Prentsa Oharren banner

(Audioaz gaurkotua) Osasuna, enplegua eta gizarte-ongizatea dira Gasteizko 2021erako aurrekontuaren protagonistak; orotara 388 milioi eurora iritsiko da aurrekontua

 

  • Inbertsioa 34,4 milioiraino igo da, eta horrek zuzeneko 500 enplegu baino gehiago sortzea ahalbidetuko du
  • Gizarte-politikek 43,4 milioi euro jasoko dituzte, eta ahalegin berezia egingo da adinekoentzako programetan

 

DOSSIER AURREKONTUA 2021

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Urtaranen gobernuak 2021erako aurrekontuaren proiektura eraman ditu Orain Gasteiz planean zehaztu zituen lehentasunak. Herritarren osasuna babestea, ongizate-politikak indartzea eta Gasteizko ekonomia babestu eta bultzatzea dira protagonista aurrekontuan; 388.002.502 euro da aurrekontu osoa (458.344.818 euro, udal-sozietate eta -erakundeen kontuak gehituz gero). Besteak beste, inbertsio publikoaren hazkunde handia nabarmendu behar da: 34,4 milioi euro, iaz baino hamar gehiago.

Langileen gastuak alde batera utzita, hiru arlo nabarmentzen dira gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrean onartutako aurrekontu proiektuaren baliabide ekonomikoen banaketan: Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintza, 46,4 milioi eurorekin; Ogasuna, 44,4 milioirekin; eta Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak, 43,4 milioirekin. Hiru arlo horiek 40 milioi euroko muga gainditzen dute, eta bizi-kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren zerbitzuen multzo zabala biltzen dute. Ondoren datoz Mugikortasuna eta Espazio Publikoa, inbertsio bokazio argia duen saila (31,8 milioi euro) eta Udal Administrazioa eta Eraldaketa Digitala (28,8 milioi euro). Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saila iazko aldean nabarmen hazten direnetako bat da, 12,8 milioi euroko zuzkidura izango baitu.

“Gasteizek behar duen berreraikuntzari aurre egiteko aurrekontua da, COVID-19 pandemiak eragindako kaltearen ostean. Berreraikuntza horrek ekonomikoa eta soziala izan behar du. Hiriaren oraintsuko historian inoiz ezagutu gabeko egoera bat izan arren, ezarritako lehentasunei erantzuteko ahaleginari eustea lortu dugu 2020an, hau da, inor atzean ez uztea, gure osasuna babestea eta gure sare ekonomikoari egindako kaltea handiagoa ez izatea lortzea. Orain, datorren urteari begira, indartzeko eta berreraikitzeko unea da, Udala hiria suspertzeko eragile aktibo bihurtuz“, adierazi du Gorka Urtaran alkateak; lehen alkateorde Maider Etxebarriarekin eta alkateorde eta Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubairekin batera aurkeztu du kontuen proiektua.

Maider Etxebarriak azaldu duenez, “argi dago osasuna dela lehena, baina badakigu, baita ere, koronabirusak eragin negatiboa izan duela familietan, ekonomian eta lan merkatuan. Horregatik da inoiz baino garrantzitsuagoa funtsezkoan zentratzea. Eta gaur hona aurrekontu-proiektu soziala ekarri dugu, gure sare ekonomikoa ere zaintzen duena. Susperraldiaren aurrekontua”. Pandemia osasuna eta ekonomia itotzen ari den une honetan, pertsonak, merkataritza eta industria zaintzearekin dugun konpromisoa berresten dugu“, gehitu du zinegotziak.

 

Inbertsioa % 38 handitu da 

Jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sustapena bi modutan islatzen da 2021eko aurrekontuan: alde batetik, igo egin da Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren zuzkidura espezifikoa; bestetik, inbertsioa, oro har, 34.443.660 euroraino igo da, iaz baino ia 10 milioi gehiago, bereziki Vitoria-Gasteiz Green Deal itunarekin bat datozen proiektuak garatzeko.

Inbertsioen alorra handitu egin da, jarduera ekonomikoa bultzatzearren, eta horrek isla izango du lan-merkatuan, zuzeneko 521 lanpostu sortuko baitira. “Enplegua sortzea da egin daitekeen gizarte-politikarik onena, eta aurrekontu honetan sartu ditugun inbertsioek enpresei jarduera emango diete, jarduera ekonomikoa dinamizatuko dute eta 500 lanpostu baino gehiago sortuko dituzte, mantentzen laguntzen diren enplegu guztiak kontatu gabe. Gainera, etorkizuneko proiektuak bultzatuko ditugu, Gasteiz ekonomia berdearen esparruan erreferente gisa sendotzen jarraitzeko “, adierazi du alkateak.

Proiektu nabarmenak 

2021erako aurrekontuan sartutako proiektuen artean, mugikortasun iraunkorrak inbertsio sorta zabala biltzen du, legegintzaldiko proiektu handiak garatzeko:

  • Tranbia Salburura zabaltzea: 2.084.000 € (horiei 4.036.900 € gehituko zaizkie 2022 eta 2023 artean).
  • Bus elektriko adimendunaren obrak amaitzea: 2020an sortutako diru-soberakinak erabiliko dira.
  • BEAren karga-unitate funtzionala: 5.302.426 € (gehi  2020an sortutako soberakinei dagozkien 600.000 euro).
  • Bizikleta azpiegiturak: 200.000 €.

 

Gasteizko auzoetarako aurreikusitako obretan ere egingo dira inbertsioak, agintaldian zehar kontzeptu horretan 100 milioi euro inbertitzeko konpromisoa betetzeko asmoz. Besteak beste, honako proiektu hauek nabarmentzen dira:

  • Espazio Publikoaren Gida Plana: 4.500.000 €.
  • Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko bigarren fasea: 1.000.000 € (1.200.000 € gehituko zaizkio 2022an).
  • Superetxadiak ezartzea: 2.000.000 € (gehi beste 2 milioi euro 2022 eta 2023 artean).
  • Santa Barbara plazako zamalanak lurperatzea: 1.200.000 €.
  • Vitoria-Gasteiz Hobetuz: 1.450.000 €, herritarrek azken parte-hartze prozesuan hautatutako proiektuak osatzeko. Era berean, beste edizio bat jarriko da martxan, eta 2022an eta 2023an 1.500.000 euro bideratzea aurreikusten da.

 

Udal ekipamenduetarako inbertsioetan ere egingo da ahalegin ekonomikoa:

  • Udal eraikinetako inbertsioak: 1.403.000 € (gehi 3.017.000 € 2022 eta 2023 artean).
  • Mendizorrotzeko atletismo-pista berritzea: 1.000.000 €.
  • Astronomo kaleko futbol-zelaia eraberritzea: 550.000 €.
  • Principal antzokia eraberritzea: 320.000 €, eta 2022 eta 2023 artean inbertitu beharreko beste 5 milioi euro.

Ingurumen-politikak dira Gasteizen bereizgarrietako bat, eta arlo horretan, besteak beste,  2.545.000 euro aurreikusi dira Gardelegiko zabortegiaren aurrezigilatzerako, azpiegitura horren beharrei erantzuteko.

 

Enplegua sortzeko funts gehiago 

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren aurrekontua 12.894.957 euro izango da, aurten baino % 7,5 gehiago. Enplegua sortzera berariaz bideratutako partidak 6 milioi euro dira, hainbat programatan banatuta, hala nola Eskualdeko Enplegu Plana (ia 200 pertsona kontratatzea ekarriko du) eta Gazteen Enplegu Plana (70 gazteri lehen lan-esperientzia emateko).

Nabarmentzekoak dira enplegua sortzera bideratutako partidak, 7,6 milioira iristen baitira ( % 11,7ko igoera), eta merkataritzara, ostalaritzara, ikus-entzunezko sektorera, enpresak sortzera eta ekintzaileentzako beketara bideratutako laguntzak, milioi bat eurotik gorakoak (% 53,4ko igoera).

Gainera, plan ekonomikoak kontuan hartzen du Gasteiz turismo-helmuga gisa sustatzen jarraitu behar dela, eta horrek 1,2 milioitik gorako ahalegina eskatuko du. Aldi berean, aurrekontu-proiektuan 500.000 euroraino handitu da Via sozietatearentzako ekarpena, Forondako aireportua sustatzeko.

Bokazio sozial nabarmena 

Gizarte-arloan, aurrekontua 43,4 milioi eurokoa da (langile-gastuak kontuan hartu gabe), behar handiena duten pertsonei eta familiei laguntzeko eta hiri bidezkoagoa eta ekitatiboagoa eraikitzen laguntzeko.

Ildo horretan, adinekoen arloan, udal kontuetan handitu egin da Etxean Laguntzeko Zerbitzurako partida, 12,4 milioiraino, eta Adinekoen Bulegoa irekitzea aurreikusi da (40.000 euro). Bulego hori 2021ean irekiko da, baita Berpizkundearen plazako eguneko arretarako zentroa ere, adinekoek beren komunitate-ingurunean ahalik eta denbora gehien jarraitzerik izan dezaten.

Bestalde, aurrekontu-proiektuan % 21 igo dira udal laguntzak, eta 4,8 milioi bideratuko dira pertsona ahulenei laguntzera. Horrez gain, 4,6 milioi euro gorde dira gizarte larrialdietarako laguntzetarako (GLL), eta jantoki publiko berri bat egitea aurreikusi da (59.711 euro) datorren urterako, zeina Arkupeetan dagoenari gehituko baitzaio. Familientzako laguntzak ere protagonismoa du Urtaranen gobernuaren proiektu ekonomikoan, esaterako, babesgabetasun arin eta moderatuko egoerei laguntzeko programen bidez (erresilientzia-programak 297.840 euro izango ditu, eta gizarte-hezkuntzako zentroenak, 1.375.000).

 

Udal zerbitzuak mantentzea eta indartzea

Kalitateko zerbitzu publikoek, orobat, leku handia hartzen dute aurrekontu-proiektuan, protagonista nagusi batekin: garbiketa eta hondakinen bilketa-, tratamendu- eta birziklatze-zerbitzua, horretarako 41.413.004 euro aurreikusi baitira.

2021erako egitasmo ekonomikoan presentzia handia duten beste zerbitzu batzuk honako hauek dira: garraio publikoa (TUVISAri 15.612.697 euroko ekarpen ekonomikoa egitea aurreikusten da), berdeguneak mantentzea (4.105.000 euro) edo jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko programak garatzea (5.166.513 euro).

 

Zorroztasun ekonomikoa 

Kopuru orokorretan, Udalaren aurrekontua 4,7 milioi euro jaitsi da iazko datuekin alderatuta. Hala ere, inbertsioak 10 milioi gehiago dira. Hori egiteko, gastu arruntaren gaineko kontrol handia aurreikusten da: 2020an 350,4 milioi euro izatetik 2021ean 336,6 milioi izatera igaroko da.

 

 

 

 

Share