Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 urtarrila 2019 13:06

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, Gasteiz Antzokiaren proiektua “abiatzear da” eta gauzatu egingo da, agintaldia amaitu baino lehen lizitatuko baita. Une honetan, Euskararen Etxea jartzekoa den Ruiz de Bergaratarren jauregiaren egoeraren azterlan teknikoa azkentzen ari da Udala, baita akustikari buruzko txostena ere. Bi agiri horiek bukatutakoan zehaztuko da aurreproiektua, proiektua eta obra lehiaketara atera ahal izateko.

Euskaltzale taldeekin batera taxututako beharren programaren zenbait xehetasun azaldu ditu Gasteizko alkateak. Adostutakoaren arabera, Gasteizko Kafe Antzokia 1.250 metro koadroko espazioa izango da, lau solairutan banatuta. Osagai hauek izango ditu: sarrera nagusia, Zapatari kaletik (jantzitegi eta sarrera-saltegia barne); erdiko espazioa, agertokiarekin (274 metro koadro); aldagelak; kontrol teknikorako kabina; ostalaritza espazioa (103 metro koadro); ekitaldi aretoa; erakusketa aretoa; lantegiak; lan egiteko espazioak (bulegoak, bilera gelak), eta bestelako espazioak (komunak, biltegiak…).

“Gasteiz Antzokia gero eta hurbilago dago, gainditu behar izan ditugun eragozpenak gorabehera. Agintaldi osoan egindako lanari eta Elkargunea osatzen duten euskaltzale taldeen konpromisoari esker, proiektua abiaratzear da”, azaldu du Gorka Urtaranek.

Gasteizko alkateak proiektuak orain arte egindako bidea laburtu du gaur goizean: 2017. urtearen hasieran ideia-lehiaketara deitu zen, Gasteiz Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregian jartzeko, eta ondoren akordio batera iritsi zen, pilotalekua bertan uzteko, adostasun sozial eta politikoa lortze aldera; geroago, ordea, fuel depositu bat agertu zen lorategian, eta hori kendu beharra zegoen, lurra deskutsatu eta ingurunearen alderdi arkeologikoak aztertu. Eskoriatza-Eskibelen inguruan beste bi depositu agertu dira azken urteetan: bata gasarena zen, eta 2014an atera zen; bestea Harategi kantoiaren eta Frai Zacarias Martinez kalearen arteko bidegurutzean agertu zen, eta aparrez inertizatu zen.

Azaldutakoaren ondorioz, Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea jartzeko beste leku bat bilatu behar izan zen, eta Euskara Elkargunean Ruiz de Bergaratarren jauregira aldatzea erabaki zelarik bertan kokatuko dira azkenean. Une honetan ez dago inolako erabilera zehatzik aurreikusita Eskoriatza-Eskibel jauregiarentzat, baina egitura sendotzeko eta estalkiak iragazgaizteko proiektu teknikoa kontratatu beharko da, baita dagokion lana gauzatu ere; horrek milioi euro inguruko kostua izango du.

Share