Prentsa Oharren banner

Andrea Perales Fernández de Gamboak, María Gema Lasarte Leonetek eta Irati García López de Aguiletak irabazi dute Gasteizko ikerketa feministarako lehiaketa

 

Saritutako bi proposamenek irakurle-klub feministak eta feminismoak lodifobiaren aurkako borrokan duen zeregina dituzte aztergai

 

Zaila izan da erabakitzea, kalitate tekniko handiko 31 proposamen aurkeztu baitira

 

Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak ikerketa feministarako lehen lehiaketa jarri du martxan aurten, EHUko Gizon eta Emakumeen Berdintasuna: Berdintasun Agenteak masterrarekiko elkarlanean, eta deialdiak oso harrera ona izan du.

Gaur jakinarazi dute lehiaketaren epaia, eta Andrea Perales Fernández de Gamboa, María Gema Lasarte Leonet eta Irati García López de Aguileta gertatu dira irabazle.  Saritutako bi proposamenek irakurle-klub feministak eta feminismoak lodifobiaren aurkako borrokan duen zeregina dituzte aztergai. Sari bakoitza 4.500 eurokoa da.

Feminismoari buruzko ikerketa-lanen 2020-2021eko lehiaketara 31 proposamen aurkeztu dira guztira, askotariko gaien inguruan. Besteak beste, migratzaileak, zaintzak, sexu-orientazioa eta genero-identitatea, dibertsitate funtzionala, osasuna, kultura, artea, feminismoa, gorputzaren bidezko ahalduntzea, prostituzioa, hedabideak, hezkuntza eta zientzia ukitzen dituzte, betiere ikuspegi feminista batetik.

Jasotako proposamenen kopurua ez ezik horien kalitate teknikoa ere nabarmentzekoa da. Hori dela eta, zaila gertatu da erabakitzea; azkenean bi proposamenek lortu dute puntuaziorik handiena eta, beraz, bi horiek sarituko dira: “Literatur klub feministen lanaren bisibilizazio premia”, Andrea Perales Fernández de Gamboa eta María Gema Lasarte Leonetena, eta “Nire gorputza gudu-zelai bat da. Feminismoen rola gasteiztar emakume lodien bizipenetan”, Irati García López de Aguiletarena.

“Literatur klub feministen lanaren bisibilizazio premia” lanaren helburua da Euskadiko hainbat ahalduntze eskolatan antolatutako irakurketa klubetan egiten den lana ezagutaraztea, zientzian eta dibulgazioan oinarrituz. Horretarako, ikerketak Feminist Agenda kluba hartuko du paradigmatzat, zeina Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak eskaintzen baitu.

Bestetik, “Nire gorputza gudu-zelai bat da. Feminismoen rola gasteiztar emakume lodien bizipenetan” proposamenaren helburua da ikuspegi intersekzional batetik aztertzea Gasteizen aktibismo feministak izan dezakeen ahalmena emakume lodien gorputz bizipena eta testuinguru feministetan aurkitzen dituzten erresistentziak hobetzerakoan.

Ezagutza eta ikerketa feminista bultzatzea

Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolaren 2020-2021eko programan sartu da lehen aldiz feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa, Eskolaren testuinguruan ezagutza eta ikerketa feminista sustatzeko eta, horrela, udalerrian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko.

Lehiaketaren oinarrien arabera, aurkezten zituenarentzat interesgarri ziren gaien ingurukoak izan behar zuten ikerketa-proiektuek, eta ahalduntze feministaren esperientziak aztertu, edota emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpenak nola egin.

 

 

Share