Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 iraila 2018 12:28

 

 

“Gasteiz, hiri hezitzailea” programak 27 proposamen berri izango ditu, eta irailaren 6tik aurrera eman ahalko da izena.

Vitoria-Gasteiz Ciudad Educadora 2018-2019 eusk

Hiri hezitzailea bihurtzeko ahaleginean, Gasteizko Udalak 221 hezkuntza jarduera eta programa eskainiko dizkie herritarrei; irailaren 6an hasiko da izena emateko epea.

Izan ere, Gasteiz RECE-Hiri Hezitzaileen Estatuko Sareko eta AICE-Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko kide da. Horren bidez, eta Hezkuntza Zerbitzuak koordinatzen duen “Gasteiz, hiri hezitzailea” programaren bidez, Udalak Gasteizko biztanle guztien prestakuntza, promozio eta garapenarekin duen konpromisoa indartzen du, eremu formalean ez ezik, baita ez formalean nahiz informalean ere.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok esan duenez, “geletan gertatzen denera mugatzen ez den hezkuntza, bizitza osoan garatzen dena, Gasteizko biztanle orok garapen pertsonal, sozial eta profesionalerako ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzan, eta konpromiso hori dela medio antolatzen dute programa hau udaleko sail eta zerbitzu ezberdinek”.

2018-2019 ikasturteko programak 221 hezkuntza jarduera eta programa eskaintzen ditu. Nabarmentzekoa da, halaber, eskaintzen diren 221 hezkuntza jarduera horietatik 27 berriak direla.

Jardueren bitartez hainbat talderen premiak bete nahi dira, bereziki hezkuntza etapa ezberdinetako ikasle-irakasleenak, baina beste talde batzuek ere parte hartu ahal dute zenbait jardueratan (guraso elkarteak, gurasoen eskolak, elkarteak, euskaltegietako ikasleak, okupazio-zentroak, herri kulturako zentroak…), baita banakoek ere.

Proposatzen diren jarduera eta programek 1990eko Hiri Hezitzaileen Gutunean definitutako balioak sustatzea dute xede; Gasteizko Udalak hori idazten lagundu zuen. Herritarrek, eta bereziki eskolak, Udalaren sail eta zerbitzuek sustatutako hezkuntza esku-hartzeen atzean dauden balioak bereganatu eta horien arabera joka dezaten lortu nahi da. Esate baterako, bizi-kalitatea, gizalegezko jokamoldea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, identitatea, genero-berdintasuna, inklusioa, berrikuntza, parte-hartzea, erantzukizuna, elkartasuna eta iraunkortasuna.

2018-2019 ikasturtean antolatutako 221 hezkuntza jarduera edo programak 12 gairen arabera sailkatu dira:

 

  • Ingurumena: 17
  • Hiria ezagutzea: 22
  • Euskararen erabilera sustatzea: 9.
  • Artearen eta ikus-entzunezkoen alorreko hezkuntza: 55
  • Gorputz hezkuntza eta kirola: 8
  • Berdintasunerako hezkuntza: 2
  • Osasunerako hezkuntza: 34
  • Herritarren parte-hartzea sustatzea: 7
  • Gaitasun pertsonaletan heztea: 33
  • Bizikidetza eta aniztasuna: 15
  • Garapenean laguntzea eta nazioarteko elkartasuna: 7
  • Babesa eta segurtasuna: 13

 

Jarduera eta programek askotariko formatuak dituzte: bisitak eta ibilbideak, errezitaldiak eta kontzertuak, zinema eta antzerki saioak, kirol praktika, lantegiak, jokoak, prestakuntza-saioak, elkarrizketa-taldeak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, kanpainak, diru-laguntzak eta laguntza teknikoa, espazio eta materialen lagapena, etab.

Jarduera eta programei buruzko informazio zehatza www.vitoria-gasteiz.org/hezkuntza orrian eskura daiteke. Irailaren 6an hasiko da izena emateko epea, eta web-orri horren bidez egin beharko da.

 

 

Share