Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 ekaina 2018 10:56

 

“Hemen erosi eta hiria egin” lemaren pean, Gasteizko saltokiek udako beherapenei ekingo diete larunbatean, ekainak 30, deskontuen kanpaina uztailean hasteko ohitura aldatuta. Beherapenak aurreratuz, urtean salmenta gehien izan ohi den aldi baten hasiera data bateratu nahi izan da, eta tokiko merkataritzaren kalitatea eta eskaintza onak batera promozionatu. Ia ehun establezimenduk egin dute bat ekimenarekin, baina baliteke astean zehar kopuru hori handitzea.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Gasteiz On-en kudeatzaile Patricia Garcíak aurkeztu dute beherapenak aurreratzeko kanpaina; horren bidez, tokiko saltokietan erostera animatzeaz gain, sektore horren balioa agerian utzi nahi da, ahalmena baitu enplegua sortzeko, kalea bizitasunez betetzeko eta tokiko kontsumoaren zirkuitu iraunkorra sustatzeko.

“Gasteizko dendetan erostea hiria egitea da. Ideia hori indartu nahi dugu, kate handien presioa gehien nabaritu daitekeen salmenta garai batean. Hori dela eta, establezimendu askok beherapen kanpaina honetan indarrak batzea erabaki dute, eta ahots propioa izan dezaten nahi dugu. Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoa abian jarri genuenean ezarritako helburuetako bat izan zen haien jarduera dinamizatzea eta lehiakortasuna sustatzea. Horixe egin nahi dugu kanpainaren bidez”, adierazi du Melgosak.

Beherapenak ekainaren 30era aurreratzen duten saltokiek hori berariaz adierazteko kartel bat jarriko dute, eta hasieratik % 30 eta 40 arteko deskontuak eskainiko dituzte gehienek. Merkataritza eremu nagusiak girotzeko fanfarre eta kalejiren musika izango da kaleetan. Arka plazan umeentzako lantegiak antolatu dira, 12:00etatik 14:00etara zein 17:30etik 19:30era, Caype-ren bermearekin (sarreran deskontuak lortu ahalko dira tokiko saltokien erosketa tiketa aurkeztuz).

Egun horretan bertan, 19:30ean, umeentzako antzerkia izango da Arka plazan. Gainera, tokiko saltokietan kontsumitzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko eta horretara bultzatzeko jarduerak antolatu dira, eta Gasteiz On-ek kanpaina egingo du sare sozialetan: merkatariei erakusleihoen aurrean eta denden barruan argazkiak egiteko eskatu die, tokiko merkataritzaren alde gizatiarrena eta gasteiztarrekiko hurbiltasuna erakustearren, horixe baita haien ezaugarri nagusietako bat.

Izan ere, gertuko dendek ahalegin handiak egin behar dituzte lehiatzeko, beherapenen liberalizazioaren zein kate handien ezkutuko beherapenen eta ia etengabeko deskontuen eraginez. Aurten bada beste faktore negatiborik: eguraldia, ez baitu kontsumoa lagundu ehungintzaren alorrean. Joan den astean Gasteiz On-ek bazkideen artean egin zuen inkesta batek erakusten duenez, % 94rentzat denboraldia iazkoa baino txarragoa izan da. Era berean, % 60k baino gehiagok aitortzen du emaitza txarragoak izan dituela; iaz, berriz, % 34koa izan zen portzentaje hori. Hala ere, % 59k ez du promoziorik egin, hau da, beherapenak ekainaren 30era aurreratzeko kanpainarekin bat egin dutenen portzentaje bera, batzuk dagoeneko aurreratu diren arren. Bestetik, % 12k plantilla indartuko du, beherapenetarako langileak kontratatuz.

Share