Prentsa Oharren banner

Gasteizek 105.000 eurorekin sustatuko du ingurumenaren arloko proiektuak aurten, beste erakunde batzuekin elkarlanean

Gasteizek zenbait erakunde eta entitaterekin jardungo du elkarlanean ingurumenaren arloko ikerkuntza eta zabalkundean; 135.000 euro bideratuko ditu horretarako. Gasteiz Greenen ildo estrategikoetakoa da klima-aldaketaren kontra borrokan diharduten entitate eta erakunde espezializatuekin lankidetzan eta ikerkuntzan aritzea.

Alkateak gogorarazi du Gasteizek konpromisoa duela klima-aldaketaren kontrako borrokarekin, Europar Batasuneko alkateen itunean jaso bezala, eta, halaber, hau adierazi du: “hiri berdetik ekonomia berdera igarotzeko agenda argia daukagu, gure Gasteiz Green Dealek ezarria. Gasteizko Green Deal planak bideratzen ditu hori lortzeko egiten ari garen ekimenak. Planetaren erronkei aurre egiteko maila globalean proposatzen diren eta gure hirian aplikagarriak diren konponbideak gureganatzea da kontua. Erronka horiei aurre egiteko proposatzen diren eta gure hirian ondo egin daitezkeen konponbide eta ekimenen barruan daude Ingurugiro Gaietarako Ikastegia egiten ari den ikerketa-lerroak“ nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Aurten, beste bi lerro gehitu zaizkio Ingurugiro Gaietarako Ikastegia egiten ari den ikerkuntzako lankidetzari: bata Unesco Katedrarekin, kultura-paisaien eta ondarearen arloko ikerkuntza aplikatuko jarduerak egiteko, eta lerro horretarako 15.000 euro bideratuko dira; eta bestea Euskal Herriko Hazien Sarearekin, nekazaritza-dibertsitateari eta lursailen ondarea kontserbatzeari buruzko prestakuntza- eta zabalkunde-esperientziak trukatzeko eta sustatzeko, eta beste lerro horretarako ere 30.000 euro bideratuko dira.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hiri-ingurunetako naturari buruzko ikerketa-lerro batean dihardu, Basque Centre for Climate Change – Klima Aldaketa Ikergai (BC3) elkartearekin elkarlanean. Udalak 15.000 euro bideratuko ditu aurten ikerketa-lankidetzako proiektu horretarako.

Bestalde, Gasteizek landare-espezieak landatzearen bidez eta beste konponbide naturalen bidez lurzoru hondatuak leheneratzeko ikerketa- eta praktika-ekintzekin jarraituko du, EHUren eskutik. Horretarako ere 15.000 euro bideratuko ditu.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegia hidrogeologia arloko ikerkuntzan ere aritzen da EHUrekin lankidetzan, eta horretarako ere 15.000 euro bideratuko ditu.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eta Neiker-Tecnaliaren artean ireki dituzten ikerketa-lerroetako bat lurzoruen kontserbazioan zentratuta dago, eta horretara 15.000 euro bideratuko dira aurten.

Share