Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 ekaina 2019 14:49

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Europar Batasunak Gasteizko autobus-geltokiari emandako energia-eraginkortasunaren saria jaso du, Santanderren. Estatuko beste hiru autobus-geltoki, Frantziako tren-geltoki bat eta Portugaleko tren eta autobus geltoki bana ere saritu dituzte. SUDOE Stop CO2 europar proiektuaren barruan kalifikazio onena lortu duten garraio-azpiegiturei ematen zaizkie sariak, Europako hego-mendebaldean emisio kutsatzaileak murrizteko politikak sustatzearren.

“Gasteiz superhiri europarra da, iraunkortasunaren eta klima-aldaketaren kontrako borrokaren erreferentea. Gaur izaera hori sendotu da, energia-eraginkortasunari eta berotegi efektua duten gasen murrizketari dagokienez Europako hego-mendebaldeko onenen artekotzat aitortzen gaituen sari hau jasota. Oporto, Lisboa, Bartzelona edo Montpellier hirien mailan gaude gaur, eta horixe da jarraitu beharreko bidea, Gasteiz nazioarteko eta Europako erreferentea izan dadin iraunkortasunaren alorrean”, adierazi du Gorka Urtaranek.

2015eko martxoan ireki zenetik, 11 milioi pertsonak erabili dute Gasteizko geltokia. Garraio-geltokiei eta energiari buruzko jardunaldi baten barruan banatu dira sariak, zeinetan garraio-azpiegituren kudeaketa iraunkorrerako azken irtenbideak aurkeztu baitira. Hitzaldien ondoren egin da sariak banatzeko ekitaldia, eta horren bidez itxi da 2018-2019 aldian ingurumen eragina ebaluatzeko abiarazitako prozesua, zeinaren barruan Frantziako eta Iberiar Penintsulako 70 autobus- eta tren-geltoki aztertu baitira.

Aztertutako geltokiek helarazitako datuak baliatuz, SUDOE Stop CO2 programakoek kalifikazio-sistema bat ezarri dute, zeinaren arabera Gasteizko terminalak lau zuhaitz jaso baititu bostetik (gehienekoa). Onarpen honek Estatuko bost hoberenen eta Europako hego-mendebaldeko onenen artean sartzen du geltokia energia-eraginkortasunari dagokionean.

Alderdi hauei esker eskuratu ditu Gasteizko autobus-geltokiaren energia-eraginkortasuna aitortzen duten lau zuhaitz horiek: eraikinean ezarri diren energia geotermikoa eta fotovoltaikoa aprobetxatzeko sistemak eta LED bidezko argiztapen sistema. Argiztapen sistema horrek, kudeaketa domotizatua izateaz gain, presentzia eta intentsitatea antzemateko gailuak ere baditu, emisio eta energia-kontsumo minimoa sortuta ahalik eta erosotasun maila altuena eskaintzeko.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 maiatza 2019 12:51

Emisio kutsatzaileak murrizteko politikak bultzatzea helburu duen Europako SUDOE Stop CO2 programaren barruan ebaluazio onenak jaso dituzten Estatuko 5 terminalen artean dago Gasteizko autobus-geltokia. Hori dela eta, ekainaren 12an energia-eraginkortasunari loturiko sari bat emango diote, Espainiako beste lau geltokiri, Frantziako tren geltoki bati eta Portugalgo tren- eta autobus-geltoki banari bezalaxe. 2018-2019 aldian ingurumen eraginaren ebaluazioa egin da Frantziako eta Iberiar Penintsulako 70 autobus- eta tren-geltokitan, eta prozesu horren barruan kokatzen dira aipatutako sariak.

Aztertutako geltokiek helarazitako datuei esker, SUDOE Stop CO2 programakoek kalifikazio-sistema bat ezarri dute, zeinaren arabera Gasteizko terminalak lau zuhaitz jaso dituen bostetik (gehienekoa). Onarpen honek Estatuko bost hoberenen eta Europako hego-mendebaldeko onenen artean sartzen du geltokia energia-eraginkortasunari dagokionean.

Ildo horretan, badaude erdietsitako nota onean eragina izan duten zenbait faktore, besteak beste: eraikinean ezarri diren energia geotermikoa eta fotovoltaikoa aprobetxatzeko sistemak eta LED bidezko argiztapen sistema. Argiztapen sistema horrek kudeaketa domotizatua izateaz gain, presentzia eta intentsitatea atzemateko gailuak ere baditu, emisio eta energia-kontsumo minimoa sortuta ahalik eta erosotasun maila altuena eskaintzeko.

SUDOE Stop CO2 ekimenaren bidez egiaztatu ahal izan da autobus- eta tren-geltokiek kontsumitzen duten energia kantitateak eta isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasek herritarren bizi-kalitateari eta hirien irudiari eragiten dietela. Proiektu horren helburua aipatutako eraikinen eraikuntza-gabeziak konpontzea da, hala, horien faktura energetikoa eta ingurumen-inpaktua gutxitzeko. Helburu hori lortzeko bidea ingeniaritza ekologikoko sistemen bidez garraio-geltokien ebaluazio energetikoa egiteko aukera emango duen tresna bat sortzea da, espazio horrek zer kontsumo duen eta zer konponbide ezarri behar zaizkion zehazteko.

SUDOE Stop CO2 proiektua 2019ko ekainean bukatuko da. Proiektuko jardueren artean, ekainaren 12an Santanderren egingo den jardunaldia dago: “Garraio-geltokiak eta energia-eraginkortasuna”. Bertan jasoko du Gasteizek bere saria.

INFORMAZIO GEHIAGO

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 abuztua 2018 11:29

Gasteizko autobus-geltokiak  SUDOE Stop CO2 proiektuaren bidez  ingurumen-konpromisoaren alorrean ematen diren kalifikazio gorenetako bat lortu du. Estatuko hemezortzi geltoki atxiki zaizkio europar ekimen horri, garraio iraunkorraren geltokien sare bat sortuz energia-kontsumoa eta emisio kutsatzaileak murrizteko xedearekin.

SUDOE Stop CO2 proiektuak 4 zuhaitzeko ziurtagiria eman dio Gasteizko geltokiari; gehienez 5 lortu daitezke. Zaragoza, Iruñea eta Donostiako geltokiek baino ez dute lortu Gasteizi emandako puntuazio bera, eta gainerakoek 3 eta 2 zuhaitz eskuratu dituzte. Bartzelona, Santander, Oviedo, Logroño, Cádiz eta Sevillak ere hartzen dute parte ekimenean.

Gasteizko autobus-geltokia garraio iraunkorreko geltokien sarean sartu aurretik, SUDOE Stop CO2-ko ordezkaritza batek ebaluazioa egin zuen Euskadiko hiriburuan, apirilaren 25ean.

Ebaluazioaren ondoren, Gasteizko geltokiak lau zuhaitzeko kalifikazioa lortu zuen, hau da, azpiegitura horren iraunkortasuna aitortu da. Izan ere, hainbat neurri hartu dira horretarako: energia geotermikoa eta fotovoltaikoa baliatzea, eta LED argiztapena jartzea, kudeaketa domotizatua eta presentzia eta intentsitate detektagailuak barne, ahalik eta emisio eta kontsumo txikienarekin erosotasun maila handia eskaintzearren.

“Berriro ere, Gasteiz mugikortasun iraunkorrarekin eta klima-aldaketaren kontrako borrokarekin konprometitutako hirien abangoardian kokatu da autobus-geltokiari esker, energia kontsumoa eta kutsadura murrizteko hartu diren neurriak direla kausa Europaren aitorpena lortu baitu. Albiste ona da, eta ildo horretan lanean jarraitzera animatzen gaitu”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Geltoki iraunkorren sareak hazten jarraitzen du, eta laster Portugalera zabalduko da, Oportoko autobus-geltokia sarean sartzea izapidetzen ari baita.

Informazio gehiago: http://www.sudoe-stopco2.eu/es/stations

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 apirila 2018 11:08
  • Erabilera handitu egin da lanegunetan, batez beste ia 9.500 pertsona garraiatzen baitira
  • Azken urtean seitik biderkatu dira erabilera turistikoak

Joan den martxoaren 15ean autobus-geltokiak funtzionamenduko hiru urte bete zituen, eta jarduera beste errekor bat lortu; aipatutako epean, 8.071.925 pertsona garraiatu dira guztira. Bigarren urtean 2.749.305 erabilerara iritsi zen (lehenengoan baino 227.775 gehiago); hirugarren urtean, berriz, 2.801.090 erabilera zenbatu dira, hau da, batez beste % 1,88ko hazkundea izan da.

Hiru urte hauetako jardueraren oinarria 50 eta 100 kilometro arteko bidaiak izan dira, 5 milioi erabilera baino gehiago zenbatu baitira, eta jarduera etengabe hazi baita. Autobus turistikoen garraioaren balantzea ere ona da, hiru urtetan datuak ia seitik biderkatu baitira.

 

  1. urtea 2. urtea 3. urtea
20 km arte 23.501 20.446 18.831
20 eta 50 km bitartean 257.163 295.860 324.415
50 eta 100 km bitartean 1.619.589 1.705.364 1.749.303
100 km-tik gora 615.777 708.376 676.457
Turistikoa 5.500 19.259 32.084
  2.521.530 2.749.305 2.801.090
Oharra: 2018ko urtarriletik aurrera birsailkatu egin da linea batzuen kilometro-kopurua, eta horrek 20 km arteko eta 50 eta 100 km bitarteko kategorietara eragiten die.

 

Hainbat faktorek eragin dute jarduera azken urteko errekorra: operazio turistikoen hazkundea, Arabako Foru Aldundiak antolatzen dituen udalekuetarako bidaiak, eta Deportivo Alavések Madrilen Errege Koparen finala jokatu izana.

Asteko egunen araberako erabilerari erreparatuz gero, sendotu egin da lanegunetako erabileraren hazkundea. 2018an, eguneko batez beste 9.447 bidaiarik erabili dute geltokia, eta ostiraletan, 10.406k. Asteazken eta ostegunetan hazkunde handia nabaritu da, lehenengo aldiz batez beste 9.000 pertsonaren kopurua gainditu baita.

Beste datu esanguratsu bat autobus-geltokian jasotako kontsulten kopurua da: 295.476 hiru urtetan. Kontsulten heren bat baino gehixeago geltokian diharduten konpainiei buruzkoa izan da. Galderen % 22,9 eguneko ordutegiei buruzkoak izan dira, eta % 16,42, beste ordutegi batzuei buruzkoak. Hiriari buruzko kontsultak % 8,54 izan dira.

Desgaitasuna duten pertsonentzako arretari dagozkion kopuruak txikiak dira oraindik, baina ehunekoa nabarmen hazi da (% 500etik gora). Kontsigna automatikoen erabileraren hazkundea ere aipatu beharra dago, hiru urte hauetan kontsigna handi eta ertainak 748 egunez erabili baitira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 urria 2017 13:12

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalak bihar, asteartea, irekiko du autobus-geltokiko bizikleta aparkaleku estali eta segurua. Instalazioak bideozaintza du, sarbidea kontrolatuko da, eta egunean 24 orduz funtzionatuko du. 2018ko hasierara arte, doan erabili ahalko da azpiegitura. Nasa-eremuan egokitutako esparru itxia da, Euskal Herria bulebarraren eta Donostia kalearen arteko iskinean jarritakoa.  “Autobus-geltokira doazen erabiltzaileen segurtasuna bermatzea eta espazioaren multimodalitatea sustatzea” da ekimenaren helburua, Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez. Gainera, Udalak garraiobide iraunkor eta osasungarri horren alde egin dutenei lagundu nahi die, gaur egun joan-etorrien % 12 baino zertxobait gehiago egiten baita bizikletaz. “Azken batean, aldezten dugun hiri-eredu iraunkorrerantz pausoak ematen jarraituko dugu. Izan ere, txirrindulariek hirian aparkaleku seguru gehiago jartzeko eskatu digute”, esan du Gasteizko alkateak.

Zehazki, autobus-geltokiko nasen eremuan esparru bat mugatu da fisikoki, txapa zulatua baliatuz, gardentasun maila ertaina lortzearren. Bi ate izango ditu, bat Donostia kaletik eta beste bat geltoki barrutik. Hartara, bizikleta aparkatu eta zuzenean sartu ahalko da nasen eremura, eta alderantziz. Nasetara sartzeko tornua jarri da. Donostia kalean, berriz, ate lerragarria ipini da.

Fisikoki mugatzeaz gain, iaz Postetxearen atzealdean egindako proiektu pilotuan jarritako bizikleta-aparkalekuaren antzeko kudeaketa-sistema instalatu du Udalak. Modulu berrian orotara 111 bizikleta lotu ahalko dira, bizikleta elektrikoak eta ibilgailu bereziak —zabalagoak— barne; 2018ko urtarrilaren 1era arte guztiz doakoa izango da. Ondoren, abonamendu ezberdinak salduko dira, zerbitzua egun batez edo hilabetez erabiltzeko; azken kasuan, bizikleta hiru egun edo sei egun jarraian utzi ahalko da aparkatuta. Gainera, hirian laster jartzekoak diren beste bost moduluekin sarea osatzea da asmoa.

Lehenenego egunetan, monitoreen laguntza izango dute zerbitzua probatu nahi dutenek. Bizikleta aparkalekuaren erabilera erraza da, sistemak sentsore, botoi, internet eta mugikorraren bidez funtzionatzen baitu. Nahikoa da aplikazioa instalatu, erabiltzaile gisa erregistratu eta aplikazioa bera edo zenbakizko kode bat baliatzea aparkalekuan sartzeko. Argibideak web-orri honetan eskura daitezke: www.vitoria-gasteiz.org/bizikleta.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak triptiko bat argitaratu du, bizikletetan informazioa zintzilikatuko du, eta material grafikoa jarri da autobus geltokian zerbitzu berria seinaleztatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  6 iraila 2017 13:52

Abuztuko kanpaina amaitu delarik, Gasteizko autobus-geltokiaren erabilpen balantzeak beste errekor bat lortu du, aurten % 5,08 igo baita, orain arte, erabiltzaile kopurua. 2017ko lehen zortzi hilabete hauetan 1.824.703 bidaiari zenbatu dira, eta iaz, epe berean, 1.736.429 izan ziren. Beraz, ia 90.000 bidaiari gehiago izan da, eta autobusen sarrerak eta irteerak % 2,64 igo dira 2016. urtearen aldean.

Bidaia motei dagokionez, nabarmentzekoa da autobus turistikoen erabilerak izan duen igoera, bikoiztu baino gehiago egin dira eta. Bidaiari turistikoek nabarmen gainditu dituzte lehen aldiz 20 kilometrotik beherako lineetako bidaiariak.

Horren haritik, nabarmentzekoak dira bidaia turistikoekin eta distantzia luzeko bidaiekin lotura izan duten bi ekitaldi. Batetik, futboleko Errege Kopa, izan ere 36 autobus baliatu baitziren 1.633 zaletu eramateko. Bestetik, Gazteriaren Institutuak antolatutako Udaraba udalekuetarako joan-etorriak, izan ere 3.500 bidaiari izan dituzte ia 100 autobusetan. Horri esker, 2017ko uztailean izan da bidaiari turistikoen kopururik handiena geltokian, 6.834 bidaiari, guztira.

Orobat nabarmendu behar da 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietan izandako erabilpenaren igoera. 48.230 erabiltzaile izan dira; 2016an baino % 3,13 gehiago eta 2015ean baino % 17,4 gehiago.

Asteko egunen banaketari dagokionez, oro har, mantendu egin dira aitortutako bidaiarien eta autobusen joan-etorrien batez bestekoak; asteburuetan baino gehiago erabili da astegunetan. Batez besteko horiek ostiraletan dute kopururik altuena: 9.200 bidaiari baino gehiago eta 570 autobus. Hilabeteen araberako datuei dagokienez, 2017ko hilabete guztietan, apirilean izan ezik, gainditu egin da aurreko urteetako bidaiarien kopurua. Bereziki azpimarragarriak dira martxoa eta maiatza, 250.000 bidaiari baino gehiagorekin.

“Ezin da positiboagoa izan autobus geltokia martxan deneko bi urte eta erdi hauetako balorazioa. Aurten ia bi milioitik gora bidaiari izan ditugu dagoeneko, eta errekor hau dugu autobus geltokiek eta, batez ere, bezeroek, geltokiak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatean, gaitasunean eta segurtasunean duten konfiantzaren erakusgarri” adierazi du Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok.

Share