Prentsa Oharren banner

Gasteizko Jazzaldiaren 44. edizioa egingo da Iradier Arenan uztailaren 14tik 18ra

Anne Paceo eta Antonio Sánchez bateria-jotzaileek Letter One Rising Stars jazz sariaren irabazleekin batera joko dute Gasteizen

 

Gasteizko Jazzaldiak iaz egin ezin izan zen 44. edizioa berreskuratu du. Jaialdia uztailaren 14tik 18ra egingo da, aurten agertoki berri batean: Iradier Arena. Agertoki horretan kontzertuak goizean eta iluntzean egingo dira, eta uneko osasun baldintzetara egokitzeko aukera izango du Jazzaldiak. Gainera, Principal antzokiak arratsaldeetako kontzertuak hartuko ditu.

“Jazzaldia udako ezinbesteko ekitaldietako bat da gure hirian. Oso pozik gaude berreskuratu ahal izan dugulako, eta Iradier Arenan egiteak segurtasun neurriak bermatzeko aukera ematen digu”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan.

Prentsaurrekoan Ana del Val Kultura foru diputatuak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Axier Urresti Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboak, José Luis Baztarrica Kutxabankeko Arabako sareko zuzendariak eta Iñigo Zárate Gasteizko Jazzaldiaren Elkarteko presidenteak hartu dute parte.

Záratek azaldu du pandemiaren bilakaera pixkanaka hobetzen doanez, nazioarteko hainbat musikarik, hala nola Antonio Sánchez mexikarrak edo Thumbscrew talde iparramerikarrak, Gasteizen aritzeko aukera izango dutela. Arretaz hautatutako nazio mailako hainbat jazz interpreterekin batera, talentu berriak ezagutzera ematea eta musika estilo horri leial izatea lehenesten duen programa osatzen dute.

Iradier Arenan emanaldi bikoitza egingo da eguerdietan, asteazkenetik larunbatera. Saio horietan hiriko eta inguruko musika eskolek tokia izango dute, bai eta jazzaren munduan lekua egiten ari diren talde gazteek ere. Eta gauean ere emankizun bikoitza egingo da, Jazzaldiaren historian egin izan den moduan, ibilbide luzea duten musikariekin.

Principal antzokiko programazioak ere jaialdiaren aurreko edizioetako ildo bera jarraituko du eta hilaren 14tik 18ra egungo jazzaren proposamen berritzaileak bilduko ditu.

Iradierreko gauak

2021erako egitarauan, Jazzaldiak aurreko urterako aurreikusitako bi izen mantendu ditu, eta, hain zuzen ere, haiek izango dira ilunsentiko programari amaiera emateaz arduratuko direnak: Anne Paceo eta Antonio Sánchez, bateria jotzen birtuosoak.

Estilo berezi batekin, Frantziako konpositore eta interprete emankorrak Boli Kostan bizi izandako haurtzaroa islatzen du bere musikan, mugak hausteko. Anne Paceoren ondoren, jazz musikako beste bateria-jotzaile handi batek joko du, Antonio Sánchez mexikarrak. Bost Grammy sariren irabazlea laukotean arituko da Gasteizen Miguel Zenon, Scott Colley eta Donny McCaslin musikariekin, interpretazioei inprobisazio eta sormen ukitu bat emateko.

Gasteizko Jazzaldia izango da estatu mailan entzuleek Itamar Borochoven zuzenekoaz gozatzeko izango duten aukera bakarra. Tronpetista israeldarrak Letter One Rising Stars jazz sari garrantzitsua irabazi berri du, gorabidean dauden musika talentuak aintzatesten dituena. Borochovek hilaren 14an, asteazkenean, joko du Iradier Arenan, eta gaua Atlantic Bridge musika proiektuak osatuko du, jazzaren bitartez kultura iberiarra eta iparramerikarra lotzen dituena. Gasteizera Atlantikoko alde honetako taldea etorriko da: Alberto Conde piano-jotzaile galiziarra Kin García eta Miguel Cabanarekin batera arituko da, Jorge Pardo saxo-jotzailearen laguntzaz, eta gonbidatu berezi batekin, Rosario Giuliano saxofoi tenor italiarra.

Borochovez gain, Letter One Rising Stars sariaren iazko irabazlea ere izango da Gasteizen, Kathrine Windfeld piano-jotzaile daniarra. Uztailaren 16an, ostiralean, Iradier Arenako agertokian joko duen boskote baten buru izango da. Gau hori ixteko Europako jazzaren erreferente den piano-jotzaileetako baten emanaldia egongo da. Moisés P. Sánchez madrildarrak jazza ulertzeko modu berezi batean musika estilo asko txerta daitezkeela erakutsiko du.

Eta Sánchez da, hain zuzen, Al Toque hirukotearen kideetako bat. Pablo Martín Caminero gasteiztarra buru duen hirukote horrek hilaren 15eko saioa irekiko du flamenkoa eta jazza uztartzen dituen proposamen indartsu batekin. Thumbscrew talde iparramerikarrak itxiko du gaua, egungo hirukote berritzaileenetako batek, Mary Halvorsonen gitarra abangoardistarekin.

Antzokiko arratsaldeak

Jazzaldiak Principal antzokiko agertokia ere berreskuratuko du aurten. Arratsaldero, 18:00etatik aurrera, egungo jazz musikarien proposamen berritzaile eta freskoenez gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Miguel Salvador Bilboko gitarra-jotzaileak irekiko du zikloa hilaren 14an, asteazkenean, mendiekin duen harreman emozionala islatzen duen ‘Diez años después’ lana aurkezteko.

Hurrengo egunean Gonzalo del Val bateria-jotzailearen txanda izango da. Bere azken diskoa aurkeztuko du, ‘Cancionero’, Marco Mezquida piano-jotzailearen, David Mengual kontrabaxuaren eta Benet Palet tronpetistaren laguntzaz.

Perico Sambeat, Javier Colina eta Marc Miraltaren CMS Trío taldeak bere 15. urteurrena ospatuko du Principal antzokiko agertokiaren gainean hilaren 16an, ostiralean, eta hurrengo egunean Lucía Martínez musikari polifazetikoaren The Fearless bandak hartuko du lekukoa.

Igandean, 44. edizioa ixteko, programako emanaldi nagusia egingo da Maciej Obara laukotearen eskutik, jazz garaikidearen talde erakargarrienetako bat.

Iradierreko goizak

Iradier Arenako goizeko emanaldiak jazza batez ere publiko gazteenari helarazteko daude pentsatuta, eta interprete gazteak eta proposamen interesgarriak izango dituzte.

Asteazkenetik ostiralera, lehen zatietan Gasteizko eta Nafarroako musika eskolek gailentzen ari den talentua erakusteko aukera izango dute.

Eta bigarren zatietan, Jazzaldiak gaur egungo programa interesgarri bat prestatu du musika estilo horretara hurbildu nahi diren zaleak erakartzeko.

Fran Serrano kontrabaxuak irekiko du programa hilaren 14an, asteazkenean, jazzean eta beste genero batzuetan oinarritutako bere obrekin. Hilaren 15ean, Daniel López de Pariza gasteiztarraren Dan in a Box bandaren txanda izango da, eta, ondoren SPA taldea arituko da, musika talde ugaria eta tokiko musikariak dituena.

Zikloa larunbatean amaituko da. Lehenengo zatian, The Sey Sisters hirukotearen emanaldia egongo da, eta ahots beltz ikusgarri horiek gospela, soula eta musika afrikarra ukituko dituzte. Haien ondoren, DORAren ahots gazteak goizeko saioa itxiko du.

“Herritar guztiak gonbidatzen ditugu Gasteizko Jazzaldiaren edizio honetan parte hartzera. Proposamen oso interesgarriak ditugu, era askotakoak, eta arima elikatzeaz gain, Gasteiz suspertzen lagunduko dute”, esan du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak

Sarrerak datorren asteartean, ekainaren 15ean, jarriko dira salgai www.jazzvitoria.com web orrian.

 

Informazio gehiago

 

 

Share