Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 otsaila 2019 11:31

Gaurtik otsailaren 11ra arte, Gasteiz Film Office Berlingo European Film Market-en izango da; Berlingo Nazioartekoko Zinema Jaialdian, Berlinalen, egiten da ikus-entzunezkoen azoka hori, eta hiria eta lurraldea filmaketen agertoki gisa promozionatzea eta bertako ikus-entzunezkoen industriari bultzada ematea da helburua.

Film Office Film Basque Country markaren babespean joango da ikus-entzunezkoen sektorearen nazioarteko hitzordu horretara, eta jaialdira joaten diren euskal profesionalak bezala, Basque Audiovisual ekimenak ICEX entitate publikoaren pabiloian jarri duen standaz baliatuko da eskualdean interesatuta dauden atzerriko profesionalekin biltzeko, eta harreman sarea zabaltzeko.

“European Film Market urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat da ikus-entzunezkoen industriarentzat, eta Film Office ere ekitaldi horretan egotea nahi dugu, bertako sektoreak egindako azken lanak promozionatzen, Gasteiz eta Araba era guztietako ekoizpenak egiteko agertoki gisa kokatu eta ezagutarazten, eta lurraldean filmatzeak dituen abantailen berri ematen. Azken bi urteak oso positiboak izan dira gure ikus-entzunezkoen industriarentzat, eta joera sendotzeko honelako hitzorduetara joan beharra dugu, sektoreko eragile gakoekin harremanetan jartzeko balioko baitu“, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzi Nerea Melgosak.

Datozen egunetan, Film Office-k hainbat herrialderen arteko networking ekitaldietan hartuko du parte, estatuko zein nazioarteko ekoiztetxeekin sareak eta topaketa profesionalak garatzen laguntzearren. Horien artean Zineuskadik antolatutakoa nabarmendu beharra dago; izan ere, aurten lehen aldiz egingo da, euskal zinema Berlinaleko hainbat sailetan presente dagoela baliatuz.

Proiektuen artean “Y en cada lenteja, un Dios” dokumentala nabarmendu daiteke, Kinoskopik ekoiztetxe arabarrarena, Berlinaleko Culinary sailean estreinatuko baita.

Horretaz gain, Gasteiz filmen agertoki bikaina dela ezagutaraziko da “Localizaciones de Cine en España” erakusketan, Espainiak Berlinen duen enbaxadan.

Enbaxadak Berlinaleren karietara estatuko ikus-entzunezkoen sektoreari egiten dion harrera-ekitaldian inauguratuko da erakusketa, eta jaialdiak irauten duen bitartean egongo da ikusgai. Zehazki, Gasteizen Erdi Aroko hirigunean Handia lana filmatzean hartutako irudi bat erakutsiko da, ondoan egungo irudi bat duelarik, eszena hori testuinguruan jarri ahal izateko.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 urria 2018 12:46

Vitoria-Gasteiz Film Office-k “Shooting in the Basque Country” jardunaldian hartuko du parte gaur, Bilboko  Seriesland serie digitalen jaialdiaren barruan. Lehiaketa laugarren ediziora iritsi da, eta aurten 25 herrialdetako ekoizpenak ezagutu ahalko dira horren bidez. Nazioarteko zein estatuko ikus-entzunezkoen produkzio-etxeentzako berariazko gunea ere badu, zeinean Film Office aurkeztuko baita.

Bilbao-Bizkaia Film Commission eta Eiken-Euskadiko ikus-entzunezkoen klusterrarekin batera, Vitoria-Gasteiz Film Officek Gasteizek eta Arabak era guztietako ikus-entzunezkoen produkzioak hartzeko eskaintzen dituzten abantailak eta aukerak ezagutaraziko ditu, filmaketak Euskal Herri osora erakartzeko asmoz sektoreko hainbat agenteren artean egitekoa den jardunaldian.

Film Office-k Gasteizen ikus-entzunezkoen produkzioarekin lotutako profesionalen sarea zabaltzen jarraituko du jaialdian, EITBren egoitzan antolatutako bilera azkarren bitartez: Estatu osoko ikus-entzunezkoen  produkzio-etxeekiko buruz buruko elkarrizketak egingo ditu, lurraldea ezagutaraztearren.

“Duela gutxi Donostiako Zinemaldian izan ginen, eta filmatzeko agertokiak bilatzen diharduten profesionalak aurki daitezkeen ekitaldi espezializatu orotara joan nahi dugu, gure hiriak eta inguruak eskaintzen dituzten aukera zabalak ezagutarazteko. Izan ere, Gasteizen ikus-entzunezkoen industriak izan duen bultzadaren arrazoietako bat gure lurraldean filmatzeko pizgarriak aurkitu dituzten ekoizpenen etorrera da”, azaldu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

 

Informazio gehiago: http://www.seriesland.eus/

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 iraila 2017 11:59

 

Gasteiz Film Office Donostiako Nazioarteko Zinemaldira hurbildu da aste honetan, lurraldeak filmaketen agertoki izateko aukerak promozionatzeko ikus-entzunezkoen sektoreko eragile europarren aurrean.

Joan den larunbatean, irailak 23, Gasteizen ikus-entzunezkoen ekoizpenak sustatu eta laguntzeko bulegoak “Nor gara: Bulgaria, Kroazia, Portugal eta Euskadi” jardunaldian hartu zuen parte, zeina Europar Batasunaren europar kultura eta sorkuntza sektorerako Europa Creativa Desk Media programak antolatu baitzuen Zinemaldiko Industry Club espazioaren barruan. Lurraldeak zinemarako eta koprodukziorako dituen aukerak ikus-entzunezkoen sektoreko eragile europarren aurrean aurkeztea zen helburua.

Era berean, hiriko ikus-entzunezkoen sektorea promozionatu eta sustatzeko estrategiaren barruan eta Zinemaldia baliatuz, Gasteiz Film Officek hainbat bilera eta kontaktu egin ditu estatuko sektoreko ordezkariekin, eta atzo Euskal Zinemaren Galan parte hartu zuen, kontaktu sarea hedatu eta Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko eragileekin iritziak partekatzearren.

“Agintaldiaren hasieratik Film Office ikus-entzunezkoen ekonomiaren dinamizatzailea izan dadin saiatu gara. Filmaketak errazteko espazioa izateaz gain, hirian dagoen industria sortzaileari laguntzeko tresna izan dadin. Film Office-ren ikuspegi berri hori emaitza onak izaten ari da”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Gasteizen aipamena Variety aldizkarian

Variety aldizkariaren edizio digitalean Euskadik filmaketen agertoki izateko dituen aukerei buruzko erreportajea argitaratu dute, eta bertan Gasteizen azkenaldian egindako ikus-entzunezkoen ekoizpenak aipatzen dira. Besteak beste, Erdi Aroko Hirigunea berriki estreinatu den “Handia” filmaren agertokia izan dela nabarmentzen dute, eta teknologia parkea erabili dela “Órbita 9” zientzia-fikziozko filma eta “Errementari” filma egiteko; azken horretarako plato birtual handia egokitu zen.

Variety argitalpenak 100 urtetik gora daramatza zinemaren eta entretenimenduaren industriaren zerbitzura, eta aipatutako erreportajean EAEn filmak eta serieak ekoizteko dauden abantailak azaltzen ditu, hiru lurraldeetako zinema batzordeek batera egindako ahaleginaren berri emanez.

Informazio gehiago: Reportaje Revista Variety

 

 

Share