartzeko, “Erdi Aroko hirigunearen motor kultural, sozial eta ekonomikoa” bihurtuko bailitzateke, Gorka Urtaranek azaldu duenaren arabera.

Etxadiak bi lursail ditu: batetik, pilotalekua, garai bateko ostatua eta haren aurreko lorategia barne hartzen dituena; bestetik, Eskoriatza-Eskibel jauregia bera dagoen lursaila, bai eta horren aurreko espazio librea eta lurpea ere. Proiektua ere bi zatitan garatuko litzateke, hasiera-hasieratik iragarri zen bezala.

Lehenengo Gasteizko Kafe Antzokia eraikiko litzateke, aipatu den lehenengo lursailean. Bigarren fasean, Oihaneder Euskararen Etxearen egoitza berria egingo litzateke, jauregia eta aurreko espazio librea eraberrituz eta egokituz. Bi faseen arteko konexioaren eraikuntzari bigarren fasea gauzatzean ekingo litzaioke.

Proposamenak aurkezten dituzten arkitektoen sormena eta zentzu kritikoa sustatze aldera, beharren programa oso zabal eta irekia deskribatu da. Udaleko talde politikoei, euskaltzale taldeei eta Erdi Aroko hiriguneko auzokoei keinu bat eginez, pilotalekuaren oraingo egoerari eusteko aukera sartu da berariaz baldintza-agirian. Gainera, auzokoek erabili ahal izateko espazio moldagarri bat sartzea planteatu da une oro, pilotalekua ere izango lukeena.

Garai bateko ostatua, pilotalekua eta espazio librea barne hartzen dituen eraikin multzoan espazio hauek aurreikusi beharko lirateke:

Gasteiz Antzokirako: kontzertu, antzerki eta dantza aretoa, 400 metro koadroko espazio nagusi batekin; agertokia, 200 metro koadrokoa; aldagelak (30 metro koadroko bi espazio) eta langileentzako beste aldagela bat (30 metro koadrokoa). Orobat, bi biltegi jarriko lirateke: bat 100 metro koadrokoa eta beste bat garbiketa eta beste erabilera batzuetarako, 25 metro koadrokoa. Gainera, taberna-kafetegi-jatetxeak 100 metro koadro hartuko lituzke, gehi 150 metro koadroko jantokia eta zerbitzu-eremua. Auzokoentzako espazio moldagarriak 400 metro koadroko azalera izango luke.

Jauregian, bestetik, kultur ekipamendu handia planteatzen da, Oihaneder Euskararen Etxea kokatzeko, ezaugarri hauekin: euskararen interpretazio zentroa, 200 metro koadrokoa; hiru lantegi, bakoitza 50 metro koadrokoa; hitzaldi aretoa, 150 metro koadrokoa, eta informatika eta multimedia gela, 150 metro koadrokoa. Horretaz gain, bi erakusketa gela jarriko lirateke, bata 300 metro koadrokoa, erakusketa iraunkorrak egiteko, eta bestea 150 metro koadrokoa, aldi baterako erakusketak egiteko, eta zazpi bulego, bakoitza 50 metro koadrokoa. Jauregiaren aurreko espazio librean irisgarritasun arazoak konpondu beharko dira, kalearen eta plazaren arteko kota aldea gaindituz.

Arkitektoek oinarri horiek hartu beharko dituzte kontuan proiektuak aurkeztean, eta adituen epaimahai batek balioetsiko ditu. Irizpide hauek hartuko dituzte aintzat: originaltasuna, arkitektura kalitatea, iraunkortasuna, beharren programari egokitzea, eta bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta eraikuntzakoa. Lehen fasean (Gasteizko Kafe Antzokia eraikitzea) gehienez 3 milioi euroko aurrekontua izango dute. Eskoriatza-Eskibel jauregia Oihaneder Euskararen Etxea kokatzeko birgaitzeko, berriz, gehienez 2,5 milioi euro erabili ahalko dute.

Share

Urtaranen gobernuak pilotalekuaren oraingo egoerari eusteko aukera emango du Gasteiz Antzokirako ideia-lehiaketan

Euskara zinegotzi Iñaki Prusilla:  20170117GasteizAntzokia-eu

Udaleko talde politikoei, euskaltzale taldeei eta Erdi Aroko hiriguneko auzokideei beste keinu bat  eginez, Urtaranen gobernuak pilotalekuaren oraingo egoerari eusteko aukera emango du Gasteiz Antzokirako ideia-lehiaketan, proiektuak adostasun nahikoa izan dezan sorreran eta geroko garapenean. Aipatutako agenteei horri buruz duen informazio guztia helarazteko asmoa berretsi du udal gobernuak, hasiera-hasieratik eta une oro egin duen bezala. “Kolektiboekin behar adina aldiz bilduko gara, proiektu hau aurrera ateratzeko”, esan du Iñaki Prusilla euskara zinegotziak.

Hirigintza Saila ideia-lehiaketaren baldintza-agiria idazten ari da orain, hiriko arkitektoek Gasteiz Antzokiaren eraikuntza-proiektua diseinatzerik izan dezaten. Santa Maria Katedrala Fundazioak joan den udan aurkeztu zuen proiektuak Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadia proposatzen zuen Gasteiz Antzokia jartzeko leku egokientzat. Adituek lau kokapen aztertu zituzten, eta ondorioztatu zuten horixe dela egokiena, ondare eraikia berreskuratzen eta dinamizatzen lagunduko lukeelako, eta egin beharreko inbertsioaren gizarte errentagarritasunagatik.

Tokiko Gobernu Batzarrak laster aztertuko du baldintza-agiria. Hainbat taldek eta talde politikoek egindako eskaerak kontuan hartuz, beren esku-hartzeetan pilotalekua eraisteko edo uzteko aukera emango zaie arkitektoei. Urtaranen gobernuak hasiera-hasieratik planteatu du auzokoek erabili ahal izateko espazio moldagarri bat, pilotalekua barne, sartzea, Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak adierazi duenaren arabera.

Gasteiz Antzokia 2017ko aurrekontuan aurreikusitako ekipamendu berrietako bat da, 250.000 euroko zuzkiduraz; 2018an 2,5 milioikoa litzateke zuzkidura.

Share